literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

12.— Jose Agustin Chaho

(1810-1858)

 

        Lehen eta orain, ezin ukatu, gure literaturan beintzat oargarri izan zaigu zuberotar au. Nola berezi ta kidekatu ez zekiten batzuk «azti», «igarle» ta eduko itzak izarri dizkiote. Eta, egi dana aitortzera ezkero, berari ere atsegin zitzaizkion itz oiek: euskeraz idatzi ta argitara zuen liburuxka batek, izenburu bezela, Azti-begia darama.

 

BIZITZ-OARRAK.— Atarratze'n jaio zan, 1810-10-10'an. Bere gurasoak: Ander Chaho ta Errose Lagarde. Maule'n, Olorone'ko Apaiztegian eta Paube'n ikasi zuen; eta Paris'en sortaldeko izkuntzak: emen ikasle zala, K. Nodier'en irakatsiak eta erromantiku-zaletasunak zartada gogorra eman zioten. 1838'an, karlisten gerra zala-ta Zumalakarregi'k zeukan izen aundiak erakarrita, Naparrura egin zigun ostera bat. Urte ortan berean, Prantziako Tolosa'n «Revue des Voyants» —igarleen aldizkari— sortzeko alegiñak egin zituen. 1840'an Euskal-Errira biurtu zan berriz ere, Beltzuntze bizkondeari bere «Histoire primitive des Euskariens-Basques» idazten lagundurik.

        Iperloka ta geldigaitz, Baiona'ra aldatu ta bertan sortzen du bere «Ariel» (1845-1851) izparringia. 1848'tik 1849'ra Be-Pireneetako Kontsellu jeneralekoa dugu. 1852'an «Ariel» galazia izan zan, eta erbestera bialdua Chaho; Beljika'n etzioten sartzen laga, ta mugaz emendik Gazteiz'en aurkitu zuen babesa, eta ementxe zegoelarik, «Saffer ou les houris espagnoles» eleberria idatzi zigun. Geroxeago, Baiona'ra itzuli ta berton il zan 1858-10-23'an. Bere gorpua obiratzerakoan, etzan elizkizunik izan; eta gaur ere San Leon obitegi sarreran agiri da zuberotar iraultzaillearen atxurdiñezko soin-enborra.

 

ZER IDATZI ZUEN.— Idazle ugaria da Chaho: euskeratzaz eta Euskalerriko oitura, asele ta zer zaharretaz, gutxi bezela ari izan zan. Ona aren idatzi beiñenak:

        1) Azti-begia, Agosti Chaho Bassaburutarrak Ziberou herri maitiari Parisetik igorririk beste hanitchen aitzindari arguibidian goiz izarra (Paris, 1834). 14 orrialde. Auxe dugu, urrean, Chaho'ren lendabiziko euskal lana. Zuberoeraz egiña da, ta lur-izarrez, ainbat gorabera damazkigu berton, irudimen biziz sortuak.

        2) Paroles d'un Biscaien aux liberaux de la reine Christine (Paris, 1834).

        3) Philosophie des révélations (1835).

        4) Voyage en Navarre pendant l'insurrection des basques 1830-1835 (Paris, 1836). 456 orrialde. Ta iru irudi: berea, Zumalakarregi'rena ta euskaldun emakume batena. Gorapenezko lurriñetan jartzen du zegamatar karlista jenerala. Liburu au geroago ere lau aldiz argitaratua izan da: aurrenik, 1836'an, alemanera itzulita, titulu onekin: «Reise in Navarra, während des Aufstandes der Basken»; bigarrenez prantsesez (Baiona, 1865), eta birritan gaztelaniaz, 1929'an eta 1933'an.

        5) Etudes Grammaticales sur la langue euskarienne (Paris, 1836). A.T. d'Abbadie'kin batera egin zuen lan au. Lendabiziko atala Abbadie'rena da, ta sail bi ditu: 1) euskera ta euskal izkuntzaren berezitasunak, eta 2) euskal bibliografia. Bigarren atalean dator J.A. Chaho'ren gramatika, au da, oguzkera, itz-jokua ta aditza.

