literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

6.— Aita Prai Bartolome

(1768-1836)

 

        Igotz eta Kalamu tartean, Oiz urruti ez dala, or datza Markiña ibar orlegia; baserriz, txaraz eta arrobiz inguratua, txit zoragarri edozein alderditik begiratuta. Aurreko gizaldietan uri ederra ba'zan, gaur fabrika ta etxe berriakin oraindik dotoreago ageri zaigu. Eta Azkue zanak, onela: «Bizkaiko urietatik, aspaldiko urteotan beintzat, berau izan da Bilbo-ren urrengo entzutetsuena; ta entzute au emon dautsenak euskerea, elizgizonak eta pelotariak izan dira». Pelotarien artean, Peillo anai biak, Zugarri, Laba, Katua, Pola ta beste asko dirala dio; eliz-gizon euskaltzaleen artean, Mogel osaba-lobak, Astarloa, Prai Bartolome ta abar.

        Euskeratzaz, ordea, onela mintzatzen zaigu: «Markiñako euskerea esaten iakona, gipuzkoarrenaz nastauta egonarren, garbia, lotsazkoa ta ederto oguzia edo ebagia beti izan da. Bizkaian Markiña-aldekoa ta Gipuzkoan Tolosa-aldekoa dira entzuterik geien daukenak: Markiñakoa bestearen aldean sendoa da, errotsua, mendi-mutilla lakoxe azkarra; Tolosakoa biguna, udabarriko aizea langoxe ots eztiduna, eguzki epeletan ta sutondoan iñuturiko umea legezko azal-zuria; Markiñakoa arra da, Tolosakoa emea; ta mutil zaarra ta neska zaarra izatekoa iaioak ezpalitzaz, bien ezkontzatik sorturiko seiña edo aurra, munduan eztagon lakoxe berbeta edo izketea izango litzake» (Euskalzale, 1898, 25 orr.).

 

PRAILLE.— Markiña'tik laster aurkitzen da, Elgoibar'tik goazala Markiña'ra orduko, Etxebarri urixka, mendi, solo ta sagasti artean atsegintsu. Ementxe jaio zan Bartolome Madariaga, «Prai Bartolo», 1768-12-21'an; egun berean bataio-ura eman zion Etxebarria'ko Ander deunaren elizan, Jose Arrizalaga jaunak, orduan eleiz artako ardura zuenak. Bere gurasoak: Kosme Madariaga, markiñarra, ta Mari Iñes Garate, Elgoibar'ko alaba. Kosme'ren aldeko aita-jaunak, eibartarrak ziran jatorriz, eta daitekena da, auengandik ikasia izatea Prai Bartolo'k bere idaztietan darabillen Zu aditz-era plurala.

        Gaztetan praille-bidea artu zuen. Noiz ez dakigu, A. Bartolome'ren ume-urteetako berri zeatzik ez dugu-ta. Ogei ta bi bat urte zitula, karmeldarrok Korella'n dugun komentuan egin zuen bere profesa. Beraz, Markiña'ko karmeldarrak ezagutu ta auekin ar-emona izanik eliz-joera sortuko zitzaion arren, ez dakigu ziur txikitatik nundik nora ibilli zitzaigun gogo ori aurrera eramateko. Nun osotu zitun bere eliz-ikasketak? Apaiz edo praille izateko eliz-estudioak egiten ziran ikastetxeren baten noski. Uste danez, Lazkano'n, gaur beneditarren abatetxea dan karmeldar komentuan osotu zitun bere lenengo ikasikizunak, gero Iruña'n eta Tudela'n —karmeldar komentuetan— ikasirik filosofia ta teolojia.

 

SERMOLARIA.— Meza berria emanda laster bere errialderantz datorkigu. Eta, gizaseme azkar, zentzuzko ta buru-jantzia zalako, asiera-asieratik etzioten zama txikia bizkarreratu: izlari (sermolari) berarizkoa izentatu zuten. Karmeldarren artean, izan ere, garai artako legeak agintzen zuenez, komentu bakoitzean bat zan moral-irakurle, beste bat idazle ta beste bat izlari. A. Bartolo izlari ta idazle izan zitzaigun ortarakoxe aukeratuta. Izlariaren egitekoa auxe zan: komentuko elizan erria eskolatu ta kanpotik zetozen eskabideai, ots, itzaldiak egitekoai erantzun. Ortarako aukeratuak iru urtetan filosofia, beste iru urtetan teolojia ta beste iru urtetan morala ta legeak ikasita euki bear zitun.

