literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

14.— Arana Goiri'tar Sabin

(1865-1903)

 

        Naikoa maixeatua izan da A. Villasante, euskaltzale garai onek, ots, Arana Goiri'k euskera berriztata nairik osotu zuen lanari buruz, bere Euskal Literaturaren Kondairan erein zituen iritziengatik. Paiña prantziskotar argi onek au ere idatzi zigun: «Indar bati bidea eman zion oroz gaiñetik. Indar ori egiaz gaur ere sentitzen dena, ta gure erriaren kontzientzia zain ta muin astindu duena, euskaldunoi geure izkuntza zaarra zaindu ta lantzera funski bultz-eragiñaz. Sabino'ren politikazko ta izkuntzarekiko usteak ontzat ematen ez dituenengan ere daragian indarra, beroni aurka egiten dienengan ere sumatzen dan indarra noski» (HLV, 290 orr.).

 

        BIZITZ-OSTOAK.— Gaur Bilbao dugun Abando'n jaio zan Sabino, 1865-1-26'an, San Bizente eliza ondoan Arana'tar Santiago ta Goiri'tar Paskuale senar-emazteak zeukaten etxean; zortzi seme-alabatatik, berau azkena. Lenengo ikaskintzak bertan asi zituen; baña zortzi urteko zala, 1873'an, Laburdi'ko Getari erritxora aldatu zan bere ama ta bi anaikin: aita Inglaterra'n zegon orduko, emengo karlatar guda zala-ta, uri artara iges eginda. Baiona'n egin zizkigun 1873-1875 arteko ikasiak; 1875-1876 artekoak, berriz, Donibane Lohitzune'n, azterketak Ondarribi'n egiñaz. Amaika urtekin, Abando'ra dator berriro, ta 1876'garren urteko ikastaroa Orduña'n asten du, jesulagunen ikastetxean; 1881'an, ordea, azkenengo ikastaroa bukatzen zegoelarik, il-zorian jartzeraiño gaixotu zitzaigun.

        Urrengo bi urteetan, ondo sendatu arte etzuen ezer ikasi. Orduntxe asi zan, alare, bere sorterria ta sorterri orren edertasunak ezagutzen. Ona aren bi amets, bizi osoan urduri erabilli zutenak: bere erria ta onen arima, euskerea. Bi amets oientzat izan zan zeukan guztia. Gaztetan ba-zituen nunbait bere illuntasunak, baiña bere anai Koldobika'k uxatu zizkion illun-matasok eta arrezkero etzuen dudarik izan aberriaren alde itsuan jokatzeko ta zeukan guztia —bizia ere bai— bere onez emateko.

        Euskera arloan, aldiz, garai aretan asi zan ikasten. Ortarakoan, euskaldun berriak egin oi dutenez, elizti-gramatika ta iztegi bitxi batzuk esku arteratu zitun: Van Eys olandar euskerazalearen «Dictionaire basque-française» ta «Grammaire de la Langue basque», Azkue'k ere geroago naikoa erabilliak, eta abar. Amazazpi urte zeuzkan. Urrengo urtean il zitzaizkion aita ta anai bat. Sistada ederra aren biotz aularentzat.

        Orrek eraginda edo, Barzelona'ra zuzendu zan bere ama ta anai Koldobika'rekin, eta ango Ikasgu nagusian osatu zuen 1883. 84'garreneko ikas-urtea, Pilosofiari ta Lege-jakintzari ta Elertiari buruzko gai-oiñarriak ikasirik. Bitartean baita euskerari ere ekin zion jo ta ke, Kanpion'en «Gramática Bascongada de los cuatro dialectos literarios del Euskera» atera berri zanarekin oraingoan. Eta 1885'an, naiz-ta iru urte geroago argitara emana izan, «Gramática Elemental del Euskera Bizkaino», 200 orrialdeko liburua idatzi zuen. Ogei urteko zala, gogotsu lan egin zuen Balentin Berriotxoa ziñoparen gorpuzkondoak artzeko elizkizunak gertu ta apaintzen. Urte berean, au da, 1886'an argitaldu zuen bere lenengo idazlana (Euskal-Erria, 1886-10-30'an, 361 orr.) ere, Euskaltzaindia sortzeko asmo-lana alegia. 1887'an, beste zer askoren artean, «Etimologias euskéricas» osatu zuen, eta ingurti ontan agertzen du Sabin'ek bere ikurra, azken-aldean au bait du jartzen: «G.E.T.E.J.». Au da: «Geu Euzkadi'rentzat eta Euzkadi Jaun-Goikuarentzat». Urte ontan il zitzaion ama, ta ikasketak etenik, Abando'ra etorri zan.

        Ondorengo urteetan, il arte guztian, lan ikaragarria burutu zuen. Lumaz eta mingaiñez. Geroxeago aitatuko ditugun idazlanak albora itxita ere, ba-zuen gizaseme esnale ark zeri oratu. Goraka bearrez erauzia zan irrintziña, ta 1893-6-3'an batez ere, Larrazabal baserrian itzaldian adierazi zituen argi ta garbi bere asmoak, eta xede auek aurrera ateratzeko «Bizkaitarra» sortu zuen. Latz eta gogor dagerkigu Arana, euskal kontzientzia esnatu naiean. Bera zan aldizkari orren jabe ta zuzendari. Ta bertoko lanengatik sarri izan zitzaigun salatua, auzipetua, uxindua ta espetxeratua.

        Jaungoikoa ta Lagi-Zarra zizun ikurritz, eta onekin erein zuen bere azia, ta lur girotuan erein ere, ernera bikaiña bait zekarren. 1894-7-14'an iriki zan Euzkeldun Batzokija, geroztik maiz iriki ta itxia izan zana. Onako baten Sabino ta beste aberkide mordo bat giltzape jarri zituzten eta orduan ondu zigun, Larrinaga'n aurkitzen zala, «Lenago il!» asten dan olerkia. Amets-azia ezpaita neke gabe erein ta erne-aztekoa. 1899-6-4'an El Correo Vasco egunerokoa sortu zuen; auxe izan zan lenengo abertzale egunerokoa, ta 103 zenbakiraiño iritxi zan. Arana'k berak idazten zuen ia geiena, ta Bizkaitarra ta Baserritarra bezin zirtolari zetorren. Eta, nabari zanez, urte artan bertan, iraillaren 15'an, ixil-erazi zuten. Biotz-min auen artean, orraitio, ba zitun pozaldi txikiak ere: urte ortan, 1899'an, Bizkai'ko Aldundegiko aulkietan jarri al izan zuen; 4.500 bizkaitarrek bere alde eman zuten autarkia. Emendik ere bapo zigor-azi zitun artez ez zebiltzanak.

