literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

6.— Joanes Haraneder

(1669?-...)

 

        «Hariztoy zenaren arabera, 1669-an ala orduantsu sortu zen J. de Haraneder», diosku P. Lafitte'k. Ziur ez dakigu, beraz, noiz eta nun jaio zan; ezta miresgarri ere, urte aietan ezpaitzan jaiotz-libururik oitutzen. Alere, Donibane Lohitzune'koa omen genduan, eta «aitoren semetarik». Baita jakintsua ere, baiña ez nunbait irakasle; P. Lafitte'k: «Ez dakigu hatik Vinsonek eta Fr. Michel-ek nundik atera duten Doktor zela».

 

BERE LANAK.— Iru lan eder moldatu zitun, irurak itzulpenak. Donibane Lohitzune'n egin zuen bere arima-zaintza, ta eliz-gizonok ederki dakigunez, ezta olakoetan norberak nai adiña asti izaten lan jator sakonik burutzeko; itzulpenak eta ariñak, aspen-arte ta asti-orduetan moldatu oi ditugunak askozaz errezagoak dira. Gisa ortan jokatu zuela dirudi J. Haraneder'ek ere.

        1) Testament Berria. Lan au 1740'rako amaitua zan, baiña gaur ere argitara gabea, osorik beiñik bein. Uztaritze'ko Seminarioan dago gaur oso-osorik, Robin'ek eskuz idatzitako beste antzeko lan askoren artean. Harriet eta Dassance apezak lau Ebanjelioak ager-erazi zituzten, titulu onekin: Jesu-Christo gure Jaunaren Testament Berria (Baiona, 1855). Orixe'k: «Lapurdi'n ba-ditute lau Ebanjelioen itzulpen ederrak; baino katolikoetan Haraneder'ena da aurrena, Leizarraga protestante baitzen, alegia. Euskera ederra, ugaria, garbia du. Itz bakar batzuk berritzen ere ditu» (Euskal Esnalea, 1927, 17 orr.).

        Bi apaiz argitaratzailleok ukutu batzuk egin zizkioten Haraneder'en bearrari, baita oar batzuk eta iztegitxo bat ekarri ere, euskal erri osoan erabiltzen diran zenbait itz obeki azaltzearren. Baiña ark itzuli zitun liburuetatik lau Ebanjelioak bakar-bakarrik atera zituzten; beste irurak, ots, «Apostoluen Egiñak», «Idazkiak» eta «Apokalipsis» argitara gabe gelditu ziran. Eta orrela daude gaur ere. «Mingarri da —dio Orixe'k— euskal libururik geienetaz esan ditekena onetaz ere esan bearra. Nork erabil dezake eskuetan?».

        Ez dakigu noraiñokoa izan zan Harriet'ek eta Dassance'k, Haraneder'en lana aztertu ta azalpen-oarrak jartzerakoan, egin zutena. Dana dala, biak ziran jakintsuak: Harriet (1814-1904) oraindik ere, tamalez, argitara gabe datzan euskal iztegi luze eder baten jabe dugu, eta Dassance'k (1801-1858) Itun Berri bat argira ekarri zuen prantsesez, 1851'an. Biak ziran, ba, euskal barrutian eta idazteunetan ondo aituak. Ortaz, orrazketak eta beste, noraiñokoak eta zein-norenak diran ez dakigula ere, atsegin aundiz irakurtzen duguna da Haraneder'en lan baliotsu au.

        2) Philotea, edo devocioneraco bide erakusçaillea (Tolosa, 1749); Joanes Franses Robert liburu-egillearen baitan. 569 orrialde. Sales'ko Frantzisko deunaren Philotea dugu euskeraztuta, S. Pouvreau'k ere euskerara itzuli ta argitara ekarri zuena, Haraneder'ek berak aitzin-solasean gogorazten diguna. G. de Arche'k ematen dio baimena, 1748-6-8'an. Gero ere maiz itzulia ta argitaratua.

