literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Agustin (Pascual Ugalde) Iturriaga gipuzkoar pedagogoak (1778-1851), esate baterako, 49 alegiaz osatutako Fábulas y otras composiciones en verso bascongado ospetsua apailatu zuen (1842; Manterolak 6 fabula gehiago argitaratuko zituen 1880an) «Euskal Herriko gazteriari» eskainia. Gehienak Samaniegorenetik itzuli-moldatuak, bada halaber berak asmatutakorik, Virgiliorenik... gehi San Ignazioren Martxa berriaren letra eta zazpi ehun hitzetik gorako lexikoa. Formaren aldetik, zortziko txikien eredua da nagusi, prestatzen ari zen Historia Sakratuaren laburpena delakoan bezala (mila bertso besterik ez zuen utzi).

        Ordurako, parroko hernaniarrak garbi erakutsia zuen pedagogiarekiko atxikimendua, eta, lehenago irakasle jardun bazuen, azken urteetan euskaraz idazten eta argitaratzen hasi zen haurrek errazago ikas zezaten erdaraz. Horrela, 1841ean, lehen gerra karlista amaituta eta bera zazpi urteko erbestealditik itzulia, bi liburutxo eman zituen argitara: Arte de aprender a hablar la lengua castellana para el uso de las escuelas de primeras letras de Guipuzcoa, 1841 («viene á ser una gramática fraseológica, que contiene setecientas frases familiares» dio berak) eta Diálogos basco-castellanos para las escuelas de primeras letras de Guipuzcoa (1842), berau ere haur euskaldunei gaztelaniaz irakasteko prestatutako solasaldiez osatua. Geroztikako tradizio filologikoak euskal literaturakotzat berreskuratu nahi izan dituen Jolas hauen xedeak ozen mintzo dira kartilla gisako honen izaeraz: «siendo el romance la lengua de nuestro gobierno, y estando los Señores maestros de primeras letras encargados de enseñárselo a sus discípulos, por sernos á los bascongados necesario é indispensable á unos, útil á otros y conveniente á todos [...]». Dena den, eskolan euskara gaztelania ikasteko abiapuntutzat proposatzeak berrikuntza nabarmena erakusten zuen urte haietan.

 

Bilaketa