literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura alfabetatzeko»
Enrike Zabala

Pax, 1979

 

FELIPE ARRESE BEITIA (1841 - 1906)

 

        BIZITZA

        Otxandion jaioa. Hamahiru urte zituela, Gasteizera joan zen, eta bertan marrazkigintza ikasi zuen. Etxeratzean eskulturgintzari ekin zion. Hori izango zuen bere irabazpidea. Bai zurean eta bai harrian lan egiten zuen. Felipe, «santugile» izenaz ezagutzen zuten.

        Bizitzako gorabeherak asko eragin zioten olerkiak idaztera: gerla karlista, foruak galtzea, e.a. Poesiarako erraztasun handia zuen. Otxandion hil zen.

 

        IDAZLANA

        Argitalpen asko izan dute Feliperen poesiek.

        Aita Onaindiak argitara zituen Arrese Beitiaren olerkirik gehienak, 1956an, Olerkiak deritzaion liburuan. Bederatzi sailetan banatzen ditu Arreseren poesiak: 1) Kanta herrikoiak; 2) Lirika-kantak; 3) Hamalaukoak; 4) Gora kantak; 5) Eliz kantak; 6) Alegiak; 7) Ipuinak; 8) Irakurgaiak; 9) Erdaratik euskaratuak.

        Ikusten dugunez, olerkari ugaria dugu. Poesia asko egin zituen.

 

        ARGITALPENA

        —Felipe Arrese ta Beitia, Olerkiak. Euskal idazleak, Euskaltzaindiaren ardurapean. Bilbao 1957.

 

        ERITZI KRITIKOA

        Arrese Beitia, herriaren sendimenduetan oinarritzen da. Gernika, foruak, euskara, e.a. kantatzen ditu. Horiek izan ziren hark ukitu zituen gai nagusiak. Gai erlijiosoek ere leku bat izan zuten haren idazlanetan.

        Haren literatur nortasuna honela konkretatzen du Mitxelenak, dioelarik:

        «Biotzondoa badu, izkuntza aberatsa ere bai: egiazko lirikoa osatzen duen zera, ordea, euskaraz geroztik agertu den zer berezi hori falta zaio. Egia esan, poesiarako baino retorikarako ixuri gehiago zuen. Ez da ikusi besterik zein olerkari euskaratu zituen: Herrera, Valbuena, Caro, Quintana, Zorrilla... Esandakoak ez du beeratzen, ez gutxiesten gure autorea. Retorika jatorra du, goitarra, biotz bero batek indartua. Eta euskara eder, sendo eta ugarian mintzatzen da beti» [26].

 

Bilaketa