        Urte auetan, osagillearen aginduz, Sukarrieta'n bizi zan, itxas-ertz lilluragarri ontako baserri baten. Berton ezkondu zan, 1899-2-2'an, Atxikallende'tar Nikolasa'rekin. Etzuten seme-alabarik euki. Etzegon lo orraitik. 1902-5-24'an, Ipar-Amerika'k Kuba'ri askatasun osoa eman ziolako, Arana'k, urrutidatzi batez, zorionak igorri zizkion ango lendakariari. Zorion-agur ura, alare, etzan ondo ikusia izan, eta egillea espetxera eraman zuten. Ordun, Larrinaga'n zegoen bitartean idatzi zuen, beste zer askoren artean, «Abertzale ezkonduba espetxian» deritzaion olerki leuna.

        Langille porrokatu beti, 1901'an «Euzkadi» iru-illabeterokoa ta «La Patria» asterokoa sortu zizkigun. Argitalpen bi auek, azkenengoak batez ere, iskanbil larregi atera zuen eta 1903'ko bagillean Bilbao'ko Udaletxeko abertzale ziñegotziak ken-erazi ta abertzale-usaiko argitalpen guztiak ere debekatu zituzten. Ainbeste buru-auste ta neke-lerrenez abandotarraren osasuna, gorputz eta arima sendoa izan arren, aulduaz zijoan oso; erriaren alde eman zuen zeukan guztia, beti neka-gaitz eta zintzo. Guenez, Sukarrieta'n il zitzaigun, 1903-11-25'an; gazte oindio, 38 urte besterik ez baitzitun. Bere gorpua an gelditu zan Kantauri egalean, eortzia, atseden asean; aren gogoa, ordea, berak ainbat goretsi zuen Jaungoikoak artu zuen bere zorion betidanikoan.

 

        BERE LANAK.— Naimen ermoaren jabe zan Arana Goiri, ta etzan iñoiz kikildu bizi-bidean jaiki zitzaizkion eragozpenen aurrean. Gogoko zitzaion azterketa lana ta ortan ari izan zan aspertu gabe: asaben izkuntza jaso ta bitxitu, ona aren elburuetatik bat. Etzala erretz? Ez, noski! Baiña ark aurrera beti, zoztor artatik zapart egiñaz. Gure euskalkien matasa ikusten zuen, eta lenengotan bizkaierari buruz osotu zuen lanik geiena: itxorkun eta etimolojiz, gramatika ta eskola-liburuz, eleder ta musikaz... Euskeraz ta euskeratzaz.

        Ona bere idazlanen erreskada ez-oso bat:

        1) Etimologías euskéricas (Bilbao, 1897). Azken aldean au jartzen zuen: «G.E.T.E.J.». Barzelona'n ikasle zala idatzia.

        2) Gramática elemental del euskera bizkaino (Barzelona, 1888). 200 orrialde. Liburu au ere, iru urte aurrerago, ikasle zala osotu zuen.

        3) Pliegos euskeráfilos —I— (Barzelona, 1888). Euskal gaiak azaltzen ditu.

        4) Pliegos histórico-políticos —I— (Bilbao, 1888). Gure erraza ta edesti-auziak adierazten dizkigu.

        5) Pliegos histórico-políticos —II— (Bilbao, 1889). Urte onetan asi zan «La Abeja»-n idazten ere.

        6) Pliegos euskeralógicos (Bilbao, 1892). Amorrortu'ren irarkolan. Ari itz-sustrai lez aztertzen digu, 150 itzen sorkuna ta artatik datozten 11 toki-izen emanik.

        7) Bizkaya por su independencia (Bilbao, 1892). 138 orrialde. Amorrortu'ren etxean. Lendik ere, R.M. Azkue'k zuzendu zuen «La Abeja» (1889-1890) illerokoan, erdia lez beintzat, argitaratua. Bigarrenez ere (Bilbao, Verdes, 1932) atera zuten. 199 orrialde.

        8) Reglamento de Euzkeldun Batzokija aprobado en Junta General al 15 de Julio de 1894 (Bilbao, 1935).

        9) Discurso leído... en Larrazabal el 3 de junio de 1893 (Bilbao, 1919). Hermes aldizkarian.

        10) Bizkaitarra (Bilbao, 1893-95). Bagillaren 8'an agertu zan aldizkari onen lenengo zenbakia; 32 azaldu ziran guztiz.

        11) Lecciones de ortografía del euzkera bizkaino (Bilbao, 1896). Amorrortu'ren irarkolan. 305 orrialde. «300 urrezko orrialdedun liburua» deitu zioten bere garaian.

        12) Tratado etimológico de los apellidos euskéricos —I— (Bilbao, 1897). 128 orrialde. Amorrortu'ren irarkolan. «Pizkundia»-k argitaldu zuen berriro (Bilbao, 1930). 198 orrialde.

        13) Umiaren lenengo aizkidea Bizkaiko euzkeraz irakurtzen ikasteko (Bilbao, 1897). Amorrortu'renean. 80 orrialde.

        14) Egutegi bizkaitarra (Bizkaiko lenengua) 1897 Bizkaitar batek iratzija. I Urtia (Bilbao, 1896). Amorrortu'renean. 48 orrialde. Urrengo urtean (1898), Lenengo egutegi bizkaitarra (ormarakua) (Bilbao, 1897) argitaldu zuen. Amorrortu'renean. 366 orrialde. Sakelerakoaz gaiñera, ormarako au arduraz eta jakintsuki osotua dugu. Ederra bene-benetan.

        15) El Partido Carlista y los Fueros Vasco-nabarros (Bilbao, 1897). Amorrortu'ren irarkolan. Liburuxka bi, polemika latzekoak. Ementxe aziagotu zizkigun bere egoak; ordurarte Bizkaia zuen erein-alor, Euskalerri guztia du oraiganik; eusko seme danai eskeintzen die bere lana. «Euzko itza bakarrik darabildan guztietan —dio— bai naparra, bai bizkaitarra, bai gipuzkoarra ta arabarra bere artzen ditut, guztiak baitira euzko enda bat-beraren seme-alabak».

        16) Baserritarra (Bilbao, 1897). 18 zenbaki agertu ziran, 1897-5-2'an lenengoa ta urte bereko dagonillaren 29'an azkena. Au ere, Bizkaitarra lez, goitik ixil-azia izan zan. Karlatarrak El Basco egunerokoa zeukaten beren iritziak zabaltzeko; Arana'k bere aldetik, aiei erantzuteko, beste au sortu zuen.

