literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura alfabetatzeko»
Enrike Zabala

Pax, 1979

 

JOXE MARIA AGIRRE, (XABIER LIZARDI) (1896-1933)

 

        BIZITZA

        Zarautzen jaio eta gaztetan Tolosara etorri zen. Lege-ikasketak Madrilen egin zituen. Tolosan lantegi batetako gerente izan zen. Oso gazterik hil zen, Loramendi eta Lauaxeta bezala, baina, urte gutxi horietan euskal literaturan goi-mailetara igo zen.

 

        IDAZLANA

        Batez ere, poeta bezala ezagutzen dugu. Baina ba ditu itz-lauz edo prosan eginiko lanak ere, eta oso onak.

        —Biotz-Begietan. Bilbao 1932. Olerki-liburua. Orixeren hitzaurrearekin.

        —Umezurtz Olerkiak. Donostia 1934. Lizardi hil ondoren «Euskalzaleak» bazkunak argitaratua. Azken orduko olerkiak dira.

        —Itz-lauz. Donostia 1934. Hau ere Lizardi hil ondoren «Euskalzaleak» bazkunak publikatua.

        —Ezkondu ezin ziteken mutilla, in Egan VI, 1953, 29-55 or.

        Eta beste batzu aldizkarietan sakabanatuak.

 

        ERITZI KRITIKOA

        Lizardi poesian eta prosan euskal idazleetan hoberenetakoa dugu, hoberena ez bada, poesian bederen. Sail lirikoan gorengoena.

 

        Hizkera

        Gerra aurreko poeta abertzale gehienetan bezala, Lizardik oraino taxutu gabe dagoen euskara bateraturako joera du. Lizardik, Orixek bezala, bere euskalkia hartu zuen oinarritzat (gipuzkera osatua), eta gero, gipuzkera horri ahalik eta gehien beste euskalkietako hitz, molde eta esaerak erasten dizkio.

        Gainera, euskal literatura klasikozale da; Axular eta Etxepare ezagutzen ditu. Literatura zaharretik jasotako hizkuntzaren beharra sentitzen du, eta bere garaiko hizkuntz politikaren planteamoldeetan ere bizi da (lehen/orain, euskaldun tradizio/abertzaletasun koordenadetan bizi da).

 

        Hizkuntza poetikoaren bilatzaile eta sortzaile

        «Euskal poesia modernoan, eta besteak beste, lehenik hizkuntza poetiko berezi bat sakonki itxuratu zuena Xabier Lizardi izan zen» [43].

        Poesia, gauzak izendatzeko era bat da, gauzen izenak berriz asmatzeko era ausart eta mamiz beterikoa. Eguneroko gauzei beste sakontasun eta ikuspegi bat ematen dien hitzen sortzailea. Eta Lizardik hizkuntza poetikoaren lantze hori ordurarte euskal poesian ezagutzen ez zen mailara jaso zuen.

        Lizardiren lanik handiena bilaketa izan da. Hitz zehatzen bilaketa, forma egokiak lortu nahia. Poesiaren forma horren kezka lerro bakoitzean, neurrian, ritmoan, asmatzen zituen hitz berrietan, imajina paregabeetan, metaforetan nabari da. Hizkuntza sintetizatu, landu, zehaztu eta berritxuratu baten bidez adierazten delako. Baina, zailtasun hori aberastasun eta edertasun gertatzen da Lizardiren luman.

        Euskara, poesi hizkuntza bezala, pobre ikusten du, eta hizkuntza berria nahi du: gaurko munduaren adierazle izan litekeen euskara:

 

                Baña nik, izkuntza larrekoa,

                nai aunat ere noranaikoa:

                yakite-egoek igoa;

                soña zaar, berri gogoa;

                azal orizta, muin betirakoa.

                Ortzi oro eta egute oro

                yaso, ikus-ala, ta abes gozoro...

                Apaindu zernaitarako:

                adi gai adierazteko

                gizaki guzien alderdi ta asmo.

 

(Eusko bidaztiarena poesiatik, Biotz-Begietan, 136-140 or.).

 

        Zer poesi mota? Lizardi, naturalezaren, paisajearen, poeta da. Euskal paisajea, lurra eta margoak izugarri maite zituen. Naturaren aurrean txunditurik aurkitzen dugu:

 

                Oi, lur, oi, lur!

                Oi, ene lur nerea!...

                Oi, goiz eme,

                parre gozoz ernea!...

 

        Baina zati honetan ikusten dugunez, Lizardik paisajearen edertasunak barneratu eta bere sentipen-labean goritu egiten zituen. Horrela aurrean ikusten duen lur hori «ene lur nerea» deitzen du, pertsonalizatuz.

        Gainera, Lizardiren lur eta paisajeek ikuspegi sozial-gizartetsua dute. Lizardiren edertasuna ez da edertasun soila, ez da abstrakzioa, ez da gizonaren bizitzan errorik ez duen zerbait. Herri batetako gizonen lanarekin eta lan honen fruitu diren emaitza miresgarriekin zerikusi handia du:

 

                Arto musker,

                mendi, baserri zaarrak;

                ale gorriz

                abaildutako sagarrak.

 

                Nekazari,

                gizandi bat iduri

                soroan zut:

                beyondeizula zuri!...

 

        Lizardiren poesiaren gai nagusiak, bizitza eta heriotzea dira. Heriotzea Lizardiren poesian askotan agertzen da: Xabiertxoren heriotzea, egunaren hiltzea eta ilunpetan desegitea, e.a. Lizardik behin eta berriz bere poemagintzaren atze-oihal eta ezkutuko doinu bezala jartzen du heriotzea, hitz-erdika. besterik ez bada ere. Bere poemagintzaren mailarik gorengoenak, bizitzarekiko maitasuna eta heriotzearen hurbiltasuna kontrastatuz lortu zituen Lizardik. Alde batetik bizi nahia, izaera guztiaz bizi nahia; bestetik, heriotzearen itzala sentitzen du. Hori dena kristau fedearen argitan hartzen duelarik:

 

                Oi, zen dan ituna

                beera bear au!

                Nik ez nai eguna

                biurtzerik gau!

 

                Yainko-muño-gañetara baño leen,

                (ederra baita bizia!)

                urrezko itsaso bebilt urduria,

                Itzal dudala laguntzalle lerden.

 

        Lizardiren prosa

        Lizardi, poeta bezala ezagunagoa bada ere, prosista bezala ere bikaina da. Hona zer aitortzen diguten L. Mitxelenak eta L. Villatantek:

        «Su prosa es también original, casi tan original como sus versos. Agil, descriptor tan certero como rápido del mundo exterior y del mundo interior, de humor intencionado y amable, está siempre lleno de sorpresas, tanto de fondo como de forma. Sólo la brevedad de su obra... le impide alcanzar el puesto eminente que consiguió en la poesía» [44].

        «Si Lizardi ha alcanzado merecida fama de poeta, como prosista no está a menos altura. En ambos géneros aparece como verdadero artista de la palabra, que domina la lengua y sabe crear expresiones felices, densas de contenido, airosas y originales» [45].

 

Bilaketa