literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

11.— Jon Gurutz Ibargutxi Agirre

(1883-1969)

 

        Euskaltzaindia —1969-9-21'an— Donosti'ko Aldundegian bere Urrezko Eztaien, oroitza ospatuaz bildu ta, ixilleko batzar ondoren, agirikora etorri zanean, izpar goibel bar jakin-erazi zuen maiburuak. Onela dio orduko agiriak: «Lekuona jaunak pixka batean alde egin bear zuala, ta Aita Intza jarri zan billerako buru. Asiera, berri illun batek eman zion gure jardunari: Ibargutxi'tar Juan apaiza, euskaltzain zaarretakoa, illa zala. Aren dolumiña adierazi ta lagun joanari bere omena egin zitzaion (G.B.)» (Zeruko Argia, 1969, iraillak, 28).

        Omena merezi zuen, bai, Ibargutxi'k. Eta merezi du gaur ere. Era etzaio eman oraindik, bear aiñako giro ta aunditasunean beintzat. Merezi du, ala ere, urte zenbaitez eta ederto euskal soroan geldatu zigulako. Orixe'k ontaz: «Matxinada aurreko urtietan ondo ezaguna gendun Bizkai-Gipuzkoetan Ibargutxi'tar Jon Gurutz iauna, "Jaungoiko-Zale" ta "Ekin" irakurten gendunon artean. Bizkaia'n Eguzkitza aundia ta Ibargutxi idazle bikotea lakorik bai ete dogu beste iñungo Euskalerritan? — Biribil esango dot, ezetz» (Karmel, 1960, maiatza-bagilla, 66 orr.).

 

        BIZI-ZEAZTASUNAK.— Gorbea azpian, eguzkira begira datzan Ubidea erritxoan, Bizkai ta Araba muga gurenean jaio zan Ibargutxi 1883-11-23'an.

        Denak txiker-txikerretatik, zelan edo alan, barnean somatu oi dugun deiari erantzuki, laster asi zitzaigun Ibargutxi eliz-ikasketak osatzen. Gazteiz'ko apaizgaitegira jo zuen ortarako, eta antxe egin zituen jaupari izateko bearrezko diranak, 1897'tik aurrera. Amaika urtean latin, Filosofia ta Teolojia ikasi ostean, 1907'an artu zituen ordena txikiak eta 1908-1219-n apaiztu zan, antxe bertan, garai artan Gazteiz'ko goterkian Gotzai zan Jose Cadena y Eleta'ren esku-ezartez; 37 izan ziran guztiz apaiztasuna artu zutenak, eta oien artean bi Txomin Ugartetxea Urkieta, markiñarra, ta Polikarpo Larrañaga, Soraluze'ko semea, biak euskaltzale finak.

        Ibargutxi geroztik arimazai egona dugu Zestafe'n, Marin'en eta Eskoriaza'n, eta azkenez gerra aurretik, 1915'garren urtez gero, Eibar'en, Ander Deunaren elizan. Guda ondoren erbesteratu bearra izan zuen, eta 1938'tik 1940'rarte, La Rochelle'ko Rochefort-sur-Mer errian, San Luis elizan egin zuen apaiz laguntza. Euskalerriratu zan ondoren, eta nagusiak Errioxa'n Badaran erritxoa jarri zuten bere zaipean: guztiz jainkoti ta ariña zebillen, nik, 1945'ko garizuman an izlari izan nintzanean, ikusi nuenez. 1950'an Basauri'ko Basconia neskato ikastolako kapellau izentatua izan zan, eta arrezkero guztian, emeretzi urtetan, ementxe lan egin zuen egundo ere aspertu barik. Ubidea'n, bere jaioterrian il zan, 1969-9-14'an.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Amaren ezpain eriotik ikasi zuen izkuntza etzeukan iñoiz eta iñun ere zokoratzeko asmotan. Aurrenik ikasle zala, ta gero, arimen ardurea izan zuen errixkaetan, idazti zarrak irakurriz eta jendearen agotik xurgatuz, gero ta obeto ikasi ta sakondu azi zigun gure euskera ederra. Orixe dakusgu argitara zituen liburuetatik.

        Luma eskuan zuela bizi izan zan; naiz emen naiz an bizitu, berdin zitzaion idaz-lanari ekiteko: egiaz maite duguna nekez piper utziko. 1912'an, «Jaungoiko-Zale» bazkuna ta aldizkingia sortzerakoan, or aurkitzen dugu Ibargutxi ere bazkide ta idazle bezela. 1919'garreneko urrillaren 26'an, Donosti'n Gipuzkoa'ko Aldundiaren jauregian ospatu zan Euskaltzaindi osatu berriaren batzarrean izendatu ziran euskaltzain urgazleen artean, Bizkai'tik bat J.G. Ibargutxi izan zan. Geroago, urteak joan urteak etorri, 86 urteko zala, ohorezko euskaltzain egin zuten, 1968-12-4'an.