        17) El Correo Vasco (Bilbao, 1899). Bagillaren 4'an lenengo zenbakia. Auxe dugu lendabiziko abertzale egunerokoa, ta 103 aleraiño iritxi zan. Arana'k berak idatzi zuen, ia geiena. Zorrotz darabil luma, zirtolari bikain: doai berdiñik gutxigan daurkikezu.

        18) Euzkadi (Bilbao, 1901). Iru-illabeteroko agerkaria —gero illabete biñakoa—, jakintzaz, elertiz eta edertiz ornitua, Arana il ostean ere, Eleizalde'tar Koldobika zuzendari zuela, luzaro jarraitua. Ementxe atera ziran Sabino'ren iru lan guztiz jakingarriak: a) Euzko itzak zer esan nai duen; b) Análisis y Reforma de la numeración euzkérica, ta d) Análisis y Corrección del Pater Noster del Euzkera usual.

        19) La Patria (Bilbao, 1901), asterokoa. 1901-10-27'tik 1903-6-28'raiño, guztiz 88 zenbaki. Onen ondoren Patria (Bilbao, 1903). Etzuen onek ere bizi luzea izan: 1903-7-5'tik 1906-1-13'raiñokoa.

        20) Libe. Melodrama histórico (Bilbao, 1903). Bizkairaz. «Jelalde» izen-ordez dator. Etxabe'tar Alfredo'k jarri zigun erderaz. Geroago, Manu Sota'k ere antzokirako egokitu zuen; Verdes-Atxirika'renean (Bilbao, 1934) argitaratua. 44-109 orrialde.

        21) Artículos publicados en la 1.ª época de «Euzkadi», revista de Ciencia, Bellas Artes y Letras de Bilbao, por Arana Goiti'tar Sabin (Bilbao, 1908). Elexpuru Anaiak irarkolan. 286 orrialde.

        22) Deun-ixendegi euskotarra edo deunen ixenak euskeratuta ta ixentzat ezarten diran jayetako ixenan euskerazko ikurpenak, Arana-Goiri'tar Sabin'ak asmaubak egutegi bizkaitarra'-rentzat Eleizalde'tar Koldobika'k egindako itxaurre bategaz Eusko Alderdi yeltzalia'ren Euskera'ren Bizkai Batzar Ordia'k argiratuta (Bilbao, 1910). 83 orrialde.

        23) Jauna'ren Nekauztia, Deun-Matai'ren Goizparraren legez (Bilbao, 1915). «Euzkadi» aldizkarian dator, XII, 138'garren orrialdean, eta «Euzkerea»-n, 1930, I, 334'garrenean.

        24) Olerkijak (Bilbao, 1919). IX-113 orrialde. Eleizalde'tar Koldobika'ren itzaurrea.

        25) Arana-Goiri'tar Sabin'en Lan Osoak (Buenos Aires, 1965). Baiona'ko «Sabindiar-Batza»-k irarrita. 2.478 orrialde. Amaitzeko, Arana'k ba-ditu oraindik, bera ilda gero argitara ekarriak; ona bi jakingarriak oso: «Clasificación del Verbo bizkaino» ta «La Semana Vasca».

 

        EUSKAL ERAGILLE TREBE.— Liburu-lerro onetatik dakusgunez, euskal erriaren zoria ezagutu zuenetik barruan kilikari zeraman erri-maitasunari esker, euskerari ere, era askotara gero, bultzada izugarria eman zion, dudarik gabe. Berak ikasi ez-ezik, ainbat kezkatu zizkigun griña berdiñakin, eta ondorenez aren irakaspenak aintzat artuaz mordoka jaiki ziran or-emen euskaltzale gartsu ta bizkorrak. Eguzkia ez dabil bakarrik.

        Orduan ere ba-ziran, euskeratzaz, gaur ditugun larritasunak. Euskera Euskalerri osoko izkuntza genuen len, baiña aspalditik galdua dugu eusko lur sail aundietan: Naparroa'n, Araba'n eta beste erkietako eremu zabaletan. Nola berriro euskaldundu sail auek? Al dana ote? Baietz uste zuen Arana'k. Guk ere orrela uste dugu. Nai gotorra bear, besterik ez. Edestia lekuko, gauza miragarriak egin dituzte nazio batzuk beren izkuntzari buruz: or israeldarrak. Gu ez ote gara orrelako nai bipillaren jabe? Beste gauza askotan, bai, nai duguna aurrera eramaten dakigunak gara.

        Auzi onetaz diardu abandotarrak bere Lecciones de Ortografía liburuan. Gaur mintzatzen diran izkelgiai indar ematea nai zuen, bat bera ere albora utzi gaberikan; gerora, alare, soilla izan ditekena. «Iñoiz —idatzi zigun— Euskalerri osorako euskelgi orokor bat bearko ba'litz, izkelgi ori eratzeko astia izango genuke». Bakoitzak berea landu ta indartuaz, ba, egin ditekena zan Arana'rentzat gaur galduta dagon eskualdeetan ere euskera sartu ta kemenaztea. Ta erria euskaldun biurtzeko lana nainoz egin dezakeguna dugu: ez jarri atxaki ta akiakuillurik. Ainitz bide ta era ditugu ortarako: euskeraz ikasi, irakurri, idatzi, geronek eta geure aurtxoai etxean eta kalean euskeraz mintzatu, zer eta nolako izkera dan adierazi, umeak ikastoletara bialdu, euskal-gaietaz kezkatu, idazleak ugaritu, kultura osoa erriari euskeraz eskeiñi. Asmo zindoz jokatu ezkeroan, edonoiz da garai egokia euskeraren alde lan egiteko. Ederki esan zuen A. Ibinagabeitia'k: «Soin eta gogo gure euskerearen barne-muiñetan murgiltzekoa, edonun eta edonoiz, itzez eta idatziz gure euskeraren eder eta unak erakusteko» naiznoizko abagunea dugu eder.

        Onan naiz alan, azke naiz lotuak, erri-maitasuna dugu naitaez euskera jagon eta indar-azteko bide bakarra. Arana'k argi esana: «Euskera ilten ba'da, abertzalerik ez dalako izango da». Orobat zesan Orixe'k ere. Doe orrek eraginda, geure gogo, nortasun, izate ta abar, euskaldunok nor garan jakitera iritxi gara. Auxegatik edo, bear bada, gaur samiñago zaigu bizia, nor garan eta zer galdu dugun gure asabak baño obeki dakigu-ta. Ontan, ba, guk uste baño geiago zor diogu Arana'ri; berau izan ezpalitz, ziur asko, ainbat gauza ta balio aintzagarri galduak genitun onezkero; euskera bera ere, ark erria zuzpertu ta Azkue'k eta Txomin Agirre'k —eta besteak— idatziz eutsi ta altxatu ezpalute, lurperatua bide genduen onezkero. Abandotarrak eman zien baitipat aurrerakada itzala euskal balio guztiai: berak ondo zekusana, kementsu aldeztu zuen: dialektiku ta iritzi eusle bikaiñenetarikoa izan zitzaigun.

