literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Juan Luis Zabala
Berria, 2004-04-16
Juanjo Olasagarre:
«Utopiaren amaierak gauza asko ireki dituela iruditzen zait»

Utopiari lotuta bizi izan zen garaiari begiratu dio Juanjo Olasagarrek ‘Ezinezko maletak’ nobelan. Lotura galduaren nostalgiarik gabe.

Sakanako herri txiki bateko lau gizonezko dira Juanjo Olasagarrek (Arbizu, 1963) Susa argitaletxearen eskutik kaleratu duen Ezinezko maletak nobelako pertsonaia nagusiak: Bazter, Fermin, Harakin eta Jexus Mari. Bi arotan agertzen dira. Batetik, gaztetxo direla, 80ko hamarkadan, ezker abertzaleko militante; bestetik, 40 urte inguru dituztela, Londresen: Bazter hila, eta beste hirurak haren hiletetera joanak. Lau pertsonaia horien bidez, “belaunaldi baten erretratu ziztatzailea” egin du, liburuko kontrazalak dioen moduan.

Nahiz eta lehenengo nobela duzun hau, Ezinezko maleta-k badu parekotasunik zure poema liburuekin, eta baita Hegazti errariak antzerki lanarekin ere. Kasu guztietan, belaunaldi bati buruzko ikuspegi zabala ematen duzu, elkarren adiskide diren hainbat pertsonaiaren bitartez.

Hala da, bai. Hiri txiki batean hazten denak aukera du lagunak aukeratzeko, baina Arbizu bezalako herri txiki batean tokatzen zaizunarekin moldatu beharra duzu, onerako nahiz txarrerako; koxkak hartu egiten dizkiozu, baina hori hala izaten da. Edo hala izaten zen lehen behintzat, orain gauzak aldatuta baitaude horretan. Nik uste dut, neurri batean, liburu bera idatzi dudala beti orain arte: belaunaldi batek, gure belaunaldiak, asmatu beharra dauka utopiarik gabe nola bizi, nola bizi ideia handirik gabe, edota ideia horien inguruan kolektiboari hain indar handia eman gabe. Niri gai hori beti interesatu izan zait, eta gai hori landu dut. Utopiaren izenean, gauza onekin batera, gauza txar asko egin direla iruditzen zait, eta utopiaren amaierak gauza asko ireki dituela.

Nahiko kritikoa da zeure belaunaldiaz ematen duzun ikuspegia, kupidagabea...

Esan daiteke hala dela, bai, kupidagabea, baita ni orduan nintzenarekin ere. Izan ginenaren errepasoa egin dut, baina nostalgiarik gabe, iraganari aurre egiterakoan nostalgia faltsua baita. Nik nobelan agertzen den bezala gogoratzen dut garai hura. Gauza onak ere izan ziren, baina liburuan bestelakoak dira nagusi.

Hobea iruditzen zaizu egungo garaia?

Zaila da hobea dela esatea. Niri erosoagoa iruditzen zait, askeagoa, alde batzuetatik behintzat. Lasaiago bizi daiteke. Behin zutabe batean esan nuen moduan, marxista deklaratu batek badauka Christian Diorren arropez janzterik. Inork ez dauka abertzale izan beharrik. Lehen, aldiz, 80ko hamarkadan, ez ziren horren errazak kontuak.

Ezker abertzaleari kritika zorrotza egiten dio nobelak. Barne botereak ezarritako errepresio eta zapalkuntza giroa agertzen da, barrutik begiratuta, militanteen artean...

Pertsonaiak ezker abertzalearen bidez sozializatzen dira, eta horren menpe bizi dira. Nik bizi izan dut hori, nahiko autobiografikoa da. Errazago da literatura horrelako alderdi kritikagarriekin egitea, literatura hagiografikoa egitea baino, dena loriatuz. Eskua joan zaidala? Ez dakit, litekeena da.

Herri txiki batean jaioak dira pertsonaiak, eta herri horretako giro itogarriak oso eragin handia du haiengan. Horren itogarria al zen herri txikietako giroa 80ko hamarkadan?

Hori da niri ateratzen zaidana 80ko hamarkadaren balantzea egiten dudanean. Fikzioak bi garai kontrajartzea eskatu dit, eta 80ko hamarkada itxiagoa agertzea. Esan beharra dago garai hartan ere hitz egiten zela hainbat konturi buruz herri txikietan ere, iraultza sexualaz eta abar. Baina nik uste dut herri txiki bateko harreman moduei beste supraegitura gaineratu zitzaiola, supraegitura politikoa, eta horrek nolabaiteko imutua-edo sortu zuela. Koktela nahiko iluna izan zen; alaitasunik ere izan zen, egia da, baina nobelan alderdi iluna agertzen da.

Aukera bat egin duzu, beraz.

