literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura'ren atze edo edesti laburra»
Orixe

Euskal-Esnalea, 1927

 

        V. AXULAR (1643)

 

        Peru Axular, Naparroa'ko Urdazubi'n jaioa, ta Laphurdi'ko euskeraz idatzi zuena duzu aurki euskal-idazlerik bikainena, oraintsudaino. Geroko gero edo Jainkoa'rengana biurtzeko luzamena zein kaltegarri den erakusten digu. Liburu ori ez da guzia bere buruz asmatua. Berak ere ba dio asi-aurrean: «Gogomenak, Eskritura Saindutik, Elizako Dotoretatik eta zuhurren liburuetarik Axular, Sarako Errotorak bilduak» Bein batez lagunarte on batean ari zirela, solasak ekarri zuen, etzuela deusek ere hanbat kalte egiten arimako eta ez gorputzeko ere, nola egitekoen geroko uzteak, eta on zatekeiela gauza hunetzaz liburu baten euskaraz egitea. «Konpaiñia berean galdegin zen nori emanen zeikan liburua egiteko kargua. Eta bertze guzien artetik asi zeizkidan niri neroni aditzera emaiten lehenbizian kheinuz, eta ayeruz, eta gero azkenean klarki eta ageriz, nik behar nituela egiteko hartan eskuak sartu. Ordea nola ezpainintzen neure buruaz fida, desenkusatu nintzen ahal bezanbat. Baina alferrik, zeren hain zinez eta batetan lothu zizkidan, non ezetz erraiteko bide guztiak hertsi baitzerauzkidaten». Lagun aiek ezagutu zuten nonbait Axular'ek zer egin zezaken. Gero ori bi liburutan zatiturik egin nai zuen, «baina ikhusirik zein gauza guti edireiten den euskaraz eskribaturik, gogan-behartu naiz eta beldurtu, eztiren bideak asko segur eta garbi; baden bitartean zenbait trabu edo behaztopa harri. Eta halaian hartu dut gogo lehenbiziko liburu hunen lehenik benturatzeko, eta berri yakitera bezala aitzinerat igortzeko. Hunek zer iragaiten den, zer begitarte izaiten duen, eta nor nola mintzo den, abisu eman diazadan». Onozkero badakigu Axular'en liburu oriek zer begitarte izan duten Euskalerria'n. Bidasoa'z aindi asko irakurria da Axular, eta Bidasoa'z onoztik, orain beintzat, irakurtzeko gogoa etorri zaye zenbaiti, ta maizago irakurtzen ezpada, liburu orien alerik arkitzen ez delako da, ta ez besterengatik. Damurik ez dugu ikusiko nai bezain laister Gero'ren ekoispen edo edizione berria! Axular bezalako idazle asko izan balitu euskerak, dagon baino landuagoa zegoen onezkero. «Baldin egin balitz euskaraz —dio Axular'ek— hanbat liburu nola egin baita latinez, frantsesez edo bertze erdaraz eta hizkuntzaz, hek bezain aberats eta konplikatu izanen zen euskara ere, eta baldin hala ezpada, Euskaldunek berek dute falta, ta ez euskarak».

        Urte gutxi duela idatzi zuen Julio Urkijo jaunak, Axular'en Gero orren iturburuetatik bat ote zen Granada'ko Fray Luis. Granada'ren jario gutxi ageri da, Axular'en toki bakar batzuk itzez itz euskeratuak baldin badire ere. Lenbiziko zatian ez da zantzurik ere usmatzen; bigarrenean idazburu batzuk eta parrafo'ren bat besterik ez. Baino Granada'k berak ere Elizaren Gurasoengandik artzen zuen bere liburuetako gaia. Axular'ek duen guzia erderatik euskeratua balitza ere eluke gutxiago balio, ederki itzalgaiztu baitu erdera ori. Euskeraz burutatua dirudi Axular'en liburua.

        Gaurko irakurlea ez bijoa Axular'engana euskera garbi-garbiaren billa. Mingarri idurituko zaio ainbeste erdal-itz ikustea. Axular'en asmoa, burutapena den bezala ta argi agertzea da, ta ez dijoa igesi beste asko bezala buruan daukana adieraztetik. Asko ta asko, gaur ere, erderaren igesi dijoazela, burutapenaren igesi dabiltza. Alaere Axular'ek euskal-itz eder ugari ba du, Mendiburu'k baino ugarigo. Axular bere itzez zuzendua edo garbitua eman liteke dagon baino txukunago. Axular'en idaztankera bizia da, arraia, garbia, ta zainduna. Naiz bitxikeri edo axekarako, naiz funtsez eta gogor mintzatzeko gai dago beti. Orrek eman dio Laphurdi'ko euskalkiari bere joera ta aria [9].

        Onen atzetik etorri da idazle-sail ederra Laphurdi'ra. Laphurdiz esan diteke bere denboran Larramendi'k ziona: «en lo impreso nos hace ventaja a todos el labortano». Gaur bertan ere irakurri beintzat an egiten da geienik. Geroz bai idatzi ere. Martial'ek esan zuana, alegia: non scribit cuius carmina nemo legit = «ire neurtitzak inork irakurtzen ez ba ditu, ik ez duk idazten, ez idaztea bezala duk ori». Laphurtar guzietaz zerbait esan bear banu, luzatu eginen nitzake. Jaunenak edo buruenak bakarrik aipatuko ditut bada.

 

[9] Donostia'ko Argia'k itzeman zigun edo asmo ba zuen beintzat Axular berriro argitaratzea. Eztakigu zertan ari den. Urkijo jaunak ere asi zuen A. Añibarro'ren bizkaierara itzulpena, ta eztakigu noiz ikusiko dugun. Agian laister.

 

Bilaketa