literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

...FORMULAZIO POLITIKOEN ERAGINETARAINO...

 

        1876tik aurrera hain larri bizi izandako krisiak, gizarte-sentsibilitateak eta sektore euskaltzaleetan garatutako pentsamenduak berebiziko garrantzia izan zuten proposamen abertzalea gauzatzeko orduan. Etsipenak jota zegoen gizataldeak, bestalde, egarri handiz hartu zuen puntu hartatik ateratzeko itxaropena eskaintzen zion pentsamolde berria.

        Ez da ahaztu behar herrien askatasunaren aldeko jarduera indartsu bat hedatzen hasia zela Europan barrena, euskal gizarteak jasaten zuen egoera hits hartan erreferentziazko argi-izpi gisara jasotzen zena. 1870. urtearen inguruan gauzatuko ziren lehen liberazio-prozesu haiek (Poloniarena, Serbiarena...) laster bilakatu ziren Euskal Herriarentzat ere eredu, bereziki askatasun dinamikari ekiteko baldintza eta elementu teoriko guztiak euskal esparruan ere bete-betean ematen zirela hautematean. Izatez, euskal munduari zegokionez, dinamika askatzailearen zilegitasuna erakusterakoan garbi asko ezkon zitezkeen mendebaldeak eztabaidan zituen planteamolde mota biak: bai herri-izaera eta eskubideak arraza, hizkuntza edo historia bezalako elementu objektiboetan oinarritu behar zirela zioen alemaniarren gogoko teoria, eta bai herri (nazio) izateko eskubidea gizarte-borondatean jartzen zuen ildo liberaleko ikuspegia.

        Ibilbide haietatik barrena abiatu ziren euskal abertzaletasunaren lehen aitzindariak, eta Aranismoa izan zen, elementu haiek guztiak proiektu politiko baten barrenean kokatzeko beharra ikustearekin batera, eginkizunari aurre egin ziona.

        Dinamika hartarako haziak berkonfiguratzen ari zen gizartearen barneko aniztasunean eta interesetan zeuden ereinda; izan ere, sektoreka, burgesia txikitik, nekazalgotik (karlista jatorriz) eta sektore haiei atxikitako elizgizonetatik elikatu baitzen nagusiki aranismoa.

        Hasierako proposamenean foru-errebindikazioarekin harilkatua eta ikuspegi tradizionaletatik bideratua zen ekimen haren perspektiba sozio-politikoa herri guztiek bere buruaren jabe izateko duten eskubidean oinarritu zen. Formalki, euskal gizataldeari ez zitzaion naziotzat hartua izateko elementu bereizi eta bereizgarri objektiborik falta: hizkuntza, kultura, etnizitatearen faktorea, historia... eta lege-sistema propioa (foruena), errotik kendu zitzaiona. Lege haien berrezarpena xede, abertzaletasunarena azalduko zen berpizkunde nazionalerako, demokraziarako eta berdintasunerako aukera bakartzat. Euskara berezko hizkuntza gisa agertuko zen eta erlijio katolikoa euskal ohituren eta sinesmenen aurka omen zihoazen ateismoa, liberalismoa eta antiklerikalismoa deuseztatzeko antidoto modura. Aldi berean, kapitalismoa bezainbeste arbuiatuko zen egitamu sozialista, lehenengoak langileriaren zapalketa, diruzaletasun hutsa eta korrupzioa ahalbidetzen zituelako, eta bigarrena, berriz, arrotz (kanpotik etorria), «internazionalista» izenez baina tokian tokiko nazio-ezaugarrien ukatzaile eta bertako faktore euskaldunaren aurkako bezala azaleratuko zelako.

        Oro har, borroka politikoa elementu bestelakatzaileen kontra eta bertakoen finkapenaren alde (legedia, hizkuntza, arraza, etab.) bideratzea proposatuko zuen aranismoak berehalako erreakzioak, aldekoak zein aurkakoak, sortarazi zituen. Baina haren eragina eta oihartzuna gizarte-maila guztietara iritsi ziren, hizkuntza, kultura eta literatura arloak barne.

        Eskuarki, hainbat gauzatan elkarrekin aritu baziren ere, Arana Goiri anaia bietatik Sabinek (1865-1903) eraman izan ditu ekimen eta proposamen politiko gehienen erantzukizuna, zama eta ohorea. Abandon jaioa, gazterik ekin zion euskaraz ikasteari eta kultur dinamikan parte hartzeari.