        Nekatu gabe idatzi zigun «Jaungoiko-Zale»-n, «Ekin»-en, «Euskera»-n, «Karmel»-en eta abarren. «Gurutz» eta «Iturrondo» izenordeak erabilli zituen.

        Ona ark argitara ekarri zizkigun lanak:

        1) Loyola'tar Iñaki Deunaren Bederatziurruna (Bilbao, 1915). Jaungoiko-Zale'n idaztijak. 50 orrialde.

        2) Jaungoikoaren Legeko Aginduak (Zornotza, 1925). Jaungoiko-Zale'ren idaztiak. XVI-318 orrialde. Eliz aginduak ere berton datoz. Ona berak: «Zietz, garbi ta labur idazteko alegin egin dot. Itz ezezaun edo gitxi erabillitako batzuk begiz joko dituzu. Ez izutu. Ez egizu ori dala-ta, liburutxu au amorruz eskutik yaurti. Zaildu zaite. Irakurri, irakurri. Gaya berez astuna ta latza da, ta gure izketa ederrez gitxi erabillia. Ez ba izketeari errurik ezarri, gai berari baño. Itz ezezaunen ondoan, ezaunagoak aurkituko dituzu». Bigarren argitalpena ere izan zuen, On Zirilo Artzubiaga zanaren ardurapean, Uzkurtz-Irakurgayak (Bilbao, 1953), Verdes-Amirika'renean egiña. XV-314 orrialde.

        3) Omen-itzaldia (Ondarroa, 1934). 1934'garren urteko bagillaren 27, 28 ta 29'an, omenaldi bi egin zitzaizkion Txomin Agirre'ri Ondarru bere sorterrian. Bata zar-ontzailleak, eta bestea Eusko Ikaskuntzak; eliz jaiak izan ziran, umetxoen euskal azterketak, itzaldiak eta abar; itzaldiak batez ere J.G. Ibargutxi'k eta Gabirel Manterola'k egin zituzten.

        4) Eleiz Ama Deunaren Ikurtonak edo Sakramentuak (Zornotza, 1932). «Jaungoiko-Zale»-ren irarkolan. XV-325 orrialde. Aita Estefania josulagunak onela idatzi zuen: «Bizkai'ko euskera jator ugaria darabil, eta ederra ere bai euskalki onetan idatzi dutenak erabilli duten bezain ederra, naiz-ta, antze alderditik so-egin ezkero, darabillen gai-motagatik, bi edo iru idazlek gaiña artu dezakeoen arren. Garbi ta jori ta egoki ta zeatz ari da, baita izkeran argi ere. Irakatsi seguru, tinko, betea du, Eleizearen Maisutza uts-eziñaren iturri eta bere iruzkin, azalpen itzalgarrienetan edandakoa. Orrez gaiñ, eta errazoiz, gai onetan euskeraz erabilli izan diran idatziak, labur esanda, Prai Bartolome, J.B. Agirre, A. Sebastian Mendiburu ta Axular txit ospetsuaren idatziak» (La Gaceta del Norte, 1933, 7-30). Bigarrenez ere argitaratu zan liburu eder au (Bilbao, 1954), Verdes-Atxirika'renean. XVI, 354 orrialde.

        5) Edesti Deuna (Zornotza, 1936). «Jaungoiko-Zale» bazkunaren irarkolan, 245 orrialde. Itun zarra ta berria artzen ditu, ederto azaldurik. Ona berak: «Jesukristo dogu gure erospen, gure Irakasle, Jaungoiko ta gizonen Bitarteko, gizadi ta Eleizearen Buru. Gizarteko gora-bera guztiak Jesukristo'rengana joten dabe. Jesukristo'renganako gerta-bide izan zan Itun Zarra. Gure lenengo gurasoak jausi ordukoxe, egin eutsen Jaunak Eroslearen agintza. Ta urteak joanaz, geroago ta biziago agertzen yaku Itun Zarrean Jesukristo'ren irudia, arek eta aingeruak Maria'ri Jaungoiko-Semearen gizakundea iragarri arteragiño. Baita gure Eleizaren azi ta sustraia be, Israel errian dogu. Arei jazoten yaken guztia gure irudi zala, diñosku Paul deunak (Korint. 1, 10-11). Jesukristo ta bere Eleiza, diran bezain eder, sendo ta maitegarri ikusi ta irakasteko bide dogu, ba, Itun Zarra. Auxe izan da gure asmoa Itun Barriko jazokunetan be».

