literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

26.— Karmelo Etxegarai ta Korta

(1865-1925)

 

        Etxegarai munduratu aurretik, lauso ta triste omen zegoen euskal egoera: edestiaren otsa ixillik, zerraldoan otz eta geldi. Goiz batean, baiña, K. Etxegarai jalgi zan, eguzki bezela, gure gauza zarren iraultzaille. Orrela kantatzen du E. Erkiaga'k:

 

                Gure Erri zarraren kondairagillea,

                larru lerinduen irakurzalea,

                anaien burruken adierazlea,

                gure gauzetara gogo-esnalea

                zure lanetan dot mardulik, alea.

 

        Bai, naiz-ta guk ere ark Euskalerriaren eta Aitor'en izkuntzaren alde egiña erdi aztuta euki, lan ikaragarria egin zuela lau aizetara zabal-azi bearrean aurkitzen gara. Esker ona zor diogu euskal alorrean ainbeste leiatu zan gizaseme argituari. Nor bere artean kiribildu ta lan egitea, bizitza osoan bear bada, ba liteke ospeari norbere gogoz agur egitea: K. Etxegarai, berriz, bere bizi guztian egon zan zurkuillu ixillean euskal lurrari ta beronen gauzai lotua ta eratsia. Etzan txalo-min, eta beste askok —berton jaioak noski— gure gauzak erderaz adierazi ta goraltzera jo oi dutelarik ere, Etxegarai'k ementxe lan egin zuen apal eta biziro. Eredu bikaiña!

 

        BIZITZ-APURRAK.— Azpeiti'n jaioa dugu, 1865-7-3'an. Joakin Etxegarai, bere aita, pasaitarra, Zumaia'ko portuan kapitain zana, 1880-4-26'n il zan, eta ezeren laguntza gabe geratu ziran aren alarguna, ama zarra, alargunaren aizpa bat eta bi seme: Karmelo, amabost urteko mutikoa, ta Bonifazio, bi urte egindakoa. Zer egin? Karmelo, egia esan, mutil argia zetorren, baiña gazte zan oraindik ezer egin al izateko. Santander'en bizi zan Joakin'en anai bat —Karmelo'ren osaba, beraz—, gizon eldu ta zurra, saldu-erosiari emana. Onek berean artu zuen mutilla, ta beronen adimen argi-zoliaz konturaturik, kultura zabal baterako bear zitun ikasketak osotu zitzan erreztasun guztiak ematen asi zitzaion. Mateo Lopez Carbajal'ek irasitako ikasguan sartu zuten eta antxe ikasi zitun Karmelo'k, 1880-1882 ikastaroan, ekonomi politikua ta ingeles izkuntza, ta urrengoan, prantsesa; ta iru jakin-gaiotan lenengo saria eraman zuen.

        Ezbearra berriz ere: osaba il zitzaion 1883'garrenaren erdirantza ta Zumaia'ra etorri bearra izan zuen etxekoen artera; ta orra gure gaztea ikasteak laga ta etxekoai lagundu bearrean. Edu ortan zegoela, Zumaia bertako elizburua zan Manuel Beobide'k lagunduta, Euskal Lore-jokuen ofizinan bear egin eta zerbait irabazten asi zan. Luis Maria Eleizalde zan bazkune ortako buru ta onek Aldundiari eskatuaz, ango artxibuaren zai jarri zuten Etxegarai. Ortan asi zan lanean, bizitza guztikoan nunbait, eta gogoz asi ere: egunetik egunera obeto ikusia zan, eta diruz ederki ordaintzen zioten zegian lana.

        Artxibua ta liburutegia atondu ta zaindu ez-ezik, kondaira ikerpen asko ere osotzen zitun Etxegarai gazteak. Eta Diputaziokoak au ikusirik, Madrid'era bialdu zuten ango artxibu ta idaztitegiak arakatzen. Ara joan zitzaigun 1892'gneko ilbeltzaren azkenerantza. Iker-gaiez antxe idatzi zuen bere lenengo liburua, Euskalerriko gauzakaz zer-ikusia zuten dokumentuak begi aurrean zitula: «Investigaciones históricas referentes a Guipúzcoa», Gipuzkoako Diputazioak 1893'an argitaratu ziona. Beste liburu batzuk etorri ziran ondoren, eta guztiok txit ospetsu egin zuten sail ortako lanetan.