 

        EUSKALARI.— Euskalariak, gure izkerarien inguruan, sail asko ikutu izan dituzte. Zabalen, orraitio, gure abandotarrak jokatu zuela esatean, ez dugu uste geiegikeriren bat diogunik. Ba ote da, izan ere, euskeran ark ikutu gabeko arlo ta ertzik? Itzerro, joskera, gramatika, egutegi, irakur-liburu, santutegi, izendegi..., zertzaz etzan ua aritu izan? Eta beti lojika latzari lotua ari izan ere. Aren lanetatik nabari danez, euskal gaiak barnetik ikasi ta arakatu zituen. Arana'ren euskalari bezelako lanik ederrena au duzu: Lecciones de Ortografía del Euskera Bizkaino. Idazti giar zeatza. Liburu ontan jarri zituen oiñarriak gizon guztiz eskolatu batenak ezin iñundik iñora ukatu. Gurean ezta, ez aurretik ez gero, euskal ortografiari buruz olako lanik burutu duenik.

        Lan ederra zalarik, naiz-ta bost bat urte lenago euskal ortografiatzaz naikoa idatzia izan, etzan iñortxo ere ausartu ari kontra egiten. Azkue'k orraitio, bere «Proyecto de Ortografía» argitaratu zuenean, euskal idazkerari buruz bere iritzia azaldu zigun. Arana'k erantzun zion, lekeitiarraren ainbat aburu gezurturik. Azkue, izan ere, euskal gai askotan maixu izanik, idazkera, itz-sortze, izpiera ta fonetika auzian atzeraxe zebilkigun. Ortarako, Arana'k ziona, eize-zakur antzera berezkoa bear. Azkue'k etzuen orrelako senik; Arana-Goiri'k, bai, lekeitiar jakintsuak maiz aitortu zuenez (Lecciones... Apéndice 11, 225 orr.).

        Arana'k bere idazkera egotzi zuen mundura, makiña berria zirudiana. Ona ote? Or ezmezak. Ortara orduko, inguruko izkuntzai begira ere asko ikasi zuen gai ontan. Lenbiziko urratsa zan eta barnean ozka zebilkion ezpai ori ez zitzaion arritzekoa. Berak osotua zala-ta beste gaberikan, baiña, etzion gero iñori sar-erazi nai bere idazkera. «Idazkera au —ziran— iñori sartu nai diodala uste izatea tentelkeri galanta litzake, euskeraz idazten duten guztiak eder zaien erea artzeko, azke dira-ta». Ezagutu zutenak dioenez, apala zan Arana.

        Indarrez etzuen ezer eratsi nai. Jakintza barrutian errazoia dugu agintzaille, ez besterik, eta ortografi-auzian epai arteza damakigunik ezta erriaren zentzuna baizik. «Euzkeldun erriari egokien deritzan idazkera izango da beste guztien gaiñetik jarriko dana». Onela mintzatu zan Sabin. Jokabide zentzunezkoa, noski. Bedi guretzat ere eredu ark irakatsia. Berebiziko zentzuna izan oi duen erriak muziñ ba'dagigu, zer guk iritxiko? Euskeraren ondamendia, ziur asko. Ezetz diñoana itsurik dago.

        Zer da izkuntza baten idaz-agaka edo alfabetua? Izkuntzak bere baitan dituen gramatika-otsak adierazteko darabilzkigun ikur edo ezaugarri mordoa. Euskerak eukiko zuen, iñondikan ere, lenagoko batean bere ikur-sail berezia; baiña galdua noski, ta etzaukan Arana'ren egunetan idaz-alfabetorik. Uts-une au betetzeko euskalari ta euskal idazle guztiak espaiñerazkoa ta frantsesezkoa zerabilten gizaldi luzeetan. Oartuak ziran uts orretaz, eta Larramendi, Mogel, Aita Arana, Kanpion eta abar, atzerritar ots eta ezaugarri oietatik gure izkuntza garbitu nairik saiatuak genitun.

 

        ORTOGRAFI-ARAUAK.— Arana'k, euskeraren idaz-oiñarriak ermotu nairik Bizkaiko idazle zarrik onenak erabillitako ezaugarriak aztertu ta sailkatzeari eman zion lendabizi. Idazleok ziran: Kapanaga, Mogel, Añibarro, Pedro Astarloa, Prai Bartolome, Elgezabal, Olaetxe ta Uriarte. Aurretikoen iritziak indar aundia zeukan beretzat. «Aurretik daukaguzan gaiak ontzat artu bear doguz —dio—, eta ez dogu era barririk sortu bear aurrekoak markets, urri ta errenak dirala ikusi arte; era naiz sistema barri bat, bada, argarri dogu aurretiko etenak eta obenak zuzentzen datorrenean».

        Idazle zarrok erabilli zituzten ots-ezaugarriak ikasi, aztertu ta banandu ostean, berari zuzen egokiena iruditu zitzaiona eman zigun bere Lecciones liburuxkan. Otsak eta ezaugarriak zer diran eta bakoitzari euskal idazkeran zer dagokion, ezin ederkiago aitzen eman zigun. Auzitan sartutako ots-ikurrak, auek ziran c (ka), biguiña, tarteko u gabe; ts, tz, tx, d, t, l, ñ, ta rr. Auek artu zituen ontzat: a, g, k, y, x, au, ai; e, d, t, ts, tz, tx, ~d, ~t, eu, ei; o, l, n, ~l, ñ, oi; u, r, ~r, s, z, ui; i, b, p, m. Eta gutxiago erabilten diranok: h, gh, c, s, f, v. Hau ezta Bizkaikoa; gh, Markiña aldeko j da; c (z), itz erroetan gogoan artu bear duguna; s, s gogorra duzu; f, Arratia'n erabilten da, ta p endekatua besterik ez duzu; v, Orozko'n erabillia da, ta au ere b endekatua duzu iñolaz ere. Berrogei ots auetatik, amaika bokalak dira: a; e, o, u, i; au, eu, ai, ei, oi, ui, bikoitzak. Beste ogeta bederatziak, lagunduak edo konsonanteak dira.

        Izki ta otsok, gutxiago erabillitako seirak ezik, oso-osoan onartu zitun Euskaltzaindiak ere, 1920-1-8'an Bilbao'n euki zuen batzarrean, ain zuken. Egun artako agiriak onela dio: «Idazkeratzaz yardun zan, geroxe. Eztabaida barik, izki-ikur aunitz egokietsi ziran. Bakar bat astiroago begiratu izan tan, «s» bustiari (eliztian esan oi dan bidez) dagokiona. Autarkitara yo-ta (autarki batzuk aurka zeudelarik), izki aren ikurtzat «x» autetsi zan. Beraz, Euskaltzaindia'k beretzakotu duan euskal abeze auxe da: a, e, i, o, u, ü (sudur-aboskientzat, euskalkiren baten bear balira, izki orien gaiñean marra txiki bat jarri), b, d, d, f, g, h, j, k, l, ~l, m, n, ñ, p, r, ~r, s, x, t, ~t, ts, tx, tz, y, z. Euskaltzaindia'k gure izkerazko idazle guztiei eskatzen die, arren, ahal dalarik beintzat, idazkera auxe, ta besterik ez, erabili dagiela» (Euskera, 1919-1920, 64 orr.). Abeze au gaur euskalki guztietara edatua dago. Lau gangardunak —~d, ~t, ~l, ta ~r—, alare, ikusi dituzte berenak eta bost. Erriak ba-darabiltza, ta Arana erri-zale amorratua genduan. Gaur dan egunean, irarkoletan zoztorrak jartzen dituztela-ta, baztertu egin ditugu, beste dd, tt, ll ta rr bitxiok arturik. Gogo zintzoz jokatu ba'gendu, baiña, onezkero irarkola danak zeuzkaten irarki oiek. Gaur ba-ditugu Arana baiño jakintsuagoak ere ta oek diotenez politagoak dira arrotzok ark asmatuak baiño. Egia ote?

        Orixe zurrak, rr'ri buruz, idatzi zuen zerbait. Toki askotan r bikoitza s biurtzen omen da; r bakarra luzatuz, s biurtu: perro, pesso noski. Ta luzatze au ezta gaztel-erderakoa bakarrik, euskeraz ere, Naparroa'n baitik bat, r ori s biurtzea arrunta dugu. «Orra or —dio ark— r'tik s etorri. Arana-Goiri'k au jakin izan ba'lu, arrazoi au agertu zuken bere r bakarraren alde, gangarra gaiñean dula. Jakinkizun utsari begiratu ezkero, bi rr zaleek ez dute ezeren arrazoirik, «olako errik au egiten dula, gure zarrek ola egiten zutela» besterik. Edozer auzitan jakintsueri jara eman bear ba'zaie, jakintsuek r bakarraren alde atera dira. Fonetika gaiez mintzo diran artarako Revista guziek r indartsua egiteko r bakarra derabilte, gaiñean Sabiñenaren antzeko gangar batekin. Erri guzietako jakintsuek ortografi bakarra asmatu dute, bakoitzaren errikoarekin ongi ez ba'dator ere. Saia bedi nai duna r bakarra luzatzen, indarrik egin gabe, ta s entzungo du» (Gernika, 1952, 170 orr.).

        Gorago oar-azi dugunez, Arana'k Bizkai'rako bakarrik osotu zuen «Lecciones» dalakoan datorren idaskera. Alare, Euskalerri danerako gogo zuen. «Euzkerak ez du —ziran— idaz-alfabetu berezirik. Ditekena da bizirik edo illik nunbait izatea; baiña gaurkoz beintzat eztu iñork ezagutzen. Ai, ezagutuko ba'genu! Egi-egiaz au idazten duena ez litzateke atzenengo izango ua oso-osorik artuko lukena». Eta guenez euskera osoari, izkelgi berezi gabe, ezarri gura zion, ez berea gero, izkelgi bakoitzari begira egiña baizik: batasunerako bidean alegiñak erre beiñik-bein.

        Arana'ren idazkerak, Euskaltzaindia testigu, arrera txeratsua izan zuen Euskalerri guztian. Orduko idazle ta agerkariak aren esan-gurarira makurtu ziran beingoan, ederra ta lojikazkoa zalako batez ere. Bilbao'n baita izan zan —gauzak maiz beren ardatzetik atera oi ditugu-ta— «sabindar eskola», maixu aundiaren irakatsiak estuegi aurrera eraman zizkiguna. Gaur egunean, erruki izpirik gabe, naikoa arri bota diote eskola orri —edo batek badaki zeri—; adar utsari maiz, bat-ere susterrera jo gabe. Maixuaren irakatsiak zeatz meatz eramate orrek, alare, mesede izugarria ekarri dio euskerari, Orixe'k esan oi zuenez.

 

        ITZ BERRIGILLE.— Izkuntza batetik bestera alde aundia dago itz berrien arazoan: batzuk, gerkerak, doitxerak eta euskerak, esaterako, erreztasun aundia dute itz berriak naiz alkartuak eratzeko; latiña erro dutenak, aldiz, eztute ezagutzen ainbesteko erreztasunik. Zer dira, baña, itz berriak? Izkuntzaren gunetik oraintsu ateratako itzak. Gure izkuntzak ba-du ortan bere gaitasuna, zein berriak sortzeko zein bi itz alkarturik irugarren bat, egokia, eratu al izateko.

        Nola sortu ziran itzak? Eta izkuntzak? Ez dakigu. Alere izkuntzetan dauzkagun itzak eta izkiak txit zarrak dira. Asko, gaiñera, galdu egin dira, ta beste batzuk, urteen indarrez, zaartu egin zaizkigu. Arana-Goiri'k, gauza batzuetarako batez ere euskeraren urritasuna ikusirik, eta beste aldetik, urteak joan urteak etorri, sail askotxo erdel kutsuzko itzez josita daudela oarturik, berriak sortzeari ekin zion. Itz asko gaur zabal dabiltzanak. Abandotarrak, izan ere, sen eta doa berezia zuen itz berriak asmatzeko: oraindik ez da iñor aren parera eldu barruti ontan.

        «Lecciones» deritzan liburuan, bi Egutegietan eta len aipatu ditugun beste lan batzuetan itz berri mordoak datoz. Adibidez: «zenbat-ki», «abixen» (aba-ixen), «aberri» (aba-erri), «abertzale» (aberri-zale), «eresti» (eres-ti), «ereserki» (eres-erti), «abes» (abo-eres), «abestu» (abo-erestu), «abesti» (abes-ti), «izkelgi» (izkera-ki), «batzoki» (batz-oki), «Goteun» (Dogo Deun), «edesti» (edes-ti), «olerti» (olde-erti), «idatzi» (atzierazi) ta abar. Arin egokiak dira geienean ark asmautako itzak, euskal izkuntzaren arimatik jalki-eraziak. Beste batzuk ere ibilliak dituzu soro ori landu naiean, Larramendi, Azkue, Aita Arriandiaga, esate baterako; baña etzuten ortarako bear dan senik. Azkue'k nai izan zuen olako zerbait egin, baña ezin; atsegin zitzaizkion bestaldetik Arana'k sorturikoak, eta bere Iztegi nagusian geigarri lez edo sartzeko, ari eskatu ere egin zizkion. Onela dio Iztegiaren itzaurrean: «Pedí para esta obra su colección al malogrado vascófilo Arana-Goiri» (XVIII).

