literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Etxeberri Sarakoaz

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 2000-10-6

 

        «Ez bere garaian, ez gaur ere aitortzen ez zaion garrantzia du alderdi askotatik. Medikua zen, garai hartan erlijiosoa ez zen idazle bakanetakoa, eta erlijio gaiez kanpora ibili zen ia bakarra. Bere lanen balioa aparta izanda ere, XX. mendea arte ilunpean geratu zen», Mendiguren&Izagirre.

        Nahiz euskal klasikoetan idazlerik ezagunenetakoa izan, Joannes Etxeberri Sarakoari buruz eskuetaratu zaizkigun berriak urriak dira zinez eta tamalez. Ziburuko idazle izenkidearengandik bereizteko sorterriari lotua aipatzen ohi da betiere. Saran jaio zen hortaz, Orpustanen arabera Lekuberri etxean, eta 1668an, ez Sarako artxibategian dagokion liburuan hala jasotzen delako, izan ere, eta Websterrek aspaldian esan bezala, 1624-1708 tarteko jaiotze agiriak jasotzen zituzten liburukiak desagerturik baitaude Sarako artxibategitik. Azkoitiako medikua izanik, berau ordezkatzeko galdetegia 1748an karrikaratu zenean Etxeberri 80 urtetik gorako agurea zela esaten zen, eta hortaz, Urkixok jarritako jaiotze dataren hipotesiak berean dirau, oraindik ere inork zalantzan jarri ez duena.

        Medikuntza Montpellierren ikasi bide zuen, doktore tituluaren jabe egin zelarik. Honakoa gauza ezaguna da izan ere Hondarribiako udalak 1722ko irailaren 2an eginiko osoko bilkuran orduko errejidorea zen Pedro Etxebestek gure Etxeberriri soldatarik ez pagatzea proposatu zuen medikuntza ikasketak Gaztelan eginak ez baitzituen, eta nonbait, Frantzian ikasi izana nekez izan zitekeen orduko Espainian homologagarri. Ikasketak behin amaiturik, Saran bertan hasi zen mediku lanetan, momentu hartan berean Maria Itsasgaraterekin ezkondu zelarik. Hauen seme-alaben artean Agustin aipatu beharra dago, geroantzean ere Mutrikuko (1726-1754) eta Debako (1754-) medikua izanen zena. Agustin honek 1725eko abenduaren 5ean bere burua eskeini zion Hondarrabiako udalari bere aita kanpoan zeno mediku aritzeko, alabaina, eta esan bezala, berehalakoan hasi zen gaixoak artatzen Mutrikun. Hantxe ezkondu zen 1738an bertako Maria Bautista Zigaran Basaberekin hamaika seme-alaba izanik.

        Hasiera batean bizilekua Saratik aldatu gabe, 1713ko abenduaren 11an Berako udalarekin sinatu zuen bere lehenbiziko kontratua, 1716an berretsiko zuena. Luis S. Granjelek euskal medikuen gainean ondu zuen hiztegian Etxeberrik Baztango Elizondon lan egin zuela diosku, Agustin semea bertan jaio zela baieztatuz, alabaina, horrelakorik dakarren bakarra da Granjel, eta ez dakigu berri hura nondik hartu duen; bego beraz aipamen kurios moduan besterik ezean. Etxeberrik Beran jardun ahala bertan bizitzeko eskatu zitzaion eriengana aisago iristeko nola hauek hobekiro zaindu ahal izateko, eta hortaz, 1616az geroz Saratik elki zitzaigun betiko. Beran izan zen 1722ra arte, urte hartan Hondarribiara joan baitzen horrezkero zuen ospeak eramanda. Alta, soldataren urriak eta honen pagatzeko atzerapenek Etxeberri Hondarribia largatzera eroan zuten, eta 1725eko urrirako Azkoitiko mediku agertzen zitzaigun. Bertan osatu zituen bezeroen artean Loiolako josulagunak zeuden, tartean Kardaberaz edota Larramendi haundiak ere. Etxeberrik Azkoitin jarraitu zuen medikulanak betetzen bertako udalak zaharturik oso erretiratu zuen arte, 1749ko lehenengo erdialdean zendu zelarik.

        Hiru izan ziren, funtsean, Etxeberrik euskaraz idatzi zituen lanak, plangintza ongi eratutako baten barnean ulertu daitezkeenak. Lehenbiziko lana Escuararen hatsapenak ditugu. Jatorrizko eskuizkribua Julio Urkixok topatu zuen Zarautzen, nonbait hara Astarloa frantxikotarrak eramanda. Gramática bascongada del dr. d. Juan de Echeberria izeneko dokumentuak 452 orrialde du, 23.ean hasten da, eta bi lan ezberdin biltzen ditu bera baitan, 303. orrialdean bukatzen den Laburdiri escuararen hatsapenac eta 305.ez geroz honela hasten dena: Escual-Herriari eta escualdun guztiei escuarazco hatsapenak latin ikhasteco, lehenbiciric icenen declinacinoez eta verboen conjugacinoez, azquenean icenari eta verboari dagotzten gauçac. Eskuizkribu honetan biltzen diren lanak dira, hain zuzen ere, Etxeberrik 1712an izkiriatu eta bere semea Agustinek Lapurdiko Biltzarrera eraman zituenak. Hauekin batera ere, egun galdurik dugun hiztegi laukoitza ere eraman zuen Agustinek, Larramendik berak begi aitzinean eduki ahal izan zuena. Eskuizkribu hauek Biltzarrean aurkezteko, Etxeberrik Lau-Urdiri gomendiozco carta edo guthuna ezaguna eman zuen argitara Baionan, Apumayurco carrican moldetegia eta liburudenda zeukan Mateo Roquemaurelen etxean, 1718an. Etxeberriren lanak 1727ko azaroan iritsi ziren Biltzarrera, Dolhabide sindikoaren agintegopean hain zuzen. Bere asmoa 4000 libera baino gehiago kostatzen zuen inpresiorako Biltzarrak 3000 libera aurreratzea baizik ez zen, alabaina ezetza borobila izan zen, beste zenbait kasuetan gertatu izan zen bezala, esate baterako, Paueko komentuan bizi zen Domingo Bidegarai frantxikotar baxenafarrak 1675ean ondu euskal gramatika eta hiztegiarekin agitu antzera prezeski.

 

Bilaketa