literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

23.— Ramos Azkarate Otaegi

(1847-1904)

 

        Lau gauza omen zituen biotzean Ramos tolosar onek: Euskera, Fueroak, Tolosa ta Probintzia. Euskerari begira, au esaten omen zuen: «Zeruan, jai aundiren bat danean, euskeraz itzegiten dute»; politikan gaztetan liberala izanik ere, gero karlista porrokatua biurtu zan; jaiotzez tolosarra zanez geroztik, ango oitura, gizon eta egitade gurenak goretsi zizkigun; eta, azkenez, maite zuen Gipuzkoa, bere bertsoetatik agiri danez.

        Tolosa'n jaioa dugu, 1847-3-28'an. Erramu-egunez jausi urte aretan egun ori, ta orixegatik jarri zioten Ramos izena. Gurasoak: aita, Meltxor, Araba'ko Legutiano'koa zan, eta ama, Joakina, Billabona'koa. Isabel Barrena urrestildarra, artu zuen emazte. Zapatari ogibidez.

        Esan dugunez, karlista porrokatua zan. 1883'an, berriz, Tolosa'ko karlistak El Cántabro zeritzan aldizkaria ateratzen asi ziran; Donosti'ko integristak, ordea, El Fuerista, bost urtez ia beti alkarrekin mutar joka ibilliak. Eta A. Zabala'k: «El Cántabro aldizkarian lan asko egin zun Ramosek. Geien geienetan, euskerazko zatia bere kontu egoten zan. Askotan etzun bere izena jartzen, izengoitiren bat baizik: «Urrengo arte», «R. Arranz-illun», «Ur-zale batek», «Gaintxurisketak», «J. Zabalbidekuak», «Iruretan-goienak», ta abar. Bertsoak eunka ta eunka atera zitun. Noizean bein ipuiren bat ere bai. Bere lan auetan denbora artako politika guztia ageri da. Politak esaten dizkie Sagasta'ri, Gamazo'ri, Nocedal eta integrista guztiai, «El Fuerista aldizkariari, Cánovas'i ta bere etsai guztiai».

        Aldizkari ori zala-ta bein baiño geiagotan izan zituan bere istilluak; baita, bertso batzuk zirala-ta, auzitegira eraman ere egin zuten; salatariak, ordea, etziran nornai ere: Patrizio Orkaiztegi, Tolosako bikarioa, Frantzisko Felipe, Amezketa'ko bikarioa, Juan Bautista Pagadizabal, Errexil'go bikarioa ta Pedro Aldalur, Azkoiti'ko bikarioa. Zergatik salatu ote zuten? Bertso batzuk, legeak eskatzen zuen bezela, alkateari aurretik eraman gabe atera zitulako. Beste bein ere Donosti'ko auzitegira deitu zioten.

        Antzezlari trebea zan nunbait. 1895'an, Iñauteri-igandean, Soroa'ren «Alkate berriya» aurkeztu zan Tolosa'n, Lorentxo egur saltzallia'ren papera Ramos'ek egiñik. Urrengo urtean ere, Iñauteriz, Soroa'ren beste antzerki bat, «Lapurrak» deritzana aurkeztu zuten eta Ramos'ek egin zuen Migel Martin'en papera.

        Azkenengo urteak Tolosa'ko Erruki-etxean egin zizkigun. Eta 56 urte zitula, 1904-3-26'an itzali zan. Andik bi egunera «El Correo de Guipúzcoa» —«El Cántabro»-ren ordezko— egunerokoak izarretan jartzen zuen R. Azkarate. A. Zabala'k onela: «Esaten zun illa zala euskal lurreko gizonik famatuenetako bat, ondasunengatik eta biyarko egunarengatik kezkarik gabeko gizon arlote bat; edozein billera edo festara agertu ta danak, naiz pobre eta naiz aberats, naiz zar ta naiz gazte, pozik jarri ta gustora aditzen zutena; kasino batetik ala taberna bateko maitik berdin berdin bertso-kantari aritzen zana jendea txaloka erotuta bezela jarri artean...».

 

EUSKALTZALE.— Maite zituen ziñez euskera ta euskal gauzak. Bertsorik asko idatzi zuen, eunka ta eunka. Ia geienak «El Cántabro»-n, Donostia'ko «Euskal-Erria»-n eta Bilbao'ko «Euskalzale» ta «Ibaizabal»-en daude. A. Zabala'k «Auspoa» bilduman, zazpigarren zenbakian, atera zizkigun aren olerki-lanetatik zatitxo bat, «Galtzaundi ta beste bertso asko» izenarekin.

        Antzerki bi ere idatzi zituen: 1) Ijituen kontratuba eta ezkontza, Tolosa'ko Plaza zarrean, iñauteri egun batez lendabizi aurkeztua; eta 2) Beotibar'ko Jazarra, au ere 1885'an, iñauteriz, aurkeztua.

 

        (Ikus «Euskalzale», 1899, 228 orr.; S. Onaindia, MEOE, 787 orr.; A. Zabala, «Auspoa», 7, 9-21 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 103 orr.).

 

Bilaketa