literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

27.— Bernardo Maria Garro Basterretxea, «Otxolua»

(1891-1960)

 

        Munduan bateko itzultzaille onenetariko bat duzu Garro. Ez da zer erreza izkuntza batetik bestera, oldozkunez ta esaldiz, zeatz ta egoki biurtzea; alaz ere, Garro'k ortan burutu zuena osotasun utsez egiña dugula ezin dezakegu uka. Gai ontaz Azkue'k onela: «Uste dan baiño gatxago ta neketsuago da euskerazko biurketak egiteko arazoa. Esan daiela bestela iostunak, gurasoen soiñekoakaz seme alabentzakoak egitea zeinbat neketsuago eztaben izaten, dendarik arako eun-miesa-oialakaz egitea baiño. Alosak artu, adabakiak kontuz ezarri, azpildurak zee zee egin, da aletxe zaarrak iasean estalduarren, soiñeko zaar barriraztua guzur-agiñak eta odei euritsuak baiño bere errazago ezaututen dan begi lausoak eztaukazanak. Liburu euskeratuak, barriak izanarren, beti dauke zaar-antza; baserriko aize-artean sortu ta iaio ta aziak izanarren, erdal-usaiña etxabe ioaten. Ezarri bekio oni arazoaren gaiztasuna ta edozein egongo da atzerea biurketan asteko» (Ipuiñak, Bilbao, 1968, 207 orr.).

 

        BIZITZ-ORRIAK.— Mundaka'n ludiratu zan 1891-8-22'an. Izkuntzaz ez zebillen txarto, berak 1954-7-7'an idazki baten ziostanez etxean naiz kalean elebitsu ziran, au da, euskera ta erderaz mintzatzen ziran txiki ta andi saillean. Gure txikiak, ordea, kale ertzean edo-ta itxas-egian moltzoka jarrita atso zaar maiztuak zebiltzaten berriketa ta mormoxak entzutea eder zuen nunbait; itz-gaizto, irain eta aiñen-biraoak sarri egozten omen zituzten abots-biurkera ta soin-dardarizu ta paristaz. Garro gaztea aieri belarriak itsatsita egoten omen zan, kukuka bezela: orduntxe jaso zizkigun ark zeinbat ipui, esaera, esaldi, supita, itz zuur, aien ezpanetatik berak konturatu gabe irtenak ez gutxi. Benetako auzi ta korapilleak erabilli zituen, ortaz, itzulpenak egiterakoan: kalean ikasi zuen aditza bere aldietan etzan, ziur asko, eskolan erderaz ikasten bat zetorrena beintzat. Euskeraz ta erderaz kalean entzun eta ikasia irabiotu oi zuen bere kautan eskolan aditzen zuenakin berdinduz. Orrela egin zuen, alegia, bere elebitza. Bietan ederki mintzatzen zan, baita idatzi ere.

        Erriko eskolako ikasketak utzi ta komertzio-karrera osotu zigun Bilbao'ko «Escuela de Comercio»-n. Onetan ere abagune aukerakoa eskuratu zitzaion barne-deiari erantzun al izateko. Bilbao'n ikasle zala, adiskide lokarriz etxean sartu zan Elorrio'ko, Arrasate'ko ta beste gipuzkoar gazteakin. Orrez gaiñera, elizti batzuk begiztatu, euskal nobela batzuk irakurri zituen; eliz-liburuak ere, Añibarro'n «Esku-Liburua» adibidez, eder zitzaizkiola dio berak. Asteroko, izparringi, bertso-paper eta olakoak, berriz, aspertu gabe iruntsi oi zituen. Orrela, euskeraren zirkinzulo guztiekin jabetu zan gaztetatik.

        1910'an, emeretzi urte eukazala, ez dakigu zerk eraginda, Arjentina'ra joan zan. Zer egin zuen an? Dakiguna, zera da: zazpi urteren buruan berriro itzuli zala Mundaka'ra, berak zioan bezela «euskaldun internazionala» eginda. Euskalerri osoko euskaldunakin ar-emana izan zuen itxasoz andik, eta edozein euskalkiko euskaldunakin mintzatzeko gai zala etorri zitzaigun onera. Ona emen, euskal batasuna osatzeko era bat.

        Emen Mundaka'n daukagu, beraz, 1917'garrenean. Bertan ezkondu zan. Eta ementxe batez ere ta Bilbao'n dago, 1960-9-14'an il arte guztian. Astoreka ta Azketa etxean lan egiten zuen, ordezkari bezela. Gizaseme zintzo, siñismen aundikoa. Ba-zituen bere lerak, idazteko, musikarako, mendirako ta abar. Dirala amabost-amasei urte Bizkai'ko uriburuan ezezik, Gorbei'ko arkaitz-arte ta bide makartsuetan sarri alkar aurkitu oi genduan: zoragarria begitantzen zitzaion eusko lurra, mendietan mendi erraldoi dugun Gorbeia'tik so-egiñak alan bere. Pagasarri ta Ganekogorta'k ere ba-dakite nolako barrua zuen Garro'k. Alaia zan. Txistua ta kitarra jotzen zekigun.