        6) Geroko bizitza. La vida futura (Bilbao, 1953). Editorial Moderna irarkolan. 170 orrialde. Orixe'k onela: «Zerua, zoriona eta atseden-toki; ikuste zoriantsua eta beste zenbait gauza iakingarri. Bizitza doatsua ez eze, bizitza doakabea ere aztertzen ditu; Garbitokia; umien linboa». Auxe duzu Zirilo Artzubiaga'k, «Kristiñau-Ikasbide-Atzalpena» titulupean, Bilbao'n —1953-1955— argitaratu zizkigun lau auetatik lenengoa: I: Geroko Bizitza; II: Jaungoikoa'ren ta Eleiza'ren Aginduak; III: Eleiz Ama Deunaren Ikurtonak, eta IV: Otoia.

        7) Otoia (Bilbao, 1955). Verdes-Atxirika'renean. 211 orrialde. Orixe'k au: «Oso-osoko lana: agozko ta gogozko; otoitz eginbearra; zer eskatu; nortzuei ta norentzako; Aita Gurea; Andre Mari'ri; Agur, Mari; Agurtza; Andre Mari'gana eraspen edo deboziñoa; aingeruai otoia; deunei otoia» (Karmel, 1960, 66 orr.).

        8) Siñiskaiak (Bilbao, 1959). Verdes Atxirika'renean. 598 orrialde. Lan onekin bukatzen du Ibargutxi'k Kristiñau-Ikasbidea azalduz egin zigun Teoloji osoaren laburpena. Kredoa deritzan otoitzean esan oi dltugun jakite ta enparauak sakon ere sakon arakatu ta azaltzen ditu ubideatar jakintsuak lan jori ta mardul onetan. Ementxe datoz gañera aingeru ta gizonak zer diran: giza-gorputza, arimea, jatorrizko obena, gizonaren elburua, ta atar. Dotriña osoaren azalpenean, lenengo zatia bezela dugu, au. Orixe'k onela: «Lenengo ta beiñen: Iaungoikoaren Beraren itza, Biblia'tik, eta batez bere, Ebanjeliotik artua; urrena, Eleizako Gurasoena; Eleiz-batzarretako erabagiak; teologia; gizonak beure argitasunez irixten dauna, edo Pilosopi zindoa. Ikusten dozunez, irakurle, ur garbiagorik eta osasungarriagorik eziñ eskeiñi. Eta, oparo eskeiñi be. Libururik onenetako soroak ondo arakatu ditu, eta areitako lorea ta guna ta mamiña biltzen, erle langillea lez saiatu da» (Karmel, 1960, maiatza-bagilla, 66 orr.).

        Idazlanik asko dauzka oindio, argitara emanak eta gabeak. Azken auetatik: Mezadia, edo Urte guztiko mezak, 1962'tik zeukan irarkolara eramateko gertatua. «Jaungoiko-Zale»-n, Ekin'en eta «Karmel»-n idatzi zuen batez ere.

 

        IRITZIAK.— Euskal idazleok ez gaude akatsik gabe; lengoak izango zituzten beurenak, baita gaurkoak ere. Bat auxe, kritika soroan lurra iraultzean beiñik-bein: «Iñork esanetatik epaitu oi ditugu lanik geienak». Ez duzu au utsik kaskarrena, gorago ere esana dugunez. Ubideatar idazle bizkorrari buruz ez ote dugu jokabide bera erabilli? Ni baiezkoan nago. Irakur zazu ondorengo iritzi-sail alkarri gibelez ta mokoka dagoena.

        Orixe'na duzu galdera au: «Bizkaia'n Eguzkitza aundia ta Ibargutxi idazle bikotea lakorik bai ete dogu beste iñungo Euskalerritan?» «Euskera gozua, garbia du —dio berriz ere Orixe'k—. Oraingo euskaltzaleak bere ondo ulertu dagikee. Zenbait aldiz itz barriak edo aspaldiko ez diranak erabilten ba'dauz, ondoan ipinten dau beste bat argitasunerako».

        Luis Villasante'k: «Ibargutxi'ren euskera garbiegia duzu, ezertara ere ontzat artu ezin litezken itz tzar —ikurton, sakramentu ordez—, alperreko, motel, itsusiz beterik; era batera, baiña, irakas-idazkera argia ta laguntasun bikaiña damakie apaizai aren lanak. Ibargutxi'ren lanak beti ditugu oiñarri sakonak» (HLV, 1961, 395 orr.).

