literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Bizkaiko euskal idazleak»
Mikel Zarate

Derioko Seminario-Ikastetxea, 1970

 

Añibarro Pedro Antonio

1748-1830

 

        Nor zan

        Mogelen adiskide andi ta bearlagun izan zan Añibarro Pedro Antonio. Ara zer dirauskun Mogelek:

        «Gura dabenak sinistu Bizkaiko euskereak ez deutsala ezer zor giputzenai, iraurri begi liburu onek baiño leenago urtengo daben neure adizkide andi ta gauza onetan neure bearlagun legez egiten dan Aita Frai Pedro Añibarro, Zarauzko Kolejio A. San Frantzískoko Ordean Misionariak, bizkaitarrentzat atera daben liburu txikar, baiña urre guztiak baiño geiago balio dabena. Ediroko dau «Esku-liburu» onetan Bizkaiko euskeran ederto adierazo leitezala esan bear diran gauzak, berba nekezaleen aoetan dabilzanakaz. Bizkai barru-barruko semea da bera ta bere euskera garbi ta ederrak ezagutu eragingo dau nunnai ikasi leiteala ondo berba egiten, burua zerbait nekatu gura bada. Alperren soloak beti egongo dira bedar txarrez beteak. Bizkaitar guztiak erosi bear leukee liburutxu esan dogun au» [1].

        Eretxi zuzena ta gogoangarria Mogelena. Izan bere, Mogelegaz batera, gorengo maillako euskal-idazlea dogu Añibarro. Mogel da zimendua; Añibarro, zimendu orretan orma lodi ta sendoa egiteko arri, are ta karea.

        Billaroko Arkatza baserrri-etxean jaio zan Añibarro. Eta Bilboko frantziskotarren komentuan sartu zan, amabost urte ingurugaz.

        Meza barria emon ondoren, Arantzazuko komentuan egon zan irakasle. Gero, Aita Nagusi izan zan Friasko (Burgos) komentuan. Eta, azkenez, 42 urte zituzala, Zarauzko Misiolarien komentura etorri zan eta, arrezkero, antxe bizi izan zan, il arte.

        Zarauzko komentua Misiolari-Aztetxe bat izan zan; misiolari euskaldunak gertuteko sortu zan, kristiñau euskaldunak bere, euren izkuntzan Jaungoikoaren Berbea entzun eien [2].

        Misiolari-Aztetxe orretako Bikarioa ta kronika-idazlaria izan zan Aita Añibarro. Eta Frantzesak Gipuzkoaz jabetu ziranean (1794) eta geroago Askatasun gerratean izandako goraberak jakiteko, gauza interesgarri asko idatzi ebazan Zarauzko Aztetxeko kronikan. Gipuzkoa, Bizkaia eta Naparroko erri euskaldun guztien izenak bere ipiñi ebazan Aita Añibarrok kronika orretan, misiolarientzako. Eta aldi aretan euskeraren mugak noraiño elduten ziran jakiteko, garrantzi andikoa da zerrenda ori.

        Aita Añibarroren bizitzarik geiena bakartadeko bizitza izan zan; bizitza ixilla, latza, beartsua ta lanari lotua. Baiña, misiolari bateri egokionez, erririk-erri bere sarri ibilli zan, misiñoiak emoten. Eta ez Bizkaian bakarrik; Bidasoz emendiko Euskalerri osoan ibilli zan. Eta, orrexegaitik, bildurrez dago, bere bizkaiera ez dala, bearbada, beti guztiz jatorra izango-ta...

        «Euskeran egin dot alegiña Bizkaikoari jarraitzeko; baiña zelan Kolejio onetakoak ain laster gabiltzan Bizkaian, zein Gipuzkoan, Araban ta Nafarroako berba egikune ta itzkuntzetan, utsen batzuk idoroko dozuz, ta orduan ito egizuz ixillik... » [3].

        Misiolaritzan aberastu ta jatortu eban bere euskera Aita Añibarrok. Misiño aldietan entzuten eta artuten ebazan, erriaren iturritik, berba jatorrak, esaera egokiak, aditz-jokaerak eta abar. Gero, bakarrean, komentuko egonaldi luzeetan albaindu ta josten ebazan.

