literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren historia»
Ibon Sarasola

Lur, 1971

 

        Nobelari dagokionez, Agirreren «Kresala» kostako herriska arrantzale batetan gertatzen da, «Garoa» baserri batetan, Joanes artzaina eta haren familia dira pertsonaiak. Echeitaren eta Anabitarteren nobelek ere herri giro berbera dute. Are gehiago, giro hau utzirik, autorea «beste Euskal Herrian» sartzen denean, egiten dituen deskribizioen parzialkeria izugarriak ohizko girotik zeharo kanpo dagoela, arrotz eta etsai zaion zerbaitez ari dela adierazten du, Barrensororen «Uztaro» nobelan ezin hobeki ikusten den bezala. Nekazarizaletasun hau teatroan areagotu egiten da, baina poesian agertzen da nabarienik. Asko da hau egiztatzeko garaiko poemen izenburuez kontu egitea, hala nola Lauaxetaren «Mendigoizaliarena», «Artzain baten eriotzean», Lizardiren «Urtegiroak ene begietan», «Zuhaitz etzana», «Etxeko sagastia», «Xabiertxo'ren eriotza», Loramendiren «Onatx erletxoak», «Landaretxo ameslaria!», Jautarkolen «Baserrira itzulpena», Erkiaga'tar Eusebiren «Mendi Goi-Goyan», Arrese'tar Emeterioren «Artzayaren abestia», «Txantxangorria»...

        Euskal literaturako Euskal Herri xipi eta mugatu honetan, eta euskal literaturan bertan, klerikalismoa azaltzen da nagusi. Iragan diren denboratara ezin daitekeela itzul argi ikusten du eta domeinatzen duen alorra ahal duen indar guztiaz begiratuko du, honetarako bere egintza literaturara zabalduz. Klerikalismoak kutsatu duen ideologia poesiara, nobelara eta teatrora hedatuko da. Harentzat euskera idea gaiztoen aurka altzatzen den hesi egokia eta Jainkoaren lege sainduaren eta ohitura zahar beneragarriak zaintzen dituen gaztelu finkoa da; euskal baserri zuriak, mendi eta zelai ederrak, euskera hura gordetzen duten gizon zintzoen bizilekua.

        Ikusmolde honek hezurmamituko du, adibidez, Agirreren nobelagintza. «Garoa» nobela famatuako Joanes, pertsonaiarik nagusiena, ez da jakituria haundikoa, baina bai asko ikusia, «ta asko ikasi duan gizonak beti daki zerbait, eta sarri jakintsu-usteko askok baño geiago ere» [12] (5-gn. o.). Bestalde, «Ba'zekian, gañera, ta au zeukan gauzarik onentzat, guraso zarrak erakutsi zioten Eleizaren legea ta Jesu-Kristo'k lurrean erabilli zuan bizitza samurra; ta lege ta bizitza ori bakarrean gogoratuaz, ikasi zuan, dana Jaungoikoari zor zion gizonak gauza guztietan txit apala izan bear zukeana eta, bere nekietan patxada aundikoa ta lagun urkoaren naigabietan egiazko onginaiez betea» (5-6-gn. o.). Bigarren kapituluan egiten den baserriaren eta baserrian bizi direnen deskribizioa, jadanik klasiko bihurtu da. Baina XI-gn. kapituluan nabarbentzen dira ezin hobeki euskal literatura kutsatzen duen ideologiaren linea nagusiak: lehenik, Euskal Herriaren konzeptoaren mugaketa, «Bilbo'tik itxasoruntz goazela ezker-aldetik dauden erriak eztirudite Bizkaikoak. Toki aietan Bizkai-barrutik agiri dan zeru garbirik ezta ikusten; Gernika, Durango ta Markiña'ko ibarretan daukagun pake eta txukuntasunik ez da arkitzen; etxeko izkuntz maitearen durundi gozorik ez da iñon sumatzen.» (175-gn. o.), eta, «Nerbion inguruari Euskalerriko alderdia baño Londres'ko auzotegia obeto deritzot.» (176-gn. o.). Bigarrenik, industria eta progresoarekiko agertzen duen aiherkunde gaiztoa, «eta batez ere burni oien sorrerako labe goriak, berebiziko lantegirik andienak, sua ta garra, autsa ta ke lodia borborrean zerua illuntzeraño jaurtigiez; antxe dakusazkigu jantzi loi, izerdi usai ta begirune gaiztoko langille zikin zetakaz beteak» (176-gn. o.), eta, «Mendi aietan eztago zuaitzik, eztago lorerik, eztago belarrik ere. Mendi gorri aiek burniz urratuak daude, izerdiz aña odolez intzatuak dirudite. Gizon gorriak, ostera, izen gaiztoaren jabe dira. Asko, geienak bear bada, guraso zintzoen semeak izatea ba'liteke; baño gizatxar, lagun oker biurrien artean gaiztakeriak kutsutu ditu. Ausardia dute nagusi, nasaikeria adiskide, indarra lege, añenekoa ziri ta zigor. Birao-lurrunean, likiskeri zakarrean lizundu zaiote anima» (176-177-gn. o). Halaber, toki horiek euskaldunen galgarri direla, «Ai zenbat euskaldun okertu diran Somorrostro'ko lur gorrietan!» (178-gn. o.). Erdal aldizkariek egiten duten kaltea, «Arrezkero ogi bedeinkatua jan oi-dan bezela irakurri oi-zuan, igandietan, kertenkeriz ornituriko paper purtzil bat eta baita bere buruari esan ere: «Oñati'n eztute onelako gauzarik egundaño ikasi, oso itxutuak eta atzereak daude ango gizonak.» (178-gn. o.). Klerikalismoak hainbat erabiltzen duen lagun gaiztoen influentziaren idea, erarik klasikoenean adierazten da: «Lagun arteko irakaspen gaiztoak aditzean, lenbizi, etzituan aintzakotzat artu nai; gero, seta okerrak akullatuta, irakaspen aiek onak zirala iruditu zitzaion; urrengo, egiarik andienak zerizkiola esaten ausartu zan, ta ezkenez, adiskiden txaloak txit narotu zioten uste dollor ori erraien erdi erdian.» (178-gn. o.)...

 

[12] «Garoa», Domingo Agirre apaizak egindako irakurgaia. Bigarren agerraldi obetua.

 

Bilaketa