literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

10.— Joanes Leizarraga

 

        Igaz —1971— ornidu ziran lareun urte Leizarraga'k Testamentu Berria euskeraz eman zigunetik: 1571'an argitaldu zuen Naparroa'ko erregiñak eskatuta egiñikako lana. Lan au «ez da berea —dio L. Akesolo'k—, Etxeparena dan bezela, gure euskal baratzeak berak sortua, ez biotzak eta euskal zaletasunak eraginda idatzia; auzoko alorretik aldatua da, erdal izkuntzetatik itzulia, eta iñoren aginduz egiña. Ala ere, gure egunetan iritxi degun gaindegitik begiratuta, euskera zaarraren lekuko bezela, ez dauka berdiñik, noski, eta itzultzaillearen izena gaillen geldituko da bere aldiko ta geroagoko euskal idazleen artean» (Jaunaren Deia, 33, 271 orr.).

        Leizarraga'ri, beraz, asko zor diogu denok. Liburu santuen itzultzaille bezela ez dugu izan, aintziña beintzat —XVI'garren gizalditik XVIII'garrenerarte—, aren mugara iritxi danik. Urte askoz bera izan da «bakarra alor onetan lan egiten». Idazle zahar onek merezi du, ba, gure begirune ta ederra.

 

GIZONA.— Idazle dan aldetik interesgarri ba'da, gizon maillatik begiratuta ez dugu gutxiago. Aren bizitz-berririk, alere, oso gutxi dakigu, itzul-lanetan asi zan arte beiñik bein; geroztik argi geitxoago dugu. Beraskoitz Baxenabarre'ko erritxu bat da; ementxe jaio zan, baiña oraindio ez dakigu noiz munduratu zan, ez nortzuk ziran bere gurasoak, ez noiz il zan. Ez dakigu, gaiñera, noiz eta nun burutu zizkigun bere eliz-ikaskizunak. Apaiza zan, urrean, Joana Albret Naparroako Erregiñak, 1559'an, katoliku izatea utzi ta kalbindarren alderdia artu zuenean. Apaiz katolikua izan zan aurretik, baiña noiz apaiztua ta nun apaiz egon zan ez dakigu oraindik. L. Akesolo'k: «Ontaz illunpe itsuan gaude. Testamentu Berria itzultzeko Pabera deitu ziotenean, Lapurdin zegoela besterik ez dakigu, ango errien batean apaiz edo erretor, nonbait. Lapurdin izana zala, bere euskeratik ere ateratzen zuten Duvoisin-ek eta beste batzuk» (Loc. cit. 272 orr.).

        Joana Albret, bere katolikotasuna ukatu ondoren, laster asi zan protestanteen irakatsiak bere menpekoen artean, Baxenabarre'n eta Bearne'n batez ere, zirt eta zart zabaldu ta sartuazten. Ginebra'ra bialdu zitun bearnetarrak Kalbino'ren irakatsiak artzen; Ortez'en kalbindar ikasgu bat sortu zuen bere pentzutan. Naspil izugarria ekarri zuen onek mugaz andiko euskaldunen arimetara, eta Baxenabarre'k batez ere gogor erantzun zien aren asmo nabarmenai; baiña indartsuak eramaten beti zatirik aundiena. Makiña bat eriotza, kartzela, zigortze ta naigabe izan zan urte negargarri aietan.

        Leizarraga ere zirimol ortan itzulikatua izan zan. Kalbinisten alderdira egin zuen. Noiz? Haraneder'ek esan omen zuenez, 1550'tik 1560'ra bitartean. Baiña ezta susmoa baizik; 1563'garreneko azkenean edo 1564'garreneko asieran, orraitio, bide berriak artua zan. 1564'garrenean kalbindarrak batzar bat izan zuten Pabe'n, eta batzar artatik irtena dugu agindu au: «Lapurdin dagoen Leizarraga'ri ona etorteko agindu bekio». Zer egin bear zuen? Testamentu Berria, otoitz batzuk eta kristau-ikasbidea euskerara itzuli. Gero sari bezela, berak nai ba'zuen, eliz-artzai izateko gertatu ondoren, euskal erriko bazterren batean arima-zain izendatuko zuten.

        Arrezkeroko berriak ona, laburki, L. Akesolo'k bildu bezela:

        «1565-n, maiatzerako bukatutzat dago bere itzulpen lan guztia, eta Olorongo sinodoan lau artzai euskaldun izendatzen dira, Leizarragak egin duena ikusi ta zuzentzeko. Urte berean, Sauveterre-ko sinodoan, lau artzai oiek beren txostena ematen dute. On irizten diote itzulpenari; baiña eztabaida sortzen da Leizarragaren euskerari buruz, Euskalerri guztiko ez dala-ta. Euskera ongi dakiten beste batzuekin elkar arturik, garbitu beite eztabaida ori.