        Azkenez, Bizkai'ko Aldundiak batez ere ortara bultzatuta, Bizkai'ko, Araba'ko ta Gipuzkoa'ko euskal probintzietako Kronikari izendatu zuten K. Etxegarai. Izendatze-agiriaz jabetu ordukoxe Gernika'ra aldatu zan, eta ementxe, egotzi zioten arloari oso-osorik lotua, erioak atzaparra ezarri zion arte iraun zuen. Bien tartean amaika paper zar astindu zuen, liburu meta galant bat ere idatziaz. «1925'garren urteko dagonillean —G. Muxika'k dioskunez— Orozko, Orduña, Menagarai ta beste arabar toki batzuk ikertzera urten zan, ango artxibuetako edesti-gai billa; baiña ortan zebillela gaitzak artu zuen bat-batean. Bere lanari ekin zion, ala ere. Gaitzak, orraitio, geiago egiñik, etxera itzuli bear izan zuen. Gero, betikoa... sendagilleengana, oea, berri lazgarriak, gaitza aurrera, azken urren naitaezkoa. Azaroaren 4'an, arratsaldeko bost t'erdietan il zan. Eta 6'an lurra eman genion Gernika'ko illerrian, begiak zekusena siñistu eziñik gu geratzen giñala».

        Euskaltzaindikoa izan zan. 1922'an, Eleizalde'tar Koldobika il zanean, K. Etxegarai izentatu zuten aren ordezko, ta andik iru urte barru Karmelo itzali zanean, onen anai Bonifazio egin zuten euskaltzain. Karmelo'k Euskaltzaindian sartzerakoan irukurri zuen «Iru Mogel'etzaz» deritzan lan ederra.

        Bere omenaldiak izan ditu. Bat, esaterako, 1928-4-3'an, Eusko Ikaskuntzak antolatuta Azpeiti'n ospatu zan, eta bertan, Santiago kaleko 7'garren zenbakian, idazkun au jarri zitzaion: «Karmelo Etxegarai jauna etxe onetan jayo zan 1865'ko Uztaillaren 3'an. Bere erriaren jakintza aldezko adimen gogotsuari oroimen au eskeintzen dio Eusko-Ikaskuntza'k».

 

        ZER IDATZI ZUEN.— Auxe zan K. Etxegarai'k euskal Aldundien aginduz burutu bear zuena: 1) Euskal kondaira gaien berri Diputazioai eman; 2) Fidel Sagarminaga'ren oiñordekoak Bizkai'ko Aldundiari emandako liburutegia zaindu ta atondu, eta 3) gure artxibu ta idaztitegiak obeto antolatzeko bear ziran bideak adierazi. Iru zerok, danok dakigunez, ondo baiño obeto bete zituen. Eder zitzaion, izan ere, Euskalerriari buruzko edesti-lana.

        Asko idatzi zuen, eta beti ederto, erderaz ta euskeraz. Liburu batzuk bakarrik aitatuko dizkizut emen.

        a) Erderaz: 1) Memoria presentada a la Diputación de Guipúzcoa sobre organización de archivos (Donostia, 1891); 2) Los vascos en el descubrimiento y colonización de América (Donostia, 1892); 3) Investigaciones históricas referentes a Guipúzcoa (Donostia, 1893); 4) Las Provincias Vascongadas, a fines de la Edad Media (Donostia, 1895); 5) Trabajo de un Cronista (Bilbao, 1898); 6) Archivos municipales de Guipúzcoa (Donosti, 1898); 7) Apéndice a la obra «Noticia de las cosas memorables de Guipúzcoa» de D. Pablo de Gorosabel (Tolosa, 1901); 8) De mi País, miscelánea histórica y literaria (Donostia, 1901); 9) El maíz. Conferencia acerca de la época en que se introdujo en el País Vasco y la influencia que tuvo en sus costumbres (Donostia, 1905); 10) Iztueta (Donosti, 1905); 11) Introducción del Cristianismo en el País Vasco (Donostia, 1905); 12) Los Archivos municipales cimo fuentes de la de Guipúzcoa (Donostia, 1905), 13) Monografía histórica de Villafranca de Guipúzcoa (Irun, 1908); 14) De mi tierra vasca (Donostia, 1917); 15) Informe acerca de los documentos referentes a la historia vasca, que se contienen en archivos públicos (Donostia, 1919); 16) Monumentos religiosos de Guipúzcoa (Donostia, 1921); 17) Monumentos civiles de Guipúzcoa (Donostia, 1921); 18) Vizcaya (Barcelona, 1921); 19) Compendio de las Instituciones forales de Guipúzcoa (Donostia, 1925).

