literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Humboldtek transmititu sentsibilitatea baino eraginkorragoa suertatu zen gure artean Euskal Herriaren eta euskal hizkuntzaren «Europaratze» humboldtiarra bera, izan ere, hizkuntza aurreindoeuropar batean mintzatzen zen mendebaleko komunitate baztertu txikiak Europan hedatzen zegoen mugimendu erromantikoaren arreta bereganatu baitzuen berehala. Victor Hugo frantsesa, Von Chamisso alemana, Wordsworth ingelesa... kultura eta hizkuntza desberdinetatik honantz begiratu zuten autore entzutetsu batzuk baino ez dira.

        Dela zorrak kitatzeagatik, dela ohiko joko dialektikoaren ondorioengatik, Europaratze delako harekin batera, ez zen faltatuko kontinentean barrena hedatuak zeuden egitamu erromantikoen Euskal Herriratzerik ere, kanpotarren mirespenaren atzean zeuden ideologi eta kultur ardatzak xurgatzen hasi baitziren euskaldunak poliki-poliki.

        Trukaketa horren lekuko eta protagonista nabarmenak izan ziren Anton Abadia eta Luis Luziano Bonaparte atzerritarrak, euskal letren eremuan aparteko eragile bilakatu zirenak, bata hizkuntzaren alderdi zientifikoari helduz eta bestea sormenezko literatura sustatuz eta suspertuz.

        Baina sinbolo batez baliatzea gehiegikeriatzat hartuko ez balitz, fenomeno erromantikoaren Euskal Herriratzea Azti-begia-ren eskutik eman zela esan liteke, bera izan baitzen etorrera huraongien gorpuztu zuena.

        Agosti Xaho (1810-1858) atharraztarra Maulen ikasia zen. 19 urterekin Parisera abiatua ekialdeko hizkuntzak ikastera, erromantizismoaren sareetan erortzeko aukera baliatu zuen bertan.

        Sentsibilitate erromantikokoa eta izaera bizikoa, berdin ibil zitekeen Karlistaldian nahasirik zein Baionako altxamenduan buruzagi (1848).

        1835ean, gerran murgildurik zegoen Nafarroara egindako bidaiatik Zumalakarregik liluratuta itzuli zen. Bidaiaren fruitu gisa, Voyage en Navarre pendant l'insurrection des basques arrakastatsua argitaratu zuen 1836an. Liburuari zerion estilo sutsuak eta erakusten zuen herrikoitasunak A. Abadia adiskidearen aldeko erreseina ekarri zioten Bulletin de la Société de Géographie agerkarian.

        Obren artean ez zen hizkuntzalaritzari buruzkorik faltako (1836an Abadiarekin batera egindako Etudes grammaticales sur la langue euskarienne eta amaitu gabeko euskal hiztegia, batik bat), baina garrantzi eta eragin gehiago izango zuten kazetaritza lanek (Baionan argitaratu Ariel —1844— eta Uskal-Herriko Gaseta —1848— errepublikarrak) eta, bereziki, lan ideologikoek eta euskal kosmogoniaren arloan egindakoek.

        Haren obren eraginak (Histoire primitive des Euskariens-Basques; Azti-begia, 1834; Lelo ou La Navarre) historiarekiko berraurkitze moduko bat ekarri zuen, non gabeziak eta tradizio hutsuneak era ezberdinez bete baitziren. Ondorioen beldurrik gabe eta asimilazio kultural-politikoaren aurkako osagai iraultzaile batez lagundurik, Xahok trebekiro erabili zituen baliabide historikoak eta sormena historia ofizialak asetzen ez zion egarria berdintzeko.

        Pertsonaia handiak, gertaera ospetsuak, leiendak, etab. euskal munduak ordura arte erdi hutsik zuen imajinarioaren parte mina izango ziren laster. Izan ere, hori guztia, bere burua eta iraupena gerren eta errepubliken artean mehatxatuta ikusten zuen herri batentzat, itxaropenezko perspektibak zabaltzea bezalakoxea zen. Ez baitzen kasualitatez gertatu Xaho euskal abertzaletasunaren muina eta tesi nagusia esplizituki formulatu zituen lehena.

 

Bilaketa