literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.314 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

2.— Joanes Etxeberri

(...1630...)

 

        Kantauri itxas-ertzean datzan Ziburu arrantzale erri txairoan sortua dugu Joanes Etxeberri, beti ere bere izenari erantsita Doctor (irakasle) teologoa daramana.

 

NOR DUGUN.— Ez dakigu zer askorik bere biziari buruz; ziburutarra zala, ozta-ozta. Gauza zaharren astintzaille bizkor dugun A. Akesolo'k oraintsu —1970'garrenean— argitara emaniko idazle onen Noelak liburuari egin zion aintzin-solasean, au diño: «Ziburutarra zela esan dezakegu. Ziburutar egiten du berak bere burua. Baiña ez dakigu noiz jaio zen. Ziburu'n erretor izana ere omen da, or 1637 edo 1638-garren urterarte. Orduan utzi omen zuen erretorgoa, eriotzeak kendurik nonbait».

 

BERE EUSKAL LANAK.— Euskal lanetan, baiña, bere gizaldiko idazlerik trebe ta ugariena bezela jo dezakegu. Iru liburu bederen argitaratu zizkigun: 1) Manual Devozionezkoa, Bordele'n bi aldiz argiazia; 2) Noelak, eta 3) Elizara erabiltzeko liburua. Azkenengo au iru aldiz —1636, 1665 ta 1666'an— Bordele'n argitara ekarria dugu. Bertrand de Etxauz, aurretik Baiona'ko gotzai ta garai artan Tours'ko gotzai-buru zanari eskeiñita dago. Etxeberri'k liburu onen atarian bertan, gaur ere, zioz edo zio gabe ez diot nik, maiz samar darabilgun gai bati ikutzen dio; au da: Garibai'k eta Etxabe'k, euskeraz jakiñik, erderaz idazten zutelako, ixeka egiten die bertso batzuen bidez. Ona auek: «Burlatzen naiz Garibaiez,/ bai halaber Etxabez,/ zenek mintzatzen baitire/ erderaz Eskaldunez./ Ezen zirenaz gerotik,/ eskaldunak hek biak,/ eskaraz behar zituzten/ egin bere historiak» (L. Villasante, HLV, 71 orr.). Bertso auek, baiña, ez dira Etxeberri'renak, Claveria batenak baizik.

Manual debozionezkoa, edo ezperen, oren oro eskuetan erabiltzeko liburutxoa euskerazko bertsutan egiña dugu; 200 orrialde ditu ta Bordele'n atera zuten 1627 eta 1669'an. Bi zati dauzka: lenengoan, zortzikoetan, Kristoren bizitzako ezkutuak kantatzen dizkigu; bigarrenak, titulu orde au darama: «Bigarren liburua giristinoak erran behar lituzken otoitzez», amalau silabako bertsotan osatua.

Noelak eta berze kanta espiritual berriak Jesus Kristoren biziaren misterio prinzipalen gañean eta sainduen ohoretan besta buruetakotz (Bordele, 1631); guztiz 246 orrialde; auxe dugu Etxeberri'ren liburuetan maizenik argitaldua. Lau zati dauzka: a) Kristoren sortze-aitzineko gauzak, agintzak, igarleen esanak, sibillen iragarkizunak, abendukoak, Gabriel aingeruaren agurra, ikertaldia... b) Kristoren sortze beraren gaiñean, Eguberri ta abar; guztiz 19 noel, gabon kanta edo abesti; d) Jesu Kristoren bizitzako ezkutapen bereizienak; amasei kanta guztiz; eta e) Jainkoaren eta santuen ohorezko kantak. Loiola'ko Iñaki deunari eskerrak emanez bukatzen du liburua.

        Maizenik argitara emana dala diogu Noelak deritzan liburu eder au. Baiña noiz azaldua ote dugu lendabizikoz? Euskalariak 1630'an edo 1631'an diote; ezta, alere, gauza ziurra. «Argitaratzeko baimenak —dio A. Akesolo'k— 1630'an emanak ditu; baiña urte orretako ateraldirik ez da ezagutzen. Amabost urte geroagokoa da, 1645'koa, ezagutzen dugunik zaarrena. Bordele'n egiña. Geroago, Baiona'n argitaratzen dute: 1697, 1699 (bi aldiz), Maffre'ren inprimerian, eta andik aurrera, lau edo bost aldiz, Fauvet-tarren etxean, urterik gabe» (Noelak, 12 orr.). Atzenez, A. Lino'k testu zaharrak berrikusi ta sarrera ta oarrez jantzirik, Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones dalakoak argitara ezarri du (Donosti, 1970).

        Aintziña bateko argiitalpenak, ia denak, utsez beterik zeuden; azkenengo ontan, ala ere, nekeak neke artu ditu aita karmeldarrak utsok arteztu ta alik eta ekoizpenik zeatzena eskeintzeko. Ezta alere aldaketarik egin, irar-utsok zuzendu, ortografia gaurkotu ta bein edo bein berdindu izan ezik. Beraz, obetze auek egiñik, argitalpen guztietatik oberena dugu azken urteko au. Etxeberri'ren beste bi liburuak ere merezi lukete olako zerbait.

