literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura alfabetatzeko»
Enrike Zabala

Pax, 1979

 

JOXE LUIS ALVAREZ ENPARANTZA «TXILLARDEGI», «LARRESORO» (1929)

 

        BIZITZA

        Donostiarra. Injineru industriala. Politika dela eta, urte-sail bat Hego Euskal Herritik kanpora pasatakoa.

 

        IDAZLANA

        Gai askotara zabaldu da: nobela, saiakera, gramatika.

        Nobelak

        —Leturiaren egunkari ezkutua. 1957.

        —Peru Leartzako. 1959.

        —Elsa Scheelen. 1968. Bigarren argitalpena, Elkar argitaldariak. Donostia 1978.

        —Haizeaz bestaldetik 1979.

        Saiakerak

        —Huntaz eta Hartaz. 1965.

        —Hizkuntza eta pentsakera. 1972.

        Besteak

        —Sustrai bila. 1970.

        —Euskara batua zertan den. 1974.

        —Oinarri bila. 1977.

 

        ERITZI KRITIKOA

        Gaurko egunean idazlerik helduenetakoa, literatur posibilitate handiak dituena, idazleen artean oso estimatua. Txillardegi gai askotara zabaldu da, baina guk nobelari bakarrik begiratuko diogu.

        Berrikuntza bat ekarri zigun euskal nobelagintzara, bai ezpresio-aldetik, bai gai-aldetik. Berrikuntza hori Leturiaren egunkari ezkutua-rekin hasi zuen.

        Nobela honetan darabilen hizkerari buruz, hona zer dioen K. Mitxelenak: «Ez dut esango, ez bailitzake egia ene ustez, Txillardegik bere mintzaera zeharo eskuratu duenik liburu honetan: halako gordin antxa aurkitzen zaio, osoro heldu ez den fruituarena. Ezin zitekeen bestela izan: ez ditu hitzak menderatu, hitzekin borroka bizian ari da» [67]. Bestalde, garai hartan euskal nobelan erabiltzen zen euskara garbiegi hura utzi egiten du, eta bere esanahia hobekien adierazteko bidea damaioten erdaratiko hitzak lasai erabiltzen hasten da. Peru Leartzako nobelan ere, hizkera berdintsua du.

        Leturiaren egunkari ezkutua-k aro berri bat hasi zuen euskal nobelan. Ordurartekoak giro edo ohitur nobelak ziren; orain pertsonai nobela hasten da. Pertsonaia gertatzen da inportanteena nobelan. Ez du giro bat erakusten nobelak, pertsonalaren problematika baizik.

        Lehengo nobelak, giro-nobelak, hirugarren pertsonan azaltzen dira: «Ura zan gizona ura» (Garoa-ko Joanes). Hemen lehen pertsonan: «Bakarrik nago Zerubiden» (Leturiaren egunkari ezkutua). Eta lehen pertsonan eginiko kontaketak zineztasuna ematen dio idazlanari, eta egokia da barne-eboluzioa adierazteko. Pertsonaia, bere kondaira pertsonalaren kontalari bilakatzen da.

        Gainera, hemen agertzen den pertsonaia, ez da erabat finkaturiko pertsona seguru eta establea, idealizatua, Garoa-ko Joanes bezalakoa, baizik gataskazko pertsona da; krisian bizi da, zorion bila, etsimenduz etsimendu dabilena. Segurtasunik gabeko pertsona da.

        Txillardegik problematika existentzialean sartzen ditu bere pertsonaiak. Leturia eta Peru zorionaz, heriotzeaz, Jainko-problemaz, oinazeaz, bakardadeaz, e.a. kezkatuak. agertzen dira. Sartre-ren eta Unamuno-ren influentzia nabari zaio Txillardegiri. Etsimenduz beterik aurkitzen ditugu haren pertsonaiak. Etengabe hautatzen ibili beharrak estutzen du Leturia, eta igarokortasunaren oinazeak beldur erazten du Peru. Eta bere gataska, krisia, erabakitzeko, bakarrik aurkitzen dira pertsonaiok. Leturia leku bakartietan dabil: parke, belardi, lorategietan, eta oso gutitan jendartean. Peru-k bere lantegiko lana uztea erabakitzen du, libreago izateko. Lehen zortzi orduko lanean aspertzen bazen, orain hogei ta lau orduko askatasunean gero eta gogaituago gertatzen da. Azkenean manikomioan bukatzen du. Bakardadea da pentsamendu existentzialaren gairik nagusienetakoa. Peru-k manikomioan bukatuko du. Frantziako existentzialistek beste irtenbide bat emango diote: suizidioa. Txillardegiri ausartegia iruditu bide zitzaion garai hartan Peru-ren kasuari irtenbide hori ematea.

        Bi lehen nobelak hildo beretik eginak daude; baina bigarren nobelarekin ez du jakin Txillardegik lehenengoari aurrerapenik ematen. Peru Leartzako-k ez du berritasunik ekartzen, eta ez da igotzen ere kalitatez; alderantziz, kalitate tikiagokoa da.

        Hirugarren nobelan, berriz, Elsa Scheelen nobelan halegia, aurrekoetan hautatu zuen bidea utzi, eta bide klasikoari lotzen zaio. Formari begiratzen badiogu, nobela tradizionala da. Narratzailea hirugarren pertsonan ari da, eta orojakitun da: dena daki, pertsonaien baitara sartzen da, ba daki zer pentsatzen eta egiten duten, autoreak hitzegiten du pertsonaiaren ordez. Horrela, irakurlea kanpotik pasiboki begira dagoen bat besterik ez da, dena esana ematen zaio.

        Baina, beharbada hutsik handiena estruktur mailan datza. Nobela honetan, bi nobelan aurrean gaudela ematen du: lehenengoan, Elsa Scheelen litzateke protagonista, eta bigarrenean, Pierre Meunier apaiza.

        Alde batetik, hartu duen bidea ikusiz, nobela lortuena izango da agian. Hizkuntzaren aldetik aurrerapen handia egin du. Indartsua eta errekurtsoz betea du, bizitza modernoa adierazteko aise dabil, naturaltasunez mugitzen da. Lehenengo bi nobeletan baino askatuagoa, ez hain koloka eta ez hain bortxatua.

        Baina, bestalde, lehen nobelan etorkizunari buruz ireki zituen posibilitateak aprobetxatzen ez du jakin beste honetan; bide tradizionaletara jo du berriro.

        Haizeaz bestaldetik nobelan, aurrekoetan bezala, problematika existentzialean sartzen da: gizona mugatua da, bakar bakarrik bizi da, ez du irtenbiderik. Mugatasun hortatik atera nahi du, baina ezinezkoa da, hor etsi beharra dauka. Gai-aldetik bezala, teknika-aldetik ere, Leturiaren egunkari ezkutua-n harturiko bideetan dabil. Gehiago erabiltzen ditu nobelagintza berriko moduak, baina Txillardegiren betiko tankeran. Dena sinbolismo bereizi baten bidez desarroilatzen du: itsasoa, lakua, basa-mortua, e.a. Apokalipsi batetako hizkera, irudikera, gauzak, ekintzak, e.a.

        Dena den, Txillardegiren bitartez euskal nobelak aurrerapenik egin zuen bide berriak dastatzen, eta aurreko euskal nobelaren denborako garaiari buruzko desegokitasun eta atzera begira ibiltzeari erantzun bat eman zion: mamiari, ideologiari inportantzia gehiago ematen dio. Bere bide bereizia ebaki du euskal nobelagintzan.

 

Bilaketa