        Ala-bearrezkoa zan itzak sortzea. Ingurumariko izkuntzak etzeuden gibelera begira; euskera, bere ixil-zuloan irautekotan, laster zan betikoz itzalia. Auzokoen einean egokitu bearra zuen, edozer gaitarako itz berriak asmatu, zarrak piztu ta alkartuzkoak eraturik. Etzan eziñik, gure izkera ortan aberatsa baita. Aurretikoak egin etzutena, beraz, geuk egin bear, jakintza gaiez eta euskal mordollo gabe jokatu nai zuten idazleak zeri oratu euki zezaten. Sabin'i millesker, gaur ez daukagu edozein sailli oratzeko ere olako eragozpenik.

        Itz bat nundik datorren edo nola sortua dan igarteko eta berri bat lengoen tankerara asmatu ta osatzeko, berezko sena bear dugula, ezin dezake iñork ukatu. Gure aurretikoak —erriak naiz jakintsuak— bazuten sen ori zerbait kozkondua. Begira euskal itz zar-zarrak: «aizkora», «aitzur», «aizto», «arbel», «azpil» ta besteak. Eta toki-izenak? Gure asabentzat etzuen euskerak iñondiko ezkuturik. Eta oraingoan eztu gure artean iñork izan Arana'k aiñako trebetasunik euskal itz berriak asmatzen, Fonetika legeak zekizkilako labur txairoak dira ark sortutako itz berriak, euskal kutsua dariotenak.

        Arana'k, bere ikasketak osatzerakoan, linguistikaz ere ondo jabetu zitzaigun antza danez, eta izkel-jakintzari dagozkion lege-arauak euskerari ezarririk, lan jakingarria burutu zuen. Itz bakoitzaren jatorria, adierazpena —esan-naia— ta otsa —doiñua— sakonkiro artuak zitun. Itzak oro bi gai edo zati dituzte bearbearrez: adiera (esan-naia) ta erea (azal-irudia). Adiera, zelanbait esan, arnasa, gogoa da, itza eratzen duena; era edo itxura, ordea, gai eratua. Adiera ideia duzu, sorkariaren irarpena adimenean; era, ordea, ideiaren soin-adierazpena. Esan-naia, beraz, gauzaren ikur edo ezaugarria duzu; era —forma— ideia edo gogaiaren ezaugarria. Esan-naia adimenari dagokio, era berriz gorputz-zentzunai dagokie. Erea bitan zatitzen da: otsa ta idatzia. Otsa belarriak artzen dute; idatzia, ostera, zentzun artzailleak, ots, begiak eta ikumenak. Izkuntzarentzat naiezkoa da otsa; idatzia, ez. Otsa ba-daukagu euskeraz; idatzi berezirik ez, ordea. Antziña batean, ale ere, izango genun, txiñarrak, gerkarrak, godotarrak eta besteak bezela.

        Gai ontan txit eskolatua zan-eta, Arana'k sortu zituen itzik geienak egoki, labur ta doiñutsuak dituzu. Ta, esan dugu, erri-kutsuz eta senez asmatuak zeudelako igarri gabe artu zituen euskal erriak. Eundaka dira olakoak. Adibidez, nork ez du ezagutzen gaur aintza? Len gloria esaten zana, gaur liturji ta zer guztietan aintza esan eta idazten dugu. Zer adierazten ote? Itzaren otsa ba-dakigu zein dan, mingaiña aurreko ortz-ondoan ezarririk ematen dioguna. Nola da eratua? Ain-tza, ain du lenengo zatia, tza bigarrena; ain eder, ain polit, esan oi dugu. Jaungoikoa, ordea, eder, aundi, jakitun, indartsu da, ta aintza esatean, Ark ditun gaitasun guzriok dakarzkigu gogotara. Ain itz-atala ba-zan lendik, baita tza atzizkia ere. Ta Arana'k aintza asmatu zigun gloria esateko. Ta tankera ortan beste guztiak.

        Modu askotakoak izan ziran abandotarrak aztertu, asmatu ta eratutako itzak eta izenak. Baita euskal izenak eta abizenak ere. Eta Santuen izendegiari oratu zion, zurtasun ernez oratu ere. Ari zor diogu geroztik naikoa zabal dabilkigun Deun-izendegia: izen-mordo batek euskeran du sustraia; beste mordo batek enparau izkuntzetatik artu ta euskal fonetikaz orniturik sailla osatzen dute. Lan eder au, lendabizi, geroago liburuxkaetan argitara emana, esan dugunez, ormarako gertau zuen Egutegian argitaldua dugu. Errian uneraiño sarturik daukagu gaur. Euskerazko ainitz izen ditugu orain, gizonezkoenak eta emakumezkoenak, errialde guztietan ain zuzen ere, Arana'k euskal erroari jarraituz sortuak noski. Nork ez ditu egunero aditzen: Igo (Igone), Iker (Ikerne), Aintza (Aintzane), Iru (Irune), Alatz (Alazne), Garbi (Garbiñe), Gotzon (Gotzone), Josu (Josune), Iñaki (Iñake), Kepa (Kepe), Jon (Jone), Imanol (Imalone), Luken (Lukene), Joseba (Josebe). Eleizalde'k ederki idatzi zuen gai ontaz Deun-Ixendegi euzkotarra deritzan lanean.

        Eusko abizenai begira, ordea, lan bikaiña osotu nai zuen arren, ezin izan zuen amaira eraman, gazterik il zalako. «Tratado etimológico de los Apellidos Vascos»-ek itu zati eukiko zitun; ona lenengoaren laburpena: 1) Clasificación de los apellidos euskéricos; 2) Evoluciones de los apellidos euskéricos; 3) Legitimidad de los apellidos euskéricos; 4) Los apellidos euskéricos respecto al tiempo; 5) Los apellidos euskéricos; 6) Ortografía de los apellidos euskéricos, eta 7) De la firma del euskeriano. Auetatik bi atalño besterik etzitun bukatu; beste lan-sail osoa amaitzeke gelditu zan, eta iñortxo ere ezta arrezkero ari oratzen ausartu.

