literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Ildo bertsukoa, eskaini zaion baino arreta gehiago zor zaie, halaber, Bazilio Joanategiri (1837-1921) eta haren obrari.

        Izturitzen jaioa, Saratik igaro ondoren Altzai herri zuberotarreko parrokoa izan zen zenbait urtez Belokeko beneditarren monasterioan sartu arte. XX. mendearen hasieran Lazkaoko bidea hartu behar izango zuen Iparraldetik erbesteratuta izan eta gero. Hegoaldean hil zen.

        Itzuli-moldatu zituen obren artean interesgarrienak arlo hagiografikoa lantzen dutenak dira, ospetsuena Ehun bat Sainduen bicitcea (1876) liburu mardula izan zelarik.

        Joanategiren kezka estetiko-narratiboen balantzan —eta haren alde, ezpairik gabe— kokatu behar dira euskaldun arruntek zerabilten hizkuntza bilatzeko eta finkatzeko ahaleginak.

        Erretorikak kutsatua zuen prosa erlijiosotik aldendu nahian, Orixeren iritziz «euskal-idazleetan maiteena» zen Joanategik mintzaira naturala, narratibarako erakargarria eta edergailu gehiegirik gabekoa libururatu nahi izango zuen, eredu xumearen aldeko apustua eginez.

        Sainduen bizitzea (1890) liburua ere horren fruitua izango zen. Eguneko santuaren bizitzaren berri ematean, gainera, irakurgaiak irakurriak izango zirela ziurtatzen zen. Liburu honek, halere, lehendabiziko lau hilabeteko santuak baino ez zituen barnehartzen, eta 1900era arte itxaron behar izango zen beste bi hilabete gehiagoko sainduen bizitzak eskainiko zituen bigarren zatia ikusteko... eta, oraindik obraren erdian zegoela, hasierako plana —urte guztiko santuen bizitzen kontaketa!— bertan behera uzteko.

        Egia esan, ez zatekeen plangintza makala euskaldun irakurleak egun orotarako irakurgaiak izan zitzan eta, garrantzitsuagoa dena, prosa narratiboaren koipeztatzearekin batera, Bibliaren kontakizunen eta imajinarioaren zeruertz ezagunegia gaindi zezan...; ez zatekeen plangintza makala, baldin eta irakurle euskalduna, ordurako, aldizkarien bidez ase zitzakeen bestelako jakin-minek eta interesek zirikatu izan ez balute.

        Ildo horretatik, ez dirudi San Benoaten bicitcea bezalako biografia luzeak ere tokia edota denbora ken ziezaiekeenik 1887an politikaz, askatasunaz, nazio-iraupenaz gero eta kezkatuago zeuden irakurle potentzial urriei.

        Ikusia zuen arazo hori Duvoisinek 1877an, Joanategiren lehen liburua argitaratutakoan, euskal sainduen izenak agertzen ez zirela eta, gutunez zuzendu zitzaionean. Eta Duvoisinen kritikak bazuen irakurleekiko distantziak ezabatzeko eta literatura euskal gizartean txertatzeko xederik.

        «En qualité de patriote» (RIEV 21, 93) eskatu eta aholkatu zion hurrengo edizioan toki bat utz ziezaien «Laskorreko semea» zen Xabierreko Frantziskori eta «aux saints basques: Paterne, de Bilbao; Martin Aguirre [...], aux trois bienheureux martyrs: Jean de Madoya ou Majorga, de -st.-Jean-Pied-de-Port, Julien de Lizardi, d'Asteazu, Domingo de Erquicia, de Regil; Ste. Rictrude, fille d'un chef basque».

 

Bilaketa