literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

52.— Felix Markiegi Olazabal

(1905-1946)

 

        Olerkari ta antzerkigille. Deban jaio zan 1905-9-23'an. Bere gurasoak: Gillermo ta Maria Jesusa; anai-arrebak: Joseba, Oiartzun'en garbi-itxia; Florenzio, Deba'ko alkate izana ta 1937-10-15'an Dueso'n su-izkillotua; Karmen eta Kontxa; eta Gloria Aizpa, karmeldarra. Komillas'en egin zituen eliz-ikaskizunak, 1929'an orduan Santander'ko gotzai zan Egino Treku jaunaren eskuetatik artu zituen jauparitzarako ordena-maillak, urrengo urtean beretar guztien poz betean lenengo meza abesturik.

        Gerra aldian eta ostean arat-onat ibilli bearra izan zuen, eta azkenez Argentina'ra jo ta an Bahia Blanca'n il zan 1946-7-6'an, 41 urtedun.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Ez izan ezpairik, tokiak ere asko esan nai digu-ta; sendiko odolak edo-ta norbere sorterriko kutsuak betikoz utzi oi du aurrerantzean eguzkiaren berotzea bezela noraezekoa izango zaigun zerbait, bereiztasun berezi bat geugandik iñarrosi eziña. Deba itxas-bazter lilluragarriak ba-du olakorik; baita Markiegi etxekoak ere. Ez zaigu, beraz, arritzekoa Markiegi bi anai apaizon emetasuna euskal arloan.

        Joseba, esan dugu, idazle samurra zan, gauzak alderdi onez begiratu ta ixurika bezela daukaten ederra esku ertilariz jasoten zekiena nunbait. Peli, aren anaia ere, ama berberaren umekondo ta gogo-lantze berdin xamarrekoa duzu. Olerkari xalu, adimenez argi ta biotz-ondoz bigun, sotillez daki bertsoak lurrunkatzen. «Yakintza»-n irakur zenezake bat, «Gero arte!», (1933, 187 orr.) oso polito egiña. MEOE'rako bi autatu nizkion, eta geroago, ura il ondoren, 1959'an, Argentina'tik igorri zizkidaten Olerti'n atera nitun iru auek: «Oteitza», «Jaunaren ots biguna» ta «Ama onaren abestia» (Olerti, 1959, 138-140 orr.). Oarkor ta ezti jalkitzen digu bere barne-muiñaren ederra.

        Donostia'ko «Argia»-n eta «Yakintza»-n idatzi zuen guda aurretik, eta Argentiña'n zegoelarik, Buenos Aires'ko «Euzko-Deya»-n.

 

        ANTZERKIGILLE.— Felix Markiegi'k, besteak beste, antzerkia zuen begiko. Bizi laburra izan zuen arren, bi politak, ederki landutakoak, utzi zizkigun.

        1) Seme Ondatzaillea (Antzerti, 1936). I. Lopez Mendizabal'enean. Lau ekitalditan. Ia dana bertsotan daukazu. 1935'an «Euskaltzaleak» eratutako III'garren Antzerki-sariketan saria irabazi zuena. Amasei lan aurkeztu ziran guztiz; komeri saillean Karraskedo-Olarra'tar Jakinda'ren «Garo Usaia»-k eraman zuen len-saria ta bigarrena Markiegi'tar Peli'ren «Seme Ondatzaillea»k. Bigarren oni buruz epai-maikoak onela: «Ebangelioko seme ondatzailleari buruz idatzia. Lan txukun eta egoki au oso atsegin izan zaigula ezin uka. Lauki edo kuadro tankeran eratua dago. Gañera itz-neurtutan. Mota berria gure elean. Antzerti arauak zearo beteak daude. Orobat itz neurketari dagozkionak. Trebe ta goxoro, euskera garbi-errikoia darabil». Sariak ematea maiatzaren 17'an San Telmo'ko saloian egin zan ospe aunditan.

        2) Eukaristiaren Martiri (Euzkadi, 1935-5-1'an, 12 orr.). Iru ekitalditako antzerkia. Nun ote dugu lan au? Aurrekoa bertso ederretan jantzia baldin ba'dugu, idazle yaio aren eskutik irtendako au ere, ez al da bikaiña izango? Bai, noski! 41 urtekin il zan; beraz, bizi luzea izan ba'lu, makiñatxu bat arnari eder emango zigun, ziur asko, debatar idazle piñ arek!

 

        (Ikus Antzerti, 1936, Jakingarriak, paper urdiñean; S. Onaindia, MEOE, 1.026 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 271 orr.; Yakintza, 1935, 472 orr.; El Día, Donosti, 1936-5-19'an; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, II, 173 orr.; S. Onaindia, Kardaberaz Aitari Omenaldia, 130 orrialde).

 

Bilaketa