Bai. Iraganari begiratzeko modu asko daude. Niri eramanezina egiten zaidana da lagun bat hastea esaten “zer ongi pasatzen genuen orduan!” eta horrelakoak. Ez, ez: ongi eta gaizki. Egokiago iruditzen zait ikuspegi kritikoa izatea. Niri burura etortzen zaizkidan flash-ak dira euria, hotza eta mundu itxia. Jokin Muñozen Joan zaretenean nobelan bada giro hori oso ondo jasotzen duen pasarte bat.

Herri txikiaren kontrapuntu gisa, Londres agertzen daÉ

Bai, baina Londres den bezala izan zitekeen New York edo beste edozein hiri. Azken batean, Londresen beren iraganarekin egiten dute topo pertsonaiek.

Umorearen bitartez agertu duzu, pasarte batzuetan behintzat, mundu itxi horretako pertsonaien eta Londresko beste pertsonaia batzuen arteko talka. Eta amaiera ere umoretsua da oso.

Ni ez naiz, berez, oso pertsona umoretsua, baina saiatu naiz ukitu ironikoa ematen nobelari. Euskaldunok beti gauza handiei buruz aritu gara: nor garen, askatasuna, independentzia... Nik uste dut umore gutxiegi dugula. Egia da hildakoak, espetxeratuak eta abar izanik tartean, zaila dela umorea erabiltzea, baina hala ere uste dut badagoela desdramatizatu beharra, geure buruari barre pixka bat egin eta gauzei ironia handiagoz begiratu beharra.

Zer geratu zaizu garai hartatik: desengainua, erresumina...?

Ez dakit. Nik arazoak ditut ideologikoki gizarte honetan kokatzeko. Ezkerrekoa bai, baina zer da ezkerra...? Gainera, ibiltzen baldin bazara leku askotan, giro askotan, azkenean ez dakizu nor zaren; baina aldi berean erosoa ere bada hori. 80ko hamarkadako asmo ez gauzatuei begiratuz gero, akaso esango nizuke asmo handiegiak zirela haiek eta denbora asko galdu genuela, gauza benetan praktikoetan aritu gabe. Ez genuen lortu, esaterako, Katalunian dutenaren gisako ehun sozialik. Utopia oso ederra da, baina Errusian jende pila bat hil zuten utopiaren izenean, eta Hitlerren asmoa ere, beste modu batekoa izan arren, utopia zen. Zer lortu dugu guk, azken batean, garai hartatik? Irautea. Baina irautea arazo gisa. Askotan entzun izan dut ETArengatik ez balitz ez genukeela ezer izango, ez ginatekeela ezer. Baina garen hori arazo garen neurrian baino ez bagara... horretarako nahiago dut ezer ez izan. Nik ez dut arazo izan nahi. Katalanek, adibidez, irauten dute, baina ez arazo gisa.

Lehen nobela duzu Ezinezko maletak. Zerk bultzatu zaitu oraingoan, aurrekoetan ez bezala, genero hori aukeratzera?

Ez dakit ziur. Uste dut erronkekin funtzionatzen dudala, neure buruari erronkak jarriz.

Eta... erronka gogorra izan al da?

Forma aldetik, ikuspuntua pertsonaia batetik bestera aldatuz doa, kapituluz kapitulu. Zergatik aukera hori?

Ez da ezer berria, ez da nik asmatua. Graham Swiftek egitutra hori landu zuen Last Orders-en. Eta nire poema liburuetan ere antzeko egiturak erabili izan ditut. Berezitasun moduan, esan daiteke lau pertsonaietatik hiruk badutela beste ahots bat, kontzientzienarena edo dei daitekeena.

Gertakarien ugaritasunari eta ikusgarritasunari baino garrantzi handiagoa eman diozu pertsonaien barruko kezkei eta zalantzei.

Ez ditut gustuko gertakari asko kontatzean oinarritzen diren nobelak. Horretarako, nobela beltza dut nahiena. Baina arriskutsua da pertsonaiak honetaz eta hartaz zuzenean hizketan jartzea ere. Jarrerekin, sentitzeko manerekin, gertakariekin, denekin adierazi behar da, ez pertsonaien hitzekin bakarrik. Liburuan badira eztabaida batzuk, baina arriskutsua da nobelan eztabaida sakonegiak txertatzea.

Mandelaren Afrika liburua Ediciones B argitaletxearen eskutik kaleratu zenuen. Zer harrera izaten ari da?

Argitaletxekoek laudatu zuten nobela, baina lehen edizioa ez da agortu. Joseba Gabilondok dioen bezala, post-modernitateak onartzen ditu identitateak, baina identitate bakoitzeko batekin edo gutxi batzuekin nahikoa izaten du. Orduan, bide horretan aurrera egitea oso zaila da. Orain, Ezinezko maletak itzulita argitaratzeko abantaila bat daukat: harremana dudala argitaletxekoekin, ezagutzen nautela. Ikusiko dugu, lehenik, zer harrera duen euskaraz, eta gero zer aukera dagoen itzultzeko. Baina hala ere ezin da irakurle gutxi batzuengana iristetik aparteko ezer espero.

 

Bilaketa