literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Zeharo ezberdina izango da, hortaz, neoklasizismoaren itzalpeko antzerkigintza.

        Arlo horretan, alabaina, ia erabatekoa da euskal letrek erakusten duten gabezia. Guztiarekin, gogoan hartu ohi da Xabier Muniberen El borracho burlado lantxoa, nahiz eta berez zail txerta daitekeen Euskal Literaturaren esparruan.

        Peñafloridako VIII. kondea (1729-1785) azkoitiarra zen jaiotzez eta Frantziako Tolosako jesuiten ikastetxe ospetsuan ikasten zebilela ezagutu zituen inguru haietan hedatzen hasiak ziren zientzia eta teknologia esparruko jokabide berriak eta berauek ekarritako aurrerapen sozialak.

        Leinuz zetorkion sen aristokratikoari ondo atxikia eta Loiolakoaren izpiritu barneratutik larregi urrundu gabe, Munibe pertsona aproposa bilakatu zen moralizazio laikoari ekiteko, garai berriek behar zituzten berrikuntza teknologikoei atea zabaltzeko eta, orobat, elite ilustratuaren aglutinatzaile eta bultzatzailea izateko.

        Arlo politikoan aritzeaz gain (Azkoitiko alkatea, Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Espainiako Gorteetako diputatua; azken honetan, Karlos III.aren zerga eta neurri antiforalen aurka aritzea egokitu zitzaion), lehenengo «Junta Académica» eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea (EHAE / RSBAP) sortu zituen (1764). Zientzia eta tekniken esparruan ezin ospetsuago izango zen Bergarako «Real Seminario de Nobles» ikastetxea ere berak eraikiarazi zuen.

        Bertako hizkuntzaren atalean, ordea, ez ziren emankorregi suertatu hark eratu erakunde eta bazkunok, eta salbuespen bakarra berak idatzi El borracho burlado antzerkia eta Gavon-Sariac izeneko gabon-kantak (1762) izan ziren.

        «Ópera cómica» omen den lehenari dagokionez, nekez albora daiteke isurtzen duen elitismo-inpresioa. Gaztelaniazko testuan euskarazko hainbat pasarte tartekatuz («me huve de contentar con reservar el Vascuence para lo cantado, haciendo que todo lo representado fuesse en Castellano»), ezin ageriago uzten du egoera diglosikoak eta jende arruntak ilustratuei sortarazten zieten umore mota.

        Ohiko bihurtu bezala, Munibek ere hizkuntz batasunik ez izatetik datozen eragozpenak (eta barregarrikeriak) aipatzen ditu obra euskaraz ez idazteko aitzakiatzat («mi primera idea fue de que toda esta Opera fuesse en Vascuence»). Gainera, osotoro euskaraz idatzi izan balu, antzeztu eta argitaratu gabe geratuko zatekeen «porque serìa presentar al Pùblico una pieza poco recomendable, y esto no es regular en ningun Autor».

        Formalki ekitaldi bakarrekoa (bitan banatzeko aukera ere eskaintzen du XIV. agerraldiaren amaierako ohar batean), El borracho burladok 35 agerraldi ditu denetara

        Gaztelaniaz idatzi zituen beste lanetan bezala, prezeptiba neoklasiko garbia du Munibek ikusmiran, hau da, arrazoiarekin bat egiten duen estetika arauemaile zurruna, gehiegikeria barrokoei aurre egiten diena, eta betiere naturaren imitazioa eta egiantzekotasuna irizpide dituena. Halere, eta nonbait garaiko kritiken beldur, zehazkiro zuritzen du ohiko unitateei eskainitako trataera, arauek agintzen zutena baino biziki nasaiagoa.

        Bestalde, gaiaren izaera arruntak bestelako inpresioa eman lezakeen arren, badirudi antzerki-obra hau ikuslego «hautatuari» —kultuari?— zuzentzen zaiola eskierki. Musikaren tratamenduak berak ikuskizunaren proiekzio ez-herrikoia utziko luke agerian.

        Baina lanaren balioagatik beragatik ez balitz ere, antzerki-lanaren interesa beronek gordetzen duen prezeptibak ziurtatuko luke, izan ere, literatur proposamen ilustratuak nola gauzatzen ziren atzemateko balio baitu, eta, aldi berean, Barrutiarena bezalako antzerki-eredu zahar batekin dauden kontrasteez ohartzeko.

        Hori horrela, eta aramaioarraren eta azkoitiarraren arteko desberdintasunen laburbiltzea egin beharko balitz, garbi esan liteke mundu-ikuskera eta ikusmolde arras kontrakoetatik sortutako obrak direla Muniberena eta Barrutiarena, ez dutela zerikusirik eta, areago, ez direla konparagarri; baina, edonola ere, argi erakusten dituztela garaiko pentsamendua, egoera eta errealitatea gizarte-bikoiztasunaren barnean: batetik, klase kultuaren kezkak eta arte-moduak eta, bestetik, herri arruntarenak.

        Barrutiarena ildo tridentinoko helburu, forma eta irudietatik gehiegi urruntzen ez den bezala, Muniberena ere bere garaiaren semea izango da, hots, ez sormenezko lan garbia, aski «inspiratua» eta egokitua baizik: moralizantea, formalegia (zentzu horretan erabat neoklasikoa), gaia ere bestetan agertua, etab. Frantses antzerkigintzaren ildokoa, nonbait.

        Prezeptibaren kontzepzioari dagokionez ere, ez dute inolako ukipen punturik obra biek. Muniberen arautze neoklasikoak eskatzen zituen egiantzekotasuna, unitate dramatikoa, genero uniformitatea eta funtzio didaktiko-moralizantea, esaterako, Barrutiarenean agertu ere ez dira egiten, ezagutuko ez bailituen testuratzen baita haren Ikuskizuna. Izan ere, Barrutiarenak ez zuen inolako prezeptibarik: ez egiantzekotasun premiarik ez unitate araurik ez da errespetatzen, genero dramatikoak nahasten dira eta, zerbait falta bazen desberdintasuna areagotzeko, neoklasikoek espresuki arbuiatutako barregilearen irudia tartekatzen da.

        Ez izateagatik, aramaioarrarenean ez da ez espazioaren eta ez denboraren kontzientziarik ere, ez behintzat testuaren praktikan konpon daitekeen aldez aurretikako arazotzat (Lasagabaster 1983, 269). Eta pentsatzekoa da harena baitaratzen zu(ke)en antzerki tradizioan ere kontzientzia gabezia eta ezaugarri berdintsuak izango zirela.

 

Bilaketa