literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

47.— Jose Markiegi Olazabal

(1895-1936)

 

        Orixe'k au: «Tiroz yo zituten Arrasate'ko iru apaiz lagun aiek, nork ez ditu gogoan? Iruren artean bi ziran euskera txukuntze lanean ziardutenak: Guridi ta Markiegi. Gipuzkera osotu naieko Batzordean zeuden Azkue'rekin eta Ormaetxearekin. Guridi'k euskera landurik zeukan mintzatzeko, errian bere lanbidea ongi betez. Ez zun ordea, nik dakidala, zenbait eskutitz besterik utzi. Ausaz gezur-izenez emanak bai zituketen zenbait artikulu. Markiegi oso poliki ari zitzaigun, baña bizi-arorik oberenean galdu genun» (Euzko-Gogoa, 1950, 9-10, 9 orr.). Deba'n jaioa zan. Urtzi-deiaren abotsez osaturik, eliz-karrera besarkatu zigun, apaiz ikasketak osaturik. Meza berri eman ostean, Aprikano'ra jo zuen 1923'an eta gero Arrasate'ra gotzaiaren aginduz, eta ementxe egin zigun arima zaintza. Oiartzun'en il zuten, bere artzipreste Arin ta beste batzukin batera, 1936-10-15'an.

 

        EUSKAL LANA.— Ederki zekin euskeraz, ta eder zitzaion lumari eragitea. Donostia'ko «Argia» asterokoan eta «Yakintza»-n idatzi zigun. Ona debatar idazle leun onen lanik oberenak:

        1) Mixio Esku-liburutxoa (Gazteiz, 1931). 118 orrialde. Gazteiz'ko «Sociedad Católica» etxeak aterea. Zertarako da liburuxka au? Ona egilleak: «Elizara zoazenean eliz-liburuakin...; iñoren etxerakoan zisku-ondoan...; Siñismen-Zabalkuntz-Bazkideenganako illeroko agiriakin...; naiz mixioen alde otoitz egiteko, naiz mixiozale berri bat irabazteko...; au da, beti aldean erabiltzeko egiña dezu begien aurrean daukazun Mixio Esku-liburutxo au». Iru zati dauzka idaztiak: a) Mixio-lanbidea (23 orr.); b) Mixio-otoitzak (27-75 orr.), ta d) Parkamendun otoitzak (81-109 orr.). Euskera goxo leunean.

        2) San Luis'en Bizitza (Durango, 1932). Jose Maria Dolara Elosu'renean. 90 orrialde. Jesus'en Lagundiko Herrera-Oria Aitak «Mensajero»-n erderaz atera zuenetik antolatua. Luistar euskaldunari opatzen dio: «Emen San Luis'en bizitza; Jainkobide-asmoetan zure zaindariak bezela burua ilduratuz aritza bezin sendo, lilia bezin garbi izango al zera», esanik. Errez ta errikoi atera zitzaion au ere, euskal esaera gardenez jantzia.

        3) Txerren-zubi'ko gertaria (Yakintza, 1935, 15'garren zenbakia, 177 orr.). Henri Gehon'en «La Parade du Pont du Diable» duzu prantsesetik itzulia. Lauaxeta'k onela: «"Txerren zubi'ko Gertaria" zer dan? Santuen garaian jasotzen ziranak gaur, be, jazoko ba'lira, Aita Kado'ren ipuña ulertuko zeunke. Kaxtrexana'ko zubia nortzuk egin eben ez al dakizu? Neguko gau luzeetan entzun izango zenduan, ba, zeren trukez egin zan zubia. Txerren edo demoniño prakagorriak egin eben, baña kontratistiaren arima-ordez. Henri Gehon jaunaren komeditxu onetan, be, olako zeozer ikusi deikegu. Aita Kado lekaide gaisoak galdu-agiñean itxi ebazan Marturin arrantzalea ta onen alaba. Eskerrak katutxu zurrari! Txerrenak zubia egin-ordukoxe Mixiña edo katutxua zubi-zear igaro zan. Aren arima prakagorrientzat!».

        4) Eriotz-bide (Antzerti, 1935). P. Humpert'en «Todes Heg» euskeraztuta. Jarraiko itzulpen bi auek oso antzetsuki egiñak daude.

        5) Berea du azkenez Lizardi zanaren lan mordo batekin osoturik «Itz-lauz» izenburuz eman zigun bildumak dakarren itzaurrea ere (Itz-lauz, Donostia, 1934, 7 orr.).

 

        IDAZLE ONA.— Bai, orixe! Lantxo bat idatzi zuen Orixe'k Markiegi'k osatu zituen liburuak aztertuz. Lizardi'ren «Itz-lauz» liburuari ipiñi zion sarrera aipatuaz, onela dio: «Lizardi'ren yario geitxo arkitzen diot, bañan yario ori ez da urruñatzekoa. Lizardi'k itz askatuz egin zitun artikulu aiek ez al dute igeri egingo 50 urte auetan itsasoan pulunpatu diranen gaiñetik? Baiki. Artikulu oiek nik erderara biurtu ba'neza, euskerara al lezazke gure oraingo idazlerik oberenak ark bezain ederki? Bai zera! Ez dago bildurrik. Markiegi yauna ez zan batere motelago euskera yakite ortan. Bi gizon auen izenak elkarrekin aipatu bearrak ditezke gure ele ederraren berri ematean» (Euzko-Gogoa, 1950, 9-10, 9 orr.).

 

        (Ikus N. Ormaetxea, E.-G., 1950, 9-10, 9 orr.; Txomin Jakakortajarena, Euzko-Gogoa, 1955, VI, 84 orr.; G. Garriga, Inst. Bibliografía Vasca, 1966, 66 zenk., 141 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, II, 173 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 183 orr.).

 

Bilaketa