 

        EUSKAL LANA.— Euskaltzaiña. «Otxolua» zerabillen bere lanak bereiztean. Ikas-griñak aurrera garamazki kezkarik gabe, ta Otxolua ere sortzetiko min ezin eutsi orri jarraituz, ikasi ta ikasi zebilkigun. Eta noiz erne zitzaion barruan idazteko lera? Sakaz ta ñiki-ñaka lez daukagu, lur-azal bildu giñarrea aziak emetzean bezela, idaz-lera deritzana. Ortarako, baiña, une berezi bat bear, akulu eragillea. Niretzat euki nituen irakasleak izan ziran bide, ni idazle izateko. Otxolua'ri, berak dioskunez, Kirikiño'k eman zion aukera. Ona: «1924'rantza, Kirikiño zanak euskal esaldi palindromikuen batzaldi bat antolatu zuen». Zer dira esaldiok? Palin gerkeraz, «berriz» ta dromos, «ibilketa», ots: ber-ibilketa. Ona erderazko bat: «Anilina; dábale arroz a la zorra el abad«; itz edo esaldiok ezkerretik eskuira naiz eskuitik ezkerrera berdin irakurtzen diranak. Ibillia atzera egitea. Kirikiño gure artean guztiz emana zan onako gauzai, idazleak sartu ta bizkortzeko berebiziko gaiak zirala uste zuen eta.

        Garro'k pilloa onakoekin osaturik bialdu zuen batzarrera «An atzo arro zana, senarran esanaz orra otzana», «Aita, itxi aita», ta abar. Orrelaxe eun esaldiraiño neurkera guztitakoak. Baiña esaldi bi besterik bialdu etzituen andereiño batek eraman zien leiaketako saria, esaldi bata izan ere konkurtsora azaldu ziranetatik luzeena zan, eta saria luzeenarentzat jarria izan. Garro'k aipamena izan zuen.

        Gerorakoan, bere bizitaldi guztian kontixu, Mundaka inguruko albistak igorri oi zizkigun astero Bilbao'ko «Euzkadi» egunerokora; izparringi onetan azalduak ditu bere lanik geienak. Erri-izparrak beti zetozten ipui, jazoriko edo edesti-txatalen batekin amai bezela txukun jantzita. Bertsoz ere zeinbat olerki ta alegitxo ditu «Euzkadi»-n eta «Euzkerea»-n. Batzuk bere kabuz egiñak, eta beste batzuk ingelesetik-eta itzuliak. Ona Garro'ren lanik beiñenak:

        1) Idazlanak. «Euzkerea»-n eman zituen batzuk: 1) Voronoff'ek be ezin duana (1929, 5 orr.); 2) Bijar Doniane'ra (1929, 105 orr.); 3) Ortuzar'tar Errobusten jauparija (1929, 251 orr.); 4) Nai dogune (1930, 261 orr.).

        2) Bertolda'ren maltzurkeri zurrak eta Bertoldin'en txaldankeri barregarrijak (Bilbao, 1932). Verdes Atxirika'tar Emeteri'ren irarkolan. 183 orrialde, ta azken-iztegiak, LVIII orr. Giulio Cessare Della Croce (1550-1620) italiarrak idatziriko bi liburu dira, euskerara itzulita, egillea ilda gero argitara emandakoa: amazazpigarren gizaldiko idazti barre-eragillea, Europa guztian ots itzela atera zuena. Zer dala-ta biurtu zuen au? Ona errazoia berak: «Idazti txatar au baño obarik ez ete neunkianentz idoro, euzkeralduta zuri eskiñiteko? Bai, urrean. Egija autortu: ba-dira basterretan au baño idazti ederragorik asko nok euzkeraldukoren begira; baña nik idaztiño au begiz jo ba'dot, erderaz dauan zabaltasunaren bidez euzkerearentzako onura apur bat ateratiarren baño ezta ixan». Itzulpen au «Euzkadi»-n agertu zan zatika.

        3) Pizti patariak (Euzkadi, 1934, bagilla, 3, 12 orr.).

        4) Kurutze eginda dagon lekuan (Euzkadi, 1935, bagilla, 12, 12 orr.).

        5) Abere dontsuak (Euzkadi, 1936, urtarrilla, 15, 12 orr.). Inglesetik itzulita. Abereak eta santuak alkarrekin izan dituzten ar-emanak.

        6) Euskalerriko abere-piztiak (espaiñeratik eta ingelesetik euskerara egokituak).

        7) Abere Ipuñak, kontu-kantari esanak. Ingelesetik euskeraz.

        8) Lapurditar J. Barbier'en «Ixtorio-Mixterio» ipui sailla bizkaieran. «Euzkadi»-n dator.

        9) Euskerazko Toki-izenak, edo obeto: «Nombres genéricos de "río" en la Toponimia vasca». Azken orduko lana, urrean. Euskal-abizenak eta baserri ta tokietako izenak biltzen zebillela idatzi zidan 1954'an. «Euskera»-n (1956, 58) datoz onako batzuk.

        10) Olerkiak. Naiko ditu or-emen edatuta. Ba-dauzka batzuk berak asmautakoak, txit bitxi ta ariñak; beste batzuk ingelesetik eta portugaleratik itzuliak.

