literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Bizkaiko euskal idazleak»
Mikel Zarate

Derioko Seminario-Ikastetxea, 1970

 

Azkue Eusebio Maria

1813-1873

 

        Nor zan

                «Erato, musa ederra,

                arren betatuizuz

                onek bertso bigunok

                graziaz eta suz,

                irakurri deiezan

                poeta euskaldunak,

                frantzez, napar ta giputz

                ta neure lagunak» [1].

        Esan ta egin. Graziaz eta suz beterik egin ebazan bertsoak Azkue Eusebiok, euskaldunok irakurri daiguzan.

        Erri-gizon eta erri-olerkari izan genduan au, Lekeition jaio zan eta bertan il bere. Bere aita zamudiotarra zan eta urte askotan bertako medikua izanikoa; bere ama lekeitiarra.

        Zamudion bizi izan zan ume-umetatik, mutil bardingoa egin arte. Gero, Latiña ta Filosofia ikasi ebazan Bilboko frantziskotarrakaz [2]. Eta, onetan, leenengo karlistadako gerratea sortu zan.

 

                «Asi zan ordu txarrean

                erritar utsen artean;

                        erbestekoak

                        euren asmoak

                eukezan gu sututeko,

                ta erria zapalduteko.       

 

                Amaika orduko euskaldun

                neuk nebazanak ezagun,

                        gazte zintzoak

                        ta errubakoak,

                gurasoentzat galdu dira!

                Ta erriak...? Zorren azpira» [3]

 

        Karlisten alderdiko gudamutil izan zan Eusebio. Gerratea amaitu zanean, Ferrolera joan zan Nautika ikastera. Eta ikasten eta itxasoan urte batzuk eginda gero, Nautika-Irakasle izan zan, Bermion, Mundakan eta, azkenez, 1861-etik asita aurrerantzean, Lekeition.

        Bi bider ezkondu zan eta amabi seme alaba izan ebazan, eta oneitariko bat Resurrección María ospetsua izan zan.

        Aita Uriarteren lagun andia zan eta zortziko batek arentzat egiña dirudi.

 

                «Nai dozula, frai Jose,

                zortziko barria?

                Beste oin bat iminita

                or daukazu erdia;

                bost oin daukadaz laster,

                onegaz dira sei;

                eta orain zortzikoa

                osorik neurtu lei» [4].

 

        Azkue Eusebio, euren denporako olerkaririk onena dala diño Aita Uriartek.

 

        Idazlanak

        Olerki-txorta asko itxi ebazan Azkue Eusebiok. Bermioko ta Zarauzko frantziskotarren komentuan dagoz eskuidatzirik.

        Euskal-mitolojiari buruz bere egin ei eban poema bat: «Euskadia».

        Bere semeak, gure Azkue andiak, argitaratu ebazan, 1896-garren urtean, aren olerki mordo bat, «Parnasorako bidea» izentzat ezarririk.

        Azkue Eusebio erri-gizon eta erri-olerkari izan zala esan dogu asieran. Izan bere, bertsolari eskolatua baiño geitxoago da; baiña olerkari jatorra izateko bere zer bat falta jako.

        Gai errikoiak darabilz geienetan. Eta bizitzako gorabera ta jazoerak, gizonen eta emakumeen egitada onak eta txarrak, negargarriak eta barregarriak, ipuiñak eta kantak, polito baten erakusten deuskuz. Onexegaitik, oso aberatsa dogu folklore aldetik. Ikusi, esate baterako: «Gazteen batzarrak»; «Ezkontzak baserrian»; «Baserritarren erromeria»; «Arrantzaleen kantea»; eta abar.

        Mitoloji-gaiak bere ba darabilz. Ikusi, esate baterako: «Apolo eta Musak».

        Bertsolarien antzera, eztenkada, zirikada, bizkortasun eta gatzez egosten ditu bere bertsoak. Adibidez:

 

                «Ixilik dirudie

                kadera bikoak;

                berbaz asten badira

                lau kaderakoak» [5].

 

                «Andrea da barautan

                berba gurea;

                baiña ordirik badago,

                ituxurea» [6].

 

        Sarri askotan, esakera zorrotzez, irudi biziz ta erriaren filosofiaz apaindurik esaten deuskuz esatekoak:

 

                «Ondo jan, bardin edan,

                eta gauza ederrak,

                bearrik egin barik,

                dituez alperrak.

                Zintzoak jaten dabe

                bedar ta lastoa,

                zintzoa beti izan da

                alperren astoa» [7].

 

        Euskerra jatorra ta atsegingarria darabil geienetan [8]. Eta ba ditu onek bere, alako zer batzuk joskera ta olerki mueta aldetik.

        Irakurgarriak dira gure erri-olerkari onen idazlanok. Eta berak egin eban legez, geuk bere zerbait egin daigun, beiñola biotz-minduta berak esan ebana geuk bere barriro esan ez daigun:

 

                «Eztau Kliok ikasi

                iñoz bere euskara;

                istoria bakoak

                euskaldunak gara.

                Zenbat gauza andi

                armetan emen egin dira!

                Ta lumak busti barik!

                Ta Klio begira» [9].

 

        [1] «Parnasorako bidea». 301-garren orrialdean.

        [2] Frailegeia izan ete zan, ba?

        [3] «Parnasorako bidea», 194-garren orrialdean.

        [4] «Parnasorako bidea», 185-garren orrialdean. Lope de Vegaren, «Un soneto me manda hacer Violante»-ren antzera eginda dago zortziko ori.

        [5] «Parnasorako bidea», 55-garren orrialdean.

        [6] Ibidem, 107-garren orrialdean.

        [7] Idem, 109-garren orrialdean.

        [8] Zamudio aldekoa ta Mundaka aldekoa naastauta.

        [9] Idem, 300-garren orrialdean.

 

Bilaketa