literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

3.— Jean Etxepare Bidegorri

(1877-1935)

 

        P. Lafitte jaunak: «Etxepare mirikua, idazkerari dagokionez Hiriart-Urruti ta Abbadie'ren jarraille, euskal literatura osoko idazlerik jatorrena dugu... Al da ta bear dira ezetsi bere uts iragankor batzuk; baiña ezin dezakegu uka ura bere erriaren morroi ari izan zala, mila eratara ari izan ere, pake-garaian bezela gudatean ere, buru-ukapenez, ekintzaz eta lumaz. Berak sortu du euskera berri bat nik deituko nioken izkera aundikia ta ausarta, baiña Abbadie jaunarena baiño aberatsagoa, ez gero Hiriart-Urruti'rena bezain malgu ta dantzaria, ots, sentipenaren edo-ta pentsamentuaren nabardura guztiak zindoki itzultzeko aiña dugun euskera» (Le Basque et la litter... 71 orr.).

 

        BIZITZ-IZPIAK.— Argentina'n, Buenos Aires'ko erki barruan dagoen Mar Chiquita'n jaio zan 1877-10-30'an. Oraindik ume zala, 1883'an, etorri zan Euskalerrira bere gurasoekin; aren gurasoak, Jean Etxepare ta Graziana Bidegorri, biak prantses euskaldunak. 1889'an Larresoro'n asi zan ikasten: izkuntza arrotzak omen zituen begiko. Baita maite zituen lana, otoitza ta pelota ere. Ementxe ezagutu zituen Abbadie, Adema, Hiriart-Urruti ta abar. Urterik urtera zioan «bethi ari eta bethi goiti, arno ona bezela bethi ontuz».

        Bertatiko baten, ordea, antxe Larresoro'n ikasten zebillelarik, kezka itsak arrotu zitzaizkion barne. Illunpe guztiak uste zuen gaixoak argituko zituela jakintzaren jakitez. Gauzen muiña ta izaera argitzen diguten gaiok ikasteak bazter batzuk bai argitu zizkion, «hala nola zer gisaz gauzak heltzen zaizkun gogorat, bakhar zonbait chuchen-chuchena sentsuek bildurik, bertzeak lekukoek erranik». Beste barruti batzuk, alere, illun ta beltz geratzen zitzaizkion, «bereziki erlisioneko irakaspenak: michterio horiek chilatu nahiko zituen, adimenduaren gozagarri, eta ezin!» Guda gogorra izan zuen zer onetan; alde batetik utzi ez nai otoitza ta erlijioa, ta bestetik arima barnean alako goibel ixil bat «bethi zirikan ari zitzaiona». Jo zuen ara ta ona argi-eske; baiña etzuen bear aiña jardespenik izan.

        1894'ko azillean Bordele'ra jo zuen medikuntza ikastera. Itxura danez, alere, lanbide ori ikastera baiño bere izatea jakituriz joritu-naiak eramana geiago joan zitzaizun. Uri artan Haecke1, Nietzsche ta olakoak irakurri zituen, kiratsa zerioen liburuak noski. Onek kalte izugarria ekarri zion, fedeari buruz batez ere. «Ordutik —diosku P. Lafitte'k— sortu zitzaion denek ezagutzen ginion barneko ilhundura hits eta eztia». Ikasi zuen, alere, gogotsu bizi osoko ogibide izango zitzaion karrera, medikutza, ta azkenez irakasle —Doctor— tesisa egin bearra izan zuen, eta euskal kutsuko gai bat autatu zigun ortarako: «Quelques remarques sur le Joueur de Pelote», au da, pelotarien gorputz-aldarte ta gaixotasun bereziez zeaztasun batzuk. Lan ederra. Lau mediku nausik 1901'an onartu zuten aren lana. Geroztik sendagille egiña duzu.

