literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.110 idazlan
7.824 esteka / 6.299 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

LAIOTZEKO KULTUR ELKARTEETATIK...

 

        Hegoaldeko egoera sozio-politiko itogarriaren aurrean, hortaz, kultur dinamika hutsa zirudiena baino ez zen geratu irekita gizarte-arnasketarako. Hark guztiak kultur gunetzat definitu ziren elkarte nahiz aldizkari zenbaiten sorrera ahalbidetu zuen euskaltzale kopururik handiena biltzen zuten esparruetan, hiriburuetan hain zuzen. Alabaina, borborrean zegoen giro hartan erraz aurreikus zitekeen bezala, ez elkarteak eta ez aldizkariak ez ziren mugatu elkarteen eta idazlanen agerleku huts izatera, baliabide ezin hobeak baitziren ideologi hedapenerako ere. Esan gabe doa haien jarduera gehiena gaztelania hutsez burutu zela.

        Kronologikoki lehena (1877), Iruñeko «Asociación Euskara de Navarra» elkarteak gerra aurreko proiektu bati heldu zion euskara eta euskal literatura eta historia gorde eta zabaltzeko helburuarekin. Juan Iturralde, Arturo Kanpion (literatura eta politika arloetako eta «Euskara» mugimenduaren zutabe nagusia), Herminio Oloriz eta beste batzuk sortzaile eta partaide zirela, hasieratik beretik ekin zioten kontzientziatze ideien plazaratzeari. Iraun bitartean (1878-1883), Revista Euskara hilabetekariaren gai nagusiak literatura, historia eta foru zuzenbidearen arlokoak izan ziren.

        Ildo kulturalista hartako partaideen asmoak foru-berreskurapenaren inguruko joerak batzera bideratu ziren berehala. Foruzaletasunari tinko atxikirik, literatura eta kultur agerpenak folklore hutsaren mugetatik ateratzen ahaleginduko ziren euskaro-ak. Euskal errealitateaz zuten ikuspegi bateratzaileak ere ezinbesteko oinarriak jarriko zituen Iparraldea eta Hegoaldea, kultur dinamikan behinik behin, elkarrekin jokatzen has zitezen. Horren adibide nabarmena da, esaterako, 1879ko Lore Jokoen antolamendua.

        Gasteizko taldearen ardatza, berriz, Fermin Herranen zuzendaritzapeko Revista de las Provincias Euskaras aldizkaria (1878-1879) izan zen. Eta haren inguruan Julian Apraiz, Federico Baraibar, Ladislao Velasco eta Ricardo Becerro de Bengoa bezalako pertsonaiak bildu baziren ere, arabarrena nafarrena baino oihartzun gutxiagokoa izan zen euskaraz ziharduen gizataldean. Guztiarekin, F. Herranen ekimen kulturalista Bilbon ere agertuko zen, 1878-1901 bitartean, 62 liburuko bilduma «baskongadoa» argitaratu zuenean.

        Aurrekoena bezalatsuko sentsibilitateak gidaturik, Vicente Arana idazleak Revista de Vizcaya izenekoa (1885-1889) kaleratu zuen Bilbon. Hiriburu bizkaitarrean, alabaina, huts egin zuen A. Artiñanok, Delmasek, Truebak eta bestek 1886an prestatuko zuten proiektuak. Industrializazioaren gizarte-konplexutasunagatik nonbait...

        Hiri euskaldun(ago)a izanik, bestelakoa zen Donostiako egoera, krisiaren bizipen larriari ez baitzitzaion eransten euskal nortasunaren erabateko galeraren kontzientzia. Eta horrexegatik jokatu zen han, hain zuzen, «normaltasun» gehiagoz.

        Katedraduna eta Udal Bibliotekako zuzendaria, Jose Manterola (1849-1884) gertatu zen bertako euskaltzaleen benetako ardatza, eta haren zuzendaritzapeko Cancionero Vasco aldizkaria (1877-1880) laster bilakatuko zen mugimenduaren erreferentzia. Hizkuntz oharrez eta kritika antzekoez hornituta, aldizkari hark poeta eta bertsolari zahar eta garaikideen lanak baloratzeko eta ezagutarazteko balio izango zuen (Oihenart, Etxepare, Iztueta, Bilintx...).

        Kultur eta gizarte-eraginaren ikuspegitik ere, nabarmentzekoa da Manterolak berak sortu eta hainbat urtez arteztu zuen Euskal-Erria agerkaria (1880-1918). Euskara zein erdara erabiliz, hizkuntza, kultura eta historiari buruzko gako garrantzitsu bilakatu zen berehala euskal munduan. A. Arzak, Lopez Alen eta Toribio Alzaga bezalako zuzendariak izanki, aldizkari hark garaiko intelligentsia erakarri zuen bere lerroetara, eta ez irakurle gisa bakarrik. Lehendik idatzitako lanak jasoaz edota espresuki aldizkarirako prestatuak, A. Kanpion, A. Trueba, S. Baroja, K. Etxegarai, M. Soroa, A. Abadia, J. Duvoisin, J.B. Elizanburu, J. Vinson, G. Adema eta beste agertuko ziren orrialdeotako sinatzaile.

        Praktikan, dena den, eraginkorragoak izan ziren Manterolaren ekimenez antolatutako Consistorio de los Juegos Florales eúskaros izenekoak. Inguruan Soroa antzerki-gizona, Gregorio Arrue itzultzaile emankorra, etab. zeudelarik, Lore Joko haiek, Abadiaren itzalpean antolatutakoekin batera, literatur —eta kultur— hedapenaren motore funtzioa beteko zuten Hegoaldean. Eta haietan ere zinez zutarri suertatu zen 1879. urtea. Izatez, Lore Jokoen dinamika Hegoaldean errotzeko xedea zuten euskaltzale iruindarren erreguz Abadiaren antolamendua Elizondora eramatea erabaki zen urte hartan bertan antzeko funtzionamendua izango zuten Euskal izkribatzaileen indar-neurtzeak antolatu zituen Donostiako udalak ere.

 

Bilaketa