 

NOLAKO BERTSOAK.— Manual'en eta Elizara erabiltzeko liburuan amabost silabakoak ere agertzen diralarik, Noelak, oso-osorik, zortziko txikitan —8/7— egin zituen. Zortziñakoekin nasterik asko egin ditzakegu, egia esateko, baiña Etxeberri'k darabillen era ez duzu euskal poesian sarritan erabillitakoa; eta amazazpigarren mendeko olerkari jator onek, geientsuak, neurri ortan ondu zizkigun. Andik ondoan ere idatzi dira olakoak, baiña atsegiñago zaigu 10/8 zortziko nagusia edo 8/7 txikia. Idatzi, ordea, Etxeberri'k geientsu darabilzkin 8/7 ta 7/7 naiz laukoetan naiz bikoetan idatzi ditzakegu.

        Neurkera au erabilli zuten, egiazkiro, amasei ta amazazpigarren mendeko olerkaririk geienak. Auxe Etxepare'k eskuarki, auxe Etxeberri'k, Harizmendi'k eta Argaiñaratz'ek; Oihenart'ek eta Gazteluzar'ek ba-dituzte beste neurkera batzuk ere. Geure poetikako zera omen dugu, ta Orixe'k ain zuten osatu zuen bere Getsemani poema, ots, 8/7 edo amabostekoetan, zortzi silabakoen ostean ixil-une egiñik. Oihenart, Etxeberri'ren neurreraren aurka ez, baiña onen bertso-moldearen aurka zegoen, zerabilzkin itz-bukaeren aurka batez ere. Etziran beretzat legezkoak kontseilluz eta ereduz, ahantzi ta moldezki amaiak; rima osoagoa eskatzen zion. Poto ere askotan egin oi du, zentzu berdiña duten bi itz berdiñekin azkena emanez, au da, egia ta egia, entzutea ta entzutea adibidez erabillirik.

        Orri batzuetaz kanpo, aipaturiko iru lanak bertsotan osatu zitun Etxeberri'k. «Tamalez» dio Oihenart'ek, eta Mitxelena'k ari jarraituz; ziburutarrak, bada, egokitasun geiago zuen itz lauz idazteko. Zergatik egin ote zituen, ala ere, itz neurtutan bere lanak? Ona erantzuna: mariñel errikoa zan, eta aueri, itxas-gizonai atsegin izatearren, ekin zion bertsogintzan. Bere erriko itxastar aiek bertsozale ziran oso, ta euskerazkorik ez zutelako latiñezko eliz kantak abesten omen zituzten beren lan bitartetan.

        Etxeberri'k berak damakigu errazoia. Ona itxastarrentzat baitik bat idatzi zuen Manual'etik artuta:

 

                «Giristinoa, eman diat eskarazko bertsutan

                katoliko manuala neure asti-ordutan.

                Ikusirik, nola bainaiz iaiotzez eskalduna,

                gure nazioa dela kopla maite duena,

                hartarakotz iakiaraz diat bertsuz ezarri:

                lasterrago ikhas eta maizago aiphagarri».

 

        Olerkari bezela, berriz, orduan prantsesez eta espaiñeraz zeudenen pareko ba-zan, nik uste. Aren neurtitzak ba-dute mamia, ba-dute giarra; azala ere, oso perkatxa; eta biok zaizkigu atsegin. Bizi zalarik gorespen bikaiñik artu zuen, Axular, Hirigoiti, Urtubie, Argaiñar'atz eta Aphezte'k emanak bereziki. Geroago, ordea, P. Lafitte'k, Orixe'k, A. Onaindia'k, L. Mitxelena'k eta besteak gaillen jarri dute beren kritika lanetan. Izkera erreza ta jariokoa darabil, irudikizun dotorez jantzia. Adibidez:

 

                Agur, zeru goraren

                Errege guzizkoa,

                zu zare, ba-dakigu,

                kreaturen Jaungoikoa.

 

        Ahapaldi ontan bakarrik ederki asko dagerkigu bertsoaren bizitasuna. Itz-jarrai edo hiperbatonen ba-duela naste pixkat? Au eta geiago ere laketu bear zaie olerkariai, beste orduz Horati'k zionez.

 

* * *

 

        Beste ezer idatzi ote zuen Etxeberri'k? Oihenart'ek dioskunez, ziburutarrak ba-ditu oraindio sendi idazkiak, euskal iztegi bat, Lapurdiko adizkiak... eta «Egunerozkoa». Idatzi auek aipatuaz Oihenart'ek dio itz askatuan obeki aritu zela Etxeberri, bertsoz baiño. Auetan azaltzen omen du bere trebetasuna. «Egunerozkoari» buruz, ordea, ez dugu oraiñarte beste aztarrenik. Eta A. Akesolo'k: «Lengoez besta bat ote da, ala besteen zatien bat, edo besteen zatien bati eman ote dio Oihenart'ek izen ori? Gogoan ar dezagun Elizara erabiltzeko liburuak ere baduela zati bat «Egunerozko othoitz laburrak» titulutzat daramana. Eta, gaiez, berdintsu da Manual'aren bigarren zatia ere» (Loc. cit.). Alare, ba litekena da beste liburu bat izatea.

 

        (Ikus P. Lafitte, Eskualdunen Loretegia, 22 orr.; S. Onaindia, MEOE, 196 orr.; L. Villasante, HLV, 70 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 16o orr.; A. Akesolo, Noelak, Donosti, 1970, 5-16 orrialdeetan).

 

Bilaketa