        Bere sendia —gurasoak eta zazpi seme-alaba— Ameriketatik etortean Lekorne'n kokatu zan. Eta J. Etxepare'k ementxe egin zuen lau urtez bere medikuntza; ondoren, Aldude'n beste ogei bat urte. 1914-1918'an Europa'ko gerran guztiz egoki bete zuen bere egitekoa, eritu ta gaixoekin. Zoritxarrak ere, gaiñera, maiz ekarri oi ditu ondore onak, eta Etxepare'ri, oiñaze tartean bear bada, fede-argiak biziago ikutu zion eta, arrezkero, Alemani'ko jakintsu ta filosofu illun-beltzak saiets utzirik, beste gizon bat agerten asi zan. Lafitte jaunak: «Noizean behin laiñoak jinen zaizko berriz ere gainerat, ximistak ere ihurtzuri-eskainka; bainan bethi goxoago, bethi ederrago, bethi xuxenago eta azkenean egiago agerturen zaizko fedearen argi bereziak».

        Guda ostean, ezkondurik, Kanbo'n jarri zan miriku. Len Lekorne'n eta Aldude'n bezela, emen ere bere eginkizuna alik eta ongien beterik, ongille aundi izan zan beti. Osagillea ta apaiza, antzekoak dituzu; ark gorputza du osatzen, onek arima. Ez batak ez besteak, eztute iñoiz ere beren burua lar jakituntzat etsi bear, bakoitzak bere ofizioari begira batez ere. Etxepare, bere egitekoari obeto erantzutearren, mugaz andiko senda-bide ta sendagailluen berriz jabetu nairikan, aleman ikasten zebillen aspertu gabe. Atzenez, deitu zion gaixo bat ikusi ta beste batengana zijoanean, nekatua nunbait, eriaren etxean sartu ta txapela kakoan ezartzerakoan, alditxarrak eman, ziplo lurrera jausi ta biotza gelditu zitzaion betikoz. 1935-1-9'an izan zan.

        Urte luzeetan izan zan Etxepare «Eskualzaeen Biltzarre»-ko buruzagi.

 

        EUSKALTZALE.— Idazle ugaria izan zitzaigula esan dezakegu, iñork gezurtuko gaituen bildurrik gabe. 1902'tik aurrera asia dugu idazten, «Eskualduna» astekarian bereziki. Hiriart-Urruti zan paper orren artezkari, ta onek egin zuen Etxepare idazle. Zuzendari jator ark euskera opa zuen bere «Eskualduna» agerkarian, «ez erdi-kaskoin erdi-eskuara», Lafitte'k dion bezela, «zonbaiti biziki eder zaioten mintzaira hartarik. Eskual hitzak, eskual itzuliak, eskual usaina: hiruak nahi zituen elgarrekin, ala deus-ez». Bai, Hiriart'ek, osagille azkarrak bialdu lanak, andik luza ta emendik labur, baita itz-ordaiñak ezarriaz ere, luma goxoa eduki zezan bear zuena irakatsi zion osalari trebeari. Lan isilla, baña etekintsua asieran batez ere. Makiñatxu bat olako egiñak gara!

        Mueta askotariko lan-gaiak ziran aizatzen zituenak: Laterri arteko goraberak, jakitunen asmo berrituak, etxean ondo izateak, onu edo kontsejuak osasunari buruz, politika-gaiak, diru auziak, Euskalerriari buruzkoak, euskeraren batasunaz, kontaezin ala gai ta auzi aitzurtu zizkigun. Ai, aren «burukoak»! Idatzi ere, nolako lumaz idatzi zigun! Euskaldun arruntak darabillen baiño luma zerbait goragoz, euskera ta euskal gaiak zerabilzkigun. Gutxi aitaturiko gaiak ba-ditu, zenbait gauzatan. Onek bear bada arrotz-airea ematen zien aren lanai. Baiña irakurleak laster konturatu ziran idazle bat gaitza sortu zitzaiela, «hedadura handiko bezain hizkuntza gurbil, xuxen eta aberatsekoa».