        »Urrengo urtean, Nay-ko sinodoak Leizarragaren aipamen egin du: Iainkoak doai andi ta ugariak eman omen dizkio, eta Sauveterre-ko batzarkideei esaten zaie on litzakela gizon argi ori, Nafarroako errien batera bialtzeko. Pabe-ko batzarrean, 1567-n, Leizarraga aztertu dute, beste batzuekin batean, eta fede-aitormena egiñazi die, eta besterik gabe, artzai izateko on artua izan da Beraskoiztarra, eta Labastidara bialia. 1569-n, Lescar-eko batzarrean aurkitzen da, beste euskaldun birekin batean, eta Leizarraga euskaldunen artean lan egiteko nai dute.

        »Geroxeago, 1571-n, Rochellan degu bera, Testamentu Barria inprentatzen. Antxe idazten du Nafarroako Erregiñari egin dion liburuaren eskeintza. Pabe-ko sinodoak Labastidara bialtzen du berriz ere, Testamentua ateratzen izan dituen neke ta gastuak ordainduta gero; au, 1573-n gertazen da. Urrengo urtean, 1574-n, Pabeko sinodoak beragana bialtzeko agintzen du iru ministro edo artzai euskaldunen semetxoak. Iru urte egingo dituzte berakin euskera ikasten; gero Lescar-era joango dira, Nafartarren eleiz-diruen lepotik, berikaspenak an bukatzeko.

        »Andik urte batzuetara, 1582-n, Labastida-ra eldu da Thou, aldi atako protestanteen istorigille ospetsua. An aurkitzen du Leizarraga, Testamentu Berriaren leenengo euskeratzaillea. Euskera nai erdera oso ederki egiten omen daki. Katolikoen eleizan bertan egiten omen zituen bere itzaldiak, ordu gutxi batzuk beretzat arturik, baiña iñori miñik eman gabe, iñolako zaparradarik sortu gabe, pake giroan.

        »Azkenengo urteetan, 1593 eta 1596-n, Leizarraga ez da aurkitzen Pabe-ko sinodoetan; ordezkoa bialtzen du, zaarrez eta miñez bera ezin baita azaldu. Oraindio, 1598-n Labastidan jarraitzen du, artzai bezela. Eta azkenez, 1601-n, ondorengoa izendatzen diote: Bustanobi, Donapaleuko zerbitzaria. Beraz, 1598-tik 1601-ra bitartean il zala esan dezakegu, argibide zeatzagorik azaltzen ez dan bitartean» (Jaunaren Deia, 33, 273 orr.).

        Joana Albret'ek bere egitamua zeukan Euskalerria erlijio berriz jazteko; bat auxe zan: jendeak bear zitun libururik oikoenak euskeraz jarri. Leizarragak ondo zekian euskeraz; erregiñak bazuen onen izenaren otsa ta Bearne'ra eraman zuen, lau Ebanjelioak eta beste esku-liburuak euskerara itzuli zitzan. Etzuen langille makala bereganatu. Jakintsua ez-ezik liburu-zalea zan beraskoiztarra; euskeraren muiña sakonki ezagutzen zuena.

        Giza-izateari dagokiona da au ere: naizta erlijio, berrira jo zuten euskaldun gutxi batzuk ezkondu, Leizarragak ezkonge jarraitu zuen bere bizitza guztian. Orrela agertzen da beti batzar-agirietan, eta lan sari ere artzai ezkondu gabeari legez neurtzen diote. Labur: gizaseme artez, erabakitsu ta zeatz bezela agiri zaigu nainun ta beti.

 

EUSKAL-LANAK.— Iru liburu utzi zizkigun Leizarragak: Testamentu (429 orr.), Kalendrera (40 orr.) ta ABC (120 orr.). Irurak La Rochela'n argitaratu ziran, 1571an. Joana Albret'ek ikusi ote zitun liburu auek? Ona Akesolo'k: «Badirudi liburu au (Testamentu Berria) ez zala 1571-n berean banatu ta zabaldu. Urrengo urtean il zan Nafarroako Erregiña, eta norbaitek esana du liburu ori ikusi gabe il zala. Leizarraga bera ere Rochellan agertzen da 1573-garrenerarte. Orduan, azillaren 12-an, ordaintzen zizkioten inprentatzean artutako nekeak, eta urrengo urtean, 1574-garrenean, Abenduaren 15-n Pabeko sinodoan erabaki zan Testamentu berria nola ta nortzuk zabaldu (Loc. cit. 280 orr.).

