literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Ildo horretatik, iduri luke esparru erlijiosoan forma berriak eta, hein batean bederen, doinudunagoak sartzeko xedea balu bezala interpreta litekeela Argaignaratzen ahalegina (ez da ahaztu behar harena dela euskal literaturan jolas moduan planteaturik ezagutzen den lehen akrostikoa ere), eta, harzaz gainera, Gazteluzarren sentsibilitate poetiko berriztuaren aurrekari gisa har.

        Zeren Bernardo Gazteluzar-rek Oihenarten poetikaren errainuak ezagutzen zituela pentsa badaiteke ere, aurrekoen lanari ere zor zion monokromatismoa eta iluntasun poetikoa hausteko eginahala. Zeinahi gisaz, poesia erlijiosoan berritzaileago azaltzen da Gazteluzar, nahiz eta, aldi berean, urrutixko geratzen zen Oihenartek ordurako proposatuak zituen berrikuntzetatik eta erromantzeetako parametro poetikoetatik.

        Ziburun jaioa (1619-1701), jesuita hau lapurtar ereduaren jarraitzaile gisa agertuko da ohiko poesia formetatik hurbil dagoen bere Eguia Catholicac, salvamendu eternalaren equiteco necessario direnac (1686, Pauen) liburuan.

        Batez ere marinelei eskainitako liburu interesgarri honetan prosazko zatirik ere izango den arren, bertsoetan barrena atzematen den eredu poetikoa da azpimarragarriena. Izan ere, bertsoen neurria herabeki aldatzen hasiko da (9 / 8 / 9 / 8 laukoez osatutako asko, besteak beste) eta ez da faltako bertan ordura arte ezezagun zen poema narratiborik ere (Fko. Xabierri eskainia, esaterako). Ordura arte ez bezalako sentsibilitate literarioa suposatzen du harenak esparru didaktiko-erlijiosoan.

        Azpimarratzekoa da, halaber, Gazteluzarren poemen tratamendu borobilagoa, txikiak eta luzeak, baina tematikoki trinkoak eta egokiro garatuak baitira. Baliabide poetiko-erretorikoak ere eliz tradizioko beste autoreek baino hobeto eta maizago erabili zituen: egitura kiastikoak, aliterazioak (antologikoa da ohiko «rr» soinuarena infernuko penez jardutean: erre, karra, harra, ...), erritmo desberdinak (neurkera moduei zein errepikapen dramatikoei dagokienez; ikus, esaterako, «Izaki gaiztetsia»-ren errepikapen erritmikoa: «erraguk, erraguk: argitu nahi gaituk?», etab.), elementu mitologikoak (nahiz kristautasunaren «balioekin» kontrajartzeko erabiliak izan)... Zinez baiezta liteke elementu estetikoa nabarmenkiro azpimarratzen eta agertzen hasi zela eta, horrekin batera, ahozkotasunaren parametroekin lotura ezin handiagoa zuen «bertso» modu arrunt hura poesia bilakatzen hasi zela Gazteluzarrekin.

        Balorazioen atalean, ez dago zalantzarik —formalki behinik behin— metro motak berak egiten duela haren poesia zaluagoa eta atseginagoa. Poematxoen tamainak, erritmoak, hoskidetasuna zaintzeak eta gaien trataerak ere biziki laguntzen zuten eginkizun poetiko-pastoral hartan. Sentsibilitate hura laburtuz, Mitxelenak poeta leuna, sentibera eta berritzailea ikusten du Gazteluzarrengan, ordura arteko lapurtarren artean kulteranoena nonbait (1987, 95).

 

Bilaketa