literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

22.— Emanuel Intxauspe

(1815-1902)

 

        «Intxauspe apaiza —dio Orixe'k— euskal idazlerik landuenetakoa izan duzu». Eta, ondoren, aren liburuxka batez darrai: «Mariaren hilabethia duzu, nere aburuz, Xubero'n ez ezen Euskalerria'n den libururik aipagarrienetakoa idaztankeraz. Ez dut uste euskera zaintsuagorik, muindunagorik, gauzek labur eta indarrez esaiteko ta barne sarrarazteko euskaldunagorik oraindaino idatzi denik».

 

BIZITZ-ZEAZTASUNAK.— Zuberoa'n, Atarratze'tik urbil dagoen Zunharreta'n jaioa dugu, 1815-11-8'an. Bere gurasoak: Jean Bautista Intxauspe ta Mari-Juana Duthurburu. Ume zalarik Omize'ra joan zan gurasoakin, bizi izaten. Baionako Seminarioan osotu zitun eliz-ikaskizunak, 1840-6-10'an apaiz egiñik. Bi urtetan Seminarioan euki zuen oraindik gotzaiak eta gero, 1842'an, San Leon Eritegiko kapellau izendatu zuen: gaur Euskal Museu dugu eretigi au. Ogei ta bi urte —1842-1864— igaro zitun emen, gaixoeri ta euskerari osorik emanda bizitza eredugarria egiñaz. 1855'an ohorezko kalonje egin zuten eta 1863-12-28'an izenekoa. 1869-10-15'an Baionako gotzai Lacroix jaunak bere idazkari orokor izendatzen du, ta teologu bezela Batikanoko Lenengo Batzar nagusira darama. Dedu au antza eder izan zitzaion Intxauspe'ri, bere illobirako berberak moldetu zuen il-artitzak onela bait-dio: «Aphezpikuaren lagun Vaticaneco Concilioan».

        Gotzaiak ohorezko bikario jenerala egin zuen 1878'an, lau urte geroago, 1882'an, egiazkoa egiñik. Ducellier gotzaiaren idazkari izan zan 1878'tik 1887'ra, ta Fleury-Hottot gotzaiaren bikario jenerala 1887'tik 1889'ra. Aulkia gotzai gabe egon zan bitartean —1889-1890— Batzarreko Bikario izan zan Damian Laserre jaunarekin batean. Bere iritzi ta jokabidean artezegi zalako gobernuko agintariekin topez egiten du. Au dala-ta edo, 1890'an, Jauffret gotzai berriaren ondoan ez diote lekurik ematen; bai, ordea, ohorezko Bikario jenerala izendatu. Orrez gaiñ, Baionako karmeldarren nagusi da, ta Mikel Garikoits donetutzeko auziaren ardura zutenen arteko da Paube'n eta Betharram'en. 75 urtekin Omizegaiñe'ra doa bere arreba Aneta'rekin. Emen iltzen zaigu 86 urteko, 1902-9-25'an.

 

IDAZLANAK.— Idazle leun joria. Ta arritzekoa, noski; garai aiek ez bait ziran, politika ta erlijio-nasteak zirala ta, lan aundirik egitekoak. Intxauspe'k, ala ere, lan bikaiña egin zigunik ezin dezakegu uka. Kargu garrantzitsuetan buru-belarri sartuta bizi arren, euskal alorrean ere gogotik lan egin zigun bere bizitza guztian. Euskera ta euskal literatura ederki ezagutzen zitun. Eta ez dugu arbuiagarri ark, il ondoren, Baionako Seminarioari utzi zion liburutegia.

        Ona, urtez urte, aren liburuetatik irtenenak:

        1) Jinkouac guiconareki eguin patoac, edo eguiazco religionia (Baiona, 1851). 167 orrialde. Eraspen liburuxka, zuberotarrez, geroztik ere maiz argitaratua; titulu auekin alere: Uscaldunaren laguna (1852, 1856, 1862) ta Uscaldunaren guthunac (1866, 1872, 1875, 1890). Eta auxe izan da, gaur arte, eraspen liburu bakarra bezela, Zuberoa'n erabillia.

        2) Le saint Evangile de Jesus-Christ selon Saint Mathieu (Baiona, 1856). 171 orrialde 12 aleko ekoizpena. Bonaparte printzearentzat itzuli zuen.

        3) Dialogues basques, souletins (Londres, 1857). Iturriaga'renak dira, bizkaieraz Aita Uriarte'k eta laburdieraz J.B. Duvoisin'ek jarritakoakin batera, Bonaparte'k gipuzkeraz, bizkaieraz, laburdieraz, zuberoeraz, espaiñeraz eta prantsesez emanak.

        4) Le Verbe basque (Paris, 1858). 511 orrialde. Lan eder-ederra, gaur ene guztiz jakingarria. Eraz aztertu ta sailkatzen du zuberotar aditza; baita lapurtar, gipuzkoar eta bizkaitar erarik beiñenak ere.

