literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

29.— Frantzisko Apalategi

(1867-1948)

 

        Sarri itandu oi dugu. Benetako euskaldun ote naiz? Zertan ikusi ote liteke ori? «Nik uste dut —dio Peli idazleak—, Euskal Herriaren alde egunero, astero, hilero, urtero, bakoitzak al duanean, ordu batzuk sartzen ez dituana, benetako euskalduna ez dela. Beronek euskalduna dela esango du, baina "ez da" esango nuke nik» (Zeruko Argia, 1973, urriak 14, 3 orr.).

        Apalategi Aita jesuita genduan, Donostia'n jaioa 1867-10-29'an. Amazazpi urtekin sartu zan, 1884-8-7'an, Jesus'en Lagundian. Eliz-ikasteak amaitu ta apaiz egin ondoren, Valladolid'eko jesuiten ikastetxean urte asko eman zituen Kondaira irakasle. Azkenengo urteak, alaz ere, Loiola'n igaro zitun: osasunez makal xamarra izan zan biziera guztian. Loiola'ko santutegian artu zuen betiko loak, 1948-2-24'an.

 

        EUSKAL LANA.— Naiz eta erbeste zear ibilli, ba-zuen barnean gorde-eziñeko sua: euskaltzale zan guztiz zintzoa. Eta beti, eskuan luma, gertu ta prest zegon edozein gertakari naiz ipui jasotzeko. Aita Zabala'k onako pusketak bilduta «Auspoa» bilduman eman zizkigun titulu onekin: «Euskal mutillak armetan!» Karlista ta liberalen bigarren gudako istilu ta goraberak aizatzen ditu geien bat. 1922'garrengo urtea ezkeroz, ortan saiatua dugu, au da, ari ta oni aspertu gabe galdezka garai artako berri mordo galantak batu zizkizun, bere ingurrazti ta kuadernoetan.

        A. Zabala'k itzaurrean onela: «Euskerazko zeozer ere argitaratu zuen, bañan bere euskeraren aldeko lanik onena oraingo au dala uste degu... Gaur agertzen diranaz gañera, beste orrelako asko bildu zitun. Argitaratuko ditugu oiek ere... Kontaeraz gañera beste paper ta berri asko bildu zun. Orain Gipuzkoa'ko Diputazioan daude bere paper danak. Paperaz gañera karlisten gerrateko oroipen asko bildu zun. Orain oiek San Telmo'n daude».

        Euskera ona darabil: bizi ta labur azaltzen ditu or-emengo joan-etorriak. Garbizale gendun, itxuratan. Aita Zabala'k: «Noizean bein badaude itz batzuk gerran ibillitako agure zar aiek iñola ere esango etzituztenak. Adibidez: "karlotarrak", "izkillu"... Ez ditugu iñola ere ikutu nai izan» (13 orrialdean).

        L. Mitxelena'k au dasa: «Ezta noski gauza bera Pirala baten liburu larriak irakurtzea eta Aita Apalategi'ren kuadernoetan barrena sartzea. Eztira emen ikusten ez gerraren gora-beera andiak, ezta arkitzen ere egintari ta buruzagien asmo eta usteen berririk. Bada ordea besterik, Pirala'k eztakarrenik: egun emen eta biar an, nola eta zertarako eztakiela geienetan, dabillen edo darabilten soldaduaren nekeak, naigabeak, usteak, pozak eta damuak... Norbaitek novelaren bat egin nai baldin balu garai ortaz obeko du "Auspoa"-koei eskerrak eskuetara dizkiguten joskurarik gabeko oar oek irakurri bestelako liburu lodi asko baiño. Eta historia egin nai duenari ere, barrengo eta ziñezko historia baldin bada, eztio kalterik egingo oriek astiro ikustatzeak» (Egan, 1961, 1-3, 144 orr.).

 

        (Ikus Auspoa, 3'garren alea, 1961, 11 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1961, 1-3, 144 orr.; J. San Martin, Escritores Euskéricos, 1968, 28 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 291 orr.).

 

Bilaketa