literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

Sari bidezko literatura: poesia

 

        Aitaren aldetik zuberotarra, Anton Abadia dublindarrak (1810-1897) eskuzabaltasun ezin handiagoz bultzatu zuen hizkuntz eta literatur jarduera.

        Zientzi gizon handia (Société de Linguistique de Paris-eko sortzaileetarikoa) eta bidaiaria, A. Xaho adiskidearekin batera prestatutako obrak (Etudes grammaticales sur la langue euskarienne, Paris, 1836, «zazpi Uskal herrietako Uskalduner» eskainiak) ekarri zion euskararekiko lehendabiziko hurbilketa sakona eta Euskal Herriarekiko behin betiko maitazarrea.

        Ospeak eta aberastasunak bezainbeste lagundu zioten berezko izaerak eta jarrerak euskal munduan bertakotzen, kezka eta jarduera berriak pizten eta, nola ez, euskaldunen eskerrona eskuratzen. Hiribarrenek Eskaldunac-en zizelkaturik utzi legez, «Benedicatzeco da d'Abbadie yauna,/ Laphurdico yendea muguitu duena» (126 or.).

        Inguru hurbilean Intxauspe, Duvoisin, Haristoy, Adema, Harriet... bezalako jende ospetsua izanik, Abadiaren eskutik ezagutu zituen Bonapartek gero laguntzaile izango zituen hainbat eta hainbat euskaldun (Duvoisin, Archu, etab.).

        Nolanahi ere, haren irudia bereziki loturik geratuko zen 1853tik aurrera antolatuko zituen poesia sariketekin, gero eta —geografikoki zein kulturalki— nazionalago bilakatuz joango ziren «koplarien guduekin».

        Bi urte lehenago era informalago batez antolatzen hasiak, poesia txapelketa haiek Urruñan burutu ziren lehendabizi hamarkada luze batez, 1864tik 1876ra bitartean Saran (pare bat aldiz bertan behera edo saririk gabe geratu zirela ahaztu gabe, batez ere 1870 eta 1876 urte esanguratsuetan), eta herri gehiagotan geroztik, ipar zein, 1879tik aurrera, hego aldekoetan hain zuzen.

        Literatur ekitaldien inguruan eratutako jai haiek —Abadiaren itzalpetik at antolatutakoak barne— Euskal Festak edota Lore Jokoak izendapen generikoarekin ezagutuko ziren iraun zuten mende erdi luzean.

        Oro har, ezin ahantz daiteke urtean behin ospatzen ziren jai giroko lehiaketa haien garrantzia kuantitatiboa bainoago kualitatiboa izan zela, idazlanen kopurua areagotzetik harantzago iritsi baitzen eragina. Eta funtsezkoa suertatu bazen ahalegin haien ondorioz elementu poetikoa kulturaren barneko gune eta motibo nagusi bilakatzea, are garrantzitsuagoa izan zen harekin erdietsi zuen literatur produktu normalaren estatusa. Izan ere, ordura arte ahozko ekoizpen hutsa zena idatzizko bilakatuz eta eredu berriak xerkatzeko formulak bultzatuz, bertsolaritzaren monopoliotik aterarazi eta bere kaxa ibiltzeko autonomia eta kemena eskaintzen zitzaizkion poesiari. Lasagabasterrek dioen legez, literaturaren instituzionalizazioaren hasiera izango zen harako hura.

        Abadiak hori guztia bideratzeko azpiegitura materiala eta emozionala jarri zuen. Poesiaren inguruko kezka piztuz eta esperimentatzeko saioak eskainiz, beraz, espektatiba berriak sortarazi zituen urteko sariketa haien inguruan.

        Gaiak aldez aurretik finkatuta izatea ez zen ziurrenik metodorik egokiena bokazioak pizteko eta etorri poetikoa hegaldatzeko, baina egia da idatzi nahi zuenak aitzakia ona zuela luma hartzeko, bertsolariek parada ezin hobea zutela letra idatziarekin eta letra idatziaren bidez lehiatzeko, apaizek erlijioaz kanpoko zerbaitez ere idazteko... eta egia da halaber, urteen poderioz, literatur eremu batean oasi moduko funtzionamendua izatera iritsi zirela literatur lehiaketa haiek.

        Hasierako hogeita bost urteetan Iparraldeko gertakari huts, poesia-sariketek hango bertsolari ospetsuenak (Etxahun, Etxamendi...) zein oraindik ezezagun ziren bertsogileak erakarri zituzten, berdin mediku (Larralde) zein apaiz (Lapitz, Diharasarri). Sariztatuen izenak, alabaina, laster hasi ziren errepikatzen.

        Poema sariztatuak festa egun nagusian jendaurrean kantatzea eta jendeari gogoko suertatzea zelarik xede, berehala agertu ziren arriskuak eta eragozpenak. Nahi gabe bazen ere, Duvoisinek susmatu bezala, satira eta poesia errazerako bidea eskaintzen zen horrela. Eta, egia esan, populismo hark laster eraman zuen berez literatur balioengatik merezia ez zuten hainbat poema sariztatzera. Anitzetan golardatutako J. B. Larralde medikuak (1804-1870), adibidez, merezimendu poetiko gutxiagorekin eraman zuen 1864ko saria, A. Salaberriren (inoiz J.B. Elizanbururen goitizentzat hartu izan denaren) «Solferinoko itsua» poema finaren kaltetan. Oro har, eta bestelakoetan sariztatua izateko meriturik falta ez bazitzaion ere, 1856an txapela eman zion «Herriko besta»-ren salbuespenetik at, zortziko txiki gurutzatuak (7a/6b/7a/6b/7c/6d/7c/6d) eta binaka hoskide diren lau puntuko txikiak erabiltzera mugatu zen medikua bere poemetan.

        Giro hartan, geroago ikusiko den bezala, J.B. Elizanburu Sarakoa eta Gratien Adema «Zalduby» izango ziren nabarmenkien distiratuko zutenak.

 

Bilaketa