        Euskal-Erria eta Revista de Vizcaya aldizkarietan aritua, betidanik nabarmendu izan da haren biografian, 1887an euskarazko katedra bat sortzeko Bizkaiko Diputazioak atondu oposaketetara Azkue eta Unamunorekin batera aurkeztu izana. Baina ez zuen Aranak anekdota haren beharrik izango bere euskaltzaletasuna agerian uzteko.

        Jarduera politiko apurtzailearen premiaz konbentziturik, mezu berria jasotzeko ezin prestatuago zegoen bizkaitar burgesia txikiaren laguntzarekin hasi zuen Aranak bere tesien hedatze-lana. Ildo horretatik, egokitu zitzaion bizitza laburrean xedeotara bideratu zituen ahalegin guztiak, idazlan linguistikoak eta literarioak barne. Eta ez da zalantzarik urte haietan hasiko zen itxaropenezko dinamika politiko eta kultural berri-zabalaren eragilerik handiena ere abandoarra izan zela. Bestelakorik gutxietsi gabe, Arana izan zen norabide berriak eta jardueraren zentzua markatzeko gaitasuna izan zuena eta berpizkundetzat hartuko zen mugimenduaren oinarriak finkatu zituena. 1918an Azkuek berak (Orixeren iritziz, «Arana-kukurik aundiena» zenak) idatzi zuen bezala, «¿a quién se debe, después de Dios, el renacimiento vasco en todas sus simpáticas manifestaciones? Fundamentalmente, principalísimamente, a Sabino de Arana-Goiri» («Música popular vasca», Cancionero Popular Vasco, I, 1968, 53; gureak dira letra etzanak).

        Haren ekimen politikoari ez bagagozkio ere, ezaguna da politika mailan aplikatzen zituen kontzeptu bertsuak erabili zituela beste arlo guztietan ere, hizkuntzarenetik hasita literaturareneraino. Baina eragin harrigarrienetako bat eskola sortu zuen ikusmolde logizistarena litzateke, tradizio oro zaputz zezakeen logika hutsa erabiltzeko premia aldarrikatzen zuena hain zuzen. Handik urte batzuetara Aranazale porrokatu batek grafikoki adieraziko zuen bezala, «la lógica es la ley primera de la gramática euzkérica, y, por lo mismo, sus dictados deben ser aceptados sin vacilación por los euzkeldunes; de lo contrario, destruímos la gramática y sacrificamos el Euzkera: un Euzkera ilógico no es Euzkera; será si se quiere un cadáver euzkérico, ya que le faltará el alma, que son sus leyes» (Arriandiaga, 1919, El Verbo Vasco familiar y dialogado). Eta definizioaren hedaduraz, «euskal» zeraman guztiak ere logikoa izan behar zuen ezinbestez.

        Horri garbitasunaren kontzeptua ere gaineratuko zitzaion. Horrela, Axularrek behiala formulatutako ideiari helduz («[...] ecen bertce hitzcuntça eta lengoaya comun guztiac bata bertcearequin nahasiac dir[...]a, baiña euscara bere lehenbicico hastean eta garbitasunean dago[...]» Gero, 20 or.) eta arrozkeriaren eta kutsaduraren aurkako jokamolde politikoa hizkuntza arlora egokituz, euskarak besterekin nahasi gabe agertu behar zuela proposatuko zen.

        Aurreikustekoa zen bezala, eguneroko hizkuntzan eta euskal literatura klasikoaren esparruan atzemango zen lehendabizi printzipio haien erabilpen falta eta, ondorioz, «garbitasun» gabezia. Xahok ere espresuki leporatua zion Axularri akats hura 1836an: «autoreak —zioen frantsesez bere Voyage... delakoan— ez ditu zorroztasun askiz errefusatu gure hizkuntzaren garbitasuna hondatzen duten hitz erromantzeak». Dinamika hark berehala ekarri zuen ordura arteko literatura kutsatuaren —Etxepare eta Leizarragarengandik hasita, idatzirik zegoen gehienaren— gutxiespena eta, orobat, euskara garbia eta kutsatugabea bilatu eta finkatzeko beharra.

