literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Liburu haren gabeziak berak erraldoiago bilakatzen du Axularren obra bakarra, luzaroan landua eta ordura arte egindakoetatik desberdina eta, ezbairik gabe, alde guztietatik biziki aberatsagoa.

        Pedro Agerre Azpilkueta urdazubiarra jaio zeneko baserriaren izenagatik da ezagunagoa: Axular; eta sinatu ere, horrela sinatu ohi zuen, hala idazkietan nola argitaratu liburu bakarrean. Datu biografikoei dagokienez, argitzeke dago oraindik hainbat puntu garrantzitsu; haren jaioturtetik hasita (1556an ala 1570 inguruan?), gaztaroko ibilbidetik eta Lancreko jaunaren agindupeko jazarpenetan izandako jokamoldetik igarota, eta azken urteetan eramandako bizimoduraino, Axularren irudia laino misteriotsu batek lausotua agertzen da, betiere esparru mitologikoaren kontuekin nahasten diren albistez zipriztindurik (belauniko joan omen zen Pariseraino!).

        Guztiarekin, ezaguna da Saran hil zela (1644-IV-8) eta 1600etik ia azken egunak arte bertako erretorea izan zela. Datu nabarmenen artean, bestalde, Salamancan egindako Teologia ikasketak eta apaizgorako erakutsi azkartasun muga-gainditzailea azpimarra litezke, azken honetarako inguruko elizbarruti guztiak erabili baitzituen (Iruñea, Lerida, Aturbe). Behin apaizturik, Iruñeko elizbarrutia utzi eta Baionakora abiatu zen. Donibane Lohizunen lau bat urte predikari gisa iragan ondoren, eta nonbait amarru edota influentziez baliatuz, Sarako parrokiaz jabetu zen.

        Axularren idazlan bakarra (Gero, Bordele, 1643) lan aszetikoa da eta luzamendutan ibiltzeak eta eginbeharrekoak geroko uzteak egiten duen kalteaz dihardu oro har. Onbideratzeko gomendioen artean —eta pisu gehien gizakiari biologiak berak eskatu ohi dion haragiaren ingurukoek hartzen duten arren, tradizio kontrarreformistako aitorpen-liburu orotan bezala—, ez da faltako hainbat bekatu buruzagiri buruzko atalik, protestantismoarentzat funtsezko ziren zenbait doktrina-puntu garrantzitsuren aurkako kapitulurik (Jainkoaren miserikordian fidatu bai, baina...; obra onen eta erremusinen premiaz, konfesatzearen beharraz...), ez eta bestelakorik ere (infernuari eta zeruari buruzko hausnarketak, etab.). Gaiak, dena den, «gero» kontzeptuaren inguruan harilkatuak agertuko dira betiere.

        Formalki 60 kapitulu eta 621 orrialdekoa bada ere, bi orrialderen zenbakiak errepikaturik egotean, praktikan 623 orrialde ditu (gehi aurkibidea).

        Generoari dagokionez, eremu suasoriokoa da liburua, hau da, irakurlea zerbaitez konbentzitzeko idatzia eta haren moralitatean eragiteko osatua. Esparru aszetikoan txertatzen den heinean, irakurleen jokamoldeak aldaraztea du helburu, betiere puntada luzamendutan ibiltzetik datozkeen kalteetan emanez.

        Egilearen irudiaren antzera, Axularren obra ere problematikoa gertatu da betidanik, arazo nagusietako bat autoreak berak aitortzen duen lan egitasmotik etorri ohi delarik. Obraren izenburuan bertan kategorikoki «bi partetan partitua eta berecia» izango zela baieztatzen den hura, «Iracurtçailleari» izeneko hitzaurrera iristean zalantzazko bezala geratzen da:

        Eta nahi nituzqueyen bi parteac elccarrequin eta batetan atera. Baiña iccussiric cein gauça guti edireiten den euscaraz esquiribaturic, gogan behartu naiz eta veldurtu, eztiren bideac asco segur eta garbi [...] Eta halatan hartu dut gogo lehenbicico parte hunen, lehenic venturatçeco, eta berri iaquitera beçala aitcinerat igortceco. Hunec cer iragaiten den, cer beguitarte içaiten duen, eta nor nola mintço den, avisu eman diaçadan. Guero avisu haren arauaz, ethorquiçunerat governatceco: Eta bi garren partearen camporat atheratceco edo barrenean guelditceco eta estaltceco (16 or.).

