literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Iņigo Astiz
Berria, 2024-11-17
[iturburua]
Beņat Sarasola:
«Idazleok ere sekulako sare baten bidez idazten dugu, eta ni lehen horretaz ez nintzen hain kontziente»

Arteak 1960ko hamarkadako testuinguru politiko eta sozialean jokatutako rolaren erretratu bat egin du Beñat Sarasolak Coca-Cola bat zurekin eleberrian, eta euskal literaturaren egungo nondik norakoez ere aritu da lan horren ispiluan.

Tentsio artistiko eta politiko handiko une historiko batean gertatutako topaketa baten mirakulu iragankorra kontatzen du Coca-Cola bat zurekin eleberriak (Susa). 1960. urtea da, eta Frank O’Hara poeta eta arte komisarioa Espainiako pinturarik eta eskulturarik berrienaren lagin bat bildu nahian dabil New Yorken zabalduko duen erakusketarako. Beste hainbat artistaren lanekin batera, elkarrekin erakutsiko ditu bertan Eduardo Txillidarenak eta Jorge Oteizarenak ere. Nazioartean edozein legitimazio koxka lortzeko baliatu nahi du artea frankismoak, eta AEBek munduaren itsasargitzat aurkeztu nahi dute beren burua. Kinka horien guztien erdian, baina, O’Harak nekez eusten dio kontzentrazioari, seko txoratuta baitago Vincent Warren izeneko dantzariarekin, eta, idatzita utzitako poemetako batean zehaztu bezala, askoz ere desiragarriagoa baitzaio Coca-Colarik arruntena ere, harekin batera edan bitartean, estimulu artistikorik gorenena baino.

Zehatz dokumentatutako errealitate hori guztia du oinarri Beñat Sarasola idazle eta Berria egunkariko zutabegileak (Donostia, 1984) idatzitako liburuak, baina, dioenez, fikziozko pasarteekin gozatu du gehien. Historiaz zein artearen egitekoaz ez ezik, gaur egun euskal literaturarekin zein bere gaztetako testuekin duen harremanaz ere aritu zaio Berriari. 2024a da, Donostian, zehazki, itsaso ondoan. Taberna bat, turista gehiegirik gabe, leihate handi batekin itsasorantz, eta detailea, Txillidaren Haizearen orrazia obratik 600 metro eskasera eta Jorge Oteizaren Eraikuntza hutsa eskulturatik hiru kilometro ingurura. Nahiz eta, azkenean, argazkiak Jose Ramon Andaren eskulturan atera.

Asmo handiko garaien erretratu bat da liburua. Artea baliatuz itxura normalizatua eman nahi du Espainia frankistak, esaterako, eta Euskal Herrian ere tresna garrantzitsua izango da kultur berpizkunderako.

Asmo handiko edo handinahikeriazko garaia da, arteari dagokionez, eta, nire ustez, hiru zentzutan: batetik, aipatu duzun bezala, oso ikertua dago frankismoak nola baliatu zuen abangoardiako artea nazioartean bere burua legitimatzeko; bestetik, euskal artearen barruan ere, oraindik gure bi totem diren Txillidak eta Oteizak ere hor parte hartu zuten; eta, azkenik, AEBek ere hegemonia artistikoa orduan lortzen dute nazioartean, eta, besteak beste, MOMA museoa eta espresionismo abstraktua baliatzen dute horretarako, eta hori ere oso ikertua dago. Eta justu O'Hara da pieza klabeetako bat hor, berak parte hartu zuelako MOMAren nazioarteko programan, zeinaren helburua baitzen AEBetako artea munduan zabaltzea, eta alderantziz.

Artearen ikuspuntu handinahi horren erakusgarri den garai bat da, eta oso garai maskulinoa ere bai, ze, O'Harak prestatutako erakusketan, artista guztiak ziren gizonezkoak. Eta horren erretratu bat ere bada liburua. Segur aski, gaur egungo arte garaikidearen ikuspuntua oso desberdina da, baina garai hori horrelakoa izan zen, eta hori agertzen da.

Hori da liburuko paradoxetako bat. Artea dagoelako guztiaren muinean, baina, gero, nazioarteko politikak, artisten arteko harremanek eta bestelako kontuek hartzen dute arteari buruzko diskurtsoaren zatirik handiena.