        Euskera gozoa du, zaindun, bizkorra. Testament Berrian bezela. Ao-gozagarri, zatitxo au: «Nihor ezin sar diteke zeruan, bertzeren ontasuna goratua badauka; bada kanpoko ontasun guzien artean den oberena eta prezagarriena omen ona eta fama ona da. Gaizki erratea hiltzeka bat eta sarraski bat da. Hirur bizitze ditu ezen: bizitze izpirituala, zeiña baitago Jainkoaren grazian; bizitze gorputzezkoa, zeiña baitago ariman; eta bizitze zibila edo jendeartekoa, zeiña bait-datza erreputazionean eta aipamen onean. Bekatuak daroku kentzen bizitze izpirituala; heriotzak gorputzekoa: baiñan gaizki errailleak, bere mihi kolpe bakar batez, hirur hiltzeka ohi ditu egiten: ezen hiltzen ditu bere arima eta hura entzuten duenarena, hiltzeka izpiritual batez; eta nortaz ere gaizki mintzo baita, eta hari kentzen dio jendearteko bizia» (Kap. XX, 9).

        3) Gudu Izpirituala, zeintan aurkhitzen baitire pasioneen bentzutzeco eta bicioen garaitzeco moyanic hoberenac eta segurenac (Tolosa, 1750). 355 orrialde. Esan dugunez, Scupoli'ren Combattimento espiritule euskeraz dugu; au da: Silvain Pouvreau'k itzuli ta 1665'an ager-azia. Hura, alere, «eskar gaitz batean» egiña zegoen; origatik dagi itzulpen berria, ta argitaratzen. Guna: 1) irakurleari oarra; 2) nolako ortografia darabillen; 3) mezako otoitzak; 4) Gudu Izpirituala; 5) aitortzarako ta Jauna artzeko eskariak, eta abar. Geroztik ere argitara emana izan da, 1827 baitik bat.

        Haraneder'ena ote dugu itzulpen au? Enura dute euskeralariak. Liburuan azalean, ezaugarritzat, N.I.D. edo-ta Nl. Ih. Dr. asi-letrak daramazki. Egillearen izen ordez ote daude? Zer esan nai dute letra auek? Vinson'ek uste duenez, onelaxe irakur bear lirake: «Noble Jean Haraneder Doctor». Baiña Daranatz'ek bere aldetik dio ba-zala gizaldi ortako donibanetar apaiz bat, eta onela dakar ain zuzen liburuak: «NI. Ih. Dr. Donibane Lohitxuco Yaun Apheçac berriro Escararat itzulia». Ta apaiz ori «Noel Joseph Duvergier» omen da. Duvergier au, izan ere, Donibane'n zegoen apaiza zan, eta aren izen-deiturak ederki datoz aipatu itz-buruekin. Au ote dugu, beraz, Gudu Izpirituala itzuli ta argitaratu ziguna?

        Argitasun pixkat erneazi nairikan onela ari da P. Lafitte bere kasa: «Haraneder-ek agertarazi zuen 1749-an Philotea, eta badut uste 1750-eko Gudu Izpirituala ere harena den, nahiz bertze batek argitarat emana zuen. Huna zer irakur diteken Abisuan (p. IV): «promes ematen zaie (eskaldunei) hunen ondoan berehala, emanen zaiotela Gudu Izpirituala deitzen den liburutto bat». Eta Duvergier'i buruz gaiñeratzen du: «Baditake Duvergier horrek liburua argitarat eman zuen. Haatik Gudu Izpirituala ta Philotea arras ahaide hurbilak dira». Eta liburu azaleko letrai buruz: «orai-arterainoko liburu eskarazkoetan ez bezala, letrak hemen pausatuak aurkitzea ez dezazula mirets» (p. 6). Darrai: «Bainan nor-nahi ohartuko da, Philotea-ren bigarren zati ondarra (p. 386 eta sq.) molde berean egina dela. Hitzkuntza ere berbera dute bi liburuek. Nago Duvergier-ek ez ote duen Haraneder lagundu 1749-an eta bere kondu ez ote den ari izan 1750-ean, haren paperez baliaturik».

 

        (Ikus Loretegia, 88 ta 93 orr.; F. Michel, Le Pays Basque, 477-481 orr.; J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 77 ta 78; J.B. Daranatz, RIEV, 1925, 56-64 orr.; L. Mitxelena, HLV, 85 orr.; L. Villasante, HLV, 108 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 217 orr.).

 

Bilaketa