literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Euskararen apologiaren zuzia eramateko trebetasun gaindiezina, obrarik gehienak gaztelaniaz idatzi zituen euskaldun autore baten eskutik etorriko zen. Haren obrak, ezaguna da, hizkuntzaren balio eta baliabideen kontzientziatze prozesuari ireki zion atea modu hedatu eta eraginkorrean.

        Manuel (Garagorri) Larramendi andoaindarrak egin zituen lanekin (lexikografikoa eta gramatikoa batez ere), euskara beste hizkuntzen mailan zegoela erakutsi nahi izan zuen, eta, are gehiago, beste hizkuntzek baino ahalmen gehiago eskaintzen zuela edozertaz mintzatu eta idazteko.

        Horrek guztiak (eta Larramendiren kritika zuzen-zorrotzak ere bai, noski) Hegoaldeko idazleen artean hizkuntza arreta handi(ago)z tratatzeko konbentzimendua ahalbidetu zuen. Haren ondoren, zinez esan daiteke «literatur kontzientzia» gehiago egon zela eta hizkuntza ere (gramatika eta lexikoa, batik bat) gehiago landu eta zaindu zela.

        Obra erlijiosoen premia asetzeko, idazte edo itzultze hutsaren esparrua gaindituz, ordura arte maizegi agertzen ez zen Literatur prekontzientzia garrantzitsu bat errotu zen urte haietako idazleen artean. Formalki, behinik behin, hizkuntz kalitatean irabazi zuen endekatzen zihoan liburugintzak, eta liburuek, aldi berean, lehenagokoek isurtzen zuten naturaltasun primario eta askotan zabarra galdu zuten, balio erretoriko eta estilistikoen truke. Ondorioz, hala edo hola, euskara hautatua eta prosa ez-arrunta erakusten saiatuko ziren Larramendiren eraginpeko idazleak.

        Eta horrela, Hegoaldeko idazleak Iparraldekoen tradizio (gramatiko-literario) zainduaren parean jarri ziren lehendabizikoz.

        Baina, honetan ere Etxeberri Sarakoaren ildotik, Larramendik iritzi altua, laudatzailea erakutsi zuen Iparraldeko literaturari buruz. Iritzi hark, jakina, literatur gipuzkeran ez ezik, literatur bizkaieraren sorreran ere —tartean zilbor-heste mehe eta ia ikusezin bat bailegoen— izango zuen eragina, Añibarrok ez baitzuen kasualitatez itzuli bizkaierara Larramendik laudaturiko Gero liburua, ez eta Mogelek Lavieuxvilleren dotrina euskaratu ere.

        Andoaindarraren eraginak, dena den, hiru eratakoak edo izan ziren: berak sortarazitako konfiantza giroaren bidezkoa, batetik, ondorio gisa literatur liburuen ugalketa ekarriko zuena; bigarrenik, lexiko arloko eragina, hiztegiaren bidez zuzenean burututakoa; eta, hirugarrenik, lausoagoa agian, preilustrazioko intelektual gisa inguru ilustratuan izango zuena (Zalduntxo eta EHAE/BSAP elkartekide zenbaitek ere ongi irakurria eta bereganatua zuten jesuitaren obra; ik. Larrañaga 1991, 175: 363 oharra).

        Larramendi Andoainen jaioa zen (1690-1766). Lagundian sona eta prestigio handia izatera iritsiko zen jesuita hau Salamancako Unibertsitateko irakaslea izan zen Filosofia eta Teologian. Ospeak Carlos II.aren Mariana de Neuburgo alargunaren konfesore bilakatzera eraman zuen eta harekin igaro zuen hainbat denbora Baionan. Bertan gertatutako itsuskeriaren bat tarteko, Loiolara erretiratu zen 1733an eta, aurrerantzean, euskararen arlora murriztu zituen eginkizun gehienak. Berezko nortasun, jakituria eta ospearen kariaz, eragin handia izan zuen han bertan nahiz inguruan zihardutenengan.

        Euskal Literaturak euskararen apologista (gaztelaniaz) eta euskaldunen esnale bezala ezagutarazten badu ere, egia da gauza askori buruz idatzi zuela, gai erlijiosoez batik bat. Euskararen munduan, gramatikalari eta lexikografo gisa agertuko da haren irudia.

        Euskarazko produkzioari dagokionez, testu interesgarri zenbait iritsi zaizkigu sermoi, hitzaurre eta gaztelaniaz idatzitako obretan barreiatu pasarteen artean. Interesgarriak, besteak beste, hiztegian markatutako ildotik at idazten duela ohartzeko, artifizialtasunik gabe eta gehiegikerietatik urrun.