        Printzipioz, beraz, Gero obraren lehen partearen aurrean geundeke. Alabaina, Axularren obran bilatu nahi izan den «taxutze-irizpide logikoa»-ren faltak zorabiatu egin ditu azken mende eta erdi honetako irakurle eta kritikariak. Batetik, liburuaren egituraketa ez omen zen behar eta espero zitekeen bezain koherentea eta egokia (ez behintzat Axularrek zenbaitetan eredutzat hartutako Frai Luis Granadakoaren Guía de Pecadores liburuarena adinakoa), eta, gainera, tematikoki ere lehen partean eskaini behar zena («cenbat calte eguiten duen luçamendutan ibiltceac») bigarrenean joan behar bide zenarekin (onbideratzeko gida bezalako batekin, alegia) nahasirik agertzen zen, askoren ustez.

        Guztiarekin ere, obra aszetiko garaikideen taxuketak ikusirik, balirudike Axularren Gero liburua ere bere hartan eta egileak adierazi bezala («liburuaren lehen partea» bezala, hain zuzen) hartu eta irakurri beharko litzatekeela, urdazubiarrarena, logika eta koherentzia aldetik, ez baita beste hizkuntzetan idatzi zituztenetatik gehiegi aldentzen.

        Axularren idaztankeraz den bezainbatean, ezaugarri ezberdinak dituzten hiru zati bereizi ohi dira eskuarki: alde batetik, atal edo multzo nagusia, Gero-ri gorputza ematen dioten hirurogei kapituluek osatua, eta liburuaren benetako estiloaz eta baliabideez mintzo dena; eta, bestetik, askoz ere laburragoak eta nolabaiteko izaera propioa eta berezia erakusten duten gomendiozko gutuna eta irakulearentzako sarrera.

         «Gomendiozco carta» Axularrek adiskide eta, garai batean, gotzain ere izan zuen Bertrand Etxauz-i zuzendua da. Testu bereziki liluragarria da, alde guztietatik landua eta orekatua eta, pertsonaia handi bati egindako eskaintza batek eskatu bezala, ohiko errekurtso erretorikoez ezin hobeto baliatzen dakiena. Zinez baiezta daiteke liburuak ikuspuntu estilistiko-erretorikotik duen zatirik jantziena dela. Hunkigarria gaian eta forman, aberatsa baliabideetan, era eder-garbian erakusten du Axularren lumaren maisutasuna.

        Aurrekoa ez bezala, «Iracurtçailleari» delakoa testu praktikoa da, hots, irakurleari zuzendua eta zenbait argitzapenen berri emateko prestatua. Atalak bereiziz gero, berehala atzemango da bertan obraren justifikazio topiko-erretorikoa, liburuaren gaia, autoreak burutuko duenaren tratamendu grafiko-linguistikoaren nondik-norakoak, espero duen irakurle tipoaren irudikapen laburra... eta, nola ez, eremu soziolinguistikoarekin zerikusia duen pasarte ospetsua. Baina obraren argigarri den arren, tonu eta idaztankera arruntekoa dela esan daiteke, modu praktikoan eta «egunerokoan» tratatuko baititu hizkuntza eta estiloa, aparteko baliabiderik gabe.

        Multzo nagusitzat hartu diren 60 kapituluetan, berriz, Axularren prosari tonu berezia eskainiko dioten sermoi egitura eta tratamendua aurkitu ahal izango dira nabarmenkiro. Formaren aldetik, Axularrek kapitulu edo kapitulu-multzo bakoitzean, jorratu nahi duen gaiaren aurkezpen laburra egingo du lehendabizi (Bibliatik edota elizgizon handien obretatik jasotako pasarteren bat baliatuz eskuarki), gaiaren azalpen eta garapen luzea gero, eta, azkenik, bukaera laburbiltzaile eta mugiarazle izan nahi duena.