        A. Bartolome'ri apaiztu ta laster eman zioten titulu ori, ta urteetan ibilli zitzaigun, Markiña'n bizi izan zan guztien, Euskalerriko bazterrak zear eliz-sermolari trebe. Titulu ori bere liburuetan, au da, «Markiñako Karmen Ortozeko Predikadoriak ateraak» ezartzen du bere lenengo iru idaztietan. Laugarrenean, ordea, ots, Eleizako zazpi Sakramentuben Ikasikizunak deritzaionean, onela dakar: «Markiñako Karmen Ortozeko Prioriak ateraak». Izlari ta nagusi izatea ezin zitezkean uztartu edo txolatu noski bat bere baitan.

        Nolako sermolaria izan ote zan? Ez dakigu. Sermoe asko utzi zituan, baiña argitara gabe: bostgarren liburu bat, sermoe liburu bat osotzeko asmuz zebillen. Ala ere, argitaratuta, bat bakarrik ezagutzen dugu, Jaungoikuaren amar aginduetako bigarren idaztiaren azkenean datorrena, au da: Ama Santa Teresa Jesusenaren ondrarako ondo esatia. Izkera sutsu da berton darabillena. Mulierem fortem quis inveniet (Prov., 31) artu zuen gaitzat. Ta onela dio: «Beste guztien ondo esangarriai era batera itxita, azartuten naz gaurko egunian, zeuben begien aurrian iminten emakume bat, Espiritu Saintubak, esan dirian berbetan, opa dabena. Emakume bat indarretan iños paltarik euki ez ebana. Iraunzalian, iños oinik atzera biurtu ez ebana. Zuzentasunian, legerik egon ez balitz, barriak bere exenplubagaz egingo zitubana. Jakiturian, Erakuslak bardindu edo irago zitubana. Burutazinoian, asmo altubak eta santubak topau zitubana. Egitadetan, bardinik ez daukana. Ta biotzeko anditasunian, mundu guztiari zer pensau, ta zer ikasi emon eutsana» (Ikasikizunak, II, 284 orr.).

        Andiputza al da esateko modu au? L. Mitxelana'k au dio: «Burrunbari ta dizditsu da noiztenka bere itz-jarioa». Ala ere, sermoe ontan izan ezik, etzaigu egundo ain ozen agertzen A. Bartolome; gaiai dagokien taiua ematen daki; ez itz-ots aspergarrian, ez ibilli narrasean, beti duinki ta atun oneko baizik. Gizon arteza zan, eta jakintsua, ta era ortan adierazten ditu bere gogai, biozkada ta zeaztasunak.

 

EGUN ILLUNAK.— Izlari errimea ez-ezik, komentuko arazoak atondu ta zintzo eramaten bizkorra ere ba-genduan. Prai Bartolo nagusi izan zitzaigun Markiña'ko komentuan, Sestao'ko lekaroan eta abar. Bai nagusitzan bai sermolari zala, gorriak ikusi bear izan zituen sarri. Napoleon Euskalerriaz jabetu zanean, Markiña'n aurkitzen zan izlari bezela, ta beronek idatzi zuen kronika baten 1808-12-25'tik 1815-11-12'ra bitartean bertan jazo zan guztia. Aita, anai ta ikasle, berrogeta sei ziran guztiz orduan komentuan bizi ziran prailleak.

        1808'garren urtearen azkeneruntz, frantses gobernadoreak Bilbao'tik egiñiko idazki batek salatzen zuenez, Markiña'ko prailleak gaizki itz egiten omen zuten Napoleon'en aurka, Jose Bonaparte Espaiña'ko erregetzat ez onartzeko jendeari esanik. Ala ere, lenengotan etzien jaramonik egin; baiña gero, 1809-9-30'an jakin-erazi zien prailleai alik eta ariñen komentua utzitzeko agindua. Urrengo illaren 14'an, alkarrekin bazkaldu ondoren, banatu ziran lekaide guztiak; goizean ortarako elizkizun bat euki zuten elizan, eta mezatan egin zuen itzaldiagatik, Prai Bartolo preso eraman zuten Bilbao'ra. Predikatzeko ta aitortzeko baimena kendu zioten, zeuzkan paperak puskatu ta azkenik Markiña-Etxebarri'ra aldatu ta ango apaizaren menpe ta zaipean jarri zuten. «Biak adiskide artuak ziran eta zetan esanik bez, oporraldi baketsuak igaroko zituala an, bere errian».

        Komentuak gora-bera asko izan zituen: orain zan prantsesen kuartel, gero espaiñarrena, eraso-aldi latzak ikusi bait zituzten bazter aiek. Eleizako aldare, kanpai, organu ta beste zerak salduak izan ziran, naiz-ta gero berriz eskuratuak; guztiz aberatsak ziran liburutegi ta artxibutik ainbat agiri ta paper ondatu ziran. Atzenez ibitu zan ekaitza, ta joan ziran prantsesak, erria ta Karmengo komentua zikin ta ankaz gora utzirik. 1813'garren urtea zan. Drangala, loi ta bertan bera utzia zegoen komentua, ta negura orduko teillatuak zeuzkan itogiñak artzen ezpa-ziran, egiazko arriskuan aurkitzen zan dana.

        Prai Bartolo'k eskatu zituen, ba, bertako giltzak eta lanean asi zan; bakar-bakarrik lenengotan, baña gero markiñarrak lagundu zioten, eta gogotsu lagundu ere; ia ille bi bear izan zituzten garbitze-lanak egiteko. 1813-10-3'an esan zuen meza A. Bartolome'k, urrengo egunean Gure Jauna elizan ipiñirik. Amalau bat gela ere egokitu ziran prailleak bizi zitezen. Markiñarrak eta Markiña inguruetako sendiak, eskupekoz eta abar, laguntasun aundia eman zien prailleai komentua berriztutzeko. Lekaidetxea berriztatu ta alkarte berria naiko egoki geratzean, ots, 1818'an, bertako nagusi izendatu zuten A. Prai Bartolome.

        Egun illunak ziran ondorengoak ere, Riego'ren iraultza edo naste osteko egunak noski. 1821'an, Sestao'ko komentura bialdu zuten nagusi, baiña orduko gobernuaren erabakiak zirala ta, guratze gogorra eraman bear izan zuen an ere. Geroztik, urte batzuetan Santander eta Burgos aldetik dabilkigu; eta azkenez, Lazkano'n, karmeldar izateko gazte sar-berrien maixu izentatua izan zan, eta ementxe, kargu onekin il zan 1836'garreneko urtarrillean. Ez dakigu zein egunetan, agiririk ez baita agertzen.

 

IDAZLANAK.— Esan dugunez, idazle titulua ez zeukan edonork karmeldar lagundian; agiri bat bear zan ortarako, ordenako Nagusiak emana. Zergatik orrela? Ez dakigu. Olako agiriaren jabe zan idazleak ba-zituen bere eskubideak, baita betebear batzuk ere. Komentu bateko nagusi ta idazle izatea ezin zitezken batean alkartu. Titulu ori zeukana, gaiñera, urtero ixte barruan idatzi zuena ordenako Batzar nagusira bialdu bear zuen, egindako lana onek ikusi ta agiria luzatzea egoki zan ala ez erabaki zezan. Prai Bartolome'k 1815'an eskatu zuen lenengoz idazle-agiria, ta orduantxe, ain zuten ere, egin zizkigun bere lanik ederrenak; geroago ere, zar-berritu zuen 1831'an.

        Orixe'k «nire idazle zar kutuna» deitzen dion onek lau liburu utzi zizkigun, laurak oso jakingarriak.

        1) Euscal Errijetaco olgueeta ta dantzeen neurrizco gatz-ozpinduba (Iruña, 1816). 207 orrialde. Markiñarraren libururik ospetsuena, ziur asko. Garai artako jai, dantza ta ekanduak astintzen ditu bizi-biziro. Dakigunez, egun aietan eztabaida latza zekarten erri-oitura ta dantzak zirala-ta. Eliz-gizonak, Larramendi ta olakoren batzuk izan ezik, latz ere latz zigorkatzen zituzten, bat ere erruki gabe. Orrela egin zuten Mendiburu'k eta Añibarro'k, esate baterako, ta Prai Bartolo ere ezin ba egon zerbait egiteke. Ortik sortua dugu idazti gozatsu au; gozatsua, bai, gaiez eta euskeraz. Orduko oiturak batez ere lerden ta txairo, jas aundiz margozten dizkigu. Azkenez, Iztueta ta olako etsaiai ere, amor egiñez edo, zerbait ematearren, esaldi onekin bukatzen du liburua: «Oba da alkarregaz plazan; edo sarauban, edo bigiran olgetia, ezkutuetan gauza txarraguak egitia baino».

        2) Jaungoicoaren amar Aguindubeetaco lenengo bosteen Icasiquizunac (Iruña, 1816), lenengo zatia. X-278 orr., ta azkenean dakarren sermoiak —Sermoia gurasuen ta umeen oneraco— 30 orrialde. Rada alargunaren liburugillean. Amar aginduetatik lenengo bostak azaltzen ditu XXVI ikaskizunetan.

        3) Jaungoicoaren amar Aguindubeetaco azqueneco bosteen Icasiquizunac (Iruña, 1817). Bigarren zatia. IV-301 orrialde. Rada alargunarenean. Ogetasei ikaskizun guztiz. Eta azkenean, Ama Teresa'ren omenerako itzaldia. Atal guztiak dira, gutxi gorabera, neurri ta luze-labur berdiñekoak.

        4) Eleisaco zazpi Sacramentuben Icasiquizunac (Iruña, 1819). Irugarren zatia. 376 orrialde. Rada alargunarenean. Itzaurrea, erderaz, orduan Kalaorra ta Kaltzada'ko gotzai zan Atanasio Puyal eta Poveda'ri eskeiñita dago, ta bere aurreko bi liburuak errietako apaiz jaunari pulpitutik erriari irakurtzeko agindu zielako eskerrak ematen dizkio. Bataioak zazpi ikaskizun ditu, Sendatzak bat, Penitentziak zortzi, Jauna artzeak zazpi, Azken-igurtziak bi, Apaizgintzak iru ta Ezkontzak zazpi. Guztiz ogetamalau ikaskai.

        Iru liburuok, au da, naiz Jainkoaren legeko aginduen azalpenak naiz Elizako Sakramentuenak, guztiz ganora betez ta zentzun borobillez egiñak daude. Gaiari gurpilla emakeran, Jainkoaren aginduetan, adibidez, ez du ezezkoa bakarrik jartzen, baita baiezkoa ere: seigarren aginduaren biran zortzi atal naikoa luze idatzi ondoren, beste bat dakar, adoregarria, birjintasunaren ederra adieraziaz.

 

ERDEL-LANAK.— Ondo zekian erderaz, gorago aipatu ditugun Markiña'ko komentuaren edestitik eta Elizako zazpi Sakramentuai jarri zien itzaurretik atera dezakegunez. Onez gaiñ, ba-ditu beste bi liburuxka ere espaiñeraz osotuak. Ona:

        1) Plauto bascongado o El bascuence de Plauto en su comedia «Poenulo», acto V, escena primera, y La impugnación del Manual de la lengua basca impreso en Bayona de Francia, año 1826, por Mr. Lécluse. Zer da berau? Prai Bartolome'k Santander'tik bere adiskide Juan Jose Mogel'i idatzitako lau karta, euskal izkeraz ta euskal erriaz onek eskatu zizkion gai batzuei erantzunik eginda. Auziaren ardatza ementxe zetzan: nola adierazi euskeraren bitartez aspaldidanik izkuntzalarien oiñaze bizi zan Plauto'ren antzerki-txatal ulert-gaitz bat. Ona pasarte ori:

 

                Nic al oni mun. Al on utsa! Ic oratuijon. Ac on zik.

                Zein latztxu nic emen istia mirabari mizqui!

                Lepo ganeti ic bein itxiic, a dedin ustu.

                Bic naroei ixil oan Al oni. Neu bein itzartu.

                Bic leien motia, noc toquien letzantic asmauchon!

                Ixi deila brin (bein). Epel itxi leicoc ontzen lepua.

 

        Euskal antza dutelarik ere lerro auek, feniziar izkeratikoak ditugu, bear bada. Baiña Prai Bartolo'k, Mogel'ek esanda, euskerazkoak balira bezela, espaiñeraz jarri zitun. Liburua Mogel'ek berak argitara zuen 1828'an, markiñarraren kartakin egiña. Ortik sortu ziran gerora ainbat istillu Lécluse, Iztueta ta A. Bartolo'ren artean. Lécluse'k erantzun zion liburuxka onekin: Plauto poligloto, o sea, hablando libremente hebreo, cántabro, céltico, irlandés, húngaro, etc., seguido de una respuesta a la impugnación del Manual de la lengua basca (Tolosa, Frantzia, 1818).

        2) Anti-Plauto poligloto o Defensa de Plauto bascongado y de la impugnación del Manual de la lengua basca, de Mr. Lécluse (Santander, 1829). Goragoko idaztia zala-ta, Lécluse'ri egiñiko erantzuna dugu. Iskanbil zakarra jaiki-erazi zan auzi onen ingurumari. Prai Bartolo'ri, on bearrez apika, ixilleko kartak argitara zizkioten; Lécluse'k bere gramatikan «euskal gaietan jakituna» deitzen zion Iztueta'ri, eta Prai Bartolo'k bere idazkian ezetz, ori etzala egia, edo zaldibiarra euskal dantza-kontuetan bai, baña euskera arazoetan etzala orrenbestekoa, zioan argi ta garbi. Alkar mokoka ontan, gaiñera, etziran aipaturiko irurok bakarrik: ba-zituzten adiskide zirtolariak ere. Lécluse'k, bada, irakurri arren, ez zekian idazteko beste espaiñera, ta Plauto poligloto espaiñeraz azaldu zitzaigun; eta Iztueta'k euskeraz egin zuen eskutitza Iturriaga'k ipiñi zuen erderaz, J. Vinson'ek dioskunez.

        Euskaldunok, asarrekorrak gara batez ere geure deduari ikutu ezkero. Prai Bartolo errugea zan Plauto Bascongado liburuxkak astindu zuen laiño pilla ortan. J.J. Mogel'ek argitaldu zitun berak bere bakarrean, beretzat eta Mogel'entzat, idatzi zituen kartak, eta esku idatzietan sarri nolako mendiari su eman dezaiokegun konturatu gabe ari oi gera. Ezarian edo askorik konturatu gabe ereindako itz-lerro batzuk ziran, aurki, euskal idazle bipil biren artean nastea ta burruka sartu zutenak. Ala ere, etzan odol-ixurtzeraiñoko burruka; eta geroztik, Mogel ta Iztueta adiskide miñak izan zitzaizkigun bezela, Prai Bartolo ta euskal dantzaen eragille gartsuaren artean ere, maitasun-lokarri beroak etzuen utsik egingo.

 

IDAZLE TREBE.— Lan bati lotzerakoan, egin-gaiak aukeratu, itzalak atera ta egitamua osotu egin oi dugu aurrenik. Nekazariak, laiatu bear duen arloakin bezela, alegia: bein arloa gertatzera ezkero, txit erreza da sail osoa landutea. Era berean gertatu oi da liburuakin ere; ta orrelaxe egin zuen Prai Bartalo'k bere lanakin, sailla lerrotu lendabizi, ta ekiñean dendatu ondoren.

        Zer asmu ote zuen? Predikari azkar, maiz ibillia zan erririk erri, ta, ortan zebillela bein ta berriz ikusi zuenez, eliz-gizonak etzuten nun aukeratu aundirik jai-igandeetan erriari kristau dotriña erakusteko, ta utsune ori ornitutzeko idatzi zituen jainkoaren amar Agindu ta Elizaren Sakramentuai buruzko ikaskizunak.

        Zabala zan Prai Bartolo bere asmo ta iritzietan, eta enparau izkuntzetan ainbat irakatsi eder zituztela ikusirik, «illunaren agintariak iñoiz sinistute gaiztuaren azia ereinda pruturik artu» ez duen euskal erri jaso onek merezi zuen, bere ustez, olako liburu batzuk eukitea. Ta nori zor dio Euskalerriak siñistedun izatea? Eliz-gizonai. Karmeldarrak onela: «Zeuek, Jaungoikuaren urrengo lurreko otsegiñak, zaindu, gorde ta jasoten dozu(e) kristandadeko eginbiar graziazkua Euskal-Errietan. Zeuek Jaungoikuaren berbiagaz janaria emoten deutsazue Jesu-Kristoren ardi aldra oni. Zeuek erakusten deutsazue Jaungoikuari, lagunari ta norberari zor deutsana. Zeuek alderatuten dozue otso deungetati. Zeuek osatuten dozue gaixotuten dana, irakoiten dozue jausten dana, billatuten dozue galduten dana, sendotuten dozue argalduten dana, aurreratuten dozue zutiñik daguana; ta karidadiaren oriuagaz igortzita, biztuta, poztuta, kansau bagarik lagunduta, prestetan dituzue guztien arimak zeruko etxe santuan beti ditxoso izateko» (Eleiza-gizonai, IV).

        Aueri lagundu opa die, zelanbait, zeregin aintzagarri orretan. Auxe zan bere asmua, ta ez besterik, aipatu ditugun bere iru liburuak idatzi, borobildu ta argitaratzean.

 

IDAZLEAREN KEZKAK.— Beste aldetik, lan gaitza zeritzan aurrean zeukana. Ori eskatzen zion euskerak, eta apaiz adiskide askok. Baina, nola aurrera eraman euskal erriko eliz-gizonentzat «onera jakiñekoa» zan asmo zabala? Onela dio berak: «Neuk bere (sinistu daikezu, irakurlia, baderitxazu) ondo neritxon egitiari, al izan ezkero. Baina zeinbat geiago asmaubago sail onetan ainbat gatxago ta aldatsago begitenduten jatan. Kristandadeko erakutsiaren lau zatiak pulpitoti esateko edo prediketako duiñan, tertzio baten, Ikasikizunetan edo platiketan edo sermoetan imintia, egia esateko, ene alizatia baino lan andiagua da».

        Ba-zuen beste zimiko bat ere, barnean ozka. Idazleok, len eta orain, beti izana nunbait. Nola argitara ekarri idatzia, ta nola saldu liburuak? Euskal idazleok ez dugu, ia eguno ere, geure lanak argitaratzeko Mekenas'ik. Ardura onek kezkatzen zion karmeldarrari ere biotza. Onela darrai: «Eurak —ikasikizunak— zerbait alkarri eratsi arren, argitara ateratiak, zer-egina dauka. Asko kastau biar da. Ta menturaz gitxi edo bat bere ez saldu. Ikasikizunak eurak alan-alanguak; ez, urrineti bere, biar leukenak. Euskeran liburu egitia, marketia edo ondo letratutia, asko kostata bere, sarri uts egin. Salduteko merkatari gutxi; Euskal Erriak kanpo laburrak. Euskeria ez dakit zelakua. Ta liburu bakotxa popuertza goria. Aldats oneek guztiok era batera datoz neure burura, neure asmuaren sailari jarraituteko» (Irakurleari, VI).

        Ala ere, «asi bagarik ezer egiten ez dala sinistuta», oratu zion lanari ta lau urtetan iru liburu mardul argitara eman zizkigun. Lenengo alea irakurleari eskeintzerakoan, au esaten zion: «Au aintzat artuten badozu, laster aterako da bigarren zatia. Baita aren ondorik Sakramentuak, Kredua ta Aita guria bere». Ondo artua izan zan len-ale au. Karmeldarrak onela, bigarren liburua argitaratzean: «Bildurrezko ardura bategaz asi nebana kristinaubaren Ikasikizunak argitara aterateko sailla. Baina dakustanian 1.T. ez daukazula ain komuntzat, aurreratu naz 2. ainbat arinen zure eskubetarako prestetara. Leenguen orniduria, luze laburra ta esaeria daroie oneek. Dirautsut bene-benetan, irakurlia. Ez naz neure jakinagaz asko pijetan. Baina ezin ukatu negi aparteko poza artu dabena nire biotzak, eleiza-gizonak ene neke puskia ontzat emon dabeenian».

        Liburu auetaz kanpo, ba-zuen beste bat ere borobildu xamarra. Sermoe liburua zan. Onela dio berak, aurreko iru aleak iragaritakoan: «Baita gero (zerubak lagunduten badeust) Jesu-Kristoren ta Ama Birjimaren graziazko jazuen ondrarako, Santuen ondo esanerako ta arimen oitura onerako sermoiak bere. Oneen guztion biarrik gatxena eginda daukat neure moduban. Baneki zeuen gogoko izango litzatekezana, ez nintzateke luzaro geldi egongo. Zati onen azkenian imini dot sermoe bat, euki dakizu(e)n, irakurliak, beste aterako nitukianen ezagungarritzat» (I Zatia, VII).

        Egun illunak ziran aiek. Prai Bartolo, naiko lanpetua, Euskalerritik kanpo zebillen, eta etzuen astirik izan bear bada. 1831'an, dakigunez, berriz eskatu zuen idazle-agiria. Zertako? Bere azken lanak argitaratzeko ausaz. Nun dira sermoe aiek? Eredu bezela bi itzaldi sartu zituen bere lenengo ta bigarren Ikasikizunetan. Eta besteak? Il zanean Lazkau'ko komentuan geratu ziran, bear bada. Azkenengo liburuaren ale batzuk beintzat, au da, Eleizako zazpi Sakramentuen ale batzuk, berarekin zeramazkinak ziur asko, komentu artan utzi zizkigun, il zanean.

 

GARBI-ZALE?— Auzi onetzaz garbi azaltzen digu markiñarrak bere aburua. Euskera errikoian idatzi nai du lendabizi, ta opa duena betetzen saiatzen da. «Berbetia imini dot —dio— neure errikua, dakidana. Euskerako guztietati apainduena, ederrena ta eztitsuena izan ez arren, izan leiteke euskaldunen baztar bateti bestera, etxe guztietan dei eginda, iragota, zer nai daben, onduen zarrai ta gaztiai aituko deutsena ta adierazoko deutsena. Alan uste dot. Ta jazo jat Naparruan, Giputzetan ta Bizkaian, eldu nazan lekuetan».

        Bere erriko izkera darabillela diosku markiñarrak. Baiña egia ote da, osotoro? Markiña'ko euskera gipuzkeraz nastauta dago, zer batzuetan bederen: aditza ditut, nitun ta antzekoakin erabilli oi degu; j ere giputzen antzera oguzten da, juan, jat eta abar; atzizki laguntzaille -kaz'en ordez, -kin (aitarekin, eurakin) erabiltzen da. Neure-a idatzi bearrean, neuria dakar beti Prai Bartolome'k; eta orrela beste Markiña aldeko izkeraren berezitasun eta ezaugarri asko. Baiña ba-ditu beste zer batzuk an erabiltzen ez diranak ere: bere, tertzio ta abar. Mogeldarrak, Prai Bartolome'k eta A. Pedro Astarloa'k, ene ustez, aparteko euskera idatzi dotore bat osotu zuten, Markiña, Durango, Gernika ta inguruetako berbetaz baliatuta.

