literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura alfabetatzeko»
Enrike Zabala

Pax, 1979

 

JOANNES ETXEBERRI SARAKOA (1668 - 1749)

 

        BIZITZA

        Saran jaio zen, beste idazle gehiagoren sorterri den herriskan. Pabe-ko jesuitetan egin zituen bere ikasketak, mediku-karrera eginez.

        Medikuntza Saran bertan hasi zen praktikatzen, eta gero Bera Bidasoan, Hondarrabian eta Azkoitian (hemen 1725etik hil arte, 1749an).

 

        IDAZLANA

        —Lau-Urdiri gomendiozco carta edo guthuna [8]. Baiona, 1718. Euskaraz erakusteko idatzirik dauzkan lanak argitara eman ahal izateko, Lapurdiko Biltzarreaki laguntza eskatzen dio.

        —Escuararen ethorquia. Euskararen alde ari da: hizkuntzaren garbitasuna, gramatika harrigarria, e.a.; 1712 inguruan idatzia eta 1907an Julio Urkixok argitaratua.

        —Escual Herri eta escualdun guztiei escuarazco hatsapenak latin ikhasteko. Latina ikasteko euskaraz eginiko gramatika.

        Hiztegi bat: Euskara-Frantses-Espainol-Latin. Ez dakigu galdua denentz. Ez dakigu non den.

 

        ERITZI KRITIKOA

        Etxeberriren lana, bere garaiko gehienena ez bezala, orijinala da, euskaraz pentsatua eta idatzia. Literatur lantzat haren bi liburu har ditzakegu: Escuararen ethorkia eta Gomendiozko carta. Lehena, euskararen apologia mamitsua da, eta bigarrena, arrazoiketa luze eta zuhurra.

        Axular hartzen du bere gidari. Baina ez da Axular bezain sakona. Ez du hiztegi aberatsegirik erabiltzen, eta ez du bere maisutzat hartzen duen Axularren indar eta lerdentasunik. Baina, halere, askotan bere maisua baino dotoreago gertatzen da. Erabiltzen dituen gaiak, zailak eta abstraktuak izanik ere, garbi adierazten ditu. Hitzetan garbizalegia ez bada ere, ba daki hitz zehatzak, aproposak eta egokiak aukeratzen, esan nahi duena adierazteko. Izpiritu fina, zorrotza eta argia agertzen du gaiak erabiltzeko moduan.

        Prosa atsegina eta dotorea, irakurterreza eta bortitza. Axular bezala, humanista zen, klasikoen kultura on baten jabe: latina eta latin-idazleak ondo ezagutzen ditu. Baita Lapurdiko euskal idazle guztiak ere, ongi ezagutzen zituen.

        Ez da jenio bat, Axular bezala; baina, dudarik gabe, bere mendekoen artean goienetako bat da. Sarako Etxeberrirekin, Axularren, Etxeberri Ziburukoaren, Gazteluzarren eta beste lapurditarren urrezko mendea bukatzen da. Zoritxarrez ez zuen influentziarik ukan bere garaian; haren lanek orain arte argirik ikusi ez dutelako (gogoan ukan, Lapurdiko Biltzarreak bere liburuen argitaratzeko laguntza ukatu egin ziola).

 

Bilaketa