        Abarroska, itz-barbar egiñiko zabalkundearen egoz baiño, ixillik burutu lanaren durunduak daramagun otsaren ospea eder, iraunkor eta beteagoa da dudarik gabe. Etxepare'ren euskaltzaletasunaren berri ere, orrelaxe, xoko urruti guztietara zabaldu zan. Eta Euskaltzaindia sortu ta laster, 1919'an, urrillaren 26'an, Donosti Aldundi jauregian ospatu zan batzarraldian, beste probintzitako euskaltzain urgazletzat Benabarre'tik aukeratua izan zan Etxepare ere. P. Lafitte'k onela: «Etchepare jauna laguntzaile hartu zuten bakharrik, gure ustez gehichago egin zukeelarik, segur eta halere».

 

        EUSKAL IDAZLE.— Esanda utzi dugunez, medikutza amaitu ta bertatik asi zan «Eskualduna» asterokoan idazten. Gerora, berdin idatzi zuen «Gure Herria» illerokoan ere: bietan aspertu barik, eta beti lan jakingarriak. Olan izen aundiko idazle bilakatu zan denbora laburrean. Ona aren liburu zerrenda au, aundi-maundienak aipatuz.

        1) Quelques remarques sur le joueur de pelote (Bordele, 1891). Y. Cadoret'enean. 98 orrialde.

        2) Alduden gerlako Orhoitmenaren aitzinetik (Baiona, 1923). Feltzar'enean. 8 orrialde.

        3) 1923'ko Eskualtzaleen Biltzarra Baigorrin (Baiona, 1923). Feltzer-Lasserre'nean. 23 orrialde.

        4) Eskualdun laborariaren almanaka. Beiñola, Uztaritze'ko serora beltzen kapillau izandako Etxeberri'k, 1848'an, abiatu zuen Almanaka duzu, Etxepare'k, Pierre Etxepare apaizak lagunduta, amar urtez bederen, 1914'eko gerra piztu arteraiño ager-erazi zuena. «Eskualduna»-k ere bere Almanaka zeukan; beraz, bi almanaka zuri, ta noizik bein argitaratzen zuten ezkertiar beste bat, iru egutegi ziran aldi artan mugaz bestekaldetik; baiña 1914'tik aurrera bi zuriak bat-egin zuten «Eskualduna»ren itzalpean.

        5) Buruchkak. Lekornen eta Alduden (Tours, 1910). Mame irarkolan. 213 orrialde.

        6) Buruchkak (Baiona, 1936). Pierre Lafitte'n «Aintzinsolas» batekin eta egileak Pierre Etchepare bere anaiaz moldatu lerro-alde batekin. «Gure Herria»-k Le Livre irarkolan ager arazia. 138 orrialde. Laket zitzaion J. Etxepare'ri izen au, ta beronen pean argitara zitun beste ogei bat lantxo «Gure Herria»-n. Batzuk liburuan eta aldizkarian dauzkazu. Dalako liburu au, zerbait arindua izan zan. Ba-zituen bere akatsak; bi batez ere: lantxo batean aier zegoen apaizen eskolai, eta bestean, ausart agertzen zan maitasun garbia ta beste edozelako neurri berdiñean jartzerakoan. «Liburu hori —dio Lafitte'k— ditaken eskuararik garbienean egina delakotz, nahi izan dugu salbatu: bi kapitulu dohakabeez arindurik eta hitz dorpherchko bakhar batez, zen bezela agertzen dugu».

        7) Iritzi eta kitzika (1922). Titulu onen azpian ainbat lan eder dauzkagu Eskualduna'n eta Gure Herria'n, Agirre'ren «Garoa», Axular'en «Gero», Duvoisin'en lana, Pierre Etxapere'rena, Eskualtzaleen Biltzarrekoak eta abar aztertu ta iritzia emanik osatuak.

