literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

25.— Kepa Ormaetxea Aldana

(1891-1949)

 

        Euskerazko lanetan sarri «Lontzi Aba», «Ormalda», «Ormetxe» ta «Ormaetxea'tar Kepa» ta antzekoak erabilli zituen.

        Zornotza edo Amorebieta'rekin batu arteño bere Udaletxea zeukan Etxano erritxoan jaio zan 1891-12-4'an, Boroa auzunean, Zugatza basetxean, eta egun berean bateatu zuen Salustiano Azurmendi, Etxano'ko txaunburu zanak. Bere gurasoak: Paulo Ormaetxea, Etxano'koa, ta Andresa Aldana Egiarte, Amorebieta'koa; aitaren aldeko aita-jaunak: Martin Ormaetxe ta Derteano, Etxano'koa, ta Leokadia Ormaetxea ta Ormaetxea ta Ormaetxe, Bernagoiti'koa; amaren aldekoak, Joakin Aldana ta Derteano, ta Mari Karmen Egiarte ta Etxebarria, biak Amorebieta'koak.

        Izakera ta mendu jainkozalez doatua, ta Larra'ko komentukoen ikasbide onarekin indartua —komentutik ur-samar bait dago bere jaiotetxea— karmelar bizitza besarkatzea otu zitzaion, baita buru-kozkoan jarria egiztatu ere, Larrea'ko aztetxe edo nobiziaduan lekaide jantzia arturik. Urrengo urtean, ots, 1911-9-4'an, bertan eskeiñi zizkion Jaunari bere ziñitzak, eta ondoren beste urte bete osotu zuen Markiña'n, bere lagunakin batera, praille bizitzan sakonago jokatu zezan. Jarraian, Iruña'n, Gazteiz'en, Begoña'n karmeldar ikastetxeetan burutu zituen ondorengo eliz-ikasketak. 1920-1-6'an egin zan jaupari, gotzaiaren esku-ezartez.

        Aldikada batean Aita Lontzi Burgo de Osma'ko karmeldar komentuan bizi izan zan, eliz-izlari trebe eginik. Gero, 1931'tik 1937'ra batez ere Larrea'ko ta Markiña'ko komentuetan egin zuen lan ederra, Kristo'ren Itza, mixio ta gogo-jardunak emanik, Bizkai'ko erririk geienetan erein eta zabalduaz; eta baita Larrea komentuko bizimolde zeatza eramanik: orduan gaberdian jaiki bear zan Larrea'n, gau erdiko eliz-arrenak, ordu betekoak egiteko.

        Idazkortzez ere etzebillen nagi, itz-lauz ta bertsoz ainbat lan argitaraturik. Komentuko diru-zaintza berak eraman zuen urteetan, eta arreta aundiz eraman ere. Probintziko Nagusi berriak aukeratzeko batzarretarako laguntzaille legez bein baiño geiagotan joan zitzaigun. 1935-37 alkarrekin bizitu giñan; 1937'an, gudu zalapartak, naste-borrasteak zirala tarteko, Txile'ra joan zan. Ala ere etzuen osasunik eta ezin lan askori oratu arima-zaintzan: goxoeridun zebilkigun aspalditik. Ori gora-bera, al zuena egiñez, lege-gordetzeari ekin zion aspertu barik, eta eliz-egikiñetan berdin. Azkenez, gexotasunak abailduta, gogo-laguntzaz kemendurik eta bere anaiak biran zituela, Jainkoari eman zion bere arima Viña del Mar'eko komentuan, 1949-1-15'an.

 

        EUSKALTZALE.— Mezakotu ta laster asi zan idazten. «Jaungoiko Zale»-n, «Ekin»-en eta «Karmel'go Argia»-n datoz Aita Lontzi'ren lanak. Argi ta garbi idazten du, joskera ederrean. Atsegin zituen esaldi luzeak, naiz itzaldietan, naiz argitaratzen zitun idaz-lanetan. Naikoa idatzi zuen. «Karmen'go Argia»-n, adibidez, illero ematen zigun zerbait. Aldizkari au sortu zanean, lenengo zenbakian, eta gero ere bai, izpar-arloan ekin zion gogotsu. Ona lenengo zenbakia, garai artan sor-barri zan Donostia'ko «Euskaltzaleak» bazkunari buruz, zer dioskun:

