literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

35.— Kepa Enbeita Errenteria, «Urretxindorra»

(1878-1942)

 

        Gizon bezela naiz bertsolari bezela, gaillena duzu Enbeita. Ezta errez onen guztizko gizantza osatzea. Gizon bezela, egia, jaiki lez errotsua zan. Bertsolari zanez, euskal literaturaren pizkundean ba-du zer esana ta garrantzia muxikar aundi onek. Beronen olerkia, azal ta mami, sakon ederra bai dugu. Olerkia biotzetikoa da batez ere, ta Enbeita biotz aundi baten jabe genduan, eta bere bizitzako une oroz biotz orreri astiñaldiak emanez, txinpart-urtika bizi izan zaiguna. Aren bertsoak, txinpart utsak, gogoz entzun eta irakurri oi ziran: millaka ta millaka biotz utzi zituen bere garaian zauskada sakonez eta esan-nai eztiz arroturik.

 

        BIZITZ-OSTOAK.— Gernika'tik iru bat kilometrora daukagu Muxika, ta onen auzunetatik bat Areatza duzu, Bilbao'tik itxasaldera goazala, Oka'tik bertan aurkitzen dana. Ementxe jaio zan K. Enbeita 1878-9-7'an, gabeko bederatzietan, eta urrengo egunean bataiatu zuen Leon Miangolarra txaunburu-lagunak. Bere gurasoak: Enbeita'tar Juan Antonio ta Errenteria'tar Maria, biak muxikarrak eta nekazariak. «Usparitxa» baserri apaiñean bizi ziran.

        Umetan etzuen eskola aundirik artu. Lenengo urteetan Areatza'n bertan ikasi zuen zerbait, baiña bertako maixua laster Ameriketara joan zitzaien eta or zazpi urteko mutikoa eskola irakasle barik. Amar urte egiteko zegoela amak Muxika'ra eraman zuen, baiña etzan luzarorako izan ango eskolatzea ere. Erderaz tautik ere ez zekielako, sarri eraman bear izaten omen zuen garai artan modan zegoen erestuna, eta bein elizako teillatu gaiñera bota omen zuen dalako erestuna, ta maixuak, jakiña, ederki zigor-azi aren berna-bizkarrak. Etzan geiago eskola artara urreratu. Gero, iru-lau urtetan, Kristau-Ikasbidea ta matematikak orduan Areatza'n erretore zan Sebastian Arrien apaizarekin ikasi zituen.

        Enbeita'tarrak, gurasoak eta zazpi seme-alaba, lurretik bizi ziran geien bat; baiña ba-zuten beste ogibide bat ere: saskigintzan ari ziran. Eta orrek nasai xamar bizi izateko lain ematen zien. Ogetalau urte zituala, 1903-2-21'an ezkondu zan Kepa, bere erritik ur bizi zan Ibarruri'ko alaba Mañasi Goiria'rekin: aurten illa noski —1976-1-6'an— 96 urtekin. «Usparitxa» etzan gure bertsolaria ezkondu zanean, gaur lako etxalde ederra; gaur soro emakor diranak, len baso ta beresi ziran. Zugatz zalea zan Kepa eta lendik zeudenak zaindu ta berriak landatu, oraintxe ere ba-da an inguruan igali-zugatzik. Asko berak jarriak. Olako bati azala urratu edo adarren bat austea, berari arpegiko bat ematea bezela zan. Izadi zalea, noski, bere bertsoetatik argi dakusgunez.

        Zortzi seme-alaba, zortzi kimu eder, izan zituen, gaur ere bi ez besteak ezkonduta bizi diranak. Osasunez mardula zan Kepa, baiña 1919'tik aurrera auleriak jota bizi izan zan; osasun-billa, bada, Araba'ko Laguardia'ra joan oi zan. 1936'ko gerra aurretxoan ere ara aldatu zan, urrengo urteraiñoko guztia an emanik. Ba-zituen an lagunak, baiña biotza beti erri-min.

        Guda bukatzean itzuli zan etxera, emaztea ta zazpi semealabak laztanduz. Arrezkero, baiña, etzan luzaro bizi izan. Goiz batean gaixo txar batek ogeratu zuen, eta osalariak konturatu orduko lan aundiak egin zituen gaitz arek Kepa'ren gorputz aulean. Guimon sendagilleak egin zituen alegiñak gaitza uxatzeko, baiña alperrik. Agustin Isusi apaizak eman zizkion azken-sakramentuak; gaixoaldiