literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Ainara Gorostitzu
Berria, 2005-11-30
Harkaitz Cano:
«Hemen eta orain idazteko gogoa sentitzen dut»

‘Belarraren ahoa’ liburu sarituan eta ‘Neguko zirkua’ laudatuan erakutsi duen bezala, irrazionalismoaren bidetik sartzen da Harkaitz Cano errealitatean. Bide horretatik ari da idazten hurrengo liburua ere.

Goitik behera urdin ilunez doa jantzirik, eta arrosa koloreko aterkia darama, arrosa ilunekoa, ia granatea. Euria ari du kalean. “Masokista estilistiko” baten arrosa koloreko aterkiak istorioren bat behar du izan. Agian hurrengo liburuan argitaratuko du, Neguko Zirkua ipuin liburuan (Susa) gabardinek edo eskularruek dituzte istorioak, aterkiek ez.

Euskadi saria jasota, hurrengo liburua idazteko lasaitasun handiago izango duzula esan duzu.

Saria zortea izan da: zure momentu bateko lana epaimahai kasual baten une horretako umore literarioarekin bat etorri izana. Eta estimatzen da eta poza ematen du, baina istripu goxo bat da. Literaturak ezusteko lekuetara eramaten gaitu, eta hau da adibidea, Lehendakaritzara eraman nau.

Ez dakit hurrengo lana bi liburu, edo hiru edo bakarra izango den. Baditut bi edo hiru hari eta ez dakit elkar hartuko duten edo bihurtuko diren bere kabuzko liburu. Asmoa da historia oso errealista egitea, Euskal Herrian kokatua, 80-90eko hamarkadetan. Haria oso errealista izango da, baina literatura unibertsaleko pertsonaiek pisu handia izango dute. Ildoetako bat, adibidez, bukaerena izango da, ni zerbaitetaz harro baldin banago nire lanetan, bukaerez da. Baina ez dakit hau bukaerei buruzko saio bat bilakatuko den, edo liburu bateko ildo bat izango den.

Durangoko azokaren atarian gaude. Euskadi Saria irabazi duen liburua eta ‘Neguko zirkua’ izango dituzu, besteez gain. Zer aldarterekin harrapatzen zaitu?

Niri lehengoa gustatzen zitzaidan, begira egotea, merkatu analisi fidagarriena hori zen; estatistikek esaten dute emakumezkoek irakurtzen dutela gehiago, edo jendeak ipuina baino nobela nahiago duela... askotan ikusi dugu, portada erakargarriagoa iruditu, izenburua gustatu, eskuetan hartu eta... ikusi ipuinak direla, eta utzi. Editoreek esaten dituzten gauza guztiak bete egiten direla ikusteko egunak izaten dira Durangokoak.

Nobelaren aldeko hautua hain nabarmena da?

Ipuina eta poesia dira, segur aski, benetako literatur zaleek irakurtzen dutena, eta benetako literaturzaleak gutxi dira. Irakurlea eta genero humanoa berez kontserbadorea da: zu abioi batean eroso zaudenean inguruko bizilagunak eta medioa ezagutzen dituzu, eta ez duzu jaitsi nahi. Ipuin liburu batek behartzen zaitu transbordo asko egitera: gustura zaude, medioa ezagutzen duzu, istorioa ezagutzen duzu, baina bat-batean kalera joan behar duzu, beste garraiobide batera.

Beste bidaia bat ezta?

Bai hori da benetako literaturzalearen ikuspegia. Baina eroso dagoenak eroso segitu nahi du, hartu abioia eta hamar orduko bidaia egin Tokiora. “Niri ez kontatu jaitsi egin behar dudanik orain”. Aldiz, ipuin liburu batek edo poema liburu batek poema liburu batean askoz erradikalagoa da behartzen du irakurlea aldiro zerotik hastera. Eta horrek exijitzen du ariketa estra bat, energia.

Orduan bizi jarrera bat ere bada.

Bai, seguru aski generikoki, printzipioz eta abiapuntuz joera erosotasunerakoa da.

Nobela irakurleak kontserbadoreagoak direla esan nahi duzu?

Bai. Esango nuke baietz.

Zure irakurleak zein rol du zure literaturan?

Berak uste duen baino handiagoa seguru aski. Irakurlegoen klubak hartzen baditugu, adibidez: ni orain dela hiru aste joaten baldin banaiz Gasteizera eta han baldin badaude bi irakurle nire hainbat liburu irakurri dituztenak eta esaten baldin badute nire bukaerak irritanteak direla, hori da, bueno.... eraginik zuzenena.

Idazten duzunean buruan dituzu?

Bada, beharbada, bi horiek bolada batez izango ditut. Irakurle batzuk buruan edukitzea ariketa bat da, idazten ari zaren neurrian, “hau irakurrita zer erreakzio izango du nire lagun batek edo ezagutzen ez dudan idazle batek?”. Ariketa hori egiten dut. Fikzioa eginez, nik idazle horri buruz daukadan ideiaren arabera, irakurriko balu, gustatuko litzaioke? Ez, zergatik? hori etengabe egiten dudan zerbait da. Hori da esateko era bat, zuk miresten dituzun edo gustuko dituzun idazleek zugan eragina dutela.

Zuri idazleengandik ez zaizu bere obra bakarrik interesatzen.

Ez. Eta bereziki idazle batzuengandik, obra ez dena gehiago interesatzen zait.

Hori zilegi iruditzen zaizu?

Segun eta obra zer den. Diarioak zer dira, idazlearen bizitza edo obraren parte? Hor gainera, idazle askok gaizto jokatzen dute: idazten dutenean badakite diario horiek argitaratuak izango direla. Ez dago argi zer den obra eta zer obratik kanpo dagoena. [John] Cheeverren diarioak, adibidez, hor ikusten den prozesua, bere kontradikzioak... hori igual, bere nobela baino gehiago interesatzen zait, baina hori zein neurritan ez da bere obraren parte? Berak idatzi zuen, jakinaren gainean argitaratu egingo zuela.

Zuk urrunago eraman dituzu, fikzio bihurtu dituzu ‘Neguko zirkua’-n maiz. Interesatzen zaizu idazle horiek pertsonaia bihurtzean sortzen duten giroa?

Hor dago arrisku bat, konfiantza gehiegi izatea idazle horiek berez jendearengan duen irudiarengan, eta pentsatzea horrekin bakarrik funtzionatuko dutela. Zuk jartzen duzu Kafka txato bat hartzen eta ez da Patxi Errementaria txato bat hartzen, baizik eta da Kafka! Hor idazlea erlaxatu egin daiteke. Nola Kafka den, berak egingo du dena. Zure obran agertzen diren idazle kuttunak baldin badira naturaltasunez agertuko dira. Hau da, nik erabili ditudan autoreak nirekin joan dira nire ibilbidean, orduan era naturalean, kantu bat momentu batean narratibaren barruan sartzen den bezala, momentu batean lapurtzen dut autore baten esaldi bat, pasarte bat edo lapurtzen dut autore beraien larrua bera. Ez da zerbait bortxatua, baizik eta hor agertu dira nirekin kide direlako.

Horrek bere arriskua du, irakurleak pertsonaia ezagutzen ez duenean, ez dago zuk proposatzen duzun jokorik.

Horregatik, nahiz eta irakurleak ez ezagutu idazle hori, istorioak zerbait esan behar dio. Beti geruza desberdinetan irakur daiteke ipuina.

Irakurlea gutxienez idazlea bezain inteligentetzat hartzen duzu?

Bai. Hala hartzea betebehar moral bat iruditzen zait kasik. Alde batetik, onar dezaket, idazleoi ere barneratu digutela gehiegizko konplazentzia bat irakurlearekiko. Nahiz eta zuk abstraitu nahi izan, fondoko hots bat dago dioena euskara egon dela egon den bezala eta irakurleari ez diogula gehiago zaildu behar ariketa, gainera irakurle gutxi dira, izan gaitezen samur... hor dagoen zurrumurru bat da, sentitu sentitzen dena, kasurik egitea beste gauza bat. Euskal idazleak, nire ustez, gehiegi makurtu gara inperatibo horietara, askotan inkontzienteki. Irakurlearen zati bat errazkerian perbertitu dugu.

Idazte prozesua obra bezainbeste interesatzen zaizu?

Bai. Ni idazlea naiz. Baina agertzen denean agertzen da agertu behar delako, nire parte bat delako.

Baina parte bat, idazle izateaz gain, pertsona, gizona... zara.

Nik uste dut lehenbizi pertsona naizela eta gero idazle, gizona baino lehenago. Nire pertzepzioa da hori.

Semea, anaia... horren denaren aurretik idazle zara?

Ez dakit, hor konpromiso batean jartzen nauzu.

Gauza asko idatzi duzu, gairik gelditu zaizu punta atera ezin izan diozuna?

Ez nuke esango; baina gogoa eta grina dut orainari buruz idazteko hemendik aurrera. Baina orain arte ez badut egin ez da ezintasun batengatik izan, momentuan motibatu nauten gauzei buruz idatzi dut beti, hori izan da nire koordenada. Eta orain sentitzen dut gogoa hemen eta orain idazteko. Pasaia Blues izan daiteke horrela idatzitako liburua, eta Neguko Zirkua-n pare bat ipuin daude. Neguko zirkua-n bokazio europarra dago. Gehien gustatzen zaizkidan idazleak poloniarrak eta txekiarrak dira eta horregatik oso amorragarria zait ikustea atzeko atetik Europara sartzen diren herrialdeak horiek direla. Ez dut hori soportatzen. Ez dut soportatzen Espainiako presidentutxo bat izatea harrera egiten diena Europan Poloniari, Txekiari eta Estoniari. Izatez eta arrazoi osoz, eskubide osoz, haiek dira Europa, eta zirkunstantziengatik entitatean sartzen ari diren azkenak haiek dira. Iritsi berria nagusi egin da. Literaturan aldea ikaragarria da: Europan mila buelta ematen dizkigute.

Hemen eta orain kokaturiko ipuinak badira ‘Neguko zirkua’-n. Gai soziopolitikoak ukitzen dituzten aldetik, zure literaturan bereizten diren ipuinak dira Itoitz gogoratzen duen ‘Ez zaie errazegi jarri behar’, eta martxoaren 11ko atentatuei erreferentzia egiten dion ‘Zingiretan’.

Bai, eta sumatzen dudanez, hortik joango da hemendik aurrerakoa. Ipuin horiek hurrengo nobelaren ildoa erakusten dute.

Nola eragiten dizute gai horiek, edo ‘18/98auzia-’ren epaiketak, edo antzekoek sortzeko garaian?

Ba kezka handiz. Oso amorragarria zait brotxa lodiarena, zehaztasun eza idatzietan. Zehaztasuna oso bazterreko ezaugarria izatera pasa da, dena zaku berean sartu eta brotxa lodiz margotzen da. Gai horietara hurbiltzeko mikroskopioa erabiltzea da nire sistema. Martxoaren 11koa agertzen denean, min pertsonal batetik abiatzen da ipuina. Ez da esplikazio sozial edo politiko bat zergatik egin den atentatu hori. Niri interesatzen zait min partikular batek nola eragiten duen, erreflexio egoistak eragiteraino. Egoera muturreko honek nola eragiten dit niri, eragiten dit? ala inpermeablea naiz?

Orduan, gertakaria bera ez zaizu interesatzen?

Interesatzen zait gertakari horren isla partikularra, ez soziala edo magnitude handikoa.

Kritikak esan du “begirada esteta” duzula gai soziopolitikoen gainean.

Zer pentsa eman zidan horrek. Baina neronek emandako hitzaldi batekin gogoratu nintzen: masokista estilistiko bat nintzela esaten nuen era parodiko batean. Beharbada, egia da, baina ez nuke pentsatu nahi horrek gain hartzen dionik berez azpian dagoen hunkitzeko ahaleginari. Niretzat forma eta mamia bat datoz, nik ez dakit separatzen.

Zure kasuan gero eta lotuago daude?

Bai uste dut baietz, halabeharrez. Forma eta mamia oso garbi bereizten baldin badira, problema bat dago, hor zerbaitek huts egiten du. Irudiaren pirueta lehen planoegian baldin badago, ez dut nire helburua bete.

Lehen zutabeetan bazenuen eguneroko horiei punta ateratzeko aukera; orain beharra sentitzen duzu, ala erosoago zaude egin beharrik ez duzulako?

Erosoago nago. Egunerokotasuna gai-jartzaile gupidagabea da. Egunero idazten duzunean, zutabea ona izateaz gain, irakurleak estimatzen du idatzi berria izatea. Zerbaitegatik lotzen ditut nik egunkaria eta ogia: gaur goizekoak izan behar dute.

Gaien bila atera egiten zara ala gaiak etorri egiten zaizkizu?

Irudien inpultsoetatik idazten dut, horregatik dute irudiek protagonismoa. Askotan ideia baino lehenago irudia dago. Objektuek pisu handia dute. Hainbat sentimendu edo burutazio objektuetatik pasatzen dira, baina berez objektuak berak ez du garrantzirik. Gabardina inportantea da [Argentinar lotsatia ipuinean], baina inportantea da suposatzen duen hutsuneagatik.

‘Belarraren ahoa’-n bezala, errealitatetik atera behar bat dute pertsonaiek ‘Neguko zirkua’-n. Zergatik?

Pertsonaiak irrazionalak dira, eta pertsonaien konportamentu irrazionalak gustatzen zaizkit, horrek ez du esan nahi eskapismoa bilatzen dudanik, justu kontrakoa da. Irrazionalismoan harramazka eginez sartzen naiz errealitatean, hori da nire atea; ni errealitatean pertsonaien irrazionalismotik sartzen naiz, edo gertaeren irrazionalismotik, ez inoiz era eskapista batean. Hasiko bagina zenbatzen goizean jaikitzen garenetik gauera arte zenbat gauza irrazional egiten ditugun... hori da niri interesatzen zaidana: edozein pertsona arrunten atzean, pixka bat miatuz gero, neurotiko bat edo psikopata bat dago, hau da, pertsona interesgarri bat. Bakoitzak errealitatea abordatzeko bere angulua aukeratzen du, niretzako atea irrazionalismoa da eta ez irrealismoa, kontuz. Irrazionala izatea ez da irreala izatea, irrazionalismoa ez da eskapismoa.

Adibidez, azken ipuina [Camarillo brillo] urgentziazko ipuina da: salbaziorik ez daukan pertsonaia batek bere bizitza justifikatzeko bost minututan buruari kontatzen dion ipuin bat. Eta nire literaturaren ideia hori da: zer kontatuko diot nire buruari azkenean, hemen alferrik egon ez naizela sinesteko? Liburu guztia eta gaur-gaurko nire literaturaren funtzioa laburbiltzen du azken ipuinak.

 

Bilaketa