literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

4.— Mixel Xurio

(...-1718)

 

        Azkain'en jaio zan, Martze-enia etxean. Apaiz-ikasketak amaitu zitunean, Donibane Lohitzune'ra bialdu zuten bikario bezela; gero, 1702-5-9'tik erri bertako erretora egiñik. Arimazai ona, jakitez ta zurtasunez bikaindua. Harriaga bere bikarioaren eskuetatik Elizako azken sakramentuak artuaz, 1718-4-26'an il zan, santu antzera.

        Lan eder bat utzi zun euskeraz: Jesu-Christoren Imitacionea (Bordele, 1720); bera il ondoren ager-azia, Guillame Boude Boe inprimatzaille ta liburu-merkataria baitan. Ander Druillet gotzai jaunak ematen dio baimena, 1719-12-5'an. 426 orrialde. Ez omen zuen osorik itzuli, ta esan oi danez, laugarren liburua bere arrebak euskeraztua omen da. Geroztik ere, maiz argitara emana izan da: bere mendean lau aldiz, Bordele'n eta Baiona'n, eta urrengo gizaldian ere bai, bost bider beintzat, Baiona'n eta Frantziko Tolosan.

        P. Lafitte'k: «Jadanik Pouvreau-k gure mintzaierat bihurtu zuen lan aipatua, ez ordean argitarat eman. Arambillaga deitu apez batek 1684-ean Imitazione bat egin zuen eskuaraz. "Egin" erran baitugu, "huts-egin" erran beharko ginuen. Beharrik Chourio-ren liburua agertu baitzen. Nahiz geroztik hunat eskuarazko Imitazione hoberik moldatu den, hau ez daukagu batere gutiesteko» (Loretegia, 62 orr.).

        Irakur zati au. «Presuna batzuek ni bere bihotz guziaz maitatuz ikasi tuzte ene ganik Jainkozko gauza handiak, eta hetaz mintzatu dire miragarriki. Haiñen zuhurtzia geiago ardietsi dute gauza guziei uko egiñik, gauza ederrak eta gorak estudiaturik ikasiko zuten baiño. Batzuei gauza ardurazkoak erraten diotzatet, bertzei irakasten diotzatet goragoak; batzuei agertzen natzaiote itzalen eta figuren azpian, eta bertze batzuei ene misterioak argi handian erakusten diotzatet. Liburuak gauza bera erraten diote guziei; baiña eztituzte guziak orobat argitzen, zeren ni barrenean nainaiz egiaren irakaszaillea, bihotzaren zundutzaillea, eta nik bat-bederari partitzen baitiotzat argiak merezi duela jujatzen dudan bezala» (III garren Lib., 43 cap.).

        Itzai so egiñik erderakada politak dituen arren, idazle bikaiña dugu Xurio, arin ta jariotsu bai darabil luma. Lapurdieraz ikasteko maisu dugunik ezin uka dezakegu.

 

        (Ikus F. Michel, Le Pays Basque, 483 orr.; J.B. Daranatz, Curiosités du Pays Basque, 50 orr.; L. Mitxelena, HLV, 85 orr.; L. Villasante, HLV, 107 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 215 orr.; J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 49, ta II, 570 orr.).

 

Bilaketa