Gainera, modernismoa edo abangoardiako arte mota honetan, hain justu ere, aldarrikatzen da artearen purutasuna. Espresionismo abstraktuan, Pollocken pintzelkadan, esaterako, dena da barrutik ateratzen zaion zerbait, berez oso apolitikoa dena, baina kontestua oso politikoa da: gobernuek artea nola bultzatzen zuten eta erabiltzen zuten, bai Espainian eta bai AEBetan, beraien helburu politikoetarako. Erabateko paradoxa da hori.

Nobelan, erakusketan parte hartuko duten artisten zerrenda osatzeko moduan ikusten da hori. Hori, berez, oso ekintza purua izan daitekeelako, komisario batek erabakitzen duena bere kriterio estetikoen arabera, baina hor ikusten da sekulako borroka egon zela, espainiarrek nahi zituztelako artista batzuk jarri, AEBek nahi zutelako euren erabakimena mantendu, eta O’Hara horren erdian zegoen.

Kanon artistikoen arbitrariotasuna ere agerian uzten du liburuak. O’Harak Espainiara egindako bisitan argi ikusten delako, kalitate artistikoak ez ezik, bestelako motibo ez artistikoek ere eragin handia izaten dutela, adibidez, artista zehatz bat ez dagoelako ohiko duen hirian.

Edo justu momentu horretan ekoitziak dituen obrak Veneziako Biurtekorako gordeak dituelako eta, hortaz, ezin dituztelako erakutsi. Ez dira iristen, eta, horregatik, ez dituzte hautatzen. Edo Oteiza ere karanbolaz sartzen da azken hautaketan. Hasierako hautaketan Oteiza ez zelako egon, baina gero eskultoreak behar zituzten, eta Luis Gonzalez Roblesek [abangoardiako artea sustatu zuen Espainiako komisarioak] bultzatzen du Oteiza hor egon dadin. O’Hara ez dago oso konbentzituta, baina konturatzen dira Gres galerian, Washingtonen, badaudela haren obra batzuk, eta, hasieran Oteiza enteratu gabe, aukeratzen dizkiote obra horiek, eta sartu egiten dira. Eta, tira, denok dakigu bai literaturan bai eta artean ere horrelako kanonizazioetan sakonean zer-nolako arbitrariotasuna dagoen, eta hori oraindik ere horrela da. Baina hori bereziki deigarria da sasoi horretan, orduan arteari buruzko diskurtsoa oso purista zelako. Kontraste hori interesgarria da.

Eta sasoi horretako artearen ispiluan begiratuta, nola ikusten duzu literatura?

Gaur egun?

Gaur egun, eta nahiago baduzu, hemen.

Euskal Herrian literatura. Euskaraz.

Bai. Quosque tandem... liburua argitaratu berritan nobelan euforiko deskribatzen duzun Oteiza horren aldean, lan horrek kondentsatzen duen kontestazio politiko eta kultural guztiarekin, horren ispiluan gaur egun liburu bat argitaratzea ea zer den.

Oso desberdina da egoera. Garai horretan euskal literaturan produzitzen zen liburu kopurua, eta liburu bakoitzak hartzen zuen indar transzendentalak, ez bakarrik ikuspuntu literario batetik, baizik eta baita ikuspuntu politikotik ere, ez dauka zerikusirik gaur egun idazten dugunean eta publikatzen dugunean, gehienok behintzat, ditugun asmoekin, eta gure literaturak hartzen duen pisuarekin. Nik uste dut sortzaileen onerako dela hori. Ez dagoelako karga politiko izugarri hori. Ni neu hasi nintzenean idazten, gaztetan, nire lagun baten amonari, oso abertzalea zena, esan zioten liburu bat atera nuela euskaraz, eta horrelakoak behar genituela esan zuen, nazioarentzako-eta. Hori da gure aitona-amonen belaunaldiak izan zuen ikuspuntua, poetak behar zirela, Lizardi eta hauek bezala, nazioa bultzatzeko; bada, nik uste dut gaur egun ez daukagula pisu hori eta sormenerako hobe dela.

Arteari buruzko gogoeta guztiekin batera, liburuan presentzia handia du sexu irrikak eta hori den izpi iragankorrak. Kontrapuntu bat da?

Argi nuen O’Hararen eta, kasu honetan, Vincent Warrenen arteko harremanak izan behar zuela nobelaren zutabe inportante bat, ze bestela sentitzen nuen oso saiakerarantz joango zela liburua. Uste dut hor frakasatu nuela liburua saiakera modura idazten hasi nintzenean. Maitasun istorio horrek, gainera, kointziditzen du denboran erakusketarenarekin, eta O’Hararen poesian ere islatzen da. Maitasun istorio alde batetik tipikoa da, baina bestetik ederra ere bai, eta hori islatzeak asko motibatzen ninduen, eta asko gozatu dut hori idazten. Eta, bai, horrek kontrapisu gisa funtzionatzen du kontestu artistiko, nolabait, burutsu horrekin. Eta gurutzaketa horiek hor egon ziren, gainera, ikusten dugulako O’Hara hor dabilela lanean burua galduta, desesperatuta, ze, besteak beste, dago maitasun istorio erabat idealizatu batean, eta ezin du ia-ia egunerokoa aurrera eraman ere. Hori askotan gertatzen den zerbait da. Hori ere agertzen da.

Oso bogan dago orain fikzioaren eta historiaren arteko bidegurutzean sortutako literatura. Traba egin al zaizu errealitatea momenturen batean, edo barneratua izan duzu hasieratik muga horiekin jolastu beharko zenuela?

Ez dut gehiegi sufritu gauza horiekin. Adibidez, ikuspuntu etiko batetik. Ze hor ere sartzen da zenbateraino pertsonaia errealekin egin dezakezun fikzioa, eta ez dut eduki problema etiko handirik, ze uste dut nire asmoa ez zela pertsonaien alde ilun edo makur hori, denok duguna, azaleratzea, eta, beraz, ez neukan kezka handirik. Eta paradoxikoa da hau ere, ze errealitatea da liburuaren oinarria, baina niri gehien interesatu zaidana da hortik abiatuta fikzionatu dudan guztia. Eta, niretzat, hori da nobela: errealitate horretatik aurrera egin dudan hori guztia. Demagun: nik badakit, adibidez, dokumentuetan horrela azaltzen delako, O’Hara eta Vincent Warren egon zirela egun batean Cohasseten elkarrekin, kostaldean, baina, klaro, hor zer gertatu zen bien artean ez dakit.

Egun eguzkitsu eder bat irudikatu diezu.

Imajinatu ditut biak igerian. Eta niri hori da gustatzen zaidana. Ez zait interesatzen esplikatzea zer gertatu zen hor tesi moduan, niri interesatzen zaidana da bestea.

Txillida eta Oteiza dira nobelako bi euskal figurak, eta seguruenik gaur egun, oraindik ere, baita euskal artista erreferentzialak ere. Ez duzu gogorik izan bi artista horiek pixka bat desmitifikatzeko?

Bai, egia da berriro agertzen direla Oteiza eta Txillida, baina egia da erakusketan parte hartu zutela. Eta, bestalde, erakusketa hori ere ez da hain ezaguna. Txillidaren biografia askotan ez da agertzen, adibidez, ordurako artista ezaguna zelako eta monografikoak ere egiten zituelako. Eta Oteizak ordurako eskultura utzia zuen, eta ez da askorik aipatzen erakusketa hori ere. Biak gurutzatzen dira une horretan. Baina uste dut gerora gehiago geratu dela bien arteko haserrea eta bukaerako adiskidetze ikusgarri hori. Baina hau da justu lehenago, oraindik lagunak zirenean, eta harreman ona zutenean, eta, igual, hori gehiago interesatu zitzaidan. Bat bukatzen ari da eskultura, Oteiza, eta bestea hegaldatzear dago, Txillida, eta gurutzaketa hori interesgarria egin zitzaidan.