        Ontaz gaiñera, eundaka orrialde kondairazko, literaturazko, kritika ta iritzi emate ederrez beterik daudenak osotu zitun iñoren idaztiai itzaurreak jartean ere. Azkenik etziran gutxi izan or-gimen irakurri zitun itzaldiak. Cgeitamar bat aitatzen dizkigu G. Muxika'k.

        b) Euskeraz: Bai, euskeraz ere lan bikaiña egin zigun Etxegarai'k, guk asko ezagutua ez izan arren. Amabost urtekin asi zan euskeraz idazten, Santander'en aurkitzen zala. Auxe duzu andik igorri zuen lenengo lana: «Eguzkiyaren irteera ta Mogeltar izkribalari bikaiñei oroipena» (1882-11-10); 12 aapaldi dira zortziko nausitan, ederki egiñak. Gizonki agertzen du egunsentia, izadiko sorkari guztien bizinaia ta poza kolore ñabarrez margozturik. Ur azpitik jaikiaz dator eguzkia.

 

                Uren azpitik azaldutzen da

                   izar danetan nausiya,

                bere urrezko errañuekin

                   lilluraturik guztiya;

                apaingarriro jantzitzen ditu

                   zeru mirari garbiya,

                itxaso aundi orrolariya

                   eta lorezko zelaya.

 

        Aztertu gabe dago oraindik azpeitiar olerkariaren euskal sailla. Ta oso eskerga da Etxegarai'k gaztetan egindako euskal lana. Elgoibar'ko osagille ta euskaltzale leuna genduan Antonio Arrillaga'k emanda badut nik emen 333 folio aundiko liburu bat, makiñaz idatzia, ark or-emen euskeraz —«Euskal-Erria»-n, Euskalzale»-n eta «Euskal Esnalea»-n— argitaldu zitun lanakin ornidua. Lanok, itzaurre batzuk kendu ezkero, gaztetan egiñak ditu, batzuk jatorrak, bere-bereak, eta beste batzuk itzulpenak. 1882'tik 1893'ra bitartean osotuak ditu: etzuen geiago bertsorik egin. Ona biotatik batzuk.

        1) Jatorrak.— Esan dugu, iru aldizkaritan idatzi zuen K. Etxegarai'k. a) Euskal-Erria'n: 220 olerki ta 23 lan askatu argitara zitun euskeraz; baita erderaz ere 20 lan. Euskerazkoetatik 18 beintzat sarigarri izan ziran Donosti'ko, Bilbao'ko ta Iruña'ko batzaldietan. b) Euskalzale'n: 1893'tik aurrera etzuen bertsorik borobildu, baiña lan auek argitara zitun (1897-1899): «Peru illegorri», «Euskalduna», «Jose-Mari», «Pasaitarren gauzak», «Ukirimiriak», «Zerbait» eta «Motxaillen kontuak», 1897'an; «Auñemendiko Lore (itzaurrea)», «Pasaia», «Nekazari edo lugiñen Anaikidea», «Txurruka», «Malko bedeinkatuak», «Antxiñako gertaerak eta Euskal-Erria», 1898'an; eta «Antia», «Aur Jainkotia!», «Gurasoen zigorra», «Aitor-en etorrera edo Euskalerriaren asiera» ta «Jesus estalpean», 1899'an. d) Euskal Esnalea'n: «Esnatuko al gara?», «Ongi itz egitea», «Enada eta beste egaztiak», «Ondo egiña dago», «Egalariak», «Segurarrai», «Nora goaz?», «Esna gaitezen!», «Pernando amezketarra».

        Besteok ere aipagarri dira: «Donostia'ko Fueroa», ango euskal jaietan saritua; «Indalezio Bizkarrondo "Bilintx"», Lore-Jokuetako batzarrean sariztatua; «Donostia'ko Euskal Itz-jostaldien batzarrea», Eibar'en saritua; «Domingo Agirre, Olerkaria», 1920'n egiñiko itzaldia; «Euskalerriko itxas-gizonak, 1921'gneko itzaldia; «Otaegi, euskal olerkaria», Ondarrabi'ko euskal festetan (1925), saria irabazi zuen ikas-lan kritikua; eta, guenez, gorago aitatu dugun «Iru Mogel-tarrak» (Euskera, 1926).

