literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren historia»
Ibon Sarasola

Lur, 1971

 

        Garaiko idazlerik inportantena, ezen ez hoberena, Nikolas Ormaetxea «Orixe» da. Iritzi honetara kritiko denak datoz. «Orixe»-z mintzatzean «garaiko idazlerik errepresentatiboena» edo «euskal prosalaririk hoberena» dela esan da, baina, askok kontrara uste badu ere, «euskal literaturako idazlerik hoberena» dela esatera ez da serio den inor ausartu. «Orixe»-ten kasoa Leizarragarenaren pare da. «Orixe»-ren lana kriterio literario batez arakatzen bada, haren poemak eta prosako zenbait lan hartu behar da gogoan soilik, gainerako obra guztiak itzulpen baitira. Alde honetatik haren lanik baliotsuena «Barne-muinetan» dateke [13]. Obra honen baloreak ukaezin badira ere, ez dira asko egilea euskal literaturako mailarik garaienean ezartzeko. Hizkuntzari dagokionez, aldiz, ez da berdin gertatzen. Euskera ongi ezagutzen zuen eta trebetasun haundi batez erabiltzen zuen, hala obra orijinaletan, nola egin zituen itzulpen paregabeetan. «Hizkuntzaren nekazale», euskera hizkerak motel eta makal izateari utz zezaion ahalegindu zen batez ere. Euskalki guztiak ezagutzen zituen eta oroz baliatu zen bere esperimenduetan, euskal prosarentzat bide berriak irekirik. Baina esperimenduzaletasunaren ondorioz, «Orixe»-ren obraren balorearen desderbintasuna eta koherentzi falta nabarmentzen dira. Hori da hain zuzen «Orixe»-ren behaztoparik haundiena, gaurko idazleentzat eredu bezala jartzerakoan.

        «Orixe»-ren jakituriaz uste oker bat dago. Ez da egia, adibidez, Aita Onaindiak hartaz mintzatzean dioena: «Gizon azkarra ziñez ta edozein gaietan oso jakintsua» [14]. Perpausa honetan erabiltzen den jakituria, San Tomas arteko filosofiaz, literatura klasikoaz eta ohizko teologiaz osatzen den jakituria bat da. Jakituria konzeptoaren mugatze izugarri hau, orain arte aztertu diren mugaketen ondorio da: San Tomas ondoko filosofia ez zen filosofia, garaiko literaturak ez zuen literatura izena merezi etab. Hortik kanpo, «Orixe»-ren inorantzia ahalguztidun zen. Argibide hau egin ondoren bakarrik esan daiteke «Orixe» jakintsu zela. Jakintsu ziren idazleak ere, (batzuk ez baitziren inolaz jakintsu) molde honetakoak ziren, beste eratako jakituriarik eta jakintsurik ez baitzen ezagutzen. Honen ondorioz sortzen den garaiko Europako literaturari buruzko arbuioa, «Orixe»-ren beraren hitzetan nabaritzen da, euskal klerikalismoaren textoen antologian ohorezko toki bat merezi dukeen honetan: «Azkenik, literatura orrek oiturak andeatzen ditu. Ele-eder dalako ori, eunetatik larogei ta emeretzi, gordinkeri, likiskeri,, lizunkeri, urdekeri, ustelkeri besterik ez da. Naigabe ematen dit esateak adiskide batzuengatik, baña bakar batzuk asi dira lizunkeriari ateak zabaltzen. Ardi bakar batek barruti debekatura iauzi egin ezkero, artalde osoa aren atzetik doa. Ikusi dezala ontan lenengo idazleak zer erantzunbear daukan oitura garbien aurrean. Oraiñ arte aski garbi geunden ustelkeri ortatik; baiñan onez aurrera bildur izateko da.» [15]. Lan hartan bertan, euskeraz ari dela, «Ez dago onen bearrik [Lteraturaren beharrik] ere euskera lantzeko; landuago dago askoz ere ikasien prantsesa baiño. Arauz aztertzea besterik ez daukagu bataren ederra ta bestearen itxusia ikusteko.» dioenean, ikus daiteke zein pisu haundi izan dezaketen kriterio moralek literaturen balorea neurtzean. Zaharzaleen aldian berrizale, berrizaleen aldian zaharzale, aldi guztitan konserbadore eta zenbatenaz zaharrago hanbatenaz atzerakoiago, «Orixe» izan zen Txillardegiren nobelagintzari buruz lehiatsukien mintzo izan zena. Hala zioen «Peru Leartza'ko»-z: «Barrenak ez dit agintzen ixillik egotea, liburu onek gaurko gazte-jendearen artean egin dezaken kaltearengatik. Leartza, liburu ontako giza-nagusia, europear biurtu zaigu, izurri gaizto batean beintzat. Ez dugu emen olakorik bear. Naiko gaitz daukagu leen ere ta naiko kezka, oraingo gizaseme batzuei iruditzen ez ba'zaie ere.» [16].

        Izaeraz sekular eta pentsamoldeaz klerikal, berriari oso guti emana, garaiari buruz jakituria desegoki baten jabe, gaurko Europako literaturan lizunkeria besterik ikusten ez zekien gizon, «Orixe», gerra aurreko eta gerra ondoko lehen urtetako literaturaren errepresentazailerik zuzenena da.

 

[13] «Euskaldunak» poemari buruzko iritziak zeharo desberdin dira: batzurentzat euskal literaturaren obra nagusia da. Beste estremokoentzat, aldiz, «Anuario de Euzko-Folklore»-aren numero extra bat dirudi.

[14] A. Onaindia. Milla Euskal-Olerki Eder (924-gn. o.).

[15] «Orixe». Euskerari nola eutsi. Euzko Gogoa, 1954'-gneko Orrilla-Dagonilla — 5-8'garren zenbakia.

[16] «Orixe»: Peru Leartza'ko. Yakin (Pro manuscripto) I (5-6) 1960.

 

Bilaketa