        Eta mordoillokeririk? Bere gogoz ez, beintzat. Bizkaia'n aisa ulertzen diran itz batzuen ordeaz, erderazkoak sartu zitula maizegi, dioskue A. Mateo Zabala ta beste batzuk. Onela, baiña, berak: «Esan batzuk imini ditut gogo bagarik, geure euskerako berbeta nausi, maite, zaar, gaztetu, gozo, prestu, ugarira geure erruz erbesteti etorriak. Euskeria berez aberatsa da, bagenki ondo. Geuk eleiza-gizonok berba askotan nastau ta ezaindu dogu euskeria. Geuri entzunda dakiez baserrietakuak Jaungoiko omnipotentia, poderosua..., Birjina klementisimia, miserikoriosia..., mandamentubak..., absolbizinoia..., doloria..., errestituzinoia... Ta beste oneko berba euskal gaiztoko asko. Erdera ez dakien euskaldunak, euren etxeetan eta artu-emonetan biar daben guztia, esaten dabe euskera garbian. Kristinautzako ikasian dira euskaldun gaiztuak. Ez da euskeriaren errua, ezbada geuria. Ta ain daukez ia artuak erdera edo latin berba batzuk eze, eurakin ezbada, aituten ez dabe ondo dotrinia edo kristinautzako erakutsia. Onen bildurra arren, imini ditut erbeste berba batzuk Ikasikizunetan. Bada kristinautzako erakutsian zuzen aituten emotia lenago da, berbetan erakustia baino. Aleginaz ta deritxadanez gitxitu ditut asko. Ta geiago gitxitu gura nituke, asmau dodan sailla amaitu orduko. Oituko bagina geu, eleizagizonok, Larramendi, Kardaberaz, Mendiburu, Mogel ta beste euskaldun garbiak irakurtera ta arren erara geure siniskizunak ta egikizunak berbeta garbian pulpituan ta ostian kristinaubai erakustera, arin erbestetuko litzatekez geure euskera maitia ta aberatsa ezaindu ta lotsatuten daben urrin errietako berba banakak» (I Zatia, VIII).

        Arira datorkigu, ta egoki, Prai Bartolo'k dioskun guzti au. Garai artako kezka berberak jota gabiltza gaur ere, ta onartu bearrak ditugu pentsamentu auek. Baita itz barriak sortzeari buruzko eskatima ta arazo gorria ere aipatzen digu markiñarrak: auzi zaarra izan nunbait. «Egia da —diosku—, Jesu-Kristo geure Jaunagan sinistutia ta ari darraikon guztia dan legez txito barria euskeriagazko, geure kristinautzako gauza barri askoren izenak bere barriak dira. Ta areetati ez gitxi kristandadiagaz beragaz urrin-errietati etorriak. Onetariko ia izen artuak: bautismua..., konpirmazinoia..., penitenzia... geure euskera garbira aldatutia, ondo litzatekian edo ez, jakitunak esango dabe. Ez da au biar gatxa, euskera garbiko izenetan imintia».

 

IRITZIAK.— Asteasu'ko erretore Juan B. Agirre'ren erakusaldiak aipatu ostean, au dakar Orixe'k: «Onekin bereiz ipini bear dugu Santa Teresa'ren Aita Bartolome; Markiña'ko karmeldarra, gai onetan berean ari izana, ez Agirre bezain edatuki, bai orde sakonago ta beroago. Idaztankera ez du Agirre'k bezain jasoa ta txukuna, baino indartsuagoa ta etorritsuagoa. Euskera baldanagoa du bai, baino gaur bertan ere onturrez irakurri diteke».

        Aita I. Omaetxebarria'k: «Jori ta ugaria duzu Aita Prai Bartolome, oi ez bestean; berez ta nasai dario euskerak, lilluratzeraiño».

        A. Mateo Zabala'k, bere Noticia de las Obras vascongadas dalakoan: «Idazle oni, euskal itz jatorrak albora utzi ta auen ordez erdal itz batzuk erabiltzea kontuan artzen ezpa-diogu; aditzean, asko diraneko bigarren pertsonan (dozue, ta ez dozu) ondo jokatu balu, ta errez arteztu zitzakean beste okertxo batzuk aintzakotzat artu ezik, euskera berezko, banako ta apaiña duela, ona ao betean, eta ez bakarrik bere izkelgiko onenakin, baita beste euskalkietakoekin ere alderatu ta berdiñean ezartzeko aiñakoa dugula, naitaez aitortu bear da».

        L. Mitxelena'k: «Itzaleko izlari izan zitzaigun Prai Bartolome, ozena ta dizditsua ere bai noiztenka, erakusle gardena beti. Bereak dira bizkaitar itz-lauzko (prosazko) orrialderik bikaiñenen batzuk; onen iztegia, ez garbiegi, oso aberats eta bixikoa duzu».

        Aita L. Villasante'k: «Izkera aberatsu du, ugari-ugaria, oparotsua ere bai».

        K. Etxenagusia'k: «Bizkaiko euskal idazle zaarren artean, Aita Prai Bartolome garaienetakoa dogu: izan be, euskera berezkoa, etorri aundikoa, argia, indartsua, aberatsa darabil beti».

        Mikel Zarate'k: «Gizon jatorra ta gogorra izan zan. Borborka ura darion iturria dirudin etorri oneko sermolari ospetsua; euskal idazle sakon, argi ta jattorra».

        Luis Baraiazarra'k: «Bere denporan, Prai Bartolo, sermolari lez, ezagutzen zan Euskalerri guztian; geroago, euskal idazle lez, ezagutuko da geiago... Asko itxi eban idatzita. Gaur-egunean bere ospea, emendik datorkio. Aldi aretako eleiz-gizonak lez, erlijiño-gaiak erabilli zitun beti. Bere euskeraren aberastasuna ezagutzeko, naikoa da idatzi orretara begirada bat. Alan be berak tamalez diñosku, beste euskera jatorrago baten idatziko ebala, erlijio-gaiak izan ezpalira».

 

BEREIZGARRIAK.— Gizona gizon danez, aragi ta ezur, anima ta soin, etzaigu errez barneraiño ezagutzea. Baiña idatzietan agertu oi dugu, azpildura ta izur geiegi gabe, geure izate zatirik beiñena, nortasun trinkoz jantzita. Ortaz, markiñarraren bizi-zeaztasunik ezpa-geneki ere, aren luma bizkorrak liburu ostoetan utzi zigunetik atera dezakegu, oker aundi gaberikan, nolako gizasemea zan Aita Prai Bartolome.

        Berez zanari erantzuki, euskera indartsua darabil. Esaldiak, ez labur ez luze, ederki borobilduta, euskaldunari dagozkion sen eta giarrez beterik, edonork aisa ulertzeko moduan barraiatuta. Izkera garbia, ez garbiegia. Idazkeran arin igartzen zaio noiz ari dan bere buruz eta noiz erdal libururen bat aiurrean duelarik: erdal kutsua ortik itsatsi oi zaigu, erderaz oldoztu ta irakurtzetik. Gizon eratsua zan, eta bere ikaskizun guztiak, lerro batzuk gorabera, neurri berdin xamarreko arloan sailkatu ta eramanak ditu. Maixu bezela darakas beti, baiña maixuen legortasunean iñoiz ere erori gabe. Gai aldetik, berriz, aisa ikusi dezakegu, etzuela egundo Jansenio'ren kutsuak lilluratu.

        Esakera ederrez adelatuak dauzka osotu zituen liburuak. Teoloji ta moral-gaiai buruzko iztegi aberatsa du. Larramendi'k ez bestek ez dakarten itz barri batzuk darabiltza; adibidez: adilari ta adizaile (entendimentu), nailari ta naizaile (borondate), sentizaile (sentidu), ta abar. Eder zaizkio aditzaldi trinkoak, sintetikuak: dakust, nator, darraiko ta abar; 23 bat aditz-bildu darabiltza: «egin», «egoki», «egon», «ekarri», «erabili», «eragon», «erion», «eritxi» (deitu), «eritxi» (aburua agertu), «eroan», «etorri», «euki», «ibili», «ikusi», «eutsi», «iñon», «iraun», «irautsi», «irudi» (geiago iruri), «jakin», «jardun», «jarraitu», «joan»; lasa ta egoki dantzatzen ditu aditz-era guztiak. F-rik etzaio atsegin, ta pede (fede), konpirmazinoia, popuertza ta abar idazten dizkigu. Joskeraz zuzena da.

 

        (Ikus N. Ormaetxea, Euskal Esnalea, 1927, 23, orr.; I. Omaetxebarria, Euskera, 1959, 297 orr.; Fr. Michel, Le Pays Basque, 520 orr.; L. Mitxelena, HLV, 111 orr.; L. Villasante, HLV, 229 orr.; S. Onaindia, Euzko-Gogoa, 1955, 87 orr.; Pérez Goiena, Ens. Bibl. Nav., VI alea, 319 orr.; L. Akesolo, BAP, 1968, 357 ta 1970, 321 orr.; K. Etxenagusia, Euskal idazleen Lorategia, 1969, 112 orr.; Mikel Zarate, Bizkai'ko euskal Idazleak, 1970, 71 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 1969, 299 orr.; Luis Baraiazarra, Karmel, 1-1970, 34 orr.).

 

Bilaketa