        Baina euskaraz gutxi idatzi arren (badirudi galdua dela Burgosen argitaratu poesia bilduma bat), bera izango da hurrengo urteetako literatura ulertzeko gako nagusia, euskal idazle izango zirenei berak ekarri baitzien konfiantzaren lehen oinarri sendoa, hizkuntzaren estatusaren prestigioa hain zuzen. Aldi berean, finkatu ere egin zituen euskararen gaitasunak «arte» (gramatika) batean, eta lexiko kultu baterako oinarriak —nahi beste eragozpenekin— hiztegian.

        Horren ondorioz, zilegizkoa da esatea berari zor zaiola hizkuntz kontzientziaren hedapena eta, halaber, hurrengo urteetan sortuko zen literatur mugimendu berriaren bultzada, batez ere gipuzkeraren inguruan literatur tradizio berria sortuko duena.

        Dakigunagatik, kezka erlijiosoak bideratu zuen euskara lantzera (haren hitzak Corografian 302-313 or. eta hiztegian horren adierazgarri garbia lirateke), predikazioa eta irakaskuntza erlijiosoa euskaraz bultzatu nahiak. Alabaina, ez zitzaion besterik ere faltatu: «El impulso, que me hizo empeñar en estudio tan espinoso, no fue sola la pasión de ennoblecer, è ilustrar nuestra Lengua, y por este lado acreditar à la Patria. Fue otro mayor, y mas propio de mi caracter, y consiste en el gran bien, y utilidad, que espero se ha de seguir à todo el País del Bascuenze. Alli es necessaria esta Lengua, sirviendo muy poco el Romance para el comun de la gente» (El imposible vencido).

        Larramendiren bideak euskararen prestigiatzetik igaroko dira, haren aberastasuna, baliagarritasuna eta ahalmena demostratzetik hain zuzen, horixe izango baita andoaindarraren kezkarik handiena: kultur erronka berrien aurrean euskarak dituen ahalmenak (egin lezakeena) erakustea eta euskaldunak horiezaz baliatzera bulkatzea.

        Oro har, esan liteke Larramendiren jarduera guztiaren funtsean zegoen konbentzimendua eta kemena Etxeberri Sarakoaren ildoko apologian islatuko zituela era teorikoan. Tubalismoa, hizkuntzaren sorterrotasuna, Espainiako lehen hizkuntza, euskaldunak zinezko espainolak, arraza garbia eta noblea... apologiaren atalak baino ez ziren izango.

        Larramendiren obren azalpen didaktikoa egiten denean, alderdi apologetiko hori lantzen dutenak aurkezten dira batetik, eta, ondorio bezalako adar praktiko gisa eta, aldi berean, apologetikaren sustatzaile gisa, esparru lexiko-gramatikala agertzen dutenak, bestetik, bi-biak zeharo ezberdinak bailiren eta ohartu gabe, ondikoz, Larramendik ezin hobeto ehunduta zituela bere baitan lanen arteko uztardurak eta lehentasunak. Argi zuen, esaterako, El imposible vencido-ren ostean hiztegia behar zuela burutu eta argitaratu, eta, era berean, egoki iritzia zion gramatika liburu hura kaleratu baino lehenago De la antigüedad y universalidad del bascuence izena hartuko zuena aitzindari gisa igortzeari eta, bertan, Artearen hasieran joan zitekeen material apologetikoa, euskararen betegintzarrearen ingurukoa, biltzeari. Eta hala agertu zuen 1728ko liburu hartan.

        Baiki, De la Antigüedad y Universalidad del Bascuence en España (Salamanca, 1728) [1] liburutxoak, El imposible vencido-ren aurretik igorritako «desaktibatzaile» ideologikoa izatea zuen helburu («este escrito preliminar del Arte» dio berak). Eta euskararen funtsezko zirriborro orokorra ezagutarazi nahi bazuen ere, ordurako Larramendik garbi zituen ondoko obretan erakutsiko zituen iritziak, hiztegian baliatuko zituen irizpide etimologikoak barne. Edonola ere, honako puntu nagusi hauen inguruan harilkatu zuen diskurtsoa: euskara Espainiako hizkuntzarik zaharrena da eta penintsula guztian barrena hedatua («los vascongados son los españoles legítimos, impermixtos, descendientes de los primeros pobladores de España y de sus sucesores»), eta demostrazioa zinez zientifikoa ager zedin ez zuen zalantzarik izan historiaz, toponimiaz eta bestez baliatzeko. Horrezaz gainera, eta Mariana ospetsuak (1536-1623) eta bestek («ha choraburu ciquiñac!») esandakoei aurre eginez, euskararen perfekzioei eta beste hizkuntzekiko erkaketari eskainiko zien obraren zati handi bat. Euskara, oro har, dotore(ago), zuhurr(ago), erregularr(ago), harmoniko(ago), formetan eta lexikoan aberats(ago) eta hitzak sortzeko ere ahalmen handi(ago)az irudikatzen da liburuan, eta azken horretaz inongo zalantzarik egon ez zedin, honela iragarri zuen: «la prueba de mi aserción será el Diccionario vascongado», hamazazpi urte beranduago argitaratuko zuena.