Ez dut eduki, politikoki, helburu bat desmitifikatzeko bi figura horiek. Baina narratzeko moduan, beraiekin eta beste guztiekin, pertsona normal modura deskribatu ditut. Narratzen duzunean eszena bat, azkenean, dira bi pertsona, pertsona guztiok ditugun zalantzak eta ideiak izaten dituztenak. Zuk kamera jartzen baduzu mikroan, berdin du sekulako pertsonaia historikoa baldin bada ere, aterako zaizulako gutxi gorabehera denok garena. Estrategia narratibo gisa hori bada desmitifikatzailea: begirada hor jartzea. Ze batzuetan, adibidez, errealitatea eta fikzioa nahasten dituzten nobela batzuek, darabiltzaten estrategia narratiboengatik, bueltan-bueltan, azkenean pertsonaia historiko horiek goratzen dituzte. Efektu hori egin zidan nobela bat izan zen Limonov, Emmanuel Carrererena. Estrategia narratiboen kontu bat da. Kontatzen baduzu, oso begirada zabaletik aterako zaizu pertsonaia historiko hori, baina joan zaitez kontatzera nola joaten den dendara erosketa egitera, kontatu hori. Hori interesgarriagoa egiten zait beste makro hori kontatzea baino.

Kostata deskribatuko duzu Txillida erosketak egiten.

Bai, egia da, garai horretako Txillidak uste dut erosketa gutxi egingo zituela.

Oteizaren eta Txillidaren arteko laguntasuna deskribatu duzu. Orain gutxi Berrian kaleratutako zutabe batean literaturaren kolektibotasunaren aldeko dei moduko bat egiten zenuen, besteak beste, onartuz horretan aldaketa bat bizi izan duzula zuk zeuk.

Ez naiz batere identifikatua sentitzen idatzi izan nituen kritiketako askorekin. Ez dut esaten damuz, baina nik gaur egun ez nuke horrela idatziko. Eta dena esaten hasita, ez dut neure buruarekin injustuegia izan nahi, baina uste dut bazegoela hor ausarkeriaz ari zen gazte baten ego puztutxotik zerbait ere. Ni saiatu nintzen nire lana onestasun guztiarekin egiten, baina gaur egundik beste gauza batzuk ikusten ditut; zorionez, esango nuke, ze nik ikusten ditudanean idazleak duela 25 urte egiten zituzten gauza berberak erreibindikatzen, ezer aldatu gabe, ez dakit oso seinale ona den. Hor bai ikusten dut aldaketa bat nigan, eta kolektibitateari aitortzen diodan garrantzian. Guk idazten ditugula gauzak, neurri handi batean, inguruan ditugunen babesagatik.

Esate baterako, liburuaren bukaeran agertzen dira eskertzak. Lehenengo aldia da eskertzak sartzen ditudana, eta baten batek esanda, aitortu behar izan dut baietz, ni horren kontra egon naizela beti, literatura purista horren ideiaren barruan, norbera agertzearen alde nengoelako, norbere erabakimen eta ardura guztiarekin, baina horrelako liburu bat idatzi ondoren, hainbeste jenderen laguntza jaso ondoren, uste dut aitortu egin behar zela gutxienez hori. Uste dut aitortu behar dugula idazleok ere sekulako sare baten bidez idazten dugula, eta ni lehen horretaz ez nintzen hain kontziente. Ze liburu hau ezin da idatzi nik izan ditudan bentajak izan gabe: egon naizelako AEBetan bi egonalditan eta unibertsitateak ordainduta. Hori ere mahai gainean jarri behar da.

Hainbat ahots kritiko badira esaten dutenak euskal literaturan liburu gehienak kolore gama antzekoan dabiltzala. Hain zuzen, prosaren adierazkortasuna izan da lan gehien eskatu dizuten alorretako bat. Tarteka, hautu arriskatuak ere egin dituzu, adibidez, ingelesean oinarritutako erdarakadak txertatuz.

Hori jende bati asko gustatu zaio, eta beste jende bati ez zaio batere gustatu. Baina hizkuntzaren jolas horren barruan doa, eta nik horrela ulertzen dut idaztea.

Eta nola ulertzen duzu idaztea?

