literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

25.— Andres Iturzaeta eta Egia

(1838-1912)

 

        Bere egunetan, eta geroago ere bai, naiko mesede egin zuen idazle trebe onek, eliz-izlarien artean batez ere.

        Otxandio'n jaio ta il zan. Jaio: 1838-11-9'an, arratsaldeko 6,15'etan. Il: 1912-2-12'an. Zein kaletan? Gaur Emilio Olaso —ta orduan Artekalle— deitzen dan kalean, 20'garren zen bakian edo. Bere gurasoak: Santiago Iturzaeta ta Juana Egia, biok otxandiotarrak. Aitaren aldeko aitaita-amamak: Jorge Iturzaeta ta Josefa Iturberuaga; amaren aldetikoak: Joakin Egia ta Paula Lezeaga; guztiak otxandiotarrak. 1838-11-10'an bateatua izan zan, Karlos Frantzisko Burgoa, Durango barrutiko eliz-bikarioa, bateatzaille zalarik.

        Ez dakigu nun ikasi zuen eliz-karrera. Apaiztu ondoren Aramaio'n eta Legutiano'n egon zan abade, eta gero urteetan Otxandio'n parroku. Oso langille ta Jainko-zale ei zan, eta euskaltzale egiazkoa. Ba-zuen, egia aitortzeko, bera ezagutu zutenak diotenez, akats edo griña bat ere: joku-zale porrokatua zan, tresillua zuen gogoko, orduko abaderik geienak legez. Bein, gotzaiak galazo egin omen zuen apaizak jokuan egitea, ematen zuten jarraibide txarragatik; eta On Andres, Legutiano'n zegoela, Aramaio'ra joan omen zan ango abadeai ori jakin eraztera. Baiña... azkenengoz baiño ezpada ere, ekitalditxu bat egin bear zutela-ta, asi omen ziran gure apaizak jokuan, eta On Andres'ek azkenengo txanponerartekoak galdu ei zituan.

 

BERE EUSKAL LANAK.— Iru euskal liburu eman zizkigun.

        1) Urtearen domeca guztijetaraco berbaldiac (Tolosa, 1894). Eusebio Lopez'enean. Ale bi, bakoitzak 337 orrialde inguru ditularik. Aita J.I. Arana josulagunak eman zuen, orduan Durango'n aurkitzen baitzan, argitaratzeko bear zuen eliz-baimena; eta itz goxoak jarri zituen egillearen goratzarrez. Ementxe datoz, gaiñera, J.A. Unzueta prantziskotarrak idatziriko Santuen Itzaldiak ere.

        2) Aita Gaspor Asteteren icasbide cristinaucorraren Azalduera laburrak (Durango, 1899). 215 orrialde. Itaun-erantzunez aurtxoai Kristau Ikasbidea erakusten eliz-gizonai laguntzeko egiña, batez ere.

        3) Esaldiac Santuen eta escutapen miragarrizcoen ganian, eta gastechoac lenengo confesinoera prestetaco arguibideac (Durango, 1900). Florentino Elosu'ren moldetegian. Bi ale dira, 466-447 orrirekin.

        Irugarren lan onetan gai askotaz ari zaigu egillea: 1) Santuak: Antonio abata, Sebastian, Jose Aitalena, Padua'ko Antonio, Adrian, Juan Bautista, Pedro Apostolua, Karmengo Ama, Marina, Santiago Apostolua, Ana, Esteban len-martiria, Andra-Maria'ren zerura jasoera, Roke, Bartolome Apostolua, Andra Maria'ren jaiotza, Migel, Errosariokoa, Asis'ko Frantzisko, Zaragoza'ko Andra Maria, Santa Teresa, Ursula, Millan, Juan Gurutzekoa, Maria'ren sortuera garbia, Luzia, Jesus'en jaiotza; 2) Aste Santua: Eguen santu, Bariku santu, Maria'ren Bakartadea, eta 3) Garbitokiko arimenak, Loretako Illa, ta abar.

        Bizkaieraz idatzi zuen, eta goxo baizen jator geienik. Irakur zatitxo au, txastagarri bezela, Jerusalen'go Uriak aberats zegola ta gero bertanbera lagarik aurkitzean nolako aldea izan zuen ederki adierazten diguna, noski.

        «Jerusalengo uriak —dio— bere estutasunen artian euki eban naibagerik andiena izan zan, bere buruba bakarrik ikustea. Aberats egoanean David eta Salamonen egunetan, guztiak euki gura eben euren adiskidetzat. Erregeak eroaten eutsezan doe andiak; erri eta uriak emoten eutsezan ondasun ugariak; erreñuak bizi gura eben bere laguntasunean; eta guztiak ao batez deituten eutsen zorionekoa eta bedeinkatua. Baña arako bere arerioen mendeko eginik ikusi zanean, eta guztia banaturik, deseginik eta negarrezko premiñan larriturik aurkitu zanean, ez egoen iñor bere poztu egianik: arako leen bere adiskide guzurrezkoak ziranak, burla eta barre egiten eutsen, eta bere lagunik maitenak zirala esaten ebenak, bere areriorik gogorrenak izatera biurtuten dira. Lenago bera eregi, goratu eta alabau oi ebenak, gero zorroztuten dituez euren miñak, beragaitik dongaro eta txarto berba egiteko; eta lenago bera anditasunakaz, edertasunakaz eta ondasunakaz poztuten ebenak, eta poztuten ziranak, gero atsegin artuten dabe, bera deseginik, banaturik eta jausirik ikusten dabenean» (Esaldiak, II, 177 orr.).

        Aditza egoki oso darabil. Joskeran, berriz, ba-ditu bere utsak, garai artako geienak garaitu ezin izan zituztenak.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, II, 742 zenbakian; L. Villasante, HLV, 280 orr.; N. Kortazar, Cien Autores vascos, 103 orr.; G. Gorriga, «Bol. Amer. E.V.», 1950, 188 orr. eta 1952, 191 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 128 orr.).

 

Bilaketa