literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

ANTZERKIA TESTURATU ZENEKOA

 

        Hamazortzigarren mendeko sentsibilitate neoklasikoak eta genero dramatikoaren izaera didaktiko-praktikoak besterik iragartzen bide zuten arren, ez zen antzerkiarena idazle euskaldunak gehien landuko zuen generoa gertatu, ezta hurrik eman ere.

        Eskasiaren arrazoiak, dena den, idazleen subjektibotasun eta zaletasun hutsetatik at leudeke eta, nonbait, ikuskizunaren ohiko ikuspuntu mundutarrean eta fenomeno dramatikoaren jite hiritarrean leutzake nagusiki, ahaztu gabe, jakina, gortearen eta nobleziaren esparruetara uztartua izan dela tradizionalki. Orpustanek oroitarazi bezala (1996, 129), nekazaritza munduaren nagusitasuna, euskaldun hiri handirik eza, antzerki-gune erraldoi ziren hiriburuetatik urruntasun geografikoa eta, azkenik, antzerkia inmoraltzat ohi zuten elizgizonen aitzindaritza soziala eta kulturala bera ez ziren adierazpide honen garapenerako baldintzarik egokienak suertatu. Erantsi beharko litzateke euskararen menpe-egoera «tradizionalak» eta nolabaiteko hizkuntz erabilera kultua eta urbanoa ziurta zezakeen noblezia-burgesia euskaltzalearen faltak berak ere ez zutela gehiegi lagundu antzerki-mundua egituratzen.

        Zernahi gisaz, ez bide da gurean tradizio dramatikorik falta, nahiz eta betiere herri kulturarekin eta ahozkotasunarekin lotuago, idatzizko kulturarekin baino, eta, halaber, erlijioari atxikiago bizitza arruntaren gorabeherei baino.

        Dakigunagatik, Ilustrazioaren garaian, haren egitasmoekin zerikusirik ez zuen obra bat agertu zen paradigma gisa, bakarra eta erroak idatzigabeko lurretan hedatuta zituena: Pedro Ignazio Barrutiaren Acto para la Nochebuena (Gabonetako ikuskizuna).

        Segur aski XVIII. mendearen lehen partean ondua eta taularatua, obra hau galduta egon zen 1897ra arte, Juan Carlos Gerrak aurkitu eta Azkuek 1897an Euskalzale aldizkarian argitaratu arte hain zuzen.

        Azaldu ere, modu problematikoegian azaldu zen literaturaren historia bilbatzen ari zirenen artera. Eta horrela, lanaren zalantzazko egiletzatik hasita, ustez egon behar zuen antzerki tradizioraino, antzerki modernoaren aitzindaritza ere esleitu nahi izan zitzaion erabateko isolamenduan loratutako lan honi.

        Barrutia Basagoitia aramaioarra (1682-1759) Arrasateko notarioa izan zen 1711tik 1752ra bitartean, eta, dakigularik, bera egokitu zaio euskal antzerkiko lehen idazlea izateko ohorea.

        Egiletzaren arazoaren aurrean, dena den, zalantzan jarri izan da luzaroan notarioa bera izan ote zen egilea ala besteren hitzak jaso ote zituen, libretoa idatziz eman ahal izateko. Arestiren ustez, beste batena zen obra. Eta egia da, notario baten burutik sortua izateko, zabarregia lirudikeela lanak, zaindugabea.

        Arazoak bere horretan dirau oraindik baina ez da obrak planteatzen duen bakarra, txertatzen bide den tradizioarena ere biziki interesgarria baita. Izan ere, Erdi Aroko tradizio dramatiko-liturgiko erromanikoan errotu edo bestelako jatorri zuzenagorik izan zezakeen arren (gaztelaniazko obra batetik, esaterako), ez dirudi gutxiestekoa Barrutiaren antzezlana tradizio horrek euskal munduan hartu indarraren fruitu izan zela pentsatzeak, Lasagabasterrek zioen bezala, nekez esplika bailiteke Ikuskizuna oinarrizko antzerki-ingurune eta gizarte-aztura bat gabe. Ondoko galderak, dena den, ez dira erantzun-errazak: bi mendetan euskal erroak hartuz joan zen tradizio bateko ale bakarraren aurrean geundeke? testuetan oinarritu bainoago, testurik gabeko edo testu gutxiko antzezpenak ote ziren? trinko kodetuak eta oinarrizko elementuak beti agertzen zituztenak ote?

        Elementu argi-emailerik bilatu nahi izatekotan, testuan zehar azaltzen diren bertso ereduetatik eta hizkuntz formetatik abiatu beharko litzateke ziurrenik. Baina molde askotakoak eta bertsogintza zaharreko eitekoak izan arren, ez dira oraindik aski gora ez aski klar mintzo.

        Liturgia-drama honek Kristoren jaiotza irudikatzea du helburu, eta horretarako XVIII. mendeko Arrasateko bizimoduaren hainbat alderdiren azalpenaz baliatuko da. Ekintza dramatikoa, beraz, bi mailatan garatuko da: denbora-espazioa koordenadak bikoizturik agertzen dira ( 0 urtea/ XVIII. mendea, Belen/Arrasate) eta pertsonaiek ere sistema bikoitz horri erantzuten diote (Kristoren jaiotza/Arrasateko bizimodua, pertsonaia historiko handiak/ XVIII.eko arruntak, etab.). Bikoiztasun horretan ez dira faltako errealitatean zuten izaera bera antzezten duten pertsonaiak ere.

        Esan bezala, maila erreala eta fikziozkoa zeharo nahasita agertzen dira obran barrena. Era berean, garaiko antzerkigintzan ohiko bihurtzen hasiak ziren unitate arauei uko eginez, aktoreak berak izango dira denbora eta espazioaren nozioak sortuko dituztenak eszenatokian agertu eta hitz egin ahala.

        Beraz, prezeptiba dramatiko neoklasikoak araututakorik edota egiantzekotasun historikorik ez da azaltzen bertan, beste maila batekoa baita Barrutiaren lanaren izaera. Are gehiago, eredu dramatikoen arteko kontrastea nabarmenarazi nahiko balitz bezala, graziosoak berebiziko garrantzia du testuan. Eta ezaguna da nekez onar zezakeela proposamen neoklasizistak ekintza apurtu eta antzerkiaren arrazoiaren eta logikaren aurka jardun ohi duen barregilerik, ekintza dramatikoaren nahasmendua gehitzeko baino ez bailitzateke izango.

        Metrikari dagokionez, Barrutiaren polimetriarako joera azpimarratu du Juan Mari Lekuonak (1983: 1998, 551-570), bertso-lerro gutxiko sei eredu desberdin bereiziz. Eredu labur horiek, halaber, konta-poesiaren munduaren eragina erakusten bide dute, eta musikaren laguntzaz burutuak dirudite.

        Bestalde, pertsonaien araberako estrofa motek, erabiltzen den hizkerak berak, antzezpenaren garapenak... freskotasuna eman eta nolabaiteko primitibismo airea eransten diote antzezlanari. Agian horregatik guztiagatik ikusi nahi izan zaio berez ez daukan modernotasun ukitua ere.

 

Bilaketa