        Estilistikoki ere, atal horietako bakoitzak bere idazkera berezia erakusten du. Lehenengo biek bat egin ohi dute oro har, erritmo bera erakutsiz: lasaia, argumentatzailea, konparazioz, aipamenez eta etsenpluz zipriztindua eta egokiro taxutua eta ondoko adibidearen tankerako esaldi luzez osatua: «Nola gorputzeco medicuec anhitz midicina eta erremedio bilhatu baitute eta ediren gorputzeco eritasunen sendatceco, hala arimaco midicuec ere, cer den colera eta coleraren ondorea daquitenec, cein baita arimaco eritasuna, bilhatu dute eta eman anhitz auisu eta erremedio arimaco eritasun hunen sendatceco, colerac pitzten duen suaren hiltceco eta bai pitztetic eta iratchequitcetic ere beguiratceco» (Gero, 285-286 or.).

        Aldiz, zirikatzaile izan nahi duten atalek eta bukaerakoek oro har erritmo arinagoa islatzen dute. Irakurlearen onbideratzea helburu izanik, ezinbesteko dute haren barnean emozioa, zirrara, hunkipena, aldanahia... sortzea. Pasarte horiek, beraz, hizkuntza zuzenagoaz, perpaus laburragoez, galdera eta harridurazko esaldi askorekin... agertu ohi dira («Cer eguin gogo duçu bada? Certan pensatcen duçu? Ceren beguira çaude? Çahartcearen? Han çara. Eppearen? Complitu da. Compli eçaçu bada çuc ere ceure hitza eta promesa, çahar cindeciñeco eman cenduena!» [Gero, 193 or.]). Irakurri beharrean, entzun egingo balira, berehala nabarituko litzateke erretorika eklesiastikoak hain gogoko zuen estilo bortitza.

        Elementu horiek guztiek argumentazioaren eta konbentzimendurako argudioen indarra areagotzea dute helburu. Baina ez da hor bukatzen idazlearen eginkizuna, irakurlea era eta hizkera eder batez ukitu eta hunkitu nahi baitu, ez edonola agertuz. Labur esanik, osagai afektiboa eta balio estetikoa uztartzea bilatuko luke idazleak.

        Ondorioz, mezua buru-bihotzetan «iltzatzeko» balioko duten errekurtso erretoriko-estilistikoak izango dira idazlearen gogokoenak. Ez da, bada, kasualitatez gertatuko Axularren prosak errepikapen fenomenoarekiko erakusten duen jaidura, zaletasuna, atxikimendua.

        Edergarri horietako esanguratsuenak paralelismo formetara biltzen direnak ditugu batik bat, hau da, hitzen, hotsen, egitura sintaktikoen eta abarren ezarpen paraleloa erakusten dutenak. Erantsi beharrik ez dago, errepikapen eta paralelismoaren erabilera horrek «entzungarri» bihurtuko du prosa. Horren adierazgarri nabarmena dira etengabe agertzen diren errepikapen irudiak (egitura anaforikoak bereziki: «orai..., orai behar dugu...; orai behar derauegu...; orai..., orai...»), aditzaren eta deklinabidearen bidezko similikadentziak («Norc edirenen du ene baithan faltaric? Norc erranen du nic badudala beccaturic? Galdez nagotçue? Deus badaquiçue, erraçue. Cer dioçu, Iaungoicoa? Cer hari çara? Nolatan eguiten deraueçu galde hori ceure etsaiey? Çutçaz gaizqui erraiteco occasino bilha dabiltçaney?» [448-449 or.]), musika proportzioak ahalbidetzen dituzten formula isosilabikoak («pontuaren latça; pausuaren gaitça» [559 or.]), aliterazioak eta bestelako homofoniak oro har.

        Bestalde, arlo semantikoan «errepikapena» fenomeno sinonimikoaren bidez burutu ohi den arren, ezin ahantz daiteke urdazubiarraren obra guztian barrena aurkitzen den sinonimia ugaria —funtzio argi-emailerik ukatu gabe bada ere— esaldien erritmoa kontrolatzeko baliabide gisara erabiltzen dela batik bat.

        Axularrek horiez guztiez egiten duen erabilera erretorika klasikoak eta eklesiastikoak aholkatutako bide eta baliabideetatik abiaturik burutuko da, betiere ahozkoaren munduak eskaintzen zizkionak ere ezin hobeto baliaturik. Hori dela eta, haren ekarpenik gogoangarrienetako bat euskararen —berezko— senaren arabera ehunduriko prosa erretorikoa eskaintzen jakitean letzake nagusiki. Eta, dakigularik, egiteko horretan lehena eta hoberena izatean.

 

Bilaketa