        Proposamenokin, beraz, lexikografia eta literatura gehiena agertzen zen zuzentzeko edota hizkuntza garbi batez emateko. Aranismoak, halere, ez zuen indarrik aski izan (ohiko salbuespenetatik aparte) aldarrikatutako literatura hura martxan jartzeko. Eta Aranaren egitasmoaren zenbait elementuk eragin handia izan bazuten ere ondoko idazle batzuengan (ez da gutxiestekoa, esaterako, olerkariengan izandakoa), gogoan hartzekoa da Agirre, Azkue, Lizardi, Orixe eta beste idazle batzuei esker ez zela onetsi hizkuntzaren erabateko artifizialtasunerantz zeraman irizpide garbitzailea. Garbizaletasunak, halere, bere orbana utzi zuen idazle gehienengan.

        Literaturan zinez ontzat hartuko ziren elementuen artean poesia arloko prezeptiba moduko bat ageri da. Bertsolaritzaren parametroetatik at, eta Oihenartek bi mende eta erdi lehenago egindakoa gogorarazten zuela, poesia kultu eta landurako proposamena egin zuen Aranak. Olerkigintzan aplikatu beharreko omen ziren hainbat lege zehaztu ondoren (sinalefaren prezeptibitatea, sinkoparen eta epentesien bidezkotasuna, sineresiaren debekua, etab.), zilegitasunaren atea irekitzen zitzaien hizkuntza mintzatuko kontrakzioei eta, literatur batasunaren ikuspuntutik garrantzitsuago zena, beste euskalkietako lexikoa erabiltzeari.

        Baina prezeptiba haren balioa gehiago datza bertsolaritzaren esparrutik bereizteko egitamuan eta burutu ziren eginahaletan emaitzetan baino, berrikuntzaren zinezko fruituok ez baitziren ikusiko hurrengo mendearen lehen laurdenaren amaiera arte. Eta ez da horretan salbuespena abandoarrak berak euskaraz idatzi zuen poesia urria, hil ostean argitaratu zitzaion poema sortatxoan (1919) atzeman daitekeen bezala. Barne-emozioen islatzailea, Aranaren poesia landua da oso, trinkoa, hitz gutxirekin asko adierazi nahi duena. Zenbaitetan, ordea, nabarmena da hizkuntza normaldu baten falta egilearen aldetik, bortitz egiten baitira moldeak eta esapideak, mintzaira berezko erroetatik aterea bailitzen.

        Aranaren eraginaren garrantzia, halere, literaturaren esparrutik haratago doa. Eta egia da literaturari zegokiona era ezberdinez islatu izan zela ondoko idazle askoren lanetan. Baina, guztiarekin ere, ezin ahantz daiteke «arau» poetikoen gauzatzea, lexikoaren «kontrola», bideratze ideologikoa eta abar. Aranak nazio-kontzientziatze prozesuan urrats garrantzitsu gisa aurkeztutako proposamen zabalaren efektuetako batzuk besterik ez zirela izan.

        Aitortzekoa da, dena den, proposamen haien guztiekin batera hedatu zen sentsibilitateak gizarte onarpena ekarri ziela hainbat berrikuntzari, eta ez bakarrik proiektu politiko berriarekin zerikusia zuten terminoetan (Euzko, Euzkadi). Ezin herrikoiagoa den onomastika bezalako atal batean, Aranaren izendegiak betidaniko hutsune bat betetzeko ahalmena erakutsi zuen. Formalki, gizonezkoen izenak a bokalarekin amaitzen ziren bitartean (generoaren ezaugarria nonbait: Kepa, Joseba, Koldobika), emakumezkoenak e bokalarekin amaitzen ziren (Edurne, Igone, Aintzane).

        Bestalde, hogeigarren mendearen hasieran ortografi batasunerako antolatu bileretan jokatu zuen paper zorigaiztokoa ezin ahantz badaiteke ere, oroitu beharrekoa da 1896an argitaratu Lecciones de ortografía del Euskara Bizkaino izenekoan egindako proposamen zenbaiten arrakasta, tartean euskara idatziari kolore eta balio sinboliko berezia eskainiko zioten tx eta x bezalako grafemena eta lehendik erabiltzen ziren beste batzuena (k, b, gi, ge...).

 

Bilaketa