        1) Yesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria (Rochella, 1571). Tituluaren azpian Naparroa'ko erregiñaren armarria dator, eta onen azpian itzok: «Haur da ene Seme maitea, zeinetan neure atsegin ona baitut, huni beha zakizkiote». Liburua erregiñari eskeiñita dago. Ale guztiak ez ziran antza berdiñak izan, batzuk geiago ta beste batzuk gutxiago daukate-ta. Testamentu Berriaz kanpo, beste zer batzuk ene ba-datoz ale batzuetan: Kalbino'ren Advertimendua, bataioa, aparia, ezkontza, gaixoak nola ikertu, kristau-ikasbidea, fedeko aitortza ta abar. Argitalpen bat baiño geiago egin ote zituzten lendabiziko artan?

        Ez dakigu zenbat ale atera zituzten, ezta nolako arrera izan zuen ere. Baiña askoren eskuetan ibillia dugu, ta orixegatik edo, orduko beste euskal liburuak baiño zori obeak babestua izan zan, dudarik gabe. Gaur ere Leizarraga'renak «ainbeste daude, ainbat lekutan zabaldurik: Euskalerrian, Madriden, Frantzian, Alemanian, Inglaterran, Erroman». Gaiñera Testamentu Berria ainbat aldiz argia ikusia dugu, bai zatitan bai osorik; osorik birritan argitaldua izan da XX'garren mende onetan: 1) 1900'an, Strasburg'en, Alemania'n zeuden aleetatik Linschmann eta Schuchardt'ek egina; Leizarraga'ren idazlan guztiak datoz argitalpen onetan; eta 2) 1903-1908'an, Testamentu Berria (Londres) bakarrik, Dogdson'en ardurapean, The Trinitarian Bible Society dalakoak argitara ekarria. Eta aurrerago J. Vinson'ek argitaratu zuen Documents (Baiona, 1874), Leizarraga'ren Testamentu Berria'tik artutako zati aukeratuenak, W.J. Van Eys'ek Mateo deunaren Ebanjelioa, Lizarraga'k itzulia (Paris, 1877), eta aurrerago oraindik, protestante alkarteak euskal errietan zabaltzeko, 1828'an, egin zituzten argitalpenak.

        2) Kalendrera (Rochella, 1571). Egutegi bat duzu, Pazko noz daten, illargi berria ta antzekoak noiz datozten dakazkiana.

        3) ABC edo Christinoen instructionea (Rochella, 1571). Kristau on batek zer jakin bear duen, eta aparia ospatzen datoztenai egin bear zaizkien galde-erantzunak ematen ditu.

        Esana dugu: agindutako lanak dira irurok; orrez gaiñera, Joana Albret erregiñaren kontseilluak ordainduak. Elburua ere etzan besterik, euskal errian Kalbino'ren irakatsi berriak sartzea baiño. Lan neketsua, ziñez; berak ere orrela aitortzen digu. Zergatik? Izkuntza guztientzat zailla da noski liburu santuen itzulpena, gurean ordea zaillagoa, ta Leizarraga zalantzan egon zan, Oloron'go batzarrak, Agramont'eko jaunak, Beltzuntze'ko ta Meharin'eko jaunak, eta Erregiñak berak ortara bultzatu arren; berak dio: «...karguaren hartzera bathirik ezin naidikeen, eta guti falta zedin non ezpainendin xoil gibelera, nakusanean hanbataz ene entrepresa handiago, zenbatez nik sribatu dudan lengoaje mota baita sterilenetarik eta diversenetarik: eta oreino, translazionetan behintzat, usatu gabea». Baiña, azkenik, jaun-andre oien esanak lanean ipiñi zuten; ba ta berak dion beste larrimin onek eraginda ere: «Alabaina segur izanez ezen Heuskaldunak berze nazione guzien artean ez garela hain basa, non gure lengoajez ezin ezagut eta lauda dezagun gure Iainko Iauna».

        Eta zein euskalkitan idatzi zuen? Izan zitun bere buru-austeak, luma eskuratu ta Testamentu Berria itzultzen asi zanean. Iru euskalki zitun inguruan: lapurdiera, benabarrera ta zuberoera. Auetako itzetatik zeintzuk aukeratu? Eta aditz-jokoetan? Ona berak nola azaltzen digun kezka au: «Batbederek daki heuskal-herrian kuasi etxe batetik bertzera ere mintzatzeko maneran zer diferenzia eta diversitatea den: razoin hunegatik sensu egiazkotik aldaratu gabe, lengoajeaz den bezenbatean, ahalik gehiena guziei iarreiki izan gaitzaitza, eta ea xoil edozein leku iakineko lenguaje bereziri».