        Abizen edo deitura auzi au beti ere txit garrantzitsua izan da gurean. Eta aurretik ere ba-ziran olako zerbait egin zutenak. Josef Frantzisko Irigoien'ek «Colección Alfabética de los Apellidos Bascongados con sus Significados» idatzi zuen, eta A. Federiko Pott doixtarrak «Sobre los Apellidos Bascongados». Ordutik ona, baiki, ugari erabillia dugu gai au. Baña lanik sakonena, gaur ere, Sabino'k egiña dugu.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Aldatz gorako lana, egiten, euskaldun berri batek euskeraren joskeraz jabetu ta bere gogoetak arin ta txairo idazkortz puntaz ematea. Izan ditugu olakoak, baita gaur ere: A. Olabide ta Txilardegi baitik bat, beste askoren artean. Olako guztien maixu, alabaiña, Arana-Goiri izan genduan. Umetatik euskeraz etzekiala, amasei-amazazpi urteko zala, ikasi egin zuen. Ark bai naimena! Guk, ordea, mingaiñez adierazo oi dugu dakiguna ta geiago, gauzak itxulaztu ta gaitz-bidez emanik. Abandotarra egiazko bidetik ibilli zan aldioro. Erderaz osatu zizkigun lanik geienak, baiña berak diosku bost aldiz gaitz egiten zitzaiola erderaz ari bearra, ta ortan ba'ziarduen ere, euzkotarrak ulertu zezaioten egiten zuela, ez bere gogoz. Euskal ortografiaren azalpenak, bere oldez, euskeraz emango zizkigun.

        Itzez ezta gizona neurtzen, egitez baizik. Au egiztatzeko ere, Arana'k euskera utsean ondu zituen lan auek: «Egutegi bizkaitarra», sakelerakoa, «Umiaren lenengo aizkidia», «Lenengo Egutegi Bizkaitarra», ormarakoa: berton datoz euskal izenak ere, geroago «Ixendegi Euzkotarra» izenez, ua ilda gero, argitara ekarria noski. Emen azaldu zitun «Olerkijak», eta «Libe» antzerkia, berdintsu, euskeraz zeuden. «Libe» ez dugu euskeraz ezagutzen, baña berak dio erderaz egin zuen itzulpenean euskerazkoa erderaz jartzen duela. Lan guztiok gizon landuarenak dirudite.

        Beioa emen, merezi du-ta, ormarako Egutegian jarri zuen agurra. Onela dio: «Agur! Bigarren aldiz eltzen naz zeure eskubetara, irakurle maitia; baña orain orma baten esegi nagijentzako gerturik natorke. Igaz era bat bakarrik neukan; aurten bi daukadaz: bijok, bizkaitar zinduaren eskubetarako; baña bata, igazkua lakoxia, sakelean sartzekua; beste au, ormean ezartzekua. Baña egija da, era bi orrek eukitiarren, nik itz-egiten dautzudana itz bat utsik dala, sortzen daun gogua bat dalako: gogo Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra'ren zalia. Onek maitetan badozuz, neu be maiteko nauzu. Bestelan, uretara jaurti nagixu, gotzaiztozale ala arrotzaliaren eskubetan eztodalako nik ibilli gura. Abertzalia naz. Bizkaya da nire aberrija; eta bere anayak, Araba, Gipuzkoa, Laburdi, Nabarra, Zuberoa ta Benabarra. Eta bere Jaun-Goikua».

 

        OLERKARI?— Olerki-pilloa ondu zuen Arana'k, bere biotz saminduari askatasun pixkat emanez. Aurreko urteetan J.P. Rizal'ek eta geroago Mao-Tse-tung'ek egin zuten bezela noski. Ba-zekin, gaiñera, olerkia kantuari lotua zebillela ta eio zituen geienak erri kantu barnean moldatu zitun, au da, erriak abestuteko eran borobildu zizkigun. Zer abestu zuen? Gauza jakin bat ia beti: bere aberria. Etzan bere poesia errazoi gabeko ta astun, irudimenaren saio uts. Egi batek aragitutako olerkia nai zigun, ta egi ori erria zan.

        Bereak ditu auek, «Olerkiak» liburuan datozten erara noski: I. Bost ereserki: 1) «Oñaz-Loyola eta Likona'tar Iñaki, Bizkaya'ren Zaindari deunari Bizkaitarrak», 1895'an egiña; 2) «Oñaz-Loyola eta Likona'tar Iñaki, Gipuzkoa'ren Zaindari deunari Gipuzkoarrak»; 3) «Agur, Jaunan Ama» (Ave, maris stella euskeraz); 4) «Jai andi onetan (Sacris solemnis euskeraz), ta 5) «Euzko-Abendaren Ereserkija». II. Zortzi illots: 1) «Gaurik baltzena»; 2) «Ene Ama!»; 3) «Oraingo Bizkai-bizkarrak», 1896'an egiña; 4) «Mendiko negarra», 1896'an ondua: 5) «Abertzale baten negarra»; 6) «Otseña zara»; 7) «Lenago il!», Bilbao'ko espetxean 1895'an egiña; 8) «Ene Aberrija!». III. Amazortzi abesti: 1) «Begoña'ko Ixar zerutarrari», 1895'an egiña; 2) «Ama goikuari», Gounod'en Ave Maria lez abesten da, ta lendabizi Sukarrieta'n, Abiña'ko Andoni deunaren eleizatxoan abestu zan, 1896'ko urtarrillean; 3) «Andera Miren garbijari»; 4) «Josu'ren Bijotzari Abestija»; 5) «Gabona»; 6) «Goxeko Ixarra»; 7) «Itxarkundia», goiz-abestia, 1896'an egiña; 8) «Ederra zara»; 9) «Ai, Mikel!»; 10) «Bizkaitarrak gara!»; 11) «Ken!»; 12) «Ai, Kepandon!»; 13) «Urkiola'ko bidian»; 14) «Boga, boga»; 15) «Abertzale ezkonduba espetxian», 1902-6-3'an egiña; 16) «Ziñesmena!»; 17) «Astarloa'tar Paul-Kepa'ri», ta 18) «Didar bat aditu da».

        Eleizalde'k onela itz-aurrean: «Goititar dabil beti, arranoa egaz bezela, olerkari bikain aunen oldozkuna. Lurreko zirtzilkerietan ez dozu iñoiz idoroko. Bere askua (kemena) orrelakoxea izan zan, eta asku ori egikunetan igarri bear, nai ala ez». Mamiñera jo ezkero, guztiz sentikorrak ditu batzuk, illotsetatik «Mendiko negarra» bereziki. Eta ereserkietatik «Abendarena» ba'liteke, izki ta doiñu, munduko ederrenetarikoa izatea.