        Eta, olantxe, misiolari ospetsu ta gorengo maillako euskal-idazle egin zan.

        Banakak dira Aita Añibarrok aiña lan egindakoak euskaldunen eta euskeraren alde. Egiñalak egin ebazan «ez bakarrik arimen onerako, baita apaindu, azi, gorde eragin, edertu ta zabaltzeko euskerea ta laguntzeko euskaldun ikasle barriai» [4].

        Gizon fiña, arduratsua ta zeatza, orixe izan zan Aita Añibarro. Bere idazlan mordoa urretik aztertu ezkero, arrituta geratzen da bat. Zenbat eta zenbat lan eder! Baiña zertarako? Argitaratu barik dagoz geienak-eta...!

        Zati au amaitzeko, asieran Mogelek esana esatera noa. «Aita Añibarroren euskera garbi ta ederrak ezagutu eragingo dau nunnai ikasi leiteala ondo berba egiten, burua zerbait nekatu gura bada».

 

        Idazlanak

        Langille asperbagea izan genduan Aita Añibarro. Eta lan-gose orren frutu, 17 liburu itxi euskuzan. Ona emen ederrenak:

        «Esku-liburua eta berean eguneango kristiñau zeregiñak». Auxe dogu Añibarroren idazlanetan ezagunena, bizkaiera ezagutzeko liburu klasikua. Lau-bost bidar argitaratua izan da. Orain agortuta dago, zoritxarrez.

        «Misionari euskalduna, kristiñau-dotriña ta sermoiak Bizkai-errietan irakasten». Leenengo ataltxu bat bakarrik argitaratu zan 1897-garren urtean: «Gurutze santearen, Aitagure ta Abemarien ganeko erakusaldiak». Liburu andi bi dira, argi, garbi ta txukun eskuz idatziak, inprentara eroateko prest-prest itxiak. Arantzazuko frantziskotarren komentuko artxibuan dagoz.

        «Lau Ebanjelioak batera alkarturik». Lamyk egindako alkartzearen itzulpena. Ona emen leenengoz Ebanjelioa bizkaieraz..., baiña oraindiño argitaratu barik. Zarauzko frantziskotarren komentuan dago lan eder ori, moldera eroateko gertu.

        «Geroko gero, bizkaieraz». Axularren «gero» bizkaieratuta. R.I.E.V. aldizkarian argitaratu ziran, zatika, 42 kapitulu.

        «Lora-sorta espirituala ta propositu santuak, bizitza barri bat egiteko». Aita Palacios, Zarauzko misiolari ospetsuak erderaz egindako «Ramillete espiritual» eta «Propósitos» euskeratuta. Bi aldiz argitaraua: Tolosa, 1803; Durango, 1901.

        «Nekea arindurik. Munduko krutze, neke, penak gozotu, laburtu ta arinduteko gogarte santuak». 15 gogarte. Argitaratu barik.

        «San Iñazioren Gogo-jardunak». Argitaratu barik eta esku-idatzia bere galdu egin da, urrean.

        «Voces vascongadas diferenciales de Vizcaya, Guipúzcoa y Navarra... para uso y alivio de párrocos y predicadores vascongados». Oraintsu argitaratu dau Aita Villasantek. Larramendikeri bako iztegi jatorra da; erri-erritik jasoak dira berbarik geienak.

        «Gramática vascongada». Zarauzko kronikan beste izen onegaz agiri da: «La colección de conjugaciones regulares e irregulares del vascuence en sus tres dialectos». Liburu interesgarria. Argitaratu barik au bere.

        Idazlan mordoa egin eban, bai, benetan, Aita Añibarrok. Erlejiño-gaiak darabilz geienetan; eta, sarri askotan, gogaikarriak dira (gaurko irakurleentzat, batez bere), eriotzea, pekatua, illobietako arrak eta inpernua gogoratuazoten dabilkulako bein eta barriro. Bere aldiko semea dogu onetan Aita Añibarro, kristiñautasunaren alderdi bateri larregi begiratzea izan zan aldi aretako gatxa-ta.