Prosaren adierazkortasun horren barruan, hizkuntza eraman behar duzu zure zimur guztietara. Behar duzun izkina eta zulo guztietara, eta hori ikasi egiten da. Ni, duela hogei urte, ez nintzen gai horrela idazteko. Norbaitek aipa dezake barrokokeria. Ez dut uste idazkera barrokoa denik, baina adierazkortasunean ez baduzu aurrera egiten, gauza batzuk esan gabe geratuko dira, ze gauza horiek esateko modua hori da. Baten batek esan dit nire idazkeran asko nabaritzen dela euskal itzulpenen eragina, eta asko pozten naiz, ze uste dut gaur egungo belaunaldiok dugula izugarrizko zortea corpus hori daukagulako. Duela ez hainbeste, duela 20 edo 30 urte, ez zegoen corpus indartsu hori, eta ez dut hori planifikatzen, baina kontzienteki edo inkontzienteki testuan hortik ere egongo da zerbait.

Kezkatzen zaitu adierazkortasunaren gaia ez hain zabalduta ikusteak?

Ez dut uste orokorrean adierazkortasun falta dagoenik. Egia da euskal literatura, zorionez, azken urteetan normalizazio prozesu batean sartu dela, eta horren barruan denetarik dagoela, eta badaudela liburu mota asko, agian, ez dutenak horretan izugarrizko garapena izan, baina hori literatura guztietan gertatzen da. Eta, adibide bat jartzeagatik, baina Mikel Peruarenaren Su zelaiak ez al da adierazkorra? Edo azkena irakurri dut Uxue Alberdiren Hetero, eta ipuin askotan iruditzen zait zoragarri nola dagoen idatzita eta nola dagoen erabilia euskara. Zer gertatzen da? Bada, normalizazio prozesu guztietan bezala, ehuneko handienak, agian, ez duela hor bereziki lan egingo. Gustatuko litzaidake geroz eta gehiago irakurtzea euskal itzulpenak, eta geroz eta idazle gehiagok irakurtzea euskal itzulpenak. Horrek lagunduko luke.

2014tik 2021era arte Susa argitaletxearen MPK Munduko Poesia Kaierak bilduma koordinatzen ere aritu zara. Nazioarteko hamaika poetaren lanak ekarri dituzue euskarara bertan, eta argia izan da haren eragina, adibidez, azken urteetan euskaraz sortutako poesia liburuetan. Bilduman kaleratutako hamaika egileren aipuak topa daitezke euskaraz sortutako egungo poema liburuetan.

Bai, eta berehala gertatu da! Harrigarria izan da. Esate baterako, ikaragarria da azken zazpi edo zortzi urteetan zenbatetan aipatu den Maria Merçe Marçalen Dibisa poema, Itxaro Bordak itzuli zuenetik. Eta poeta gazte askok nola inkorporatu dituzten kaier horiek bai zita bidez, bai bestela ere. Hori iruditzen zait gerta daitekeen gauzarik handienetako bat. Kuantitatiboki ez da gauza handia, bilduma horretako liburuen tiradak 400 aleren bueltan ibiltzen direlako, baina kualitatiboki suposatu duena jende askorentzat, horrek ez dauka preziorik. Oso albiste ona da.

 

“Gatazkarena pisu handia izan da, eta hori literaturan ere sumatu dela esango nuke”

Irakasle izango diren ikasleak trebatzen ditu Beñat Sarasolak EHUn, eta, dioenez, badu transmisioari buruzko kezkarik. Bestetik, euskal gatazkaren zamarik gabe egungo belaunaldiak ekarpen esanguratsuak egiten dabiltzala uste du.

Literaturaren didaktika irakasten duzu Euskal Herriko Unibertsitatean. Irakasle izango direnekin egiten duzu lan. Kezkatzen zaitu literaturan egiten den lan hori guztia nola iristen den edo nola ez den iristen haiengana?

Neurri batean kezkatzen nau zenbat galtzen duen jendeak, baita euskal hiztunak izanik ere, eta hori fenomeno berria da. D ereduan ikasita ere jende asko dagoelako ez duena ezagutzen euskal kulturako edo euskal literaturako ia ezer. Hori bada kezkatzekoa. Baina nik ikusten dut beste ikasle profil bat ere oso konektatua dagoena, era berean, agian ez nire erreferenteekin, baina bai beste erreferente batzuekin, gazteagoekin. Eta nik uste euskal literaturan, eta musikan ere bai, belaunaldi berriek egin duten ekarpena, 30 urtez azpikoek, demagun, zifra borobil bat emateko, izugarria izan dela, eta nik ez dakit gure belaunaldiak hori egin ote zuen bere garaian. Bietarik dago, beraz. Baina, lehen esan dudana dago hor. Normalizazioak ekartzen duena delako masaren kopururik handiena hortik kanpo egotea, baina, era berean, ikasleen artean nik oso irakaslegai interesatuak ere ikusten ditut. Minoria bat izango da masa horren guztiaren barruan, baina interes hori ikusten diet.