        8) Beribilez (Baiona, 1931). Lasserre'n irarkolan. 112 orrialde. Lendabizi «Gure Herria»-n emaniko lanakin osatua. «Liburu gozo bezain ederra», dio P. Lafitte'k. Euskal errian zear, beribillez, egin zuen txango ala ostera bat aitatzen digu, oso zeatza. Kanbo'tik irten, Donibane-Garazi, Iruña ta Loiola ikusirik, Donosti, Endaia ta Donibane-Lohitzene'n barna, berriz ere Kanbo'ra itzuli zanekoa. Begi-erne ikusi ta bidenabar aurkitu dituen erri, jende ta gauzak irakaspen bikaiñez jazten dizkigu, «bihotz mardo eta zabala» erakutsirik.

        9) Eskualerriko bizia. Amabost bat artikulu dira, 1932, 1933, 1934 urteetan «Gure Herria»n argitara ekarriak.

        «Gure Herria» sortu zutenean, etzan Etxepare orren aldekoa. «Eskualduna»-ri kalte egingo ziola, uste zuen. 1921'an, mugaz andik, euskaldun adoretsu batzuk alkartu ziran sorterriari zegokion jakiña errotik ikertu ta zabal-erazteko aldizkari baten primiña zegoela-ta. Ona bildu ziranetatik batzuk: Blazi, Barbier, Apestegi, C. Dufau, Ithurbide, Kolas, Herelle, Vinson, Saint-Pierre, Daranatz, Lhande, E. Souberbielle, L. Dassance, Mayi Elisague, Elizalde, Moulier, Gavel, eta abar. Etxepare'k, biltzarrerako deia artu zuenean, ezetza eman zien. Zergatik? Etzitun erriko indarrak banatu nai; bere iritzitan, naikoa zan «Eskualduna» euskaldunak argitzeko. Ondoren, ala ere, besteen esana onarturik, bien, ala «Eskualduna»-ren ala «Gure Herria»-ren laguntzaille suar izan zitzaigun beti.

 

        IRITZIAK.— P. Lafitte'k aizatu izan dizkigu baitik bat Etxepare'ren idatzi ta lanak; eta gure literatura zelaian beti jarri izan du gorenengo aulkian: «gure maixua», «gure len-saiolaria» deitzen dio ao betean. Ona bere itzak: «Nahi-eta-ez zelaian hazi gizonak traka dorpea du mendiz mendi atrebitzen denean. Berdin gertha dakioke hizkuntzari: sukalde-ezkaratzetan hazia, baditake josi-aire emaiten duen sal-unetako dirdira lilluragarrien artean. Bainan Etchepare mirikuaren eskuara segurik, burua gora badagoke nun nahi; ez dio frantsesari berari deus zorrik ez soinez, ez soinuz: jaun emaiten du; usaian baino jaunago menturaz; ez ordean behin ere jaunegi, aberastu-berri ergelaren pare».

        Garbizale? Gerra ostean, mendiz onunzko liburuak irakurtzen asi zitzaigun, eta leendik ere begiko zituen itz berri batzuk poliki sartzen dakusagu, «eskuara hetaz hazi» nairik. Lafitte'k onan: «Orduan garbizale edo puriste baten fama bildu zuen. Bizkitartean, han-hemenka urrunchko joanik ere hitz-berriketa, uste dugu ez duela banabertze gure mintzaire chaparra achaletik ere histu. Errana dugu lehenago ere, eskualdun izkiriatzaileen nausitzat baginaukala».

 

        (Ikus P. Lafitte, Gure Herria, 1932, XII, 259 orr., ta Buruxkak, bigarren agerraldiaren aintzin-solasa; J. Elizalde, Gure Herria, 1955, XXVII, 279 orr.; Oxobi, Gure Herria, 1935, XV, 1 orr.; G. Lacombe, RIEV, 1933, 320 orr.; I. Omaetxebarria, Euskera, 1959, 199 orr.; L. Villasante, HLV, 300 orr.; L. Mitxelena, HLV, 155 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 504 orr.; J. Bilbao, Eusko Bibliographia, III, 276 orr.).

 

Bilaketa