literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura alfabetatzeko»
Enrike Zabala

Pax, 1979

 

MANUEL LARRAMENDI (1690 - 1766)

 

        BIZITZA

        Manuel Larramendi andoaindarra zen. Hamazazpi urtetan jesuitetan sartu zen. Bere ikasketak Valladolid-en eta Salamanca-ko unibertsitatean egin zituen.

        Jenioz bizia eta alaia. Burrukatzaile eta zirikatzaile etxekoekin, eta zer esanik ez kanpokoekin, erdaldunekin; batez ere, euskara mesprezatzen zutenekin. Dohain eta akats handiak zituen gizona; zuen guztia, ordea, euskararen alde jarri zuen.

        Euskaraz oso gutxi idatzi zuen; erdaraz egin zuen euskararen alde; haatik, erdaraz eginiko liburuez hemengo gizon eskolatuak euskaraz idaztera bultzatu zituen. Euskal idazleen eskola bat eratu zuela, esan dezakegu.

        Lehenik, Salamanca-ko Unibertsitatean teologi irakasle izan zen; 1730etik 1733ra, Mari Newburg Espainiako erregin izandakoaren aitorle, eta ondorengo urteetan, heriotzera arte, Loiolan bizi izan zen. Hemen egin zuen zenbait idazlan.

 

        IDAZLANA

        —De la antigüedad y universalidad del bascuence en España: de sus perfecciones y ventajas sobre otras muchas lenguas. Salamanca 1728.

        Euskara goratu nahi du liburu honetan, eta honen berezitasuna adierazi, beste hizkuntza erromanikoak mesprezatuz; euskara da hizkuntza bikaina, razionala eta filosofikoa.

        —El imposible vencido. Salamanca 1729.

        Gramatika da. Ona eta osatua. Zenbait euskaldunentzat argibidea. Deklinabidea, aditz-jokabidea, joskera, azentua eta olertiak dira, ukitzen dituen gaiak.

        —Diccionario trilingüe del castellano, bascuence y latin. Donostia 1745.

        Lan aipagarria. Halere, akademia espainolaren hiztegiari euskal hitz-ordaina emateari ekin zion liburu honetan. Metodo honi jarraiki, akats handi batetan erortzen da: egundoko hitz berri saila sortzen du.

        —Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria. Question decidida si las Provincias de Bizcaya, Guipuzcoa y Alava estuvieron comprehendidas en la antigua Cantabria. Madrid 1736.

        Euskaldunak kantabroak direlako tesia defenditu nahi du.

        —Corografia o descripción general de la M.N. y M.L. provincia de Guipúzcoa. Barcelona 1882.

        Egilea hil ondoren, Aita Fitak argitaratua. Lan guztietarik ederrena eta goragarriena. Hemezortzigarren mendeko Gipuzkoaren deskripzioa.

        Bere idazlan guztia, esateko, gaztelaniaz argitaratu zuen. Halere, ba du, han eta hemen, euskara jatorrean idatziriko zerbait:

        —Sebastian Antonio Gandarari karta, in Boletin Amigos del Pais, 1966, 2., 161. orrian aurkitzen da.

        —Sebastian Mendibururi karta. Enciclopedia General ilustrada del Pais Vasco, Literatura I, Auñamendi 1968, 236-237 or.

        —Agustin sainduaren ohoretan hitzaldi bat, in Euskalerria aldizkarian dator, t. XIII, 1885, 161, 192, 225 orrietan.

        —Olerki batzu, Corografia de Guipuzcoa liburuan azaltzen direnak.

        —Asteteren dotrina bat (berarena den ala ez, ez da oso segurua).

 

        ERITZI KRITIKOA

        Esan dezakegu, Bidasoaz hemendiko euskal literatura nolabait sortu eta bultzatu duena, Larramendi izan dela. Euskal zaletasuna Hego Euskal Herrian biztu duen sua bera izan da.

        Iparraldekoek, berezko hizkuntza-maitasunarengatik edo erlijio-egiak herri-hizkeran erakusteko asmoz ekin zioten euskaraz idazteari. Larramendiren mugimendua, ez zen horretan bakarrik oinarritzen. Batez ere, polemika eta autodefentsa-giroan sortu zen: hegoaldeko erdaldun jakintsuak gure hizkuntza iraintzen ari zirelako iratzartu zen Larramendi, eta horien aurka ari zela sortu zuen hemengo biztualdia.

        Larramendiren asmoa, erdal jakintsu horien aurrean euskara beste edozein hizkuntza bezain landua eta goi-mailakoa zela azaltzea izan zen. Gizon jakintsua eta zorrotza zen, eta ezin ahaztuzkoa dugu haren lanetan eta esaldietan agertzen den bizkortasuna eta argitasuna. Horrela, euskara bere mailan utziz, erdaldunei ez-ezik, euskaldunei ere astindu ederra eman zien, beren lo-zorrotik iratzar eraziz. Alde horretatik begiraturik, eta oro har, lan baliosoa egin zuen. Goragarria da, euskal giro berria sortu zuelako eta hainbat euskaldun jakintsu euskara defendatzera edo euskaraz idaztera bultzatu zuelako. Hemezortzigarren eta hemeretzigarren mendeetan azaltzen diren idazleak Larramendirengan sustraitzen dira, haren kutsua daramate.

        Baina, begien aurrean erdaldunak zituela, egin zuen bere lana; hortik gehiegikeria eta akats asko sortu zaio lan horri. Penagarria da eztabaida-giro horretan indartu zuen apologismo-giroa. Giro horrek, euskaraz idatzi beharrean erdaraz idaztera eraman zuen bera.

        Bere hiztegi ezagunean ere ba du akatsik asko. Euskara kanpokoen aurrean goi-mailan uzteko asmoz, hiztegi kulto eta neologista egin zuen. Gaztelani akademiako hiztegia hitzez hitz itzuli nahi izan zuen. Eta gaztelaniaz zeuden hitz askori euskarazko hitz jatorrik aurkitzen ez zionez gero, gelditzen ziren hutsunetan berak asmaturiko hitzak sartu zituen; baina, berak asmaturikoak zein eta herritik jasotakoak zein batere seinalatu gabe. Hau da haren hiztegian akatsik handiena. Hala ere, Larramendik sorturiko mugimenduari jarraitu zitzaizkion idazleek zuhurkiago jokatu zuten. Haren hiztegiko hitz berriak (berak asmaturikoak), bat edo bestea kenduz gero, ez dituzte erabiltzen. Larramendik berak hitz horiei kaso handirik ez egiteko esaten du, eta bere euskarazko idatzietan ez ditu erabiltzen.

        Dena den, nahiz eta berak ezer gutxi idatzi euskaraz, beste batzu idaztera eraman zituen. Gure ustez, gaztelaniaz egin, zituen lan horien ordez, euskaraz idaztera gehiago lehiatu izan balitz, euskarari mesede handiagoa egingo ziokeen; euskaraz oso ongi bait zekien eta idaztankera ere indar handikoa zuen. Hala eta guztiz, bere fruitua eman zuen, euskararentzat giro hobea sortuz eta euskal idazleak ugalduz.

        Axularrek bere mendean ekarri zigun euskal kutsua, Larramendik borrokarako gai bihurtzen du berean. Baina Axularrek euskaraz egin zuen, eta liburu oso ona utzi. Larramendik gaztelaniaz egin zuen, baina euskara goi-mailan jarri zuen, eta merezi duen ohorea eman zion mintzairari. Idazle bi hauek bi mugimendu literario sortu zituzten: Axularrek herritarra; Larramendik garbizalea.

 

Bilaketa