        Azalari gagozkiola, etzuen ark rimarik nai. Ta, ain zuzen, bera izan zitzaigun lenengoa bertso zuritan idazten; alare, kantatzeko ziran ezkero, rimaz osotu zituen geienak. Olerkiak neurtzeko ta, ark jarri zizkigun legeak darabilzkigu gaur ere. Itz bitan: Arana'ren olerkia giarra duzu indar aundikoa, biotz-odoltsuz gaiñezka egiña. Aldiz ari da latz, barru loak artuak esnatu nairik; aldiz xamur, kilikari, egarbera zebiltzan euskaldun urduriak atxiki gura-ta.

 

        IRITZIAK.— Euskalerria goi-goira jaso naiean, ertz askori ikutu zion Arana'k. Ez da, beraz, arrigarri utsak izatea. Auts-arrotze ikaragarria ikusi zuten aren egunak, ekaitza noski dena eramar bear zuena. Aren jo bearrak, ba, naitaez euki bear akatsak eta utsak, etsaiak sortzeraiñokoak euki ere. Irakur bi aldetakoen aburuak.

        Onela M. Zarate'k: «Utsak uts, bultzakada itzala emon eutson Aranak gure euskal literatureari; igongura andi bat emon eutson, euskera gorengo maillara jasoteko gogo bizi bat» (Bizkaiko euskal Idazleak, 117 orr.).

        L. Mitxelena'k: «Besteak beste, lehen egin izan dena egiña dago, naiz gaizki egiña iduritu guri; lehen esana esana dago, oker esana dagoela baderitzagu ere. Ez gaitezen beti, ainbeste aldiz egin dugunez, uts, utsetik abia: lur landuan, naiz eta erdizka eta ezkax landuan, aisago ereingo dugu erein bear dugun azi berria» (Etxepare, Olerkiak, itzaurrean, 14 orr.).

        N. Ormaetxea'k: «Arana gabe edo Arana'z leku ari izanak eta ari direnak badituzu, baino aren aldekoak naiz aitzikoak, naiz bitartekoak, naiz Arara-kukuak, ua dute eragile nola edo ala» (Euskal-literaturaren edesti edo antze laburra, Euskal Esnalea, 1927, 246 orr.).

        Ibon Sarasola'k: «XIX-gn. mendeko azken urtetan, espiritu berri bat sortzen da euskaldungoari buruz eta, beraz, euskal literaturaz. Mugimendu hau, euskarari dagokionez, ez zen hasieran homogeneo izan, zenbait joeraz osatua baizik. Baina julio Urkijok eta R.M. Azkuek proposatzen zuten soluziobide gehiago edo gutiago moderatuari, Arana-Goiriren joera guztiz garbizalea nagusitu zitzaion. Gertakaria honen sustraia argi dago. Arana izan zen euskerari buruzko joera ideologia politiko oso eta koherente baten barnean sartu zuen bakarra, euskal problema osoari soluzio orotar eta klar bat eman zion bakarra» (Euskal Literaturaren Historia, 50 orr.).

        Zabala-Arana'tar J.-ek bein, euskerazko zenbakeraz idatzi zuenean, Arara-Goiri'k onetzaz zuen iritzia aztertuaz, dio: «Abetan bere adimen zolia, sokun aundikoa, erakutsi zuan. Itxorkunak, ordea, egizkoak ote. Geyenak beintzat egi-antz aundia duten arren, egizkoak diranik ez nuke esango; gaya zail-zalla bai-da, ta egi utsa arkitzen gaitz. Ortarako, aitatzen dituan aldakuntzak gertatu diranetz yakin bear; eta ori yakiteko nai ta naiezkoak diran antxiñako euskeraren aztarrenik ez degu, zoritxarrez. Aztarrenok iñoiz agertuko al dira!» (RIEV, 1928, XIX, 584 orr.).

        Armendaritz'ek: «Dakikegunez, politikan ere hain sonatu izan zen gizon honek, euskararen arloan ere lan haundiak egin zituen. Haren eraginez, euskal estudioak ardura handiagoz hasi ziran hartzen; eta zeduzkan garbizale iritziak, oro bar, guretzat gaur egun zuzenak ez badira ere, ezin uka diezaiokeguna inondik ere, euskarari bestelako indar bat eman zionik, onerako gehienbat» (Anaitasuna, 1973, 261'garren zenbakia, 7 orr.).

 

* * *

 

        Zail duzu, alegia, dena berriztu naiean utsik ez jaukitzea. Guk, iru gizaldi-erdi geroagotik, errezago dakuskegu aren lana, eder ta akats. Gutxi bizi izan zar, damurik; eta geienez gaztetan egiñiko lan asko arteztu egin oi ditugu, zerbait beintzat, garerdiko garanean. Aldiak asko erakusten, eta ark ere ez ote zukean aldaketarik egin izango, bizitza luzeagoa izan ba'lu? Lojika zalea zan oso, baita apala ere, ta ba-zekian iñoren iritzia aintzat artzen. Aren ondorengo batzuk —maixu zaleegiak noski— aurreregi eraman zituzten gaur uts derizkiegun zer batzuk. Baina Sabino'ren lanari, zein politikan zein euskal arloan, etzaigu errez akats esatekorik idorotzea. Esan dugu: naiko idatzi zuen euskeraz, bertsoz ta itz lauz, ta idatzi oiek ere ildo berriak iriki zituzten euskal literaturan. Baita aren eraso ta eragiñak, euskal idazle mordo bizkorra sortu ere. Gogora Lizardi'ren «Gure mintzo» olerkia, Arara-Goiri'ren oroiz ta eskarrez idatzia (Biotz-begietan, Bilbao, 1932, 162 orr.).

 

        (Ikus K. Jemein ta Lanbarri, Biografia de Arara-Goiri'tar Sabin, Bilbao, 1935; R. M. Azkue, Morfología, 295 orr.; M. García Venero, Historia del Nacionalismo vasco, Madrid, 1945, 230 orr.; A. Kanpion, Hermes, Bilbao, 1919, azilla; P. Basaldua, El Libertador vasco Sabino Arana y Goiri, «Ekin», Buenos Aires; S. Onaindia, MEOE, 621 orr.; L. Mitxelena, HLV, 143 orr.; L. Villasante, HLV, 285 orr.; Kamaraka (Solaun), Alderdi, 1962; P. Lafitte, Sabin Arana Goiri: sa vie, son oeuvre, son influence, «Gure Herria», 1966, 3, 145 orr.; M. Llano Gorostiza, Azcue, Unamuno, Arana Goiri y el vascuence, Bilbao, «El Correo Español-El Pueblo Vasco», 1957-1-6, 8, 9 ta 10; M. Zarate, Bizkaiko euskal idazleak, 114 orr.; I. Sarasola, Euskal Literaturaren Historia, Donosti, 1971, 49 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 95 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliographia, I, 216 orr.).

 

Bilaketa