literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura alfabetatzeko»
Enrike Zabala

Pax, 1979

 

XABIER MARIA MUNIBE (1723 - 1785)

 

        BIZITZA

        Azkoitian jaio zen. «Sociedad Bascongada de los Amigos del País»en sortzailea da. Espainian eta Frantzian hartu zuen eskolakuntza ona izan zen. Azkoitiko alkate izana. Eta Diputatu Forala, eta Gorteetako Diputatu ere bai. Bi kargu horiek asko aprobetxatu zituen Gipuzkoako eskubideak defendatzeko. Baina, batez ere, «Sociedad Bascongada» horren sortzaile bezala ditu merezimendurik handienak. Gizon jakituna letratan eta zientziatan, trebe eta ausarta. Arteak eta teknikak aurrerapen handia ukan zuten Euskal Herrian Peñaflorida konteari (hau da, Xabier Munibe) eta honen elkarteari esker.

 

        IDAZLANA

        —El borracho burlado. Opera cómica en castellano y bascuence. Bergaran argitaratu eta antzestu zen 1764ean. Irri-opera da, tituluak dioen bezala.

        —Gavon-sariac. Opereta bukolikoa, teatro antzera eginiko artzai-kutsuko poesia. Obra honen egileaz asko eztabaidatu da. Sor Luisa de la Misericordia-ren izenean dator. Gaur egun, Sor Luisa de la Misericordia hori Xabier Maria Munibe bera dela frogatutzat eman daiteke. Baina esku bat baino gehiago lan horretan ibili dela dirudi.

 

        ERITZI KRITIKOA

        El borracho burlado bi hizkuntzetan egina dago, Muniberen lehenengo asmoa euskaraz bakarrik egitea izan zelarik ere; baina euskalkien aldetik ikusten zituen zailtasunengatik, bietan idaztera behartua aurkitu zen: kantatzekoa euskaraz eta bestea gaztelaniaz.

        «Muniberen obra, alaia, jolaskorra eta oso bizia da, herriaren entretenigarri egina. Bere moldez ezeren antzik izatekotan frantzesen Erdi-Aroko farce haien kutsua du. Egia esan, Moliére eta Racine-k ere farce haietan dituzte beren aide oinharriak eta Munibek autore entzutetsu horik ezagutuko zituen noski, Frantzian estudiatu zuenez» [11].

        Maiz erabiltzen du bere olerkietan zortziko txikia. Darabilen bertsoari buruz, esan dezakegu, Gavon-sariac obran azaltzen dena baino traketsagoa dela.

        Gavon-sariac obrari buruz honela dio Luis Mitxelenak: «Son una inspirada paráfrasis en jugoso lenguaje de la égloga cuarta de Virgilio, de un bucolismo encantador» [12].

        Eguberri- kantaz osaturiko teatro antzeko lana da Gavon-sariac. Bertan aurkitzen ditugun koplak, segidillak eta haria, benetan ederrak dira. Ba dirudi, obra honen hitzaurrean agertzen denez, bat baino gehiago izan zirela lan hau moldatzen aritu zirenak. Bertsogintza-lanak hitzaurre horretan agertzen den Martin Beltz-ena dirudi gehienbat. Darabilen euskararen aldetik eta bertsogintza aldetik antz gutxi du El borracho burlado-rekin; bertsoak hobekiago biribilduak eta landuak ditu.

        «Teatro antzera egindako obra honek, ikasi batek egindako kanta herrikoiak ditu. Estilo jolaskorra, baina batez ere erudiziozkoa, jakintzaz hornitua, eta hau da hain zuzen ilustrazio garaiko agergarririk bereziena. Gizarte krisis handien inguruan idatzia da eta bere gogoko gizartegintza berria kantatuko zuen Jesus Salbatzailearen ohoretan» [13].

 

Bilaketa