Belaunaldiez ari zarela, hain justu, Berrian argitaratutako beste zutabe batean aipatu zenuen belaunaldien gaia, eta euskal gatazkak zure belaunaldia literarioki ere baldintzatu duela.

Nik uste dut baietz. Gure belaunaldia izan da euskal gatazkaren azkenengo belaunaldia, esan dezagun. Kartzelan dauden azkenekoak, adibide bat ematearren, gure adinaren bueltakoak dira. Horien ondorengoek ere, familiaren bidez eta, jasoko dute gatazka, baina zuzenean bizi izan dugunon artean, gure belaunaldia da gutxi gorabehera azkenengoa. Hori pisu handia izan da; ez dakit jende guztiarengan, baina nigan eta nire ingurukoengan hala izan da, eta hori literaturan ere sumatu dela esango nuke. Memoria ikasketetan “post-memoria” esaten zaie hurrengo belaunaldi horiei, eta beste modu batean jasoko dute gatazka, eta horrek beste abiapuntu oso desberdin bat dakar. Horrek bai artean bai eta literaturan ere paradigma aldaketa moduko bat ekarri du. Hori ona da. Guk, neurri handi batean, horren karga izaten jarraitzen dugu. Gure gurasoen eta, inkluso, gure aitona-amonen gerraren azkenengo katebegia gara. Eta orain gerrak jarraitzen du, baina beste zentzu batean, eta beste gerra batzuek jarraitzen dute. Adibidez, feminismoaren kasuan oso nabarmena da, ze hor aldaketa erradikala egon da, eta onerako izan dela esango nuke.

Ikusi gehiago

Edonola ere, zure literatur ibilbidean ere, azken urteetako lanetan plazer handiagoz idazten ari zaren inpresioa ematen du. Lehen agian zamatsuago edo ardura handiagoarekin, eta orain, aldiz, idazketaren langintza horretaz eta prosaz ere gehiago disfrutatuz. Hala da?

Bai, erabat. Ez dut horrela sekula pentsatu, baina baietz uste dut. Erreferenteetan, adibidez, ikusten da. Ni idazten hasi nintzenean, Samuel Beckett zen nire idazle kutuna dei dezakeguna, eta horretaz ikertzen hasi nintzen gainera, eta Becketten literatura da literatura agoniko bat, zenbaiten ustez, literatura eramaten duena muturrera eta ia-ia bukaerara. Nire master ikasketen amaierako ikerketa lanak, adibidez, titulu hau zuen: Samuel Beckett eta literaturaren heriotza. Pentsa, nik non nuen burua! Eta bai, hor bazegoen literaturarekiko askoz ere hurbilpen ilun eta agonikoago bat. Eta orain, berriz, hor nabil O'Hararekin. Gutxi gorabehera garai berekoak dira, eta nobelan ere aipatzen dut O'Hara nola joan zen Becketten Happy Days antzezlana ikustera, baina haren literaturaren moldea eta tonua erabat desberdina da.

Beckettetik O'Harara pasatu zarela, alegia.

Bai, txaketero baten moduan.

Eta askatzailea izan da aldaketa.

Noski, orain duzuna beti iruditzen zaizu aurrekoa baino hobea. Ez dut sekula pentsatu kontzienteki, baina bai uste dut bestelako hurbilpen batetik idazten dudala eta beste askatasun batetik ere bai, beste pisu eta eginbehar etiko batzuetatik kanpo, eta ez dut gehiegi garatuko, baina uste dut horrek ere zerikusia izango duela gatazkarekin. Horrek eragina du denongan; ez da bakarrik belaunaldi kontua.

 

Bilaketa