        «Euzkalerriko izketa, jolas, dantza, abesti ta oitura gustiak barrian barri berbiztu ta indartuteko asmuz lentxoago Gipuzkoa'n sortu ta eraldu zan batzar begikoa Euzkalerria zear, zorionez, zabalduaz doa. Gure euzkera ta beste oitura arrigarri gustiak berbiztuteko bakoitzak egunoro eunen bat emon bearra bakarrik dauko. Bakoitzak egunoro eunentxo bat emonaz beste barik, Euzkalerriari ganera jausi yakon erdal-gorrin eta nasaikeria "Euzkeltzale" batzarrak erraz-erraz kenduko leuskio... Euzkeltzale batzarra sortu zan tokian zuzendari ta langilleak aurrenengo lez abade-lekaideak agertuten ba-dira, Bizkaya'n, Araba'n, Naparroa'n eta Auñamendiz arantzako erkietan be agertu eziñik eztauke. Bakotxak bere sail eta arloan, gustioen ama dan euzkerea eriotzapetik atara ta dagokion goratasun-gallurrera jaseten aleginduten ba'gara, euzkereak laster burua jaso ta kukurruku egingo dau» (Karmen'go Argia, 1931, urtarrilla, 31 orr.).

        Izparlari zeatza zan, eta zeregin ori bere lepo duenak egin bear duenez osatu zuela, uste dugu. Albiste pilloak dauzkagu «Karmen'go Argia»-n adibidez, euskal elerti edestirako egoki ta jakingarri zaizkunak. Aspertu gabe mintzatu zan A. Lontzi Bizkai'ko elizetan batez ere. Eta, ia beti, idatzi, buruz ikasi ta bota oi zituen itzaldi oiek. Esan dugunez —eta guk berari esan oi genionez— Kikeron'ek bezelako esaldi luze ta durundutsuak eder zitzaizkion. Gisa onetan daude borobilduta utzi zituen eliz-jardunak, mordo ederrak ain zuzen ere. Merezi lukete argitaratzea.

 

        OLERKARI.— Naizta berez jardunaldi luzekoa izan, eder zuen Aita Lontzi'k, oldozkai laburrak, motzak, ipuin gisaz askotan, oretu ta irakurleari jaki bezela eskeintzea. Au geienik bertsoz egin daroagu. Lontzi Abak neurtitz asko ditu, erreztasun ikaragarria bait zuen bertsoak opiltzeko. Idazti eder bat osotzeko lain poesi aurkitu ditzakegu gorago aipatu ditugun iru aldizkarietan.

        Txile'n zegoelarik, bertsozko bi ipui-liburu argitara zizkigun. Ona:

        1) Lontzi Aba'ren Ipuintxoak (Santiago de Chile, 1947'g. Mikel Deunaren egunean). «Hispania» irarkolan. 100 orrialde. Ordenako Iturbe'tar Modesta esleak eta Astobitza'tar Ebaista azterkalariak ikusi ta Josu'ren Sabin, Txile'ko karmeldarren nagusiak baimena emon ondoren, Bizkarguena'tar Ander, Nikola deunako txaunburu Goterkiko eslearen eskariz, Santiago'ko Gongotzaiak eman zion argitaratzekoa, 1947-6-7'an. Eun olerkitxo dira guztiz, polito eratuta.

        2) Lontzi Aba'ren bigarren Ipuintxoak (Santiago de Chile, 1948-3-2b'an). «Hispania» irarkolan. Baimena lenengo ipui-liburuarentzat eman zituenak ematen dizkie emen ere. 100 orrialde, ta eun poesi labur. Bi liburuok dira berdin samarrak. Ona eredu bezela olerkitxo au, «Lanik txarrena» deritzaiona:

 

                Osagilleak ardura aundiaz

                azterkatu dau gexoa,

                ta osasuntsu aurkitu dautso

                buru-bera soin osoa.

 

                Lanaren lanaz aurkitzen zara

                apurtxu bat nekatuta,

                amabosten bat egun lan bakoz,

                baña, zagoz osatuta.

 

                —Ze bearretan aurkitzen zara

                arazotuta, zalduna?

                —Lau urte onetan jan baño eztot

                besterik egiten, jauna.

 

                Gure gorputza gexotuteko

                dagoan lanik txarrena,

                deus egin barik gogait eginda

                emotea da egena.

 

        (Ikus Analecta Ordinis Carmelitarum Discalceatorum, 1949, 30 orr.; S. Onaindia, MEOE, 694 orr., ta Larrea eta Karmeldarrak, I968, 95 orr., ta Kardaberaz Aitari Omenaldia, 132 orr.; San Martin, Escritores euskéricos, 145 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 294 orr.).

 

Bilaketa