        Ona argi ta garbi nola erabakitzen duen Leizarraga'k, orduan —eta gaur— euskaldunok geure izkelgiakin darabilgun arazo zailla. Ezta makurtzen izkelgi jakin baten aurrean, besteak bazter utzita. Be-napartar dugu sortzez, baiña gero Lapurdi'n ere urteen batzuk igarotakoa. Bi euskalkiotatik artu zitun itzak eta adizkerak. «Arkaismo batzuk kontuan artu gabe —dio L. Akesolo'k—, esan dezakegu, jakintsuen iritziz, bere euskerak Lapurdikoarena duela kutsurik geien, Lapurdiera dala geien batean; batez ere, Testamentu Berrian. Idazlan txikiagoetan, Zuberokoaren aztarren geiago badu, esaterako, gizoner, eta ez gizonei. Testamentu Berrian, ordea, Lapurdiko bukaerak ditugu, fonetismoak Lapurdikoak dira, eta Lapurdiko aditza, naiz ta forma zaarretan».

        Leizarraga'k ba-ditu itz berriak bere liburuetan, baiña baita euskera zaharraren aztarna ugari ere. Aditzaren agintze-jokoan, esaterako, maiz darabil geroago gutxi baiño aurkitzen ez dan forma bat, albei edo albeit aurretik doakiola; ots: albeileki, gaurko jakin beza esateko. Baita lehen-aldiko igaroan darabil gaur subjuntiboan bakarrik erabilli oi dugun forma au: ethor zedin, egin nezan, gure etorri zan edo-ta egin nuen esateko. Gero ika itz eragiten die guztiai, naiz jainkoarekin naiz beste edonorekin; zuka ari da, ordea, Testamentu Berriari itzaurre bezela jarri zion Erreginari egindako gutunean.

        Euskalariak beste galdera bat dagite emen: «Nola atera zan liburu au —Testamentu Berria, noski— leenengoz Leizarraga'ren lumatik?». Ezta suster gabea duda-muda au. Oloron'go artzai-batzarrak, esan dugunez, batzorde bat izendatu zuen beraskoiztarrak egiñiko lana aztertu zezan; lau artzai euskaldun ziran auek; iru zuberotar: Tartas, Piarres Landetxeberri ta Tardets; eta Lapurdiko bat: Joanes Txeberri, Donibane Lohitzune'ko semea. Auen iritziz, etzan Leizarraga'ren lana ain ulerterreza. Euskalkien auzia sortu zan, edo beintzat lau batzarkide aiek orretaz konturatu. Eta auzia garbitzea beste batzorde baten eskuetan utzi nai izan zuten. Ez dakigu zer egin zuen batasun batera gauzea ekartzeko izentatua izan ziran gizon jakintsu talde ark.

        Beste galdera bat: «Vulgata'tik ala gerkeratik egin zuen bere itzulpena?» Edo prantses itzulpenen bat euki zuen begi aurrean? Protestanteak ba-zuten beren Biblia, «Ginebrako Biblia» noski. R. Lafon'en ustez, «Leizarragak, 1560'ko argitaldia erabilli zuen, bear bada. Orri jarraitzen dio, ez Vulgatari ez Gerkerazkoari jarraitzen ez dionean». Baiña beti ere Ginebrako Biblia dauka eredu bezela. Azkenez, bego au argi: bere itzulpenerako kalbindarren Biblia erabilli arren, «Leizarragak ez zion ezer kendu ez erantsi nai Jaunaren itzari». Orixegatik edo, Larramendi'k, Baiona'ko kalonje batek emanda itzulpen-ale bat bere eskuetan euki zuenean, esan zuen: «Por lo demás, no se puede conocer que sea calvinista el traductor, que está a mi entender muy ajustado en su traducción» (Diccionario trilingüe, XXXII). Haraneder'ek, herriz, au diño: «Ezin gelditu da bere obrari eretxiki gabe zenbait lekutan berak hartu zuen izurritik eta iretsi zuen pozoinatik». Baiña, egiaz, Leizarraga'k ez zion bere Testamentu Berriari izurririk ez pozoirik erantsi.

 

IRITZIAK.— Leizarragaren euskera txit zaharra dugu, R. Lafon'ek uste duenez; aren aditza ezin dezakegu gaur sailkatu, oso aldatua baita XVI'garren mendetik ona. Eta P. Lafitte'k: Haren eskuara xahartua zaiku eta nahasixea. Detxeparena bezain irakur-errexa behar litake, geroztikakoa, gu ganatagokoa delarik» (Eskualdunen Loretegia, Baiona, 1931, 11 orr.).