        Halere, garbi zuen Larramendik lehenago euskararen oinarrizko perfekzioa erakustean zetzala eginkizuna, hots, «ver que, sin Academias, sin asambleas, y de primera mano, sale el vascuence tan primoroso, tan arreglado, tan en solfa de declinaciones, conjugaciones, sintaxis con sus ocho partes, prosodia con sus acentos». El imposible vencido. Arte de la Lengua Bascongada-k erakutsiko zuen hori.

        1729an argitaratua, Artea delakoa gramatika bat da, ona eta egokiro taxutua. Hitzaurrean zioen bezala, «hasta aora han tenido por impossible reducir a methodo, y reglas el Bascuenze, no solo los ignorantes, sino tambien los doctos, no solo los estraños, sino tambien los proprios: y aun el dia de oy ay mil incredulos, que juzgan, que Arte, y del Bascuenze son terminos implicatorios, mas que los del hircocervo. Semejantes engaños son comunissimos en otras materias. Unos quieren, que sea impossible lo que aborrecen, y no pueden ver; otros ciñen demasiado los limites de lo possible, midiendolos con su corto alcanze: otros en fin llaman impossible a lo que pide aplicacion, estudio, y trabajo».

        Baina gramatikaz gainera, Literaturaren Historiak kontuan hartu beharreko poetika bat ere proposatzen zen hirugarren partearen azken kapituluan. Aurrerago ikusiko den bezala, orduan egin ohi zen poesiaren berri ematen du Larramendik bertan, eta, bere egitasmo orokorrarekin bat eginez, euskarak egin dezakeen poesiaren ideia bereziki azpimarratzen du.

        1745ean argitaratuko zen Diccionario trilingüe del Castellano, Bascuence y Latin delakoak euskararen inguruan aurreikusitako obra erraldoien zikloaren amaiera ekarri zuen.

        Maiz azpimarratu izan da nekez bereiz daitekeela hiztegi honen izaera apologetikoa hiztegi baliagarri bat egiteko asmoetatik; eta horretan datza ziurrenik obraren eragozpenik handiena. Izan ere, Larramendik, euskarak gaztelaniak adina hizkuntz baliabide dituela demostratzeko, dena ematen du nahasirik: gauza jatorrak eta berak asmatutakoak, neologismoak eta etimologia harrigarriak.

        Berrehun eta hogei orrialdeko hitzaurre luzeak hiru zati ditu: lehenak euskararen perfekzioaz, euskalkiez eta haien ezaugarriez, euskaraz idatzitako liburuez eta hiztegiaz beraz dihardu; 1728ko liburuan argitaratu tesiei heltzen zaie bigarrenean («siendo el bascuence de hoy la misma lengua que ahora tres mil años, se sigue que siendo aquel bascuence la lengua primitiva y universal de España, lo es también este bascuence que hoy hablamos» 153 or.), eta hirugarrenean Mayans eta Armesto Ossoriori erantzuten ahaleginduko da.

        Formalki, eta kanpo-lan eskergaz aparte [2], Larramendiren hiztegi honen bilbea Espainiako Akademiak egindakoari buelta emanez taxutu bide zen, hitz guztiei zegokien euskarazko ordaina erantsiz. Eta erdietsitako lexiko-aberastasunak euskaldunen harridura sor zezakeenez, honela zuritu zuen bere lana: «Los bascongados al ver en el diccionario una cantidad tan prodigiosa de su lenguaje vulgar, unos preguntarán si todas son voces del bascuence, y otros resueltamente dirán que no lo son, sino de mi fábrica e invención. A los que preguntaren con modestia y sin pasión, digo que todas son bascongadas y que no pongo ninguna que o no haya leído en los libros impresos u oído en alguno de los dialectos del bascuence, apuntándolas todas de antemano con toda prolijidad para que no se me olvidasen» (1853ko edizioa, 41 or.)