        M. Zarate'k onela: «Ibargutxik darabilzan gaiak zail samarrak dira, bai. Baiña euskera aldetik bere (berak alan uste izan ez arren) zail samarrak dira. Euskera ondo ta sakon daki; baiña (bere aldiko semea dogu au bere-ta) beti berba garbiak erabilli gureak kalte andia egiten deutse bere idazlanen argitasun eta gozotasunari. Beste euskalkietatik artzen dauz itz asko. Aranatarrak asmaurikoak bere ainbat artzen ditu. Gaiñera, euskera zaar zale da. Eta, jakiña, orrek astunagotu egiten ditu bere gai astunak. Dana dala, ondasuntegi bat dira Ibargutxiren liburuak» (Bizkai'ko Euskal Idazleak, 189 orr.).

        L. Mitxelena'k, I. Sarasola'k eta beste batzuk, gure literatura gaian ari izan arren, ez dute aren aipurik ere tximizkatzen. Eta sei ale aunditan Teoloji osoa euskeraz jarri ta argitara emana dugu: ixilla, zapalketa bera ere baiño zitalagoa dugu sarri. Beste batzuen lanak, naiz-ta oso urriak izan, elbitz batzailleak belarra irudi, sarde puntaz dantzarazi oi dituzte. Zergatik ezberdiña dirudin neurkera au? Erikor ematen giza-lege onek.

        Izterbegion esanak gorabera, zein irakatsiz eta zein izkeraz gorena dugu Ibargutxi. Norbera izan oi da iritzi ederrena geienik. Txasta ezazu, beraz, urrengo zatiño au, ta zeorrek esan atsegin zaizun ala ez. Gogoko bizitzari buruz ari dala dio: «Abade egin-barri nintzala, gorengo maillako otoiketa eban gizon bat ezagutu neban nik. Beiñola itandu neutson: Zelan egiten dozu zure otoiketa? —"Ara ba, jauna, ni artzaiña naz. Kristau-Ikasbidea aldean erabilli oi dot beti. Goizean-goiz, artaldea larratutakoan, pagondo baten jezarten naz, ta Ikasbidea aterata, zertxobait irakurten dot. Orixe izaten da nire gogoaren janari egun barruan". Artzain onek egiten ebana guk bere egin geinke, ta aren antzera gure siñesmeneko egi mardulak gogoan erabilli ta Jaungoikoz bizi. Argibidetzat liburu on bat eskuetan artu ta mara-mara irakurri. Ta irakurten doguna ausnar egin, gogoan erabilli, batera ta bestera eragin. Arako eskuartean darabilgun auzi edo arazo astunen batek biziro minduten gaituanean, jo batera, jo bestera, beti gogoan erabilli oi dogu, geure buruak onez aterateko argi ta bide-billa. Olantxe ekin, argi ta bide-billa, gure arimaren onerako diran arazoetan bere» (Otoia, 1955, 18 orr.).

        Naiko duzu, txatal batetik ezagutzen da-ta idazle ona. Sustraiz zekien euskera, ta, bere gaia —Teolojiazkoa— zailla izanik ere, etzebillen bidekatua bezela. Gaia ondo ulertzen duenak argi adierazten ere ba-daki, ez izan itzal edo ezbaitasunik. Ola dagiana da Ibargutxi. Dotriña zaillari bere iruzkina, azalpena jartzen dio aurretik. Itzarekin ere berdintsu dagi, zarra, berria naiz ez-ezaguna baldin ba-da, azpian edo-ta taket artean ipiñiko dio argitasuna.

        Gaztetatik esku artean erabilli ditut Ibargutxi'ren idatziak, eta ezin dezaket iñolaz ere uka, naiz leen naiz orain, probetxu aundikoak izan dirala niretzat. Ar ezazu zuk ere eredu bezela, ta etzaizu damutuko noski.

 

        (Ikus Orixe, Karmel, 1960, maiatza-bagilla, 66 orr.; L. Villasante, HLV, 395 orr.; K. Etxenagusia, Lorategia, 63 orr.; N. Kortazar, Cien autores vascos, 27 orr.; S. Martin, Escritores euskéricos, 98 orr.; M. Zarate, Bizkaiko..., 188 orr.; A. Onaindia, Kardaberaz Aitari Omenaldia, 126 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 492 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliografia, IV, 308 orr.).

 

Bilaketa