literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

39.— Frantzisko Lapitze

(1832-1905)

 

        Arizkun'en jaio zan 1832-9-31'an. Bere aita, Bernardo Lapitze ta Lartegi, Irisarri (BN)'koa zan eta ama, Maria Josefa Arriada, Arizkun'goa. Eta gurasoak mugaz bestaldetik bizi arren, ona egin zuten joan-etorri baten, emen munduratu zan Frantzisko. Aitaren aldetiko aitonak ere gaiñera arizkundarrak ziran; ementxe ezkondu ziran, 1827-11-19'an, Bernardo eta Maria Josefa, Iturrialde jauregian bizi izanik; ementxe sortu ziran Maria Agustina (1828) ta Juana Silberia (1830), Frantzisko'ren bi arrebak ere.

        Eliz-karrera egin zuen, Azparren'en, Larresoro'n eta Baiona'n ikasiaz. 1856'an, lenengo mixiolari betarramitarrak Ameriketarako irten zutenean, meza emateko zegoen oraindik, Baiona'ko apaizgaitegian. Mezako egiñik, Baigorri'n egon zan lendabizi, Doneztebe elizan arimazai bederatzi urtetan, baita ondoren illebete batzutan Altzai'n ere erretore. Emen zegoela argitaratu zuen liburu bat bere izen gabe: Bi saindu hescualdunen bizia.

        Emendik joan zitzaigun Mikel Garikoitz'ek irasi zuen Lagundikoak Betarram'en zeukaten aztetxera. Aita Chirou nausiak artu zuen maitekor. Eta profesa egin ondoren, Montebideo'ra bialdu zuten bertatik: Uruguai'n, Paraguai'n eta Argentina'n mixiolari bizi ta kartsua izan zitzaigun. Ango euskaldunai batez ere arretaz lagundu zien, beste euskaldun mixiolari —Sartoi, Etxekopar— batzuekin. Berak irasi zuen Montebideo'n «Euskal-Etxea» zeritzan ikastetxe ederra. Kargu txit samurrak leporatu zizkioten, Elizaren eta Gobernuaren artean pakezkoak egitekoak eta abar, Paraguai'n baitik bat; emen zebillela gauzak ederki eratu ta eraman zitulako batez ere, paraguaitarrak La Asunción deritzan eliz-barrutirako gotzai izentatu zuten, baiña berak etzuen nai izan. Apala bait zan.

        Eten gabeko ekiñean lan eta lan ari zalarik, Conservación de Fe izeneko bazkunean alegia, ainbat eliz eta eskola or-emen jaso zizkigun. Eta azkenik, urtez eta irabaziz betea, Buenos Aires'en itzali zan, 1905-10-25'an.

 

BERE EUSKAL LANA.— Liburu bat argitaratu zuen, esan dugunez, Baigorri'n aurkitzen zala: Bi saindu hescualdunen bizia: San Iñazio Loyolacoaren eta San Franzisko Zabierecoarena (Baiona, 1867). 251 orrialde.

        Bost zati ditu liburuak: I. San Iñazio mundutar eta gerlari. II. San Iñazio escale eta peregrin. III. San Iñazio ikhasle eta erakutsle. IV. San Iñazio Jesusen Compainiaren altchazaile. San Franzisco Zabieren combersionea. V. San Iñazio Jesusen Compainiaren buruzagi. San Franzisco Zabieren lanac. Liburu ederra.

        Izan ere, trebetasun izugarria erakusten digu Lapitze'k idazkeran; antzerki pareko da-ta, bizi, zail ta giartsua. P. Lafitte'k onela: «Egun batean, ia eleberririk geunkanetz galdetu zidatelarik, baietz erantzun nien nik, baiña zerbait obea ere ba-geunkala, Lapitze geurea dugu ta: Aren lana, ain zuzen, trebetasun berarizkoz eraikia duzu, ta drama bat legez edaturik doa, idazkera bete, zuzen, mamitsuan, zenbait idazlariri eredu bezala begi aurrean jartea egoki litzakena».

        Arizkundar bat euskal idazleen eredu. Gauza ederra, noski! Zer guztiai ixurki atsegingarritik so egiñaz, ba-daki ark nola idatzi. Errez ta bizkor darabil idazkortza, ta orixe zaigu eder. Eta orixegatik dugu Lapitze mixiolari betarramitarra orren txalotua, euskal literaturan ere.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 628 orr.; P. Lafitte, Le Basque et la Litt..., 58 orr.; I. Omaetxebarria, «Euskera», 184 orr.; L. Mitxelena, HLV, 140 orr.; L. Villasante, HLV, 166 orr.; N. Kortazar, Cien Autores vascos, 73 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 113 orr.).

 

Bilaketa