        2) Itzulpenak.— Atsegin zitzaion erbesteko literaturatik artutako poesi laburrak batez ere euskeraz jartea. Ona batzuk: Selgas'enak, «Celos», «El álamo blanco», «La inocencia», «Sé bien venida primavera hermosa!», «La adelfa», «El amor y el olvido», «La virtud», «Chist!», «Perlas y lágrimas»; Frai Luis de Leon'ena, «Al salir de la cárcel»; J. Coll y Vehí'ren «Al Sagrado Corazón»; Wiliam Wordsworth'ena, «The oak of Guernica»; Nikanor Zubikaldai'rena, «Niño divino»; J.E. Hartzenbuch'ena, «El cangrejo» ta «La libertad aparente»; Sofia Ormaetxe'rena, «Al Niño Jesús»; Donibane Gurutzekoaren «A Cristo Crucificado»; Joakin Rubió y Ors'ena, «Postes de sol», boskarrena, ta abar.

        Beste batzuk euskeraz egin eta gero erderaz jarri zizkigun, dozena bat inguru guztiz: «Euskal-Errira», «Arrigorriaga», «Argi baten billa», «Andeka», «Otsoa eta arkumetxoa», «Larrosatxoa»...

 

        NOLA IDATZI ZUEN.— Etxegarai'k badu poesi batzuetan, XIX'garren mende erdiaurretik batez ere ia mundu guztiko literaturan nausi izan zan erromantiku aizearen eragiña. Baiña pixkat bakarrik. Ba-ditu baita eskola aren antzera goi-argi laiñotan ta sentipen arroskoz egiñiko elezar eta ipui luze xamarrak —«Aitor-ren etorrera», «Euskaldunak eta kartagotarrak», «Gurasoaren zigorra», «Antxiñako gertaerak», «Euskaldun bikain bat»—, eta beste. Etxegarai'ren lana, ala ere, bulkoz betea da, ta biotz-ondoz bizia. Erromantikuen osteko olerkaria dugu azpeitiar gaztea, gaztetan bait zitun osotu ark bere poesi-arnasak.

        Arrese-Beitia'ren eskolakoa genduan zerbait, baiña ez osorik. Selgas (1822-1882), olerkari ots aundikoa, erromantikuen etsai ta «lilien kantari», atsegiñago zitzaion andiputz eskolako aiek baño. Ta, ain zuzen, Etxegarai'k badu gaztelar poeta leunaren antza: erreztasuna, asmamen bizia, muin goxoa. Ederki dio R. Intzagarai'k: «Iñork baño obeto ikusi zituen Amaren lurralde ta alorrak: Euskalerriko lorategiak, Euskalerriko gari-meta ori-oriak. Zugatz, aritz ta ametzak, jauregi eskaratz-urren asabak ereinak, zeazki ezagutzen zituen; ta edesti akesdunak edozein orritan tartez-martez uzten dituen alde murriak, Etxegarai'k bete zituen, edo lorez, edo gariz edo tantaiez» (Euskal Esnalea, 1925, 222 orr.).

        Neurtizlari bezela onan ikusten du «Orixe»-k: «Markiña'ko euskal-jaietan oraino ume zelarik sariztatu zutenean, itxaropen zuten euskal poeta bikaina aterako zela Etxegarai. Gaiekoa zen poesirako, bere gainerako idaztietan noizpenka nabari denaz. Gaia egokitzen ba zekien, izkuntza berez etorritsua zizun, esaera txukuna, neurtitza erreza eta ongi ebakia. Zergatik utzi zion poesi egiteari? Eztakigu. Mingarri da bere bizieran geiago ez ari izaitea» (Euskal Esnalea, 1927, 235 orr.).

        Euskera bikaina zerabillen zein joskeraz zein iztegiz.

 

        (Ikus J. Manterola, Euskal-Erria, 1882, 493 orr.; G. Muxika, Euskalerriaren Alde, 1925, 403 orr. ta Homenaje a C. Echegaray, Donosti, 1928, 677 orr.; J.M. Estefania, Euskalerriaren Alde, 1926, 129 orr.; R. Intzagarai, Euskal Esnalea, 1925, 221 orr.; J.K. Gerra, Euskalerriaren Alde, 1925, 44, orr.; J. Urkixo, Euskalerriaren Alde, 1925, 416 orr. ta 1926, 129 orr.; A. Kanpion, Euskalerriaren Alde, 1928, 153 orr.; F. Etxegarai, BAP, 1950, 469 ta 1951, 417 orr.; S. Onaindia, MEOE, 383 orr.; L. Villasante, HLV, 329 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleen Lorategia, 201 orr.; Auñamendi, II, 296 orr.).

 

Bilaketa