        Artaz ari izana dugu Orixe ere. Jainkoaren «hitza deus edeki eztakion, ez eratxiki, egin ahal dudan fidelkiena egin» duela aitortzen du Leizarraga'k; eta zeatz egin bear ori gogoratuz, Orixe'k onela: «Etzezaken beste edozein gaietan bezala biurgaietik aldegin». Eta euskalkiaren bat-egiteari buruz: «Ba zekien zenbait itz eta esaera obeki esan zitezkela euskeraz, baino ale ere lardaska samar egina da euskeratze ori; latiñean dagon bezalatsu utzia. Ba dire itz eder bakar batzu, labaki zabalean zizek antzo. Oriek ar dezazkegu iruditu txarrik eta begi-okertzerik gabe, ezpaitzion yaramon itz-berritzeari... Leizarraga'k, beraz, euskal aditza ugaria eman digu, itzulketa lardaska, izketa erraza, errazegia, ta idaztarkera ez gisakoa» (Euskal Esnalea, 1927, 193 orr.).

        L. Mitxelena'k: «Lizarraga'k ederki gaindu zitun, gauzak erabat artzerakoan, aurrean agertu zitzaizkion eragozpen ugariak. Ura irakurriaz uste izango genuke, ainbat argibide ezpagenuzka bestera, luzaroko idatzi-lanez legepetua dan izkuntzan idazten duela. Baiña egiazki, Schuchardt'ek dionez, Leizarraga bera izan zan idatzi zuen izkuntza tinkarazi zuena».

        Eta L. Villasante'k, beraskoiztarrak latiñetik eta griegotik artu zitun itzai buruz au dio: «Argi atera genezake Leizarraga'ren izkeratik latin-gerkar itzak beretzeko euskerak duen erreztasuna, eta batera Europa'ko izkuntza landu geienak egin zuten bezela, aiekin bere kultura alorra aberastutzekoa noski... Oro ar, erraldoi bakar bat dugu Leizarraga euskal literaturan, ez aurrekorik ez ondorengorik gabea».

        Ilewelin Thomas'ek Urte'ren Ethortia, protestante baten euskal itzulpena argitaratu zuen; itzaurrean aitormen au egiten zuen: Testamentu Berria euskal errian asko zabaldua izan balitz, geroago Morgan'en Bibliak Gales'ko izkuntzari egin zion bezelako mesedea egin zezakeola gure euskerari: «euskera literarioa sortu, euskerari batasuna eman, euskalkien arteko banatasuna ausi» ta abar.

        Eta L. Akesolo'k: «Zer esan? Balizko errotak iriñik ez omen du eiotan, eta alperrik ariko gera zer gerta zatekean asmatzen. Ala ere, Leizarragaren euskera ez zan, bere aldian bertan, euskaldun guztien batasuna egitekoa, ez guztiek ulertzekoa. Berak ere bazekien ori. Nolabaiteko batasuna egin zezakean lapur eta nafartarren artean. Andik kanpora, ez ain errez. Zorionez gure euskerak Gales'ko izkuntzak baiño bizi obea izan ote duen nago, eta Morgan'ik gabe, bere banatasunean, osasuntsuago iraun du beste izkuntza askotxok baiño. Ez da gauza utsa. Batasunik gabe ere, bizi gera. Eta bizi geralako, ospatu nai degu gure Leizarraga, gure batasunaren sortzailletzat ez bada ere, bai gure izkuntzaren leen-frutu emaille eta lantzaille bikaintzat, bederen. Orain, beintzat, ez du arrera txarrik ez surik izango. Orain, beintzat, ez da aren aldiko gudu ta burruka-girorik. Orain badakigu nor nor dan, non dan ta nora dijoan orduko eztabaidazko gaietan, eta elkar ongi artzeko giroa sortu da».

 

        (Ikus G. Lacombe, RIEV, 1907, 180 orr. eta 1931, 363 orr.; J. Jaurgain, RIEV, 1907, 288 orr. eta 1908, 601 orr.; J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 5-41 orr.; H. Schuchardt, RIEV, 1911, 194 orr.; L. Mitxelena, HLV, 48 orr. ; L. Villasante, HLV, 55 orr.; L. Akesolo, Jaunaren Deia, 33, 271 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 149 orr.; J. Etxaide, Amasei seme Euskalerriko, Zarautz, 1958, 125 orr.).

 

Bilaketa