        Baiña, alan eta guzti bere, an or emen, gauza jakingarri asko erakusten deuskuz aldi aretako Euskalerria ta euskaldunak ezagutzeko.

        Euskera aldetik, erri-euskera landua ta orraztua darabil. Eta erdiko bidetik doala diñosku:

        «Kontuzko alegin ardurazko ta begiramentuaz ibilli naz ez ifinteko Dotriña estuegiak, ez zabalegiak. Baita euskera bere izan eztidin entero goratua, ez txito bee nastu prestueza. Emen doian euskera guztia neuk entzuna da Bizkaiko errietan non edo non: eta euskaldun oitu on garbi batek guztia adituko dau» [5].

        Erderatik edo latiñetik zer edo zer artean dauanean, euskeratu bakarrik ezeze, euskaldundu bere egiten dau «zerren euskereak eta beste berbakuntzak euren esaera ta berba egikune baanak, bakarrak, ta berezkoak dituez» [6]. Begira, adibidez:

        «Ezkondu baño len, kontu zer egiten den».

        «Non zure dirua dan, zure biotza bere an».

        «Obrak dira amore, ez berba onen kolore; esatea da erraz, egitea garratz».

        «Santu-santaren artean, orma lodi bat bitartean».

        Bardin antzeko otsa daben berbak alkartzen bere zalea da Aita Añibarro:

        «Jauste ta auste»; «jatekoa ta jaztekoa»; «azi ta ezi»; osasuna ta ondasuna»; «sortu ta sartu» eta abar.

        Azkenez, eurenez jokatzen diran aditzetan (aditz-sintetikoan) aberatsa dogu.

        Neurribako ondasuntegi bat da Aita Añibarro gure euskera sustrai-sustraitik ezagutu ta ikasi gura dauanarentzat.

        Akatsak? Ba ditu batzuk, joskeran batez bere. Eta, gaiñera, bere lanak errezago ulertu eitezan, esangura bardiñeko edo antzeko berbak metatu egiten ditu eta, jakiña, lana astundu egiten dau:

        «Zenbat geldituko ez litekez mututurik, aoa zabalik, txitik egin bage ta zer erantzun eztakiela».

        «Gauza guztietan daukan jauntasuna, jabetasuna, poderioa, aala, eskubidea ta agintaritza».

        Gaurko irakurleak arintasun eta bizkortasun geiago nai dau eta, orrexegaitik, astuntasun nekegarri bat aurkitzen dau Aita Añibarroren idazlanetan.

 

        [1] «Konfesino ona», itzaurrean.

        [2] «Erromako Aita Santu Inozenzio amaikagarrenak (1676-1689) emandako Bulden indarrez eraiki ziran Espainiko toki askotan Misiolari-aztetxeak (Colegios de Misioneros Apostólicos). Etxe auek eskola edo mintegi batzuk bezala ziran, mixiotako praille trebe-aukerakoak azi ta ateratzeko.

        1746-garren urtean, Kantauriko Probintziak Zarauzko komentu au izendatu zun Aita Santuaren agindu ura betetzeko...

        Misiolari-aztetxeok ba zituzten beren arau jakiñak edo lege bereziak. Biziera latza zeramaten, ixiltasunik aundienean, eta bere egikizuna bete al izateko, maiz izaten zituzten elkarrekiko solasaldi eta erakusadiak, Moral eta Aszetika gaiezaz. Zarauzko etxe au, Euskalerrian lan egiteko sortua zanez, etzan bere xede onezaz aaztu; orregatik, beste iñongoak baiño leenago, praile euskaldunak nai izaten zitun» (Aita Villasante, «Eusko Gogoa», 1956).

        [3] «Geroko gero», itzaurrean.

        [4] Ibidem.

        [5] «Misionari euskalduna...», itzaurrean.

        [6] «Geroko gero...», itzaurrea.

 

Bilaketa