literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura alfabetatzeko»
Enrike Zabala

Pax, 1979

 

JOANNES LEIZARRAGA

 

        BIZITZA

        Protestanteen erreformak, zeharka bederen, garrantzizko eragina izan zuen euskal literaturan. Leizarraga dugu lekuko.

        Leizarragaren bizitzari buruz ezer gutxi dakigu. Beraskoitze-n jaio zen, Lapurdin. Apaiz katoliko izan zen, seguraski, protestante egin aurretik. Albreteko Joana, Nafarroako erregina, protestantismoa Euskal Herrian sartu nahian zebilen. Horretarako beharrezkoak ziren textuak euskaratzeko, Leizarraga izendatu zuen Biarnoko protestanteen sinodoak (batzarreak), 1564ean. Leizarragaren lana, beste lau artzain protestante euskaldunek aztertu zuten gero.

        1567an Bastida-ko artzain bezala ageri da Joannes. 1600. urte aldera hil zen.

 

        IDAZLANA

        Dena itzulpena du. Hiru liburu ezagutzen ditugu:

        —Jesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria; inportanteen eta ezagunena berau;

        —Kalendrea;

        —Abc edo Christinoen Instructionea. Hirurak Rochelan 1571n argitaratuak.

 

        ERITZI KRITIKOA

        Euskara ahalik zabalenean saiatu zen bere lana egiten. Neurri batetan, euskara batzen saiatu zen, beraz. Izan ere, ez da oraingo arazoa euskararen batasun-beharra.

        Latinetiko hitz asko darabil euskaran. Leizarragak cena, peskadore, fluvio, sabbathoa hitzak erabiltzen ditu, afaria, arrantzale, ibai, larunbat hitzak ondo ezagutu arren. Itzulpenean latinezko textuari lotuegia, makurtuegia, agertzen da. Latin-kutsua dario haren euskarari. Horretarako arrazoi bat ba zuen: Bibliako pentsamendua ahalik eta zuzenen ematea. Orduko protestante kalbinistak gai horri buruz oso arduratsu ziren. Gainera, bere garaia baino lehentxeago Europan sortu zen joera kultista du Leizarragak: beste hizkuntza kultoetatik hitzak barra-barra hartzeko ez du beldurrik.

        Leizarragaren euskara, gogor samarra, eguneroko hizkeratik urrun samar dagoena eta arkaikoa da [3]. Arkaismo hori, batez ere, aditzean nabari da.

        Halaz guztiz, Leizarragaren textuak nahiko ulergarriak dira gaur egunerako ere. Euskaldun huts eta jatorra dela ikusten da; euskara ondo dakiena. Bere aditzean aberastasun handia azaltzen digu. Antzinako euskara ezagutzeko, paregabea dugu.

        Leizarragak, esaterako, lehenaldi burutu bezala erabiltzen du gaur subjuntibo iraganekotzat erabiltzen duguna: senda zedin, ikus zezan, e.a. flexioak, sendatu zuen, ikusi zuen adierazteko erabiltzen ditu. Agintera-forma bereizi bat ere erabiltzen du, albei edo albeit aurretik duela: albeileki, ezalbeileki, albeitindoa esaten du, jakin beza, ez beza jakin, bihoa adierazteko. Beste formok, berriz, deabruaz tenta ledinzat, gizonez estima ditezenzat, Argiaz testifica lezanzat, deabruak tentatua zedin, gizonen estima ditzaten, Argiak testifika zezan esateko erabiltzen ditu. Gainera, beti hika forma darabil, erreginarekin ezik.

        Hizkuntzaren aldetik, beraz, oso interesgarria gertatzen da Leizarraga. Baina, Protestantismoarekin batera, Leizarragaren lana ere Euskal Herritik baztertua izan zen. Ez zuen ondorenik eta eskolarik sortu. Honen tokia, herriko hizkeran oinarrituago zegoen beste eskola batek hartu zuen: Sara-koak.

 

Bilaketa