literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura alfabetatzeko»
Enrike Zabala

Pax, 1979

 

SALBATORE MITXELENA (1919-1965)

 

        BIZITZA

        Frantziskotarra. Apaiz egin ondoren, Donostian bizi izan zen, 1945etik 1954era. Euskaraz eta erdaraz predikari ezaguna. 1954ean Hego Amerikara joan zen Euskal Herriko egoeraz aspertuta, eta han ariko da predikatzen, Bolivia, Ecuador, Panama, El Salvador, Costa Rica, Colombia eta Cuban. 1963an Suitzara doa, emigranteen kaperau bezala. Han hil zen gazterik, 1965ean.

 

        IDAZLANA

        Salbatore Mitxelena poeta bezala dugu ezagunena, baina beste literatur motetan ere ba du bere garrantzia.

        a) Poesia

        —Arantzazu, Euskal Sinismenaren Poema. Arantzazu 1949. Bere poesi lanik inportanteena hauxe du. Kantatzeko egina: 15 herri-doinu dakartza.

        —Bizi nai in Euzko Gogoa 1955, 66-75 or. Arantzazu poemaren hirugarren zatia.

        —Ogei Kanta Arantzazuko (1952)

        —Arraun eta Amets. Kuliska sorta 7-8 zenb. Zarautz 1955.

        —Aberriak min dit. Gaztezaroko poesiak, tarteka prosa-lan batzu ematen dituelarik.

        b) Prosa

        —Unamuno ta Abendats. Bilbotar filosofuaren eta Euskal-Animaren jokerei antzemate batzuk. Baiona 1958. Euskal saiolaritzan lan inportantea.

        —Ama Semeak Arantzazuko Kondairan. Arantzazu 1951.

        d) Antzerkia

        —Erri bat Guruzbidean eta Confixus, Dramak.

 

        ERITZI KRITIKOA

        «Garaiko poetarik inportanteena eta egoerari lotuena» [56]. Garaiko egoerarekin hain lotua dagoelako gertatzen da inportanteena. Herri baten egoerari begira egin zuen bere lana: Euskal Herriaren egoera latzari begira. Gerrondoko Euskal Herriaren egoera mingarri hark ematen dizkio honen poesiari sentimentua eta indarra. Gerrondoko euskal minaren adierazlerik nabarmenena eta fidagarriena gertatzen da. Hain biziki sentitu zuen krisi honek girotuko bait du autorearen lana. Euskal Herria mindua ikusten du, eroria, eta egoera horretan hil nahi eza sartu nahi dio. Salbatore Mitxelena errealismo latz batek bihotz-mintzen du.

        Egoera galgarri honen ihesleku Arantzazu izango da. Arantzazu bihurtzen da Euskal Herriko historiaren gorabehera horien estalpe, Euskal Herri mindu eta nekatuaren atseden eta babes.

        Gaiaz, epikoak dira Mitxelenaren poemak: Euskal Herriaren bizia dute kantagai. Baina Mitxelenak lirika-pixu handiaz idazten du. Arantzazu poemari buruz honela dio Luis Mitxelenak: «Mucho más lirico que épico», dela [57].

        Bizi nai poemari buruz, honela dio Joan San Martin-ek: «Bizi nai poema dugu gure artean egin den epikarik gailenetako bat... Berarekin poeta epikorik hoberenetakotzat geldituko da geroan» [58].

        Salbatore Mitxelenaren poesia herrikoia da teknikaz eta formaz. Bertsolaria zen bera, eta bertsolaritzaren moldetan eratzen ditu bere poemak.

 

        Prosa

        «Itz-lauz be badaki euskera sakon, txairo ta bizi-bizia erabiltzen: urteotaz izan dogun prosistarik onena berau dogula be badiñoe batzuk... Idaztankera ere bere-berea dau beti...» [59].

        Saiolari bezala ere ona zen: «Unamuno ta Abendats bere saiakera famatuak puntu goren bat iritxi du euskal saiolaritzan» [60].

        Euskara herrikoia du, euskera bizitik hurbil dagoena, zorrotz eta sarkorra.

 

Bilaketa