        11) Lau Ebanjelioak. Goma kardenalak egiñiko «Evangelios concordados» bizkaieratu zuela dio egilleak, Olabide'ren «Itun Berria» begipe zuelarik. Liburu onek eztu oraindik argia ikusi.

        12) Kanta letrak. Kinka artako gazteen artean, antza, gaur lakoxe kanta-lera ernai zebillen, eta Garro'k txistua, kitarrea ta pianua jotzen zituen ezkero, kantatzeko bear zituzten letrak berak jartzen zizkien premiñaz ta eske zeudenai. Eder zitzaizkion onakoak.

 

                Kabeliña, kabeliña,

                kabeliña biotzkoa;

                nire maitetxuagana,

                nire maiteagana oa.

 

        «Gisa ontako gauzak asko burutu ditut —dio azkenik—, baiña irteerarik ez dute izan zelan-alangoa baizik. Kitarra artu ta erriz erri bertso auek kantari joan eta "bertso berriak" bezela saldu al ba-genituzke, bear bada onartua izango lukete; baña ez gagoz Iparragirre'rena egiteko».

 

        IRITZIAK.— «Ona —dio Lizardi'k—, ezin polikiago ari dan idazle bat. Asteazkenero, uts-egin gabe, arki dezakezute "Euzkadi"'ko "Euzkel-Atala"'n "Otxolua"'ren idazki mamia, Mundaka'ko berriez ta zenbait goxoki geiagoz ornitua. Maiz, berebiziko ipui irakurgarriak ingeleratik txukun-askirik itzuli oi ditu. Oiek bilduz-bilduz noizpait idaztitxo bat osatze'aal ba zeneza, elitzake makala aldarte beltza argitzeko. Bizkaiera giartsu egokia oi derabil, ta itz-aukeratze ta are asmagintzan ere zolia da. Euskerak Bizkai aldean ditun idazle bikañenetakorik irudi zait» (Itz-lauz, 1934, 88 orr.).

        Orixe'k bein: «Lagun eta irakasle dut Otxolua... Euskalerri guztiko idazleen artean txukunenetarikoa».

        L. Villasante'k: «Otxolua'ren euskal itzulpenari buruz esan bearra dugu bertan agertzen dala au Bizkaiko erri izkeraren ezagule sakona bezela, gure izkuntzak gauzak adierazteko dituen bultz-gaillu ta elpideak noski. Bai aditz-erak erabiltzen eta bai iztegia, esaera, itz-ingurua ta joskera berezietan batez ere, egi-egiazko maixu duzu Otxolua. Tamalgarri ziñez garbikeri kezka geiegiak eiñeko mugaldeak baiño urrutiago eraman izana» (HLV, 386 orr.). Jarraian aiñen-korda ilbintzen digu mundakarrak darabilzkin itz berri ta zaarren aurka, ez bait dugu olakorik aintzakotzat eman bear. Gisa ortako liburuetan ere ez? Nere iritzi apalean, orraitio, orixe dugu euskera idatzia aberastu ta batasunera irixteko biderik erazkoena; Orixe'k, Olabide'k, Zaitegi'k, nik eta beste ainbatek ortik jo dugu. Oker gaude? Onen kaltetan ez dakit, eioak egiñik ere, funtsezko errazoirik idoro dezakegunik.

        M. Zarate'k: «Ainbat idazlan egin ebazan Otxolua'k. Itzulpenak dira geientsuak. Baiña zelango itzulpenak! Ona emen Otxoluaren aparteko zer bat, zera: Euskeratu barik, euskaldundu egiten ditu beste izkuntza batzutako idazlanak» (Bizkai'ko euskal idazleak, 206 orr).

        Akatsik? Nork ez! Jainkoa bakarrik ainbakoa. Garbiegi idazten ei zuen. Garbi-garaia zan orduan, gaur mordoillo garai dugun bezelaxe. Zein ote obea? Garbizaleak mordoillo zaleen bizkar txibita astindu dugu, ta mordoillo zaleak garbizaleen aurka: oso zentzun gutxirekin maiz samar. Ez dut uste «bakaldun» ta «bakandera» erabiltea, adibidez, garbizale izatea danik; ez da «izan» ordez «ixan» esatea. Ortara ezkero, lendik ere esana dudanez, «bihotz» esatea ere «bijotz» esate aiña mordoillo duzu. Ez zalantzatu! Au ez duzu erritartekeria! Guk bai gauzak beren ardatzetik errez atera! Iñoren aoz mintzaturik sarri! Batek orrela esan duela ta guk ere orixe bera diogu ezertariko lotsa gabe. Jokabide iñozoegia.

 

        (Ikus S. Onaindia, 1954-8-7'gneko eskutitza ta MEOE, 681 orr. L. Villasante, HLV, 384 orr.; «Euskera», 1961, 348 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleak, 1969, 262 orr.; M. Zarate, Bizkai'ko euskal idazleak, 206 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 1968, 89 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 371 orr.; I. Sarasola, Euskal Literaturaren Historia, 1971, 124 orr.).

 

Bilaketa