        5) L'Apocalypse de l'apôtre saint Jean (Londres, 1858). 134 orrialde. 50 ale.

        6) Gueroco Guero (Baiona, 1864). Argitaratze ontan aldakuntza batzuk egin zitun Intxauspe'k Axular'en testuan, eta augatik txarretsi izan dute zeinbatek; baiña Orixe'ri atsegin zitzaion aren jokabidea ta buru garbitzea. Ona bere itzak: «Alaere beste lan batengatik aipabide aundiago duela iduri zait. Intxauspe'k atera zigun 1864'garrenean Axular aundiaren irugarren ekhoizte edo argitarapena, ta ari esker irakurri nuen aurrenik, gerokoan bigarrena arkitu ba dut ere. Aitzin-solhasean ageri da Intxauspe zen bezalako idazlea. Norbaitek gaitzitu dio Axular aldatuxe egin duela lenbiziko argitapenetik; baino onetan bere burua garbitzen du Intxauspe'k».

        Eta Intxauspe'k Geroko Gero'ri aitzinsolhasean ezarri ziona ematen digu: «Guti tokitan behar izan dugu Axular-en mintzaia estali, aphaindu edo aldatu, orainko yenden delikatutasunagatik. Axularen denboran, bai erdaraz bai euskeraz, orai baino librokiago eta nasaikiago mintzo ziren; gauzen bere izenaz deitezeaz nehor etzen asaldatzen. Oraiko azturak, nahiz eztiren ordukoak baino hobeago, ez garbiago, bai ordea, minberago dira beharriak; eta benturaz gogoa ere gaizkiaren phentsatzera zalhuago ta lasterrago. Minberatasun horren ariaz eta amoreakatik arima garbienek probetxuekin irakur ahal dezaten Axularen liburu ederra, garbitu, leuntu eta aphaindu ditugu lekhu harro, zakar, eta gordinegi zirenak; alabaina osorik uzten dugularik Axularren lanegina» (Aitzinsolhasa, IX). Labur: Intxauspe'ren argitarapena dugu erriari begira egiña, ez kritikalariei begira.

        7) Jesu-Kristen Imitacionia (Baiona, 1883). 465 orrialde. Lenengo Kempis osoa dator; 345'tik 431'ra «Eguiazko Erreligionia»; gero, 433'tik 444'ra mezako otoitzak, eta azkenez, 445'tik aurrera igandetako bezperak.

        8) Bayonaco Jaun Aphezpicuaren artzaingoaco iracaspena Incarnacioneco chedearen eta beharraren gainean eta manamendua graziaco 1889-en urtheco garizumarentzat (Baiona, 1889). 16 orrialde. Fleury-Hottot gotzaiaren artzai-idazkia da, euskeraz emana.

        9) Danteren comediaren lehen zatia (Paris). Dante'ren Suleza deritzonaren lenbiziko kantua duzu, Zuberoko euskerara itzulita.

        10) Le peuple basque (Paris, 1892). Zientzi-aurrerakuntzarako Alkarteak 1892'an ospatu zuen Batzarrera aurkeztutako lan ederra.

        11) Le peuple basque, sa langue, son origine, ses traditions, ses caracteres anthropologiques (Paube, 1894). Aurreko lan berbera geituta.

        12) Maria Birjinaren hilabethia edo Mayatzian egun oroz eguiteco irakouraldiac Maria Birjinaren bizitze eta berthute ederren gainean (Paube, 1894). Thomas Uthurry'k dioskunez, eta Orixe'k, auxe dugu Intxauspe'ren lanik jatorrena, bere nortasunaren ildorik apaiñena agiri dana. Andra Mariaren bizitza ta birtuteen inguruan oso ederki landutako 31 irakurgai dira, jazoera otoitz eta ondoren goxoz edertuta.

        13) Etude sur l'origine bayonnaise de Sainte Eurosie, vierge et martyre, et sur les Boièns ou Böiates (Baiona, 1897). Kondaira lana.

        14) Kantika saintiak zuberoaco euskaraz (Baiona, 1897). 384 orrialde. Eliz-abesti sorta polita.

        Eta onelaxe beste ainbat lan, beti Euskalerriari ta Euskalerriko gauzai lotua.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 232, 252, 283, 297, 302, 578 ta bigarren alean, 642, 653, 684, 746, 773, 775, 815 orrialdeetan; «Euskal Erria», 1902, 395 orr.; G. Lacombe, «Eusko-Jakintza», 1947, 290 orr.; Thomas Uthuny, Le chanoine Emmanuel Inchauspe, Baiona, 1950 ta «G. Herria», 1950, 36 orr. ta abar; Orixe, «Euskal Esnalea», 1927, 208 orr.; S. Onaindia, MEOE, 456 om; L Villasante, HLV, 174 orr.; A. Irigoien, «Euskera», 1957, 171 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 83 orr.).

 

Bilaketa