literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura alfabetatzeko»
Enrike Zabala

Pax, 1979

 

TXOMIN AGIRRE (1864-1920)

 

        BIZITZA

        Ondarrun jaioa. Apaiza. Filosofi eta teologi ikasketak Gasteizko seminarioan egin zituen. Apaiztu orduko, Zumaiako serora batzuren kapeilau izendatu zuten, eta hor eraman zuen bizitza guztia. Azkueren laguna zen; biak, ordea, izakera desberdinetakoak. Azkueren aldizkarietan artikulu eta lan asko idatzi zituen. Euskaltzain izan zen Euskaltzaindiaren haseratik.

 

        IDAZLANA

        Txomin Agirre, batez ere, nobelagile dugu. Ba ditu beste lan batzu ere: poesiak, hitzaldiak, artikuluak... baina nobelak bakarrik aipatuko ditugu.

        —Auñamendiko lorea. Bilbao 1898. Nobela edo elaberri historikoa da. Zazpigarren mendeko ipar Euskal Herriari eta kristautasunari buruz. Riktrudis gaztea du pertsonaia garrantzizkoena San Amandok konbertitua; Osinbeltz euskaldun jentilarekin ezkondu beharrean, Adabaldo frantses kristauarekin ezkontzen da; gerra sortzen da euskaldunen eta frankoen artean, eta Riktrudis-ek Euskal Herritik aldegin beharra du. Osinbeltzek Adabaldo hiltzen du, baina Riktrudis-ek barkatzen dio eta kristau egiten du. Bizkaieraz.

        —Kresala. Durango 1906. (Kresala hitzak itsas ura esan nahi du). Bizkaieraz. Bere jaioterriko, Ondarruko, bizitza eta ohiturak azaltzen ditu. Nobelan Ondarruri «Arranondo» izena ematen dio.

        —Garoa. Durango 1912.

        Kresala-k herri arrantzale-giroa eta ohiturak ematen dizkigun bezala, Garoa-k baserri-giroan ipintzen gaitu, artzain-baserritarrenean.

        Nobela honen jokalekua Oinatiko Uribarri hauzoa da. «Zabaleta» baserria. Pertsonaiak: Joanes, etxeko jaun zaharra; Ana Joxepa, andrea; Malentxo; Patxiko sendatzailea; Peru Odolki...

 

        ERITZI KRITIKOA

        Auñamendiko lorea, nobela historikoa da. Behar bada, Navarro Villoslada-ren Amaya-k izan zuen arrakastarengatik jo zuen horrelako nobela idaztera. Mota horretako beste nobela bat ere idazten hasia zen, baina amaitu baino lehen hil zen: Ni eta Ni.

        Baina euskal nobelagintzan inportantziarik handiena dutenak, beste biak ditugu: Kresala eta Garoa. Biak «ohitur nobelak» dei genitzake. Biak dira Agirreren lan-maisuak.

        Agirre euskal nobelagile onenetakoa da. Orixek honela dio: «Agirre dugu oraindaño literato edo antze-idazlerik garaiena. Aren egunetan baino euskera ugariagoan, edatuagoan ari gara egun, euskal biziera ez ezik, edonolako arte ta jakin gaietan ari baitugu gure izkuntza maitea. Alare, ua adinekorik ez bide zaigu sortu».

        Mitxelenak, berriz, honela dio: «se sigue considerando a Domingo Aguirre como el mejor de los novelistas en lengua vasca».

        Euskara garbia, herrikoia eta bizia du. Epitetoa eta aditza oso aberatsak. Jakina, bere garai eta girokoa zen; baina haren euskara beti-betikoa: maisu-lana, klasiko bat dugu.

        Halere, gaur egun kritika literarioak hutsune batzu aurkitzen dizkio. Honela dio Karlos Otegik Garoa-ri buruz: «Kritika literarioarentzat, obra hau da gure literaturako gailenetakoa; nobela bikaintzat ematen du. Azken aldi hontan, alabaina, akatsik asko ari zaio egozten. Horietarik zenbait, idazlana gain-gainetik irakurri hutsez atera daiteke: giro eztiegia, pertsonaiak artifizialegiak, kontaketaren mataza ahula, erromantizismo gehiegi» [31].

        Garoa ala Kresala, zein ote hobe? Honetan eztabaida dago. Batzurentzat Garoa da hobea, besterentzat Kresala. Hona eritziak:

        Orixe: «Garoa-n idaztankera belaxka-antxa gertatzen zait, emexkoa edo zain gutixko duena; Kresala-n zaintsuago: euskalkiari egotzi ditioke ori. Garoa bizkaieraz egin balu, aurki etzen ain usu irakurriko, ez agortuko; baino bizkaieraz balego, balinba, irakurle jakintsu denak eskerrago lioke» [32].

        Joan San Martin: «...ez dago dudarik Kresala obea dana. Kresala dogu euskeraz egin danik nobelarik onenetakoa. Gaia, tartea, pasarteak, bizitasuna, gatza, errealidadea... Indarra dauka, bai nobela bezela, ta bai izkuntzaren aldetik. Kresalan azaltzen dan guztia da egilleak bizitakua... Garoa berriz, motela da; bertako pertsonajietan ez dago Kresalan bezalako egiazkorik. Ezaguna da egilleak berak bizi ez ebala... Agiri-agirian dago Txomin Agirrek Kresala bere bizitzaren barruan eroiala, ta Garoa azalez. Kresalagaz ez deutsa bere denborako nobelagilleeri zorrik. Arro erakutsi geinkean nobela» [33].

        Villasante: «Garoa es por muchos conceptos la obra cumbre de Domingo Agirre. En ella ha alcanzado la perfección de su estilo. Garoa se ha conquistado el puesto de obra cumbre de la literatura vasca contemporánea y como a tal se le da un valor normativo» [34].

        Mitxelenak ere Garoa gehiagotzat hartzen du [35].

Kresala-k bizitasun, gatz, errealitate gehiago luke. Halere Garoa-k helduagoa eta osoagoa dirudi, gaiez eta euskal arnasaz jantziagoa. Deskripzio beteagoak eta landuagoak ditu, eta horrek berak ematen dio tankera geldiagoa, astunagoa. Gaur erabiltzen den idaztankera baino patxaratsuagoa.

        Biak etnografi eta folklore-aldetik oso aberatsak.

 

Bilaketa