        6) Lettre à M. Xavier Raymond sur les analogies qui existent entre la langue basque et le sanscrit (Paris, 1836). 39 orrialde.

        7) Philosophie des religions comparées (Baiona, 1846).

        8) Histoire primitive des Euskariens-Basques, langue, poésies, moeurs et caratère de ce peuple; introduction à son histoire ancienne et moderne (Baiona ta Madrid, 1847). Edesti onen bigarren alea, dakigunez, Beltzuntze bizkondeak osotu zuen: «Histoire des Basques depuis leur établissement dans les Pyrénées occidentales jusqu'a nous jours» (Baiona, 1847). Irudimentsu agertzen zaigu Chaho edestiaren lenengo zatian; Beltzuntze, ordea, Naparru erresumari geiegi lotua.

        9) Biarritz entre les Pyrénées et l'Océan. Itinéraire pittoresque (Baiona, 1855). Jakingarri dugu osoan liburu au; euskal erriaren kondaira, ekandu, alegi, ipuin, mitu, siñiskera, esaera ta erri-jakintzaz bleiblei bait daukagu. Ale bi dira: lenenak, 316 orrialde; bigarrenak, 349.

        10) Dictionaire basque, français, espagnol et latin, d'aprés les meilleurs auteurs classiques et les dictionaires des Académies française et espagnole (Baiona, 1856). 472 orrialde. M izkiraiño iritxi zan iztegi onen argitalpena.

 

EUSKAL LERA.— Chaho'k, naiz-ta bere gisara, maite zuen euskal erria. Eta erri baztertu onen gauzak ikasi ta goraltzen dendatu zitzaigun. Berau dugu euskaldunon artean lenengo kazetari, konta ezin-ala paper ta liburuxka bait zizkigun aizatu 1844 Baiona'n sortu zuen «Ariel» izparringiaren bitartez, baiti bat; urte-amarnakora etzan iritxi albistari au, baiña epe labur onetan ainbat euskal gai dantzatu zitun Chaho'k.

        Ez gendun makala, egia esan, mitu ta alegi bitxiak asmatu ta egitangotzat saltzen ere. Aitor poema bere irudimen azkarrak eion izan bear du; euskaldunon jatorri ezkututsuari, nolarebait, gorde-estalkiak arrotu nai izan zizkigun. Ikus gai ontaz (Revista Euskara, 1878) A. Kanpion'en itzulpena, I alea. Geroztik ainitzek, baiña batez ere N. Villoslada'k (Amaya o los vascos en el siglo VIII, 1879), gai jator bezela erabilli izan dute beren eleberri ta irakurgaiak osatzeko.

        Chaho, azkenik, edestigille bezela irudimenari askatasun larregi emana baldin ba'dugu ere, euskal gogo zan edozer asper gabe jaso, berezi ta metatzen gutxi lakoa izan zitzaigun, eta esanak esan, bere aberkide A.T. Abbadie'rekin bat, au da, zuberotar biok, indar ikaragarria ezarri zien euskal literatura ta jakintzari. Politikan erri-zale zan bezela, kultura soroan begi goxoz ikusten zuen euskal erria ta onek ditun doai eder guztiak: izkuntza, oitura, lege, eskubide ta besteak.

        Beraz zituen nabarmenkeri ta guzti ere, gure txaloak merezi ditu zuberotar leiñargi onek. Onez gaiñera, berau omen dugu eusko-abertzaletasunari oiñarriak ipiñi zizkiona, ta Abbadie'kin batera osotu zuen gramatika, ain zuzen, euskal erriko zazpi probintziai opatua dago, «Zazpirak bat» ikurpean gure erria osorik bildu nairikan edo.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 213, 215, 216, 217, 137, 271, 281; J. Garate, Ensayos euskarianos, Bilbao, 1935, I, 56 orr.; J.M. Azkona, BAP, 1948, 4, 493 orr.; L. Villasante, HLV, 159 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 329 orr.).

 

Bilaketa