        Halere, hitzak asmatu zituela ere aitortuko zuen, premiazkoak zirenak alegia, beste hizkuntzetan bezala, aurkitu berriak ziren objektuak izendatzekoak hain zuzen.

        Bestalde, hiztegian aurkezten diren etimologiak txundigarri asko badira ere, ezin da ahaztu Larramendiren isekarako jaidura, eta, apologia alorrean legez, ez dirudi eragozpenik jarri nahi izan zionik bere buruari xedeetara iristeko eta bilatzen zuena lortzeko. Jakinaren gainean eginak ziren, beraz. Ildo hartatik, harrigarria da, orobat, espainiar Hiztegiaz egiten duen azterketa «estatistikoa» (lehena ziurrenik!) euskararen presentzia eta gaztelaniak zor diona nabarmentzeko.

        Obra garrantzitsuena eta jarraitzaileen artean entzute gehien eman ziona, hiztegiaren eragina beste liburuena baino handiagoa izan zen euskal munduan. Erabilpen moderatuagokoak batzuk, ez hainbeste bestetzuk (ez baitzuten guztiek berdin ulertu hiztegiaren funtsezko izaera apologetikoa), haren hiztegi-erabiltzaileen artean ez zen faltako Egiategi, Iztueta, Mogel edo Agirre Asteasukoa bezalako idazlerik.

        Nolanahi ere den, ezin ahantz liteke Larramendiren idazte-jokamoldea hiztegiaren azaleko irakurketatik edota haren ustezko garbizalekeriagatik ondoriozta daitekeena baino askoz ere malguagoa izan zela. Mendibururen Jesusen Biotzaren Devocioa liburuari 1747an eginiko hitzaurrean aski garbi geratzen da Larramendiren iritzia:

        «Beste bátzuec dituzu, guré Eusquéran nai ez luquéenac beste hizcúndeetatik hizcho bátere [...] Bédereco erguelqueria! Etzaiteala zu malmeti. Eusquérari erachi záizca Gaztelaniatic, Latiñetic edó beste hitzcúndeetatic hitz ascó; baña adituáz ta oituáz, Eusquéracoac bézaiñ ongui aditzen diranac, eta óyec utzi bear eztitúgu»

        Gogora bedi, azkenik, Larramendik hizkuntzaren arlo hutsa gainditzeko nabaritu zuen premia. 1754an idatzi zuen Corografía-n ezin argiago mintzatu zen euskarazko testu batean adierazitako intziri edo erregu gisako baten bidez:

«Aspaldi nabil nola Euscal Erriac edertu, ta jasoco ditudan [...] baita gure eusquera, izcuntza gucien zarrena aien garai nola ezarrico dedan. Baña ezta sinistecoa cer guertazen zatan. [...] eusqueraren saiesetic euscaldunoc galduac baita ondatuac ere guinduquec erdaldunen becaitzez ecin ecusiaz, ta juzcu gaiztoz. Baldin elcar artzen baguendu gucioc, nor bere sallari dichecala, Francian icaratuco guintuque franciar guciac, ta Españian españiar guciac. Non da ordea elcarte ori? Nagoan isillic. Nere min garratzena da, are eztacuzcula onetatic darraizcun calteac eta gaitzac, eta dirudienez, ezagutuco ere eztitugula, ditugun on piscac galdu ditzagun artean» (1754: 1986 320-321; gureak dira letra etzanak).

 

[1] Gogoratzekoa da hiru urte beranduago (1731) Juan Perotxegi nafar militarrak Origen y antigüedad de la lengua bascongada y de la nobleza de Cantabria argitaratuko zuela Bartzelonan. Apologia honek ere, ohi bezala, tubalismoan oinarrituko zuen lehen tesia.

[2] «A falta de libros me fue forzoso consultar el uso verbal de nuestros patricios; oir a cultos y no cultos; notar como se habla en los pueblos y en las caserías; peregrinar a varios parages, y más con el empeño de comprender en mi diccionario todos los dialectos del bascuence, hacer apuntamientos, observar, combinar, separar el uso del abuso, adivinar la ortografía, investigar etimologías y raíces; y en fin, juntar y organizar un cuerpo de lengua que, dividido en menudos trozos, estaba derramado por varios lugares y países» (Liburuaren eskaintzan)

 

Bilaketa