literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Lapurteraz eman zen dinamika kontrarreformistak izan zuen islarik iparrekialdeko hizkeran ere. Premia erlijioso bertsuen ondorio bezala, zubererarantz jotzen zuen mintzaira berezi bat («badu orotarik zerbait; Zuberoak, Basanabarrek eta Lapurdik eman drauko zerbait, baina ez oro») inprentaratuko zen J. Tartasen eskutik.

        Zuberoako Sohütan jaioa, hasieran Oloroeko elizan aritu zen Tartas eta gero Arueko parrokian, haren osaba Pierre-k utzi zuenean (1641).

        Prosaz idatzitako bi liburu espiritualetatik bigarrena (edizio bakarra izan zuen Arima penitentaren occupatione devotaq, Orthez, 1672) ezezagun xamarra izan da oraintsu arte. Ohiko aszetika liburuetan bezalatsu, otoitza, erremusina eta baraua dira landutako okupazio horiek. Azpimarragarria da autoreak tartekatzen duen aipamen, adibide eta exempla mordoa, testua arindurik eta erakargarri bihurturik eman nahi izan balu bezala. Bestalde, frantsesez idatzitako eskaintzan ere ez da falta Axularrenaren oihartzunik (egia esan, presakako gutuna dirudi eta sei urte lehenago idatzitako Onsa hiltceco bidia-tik garraiatu bide zuen materiala).

        Ezagunena, beraz, Onsa hiltceco bidia (Orthez, 1666) aszetika liburua da. Izenburuaren arabera, Europan zehar aurreko mendean zabaldutako salbazio-plangintza indibidualizatzaileari jarraikitzen dio. Edizioak, baina, bazuen zerbait susmagarri, izan ere, liburuak katoliko garbia ematen badu ere, bertan agertzen den lehen «aprobazio» delakotik azkenera zortzi urteko aldea baitago (1657, 1659, 1665). Susmagarritasun horretan ez dirudite gutxiestekoenak Tartasek argumentaziorako darabiltzan ikuspuntuak eta autoritate-mailakatze heterodoxoegiak, haren prestakuntza teologikoaren adierazgarria bide direnak. Izan ere, eliza-ohiturak honelakoetan gomendatzen zuen ondozkatzeari muzin eginez, liburuaren lau kapituluetan Tartasek erabaki zuen «lehenian [...] paganoen erranaz, bigarrenian lege zaharreko eskritüra saindiaz. Hirugarrenian lege berriaz, eta elizako doktor saindiez, laugarrenian laur arrazoin diferentez [frogatzea], ontsa hilzeko bidia dela herioaz, eta hilziaz orhitzia».

        Filiazio kontuak direla eta, badirudi Tartasek Axularren obra izan zuela eskuen artean Onsa... idazteko orduan, eta ez bakarrik urdazubiarraren esaldi antologikoari («euskaldunek berek dute falta eta ez euskarak») erantzuteko («hanko euskarak dü hogena eta ez euskaldünak»); «Gomendiozko letra» eta «Irakurtzaileari» izeneko sarrera gisakoak kidetasunen adierazgarri aski ez balira ere, bertako zenbait hitz, esaldi eta pasarteri Axularrenen susmoa hartzen zaie. Dena den, honekin izan zitzakeen antzak horretan bukatzen dira, zuberotarraren prosa ez baita inondik ere urdazubiarraren parekoa, formalki trauskilagoa eta estilo, baliabide eta edergarrietan txiroagoa baizik.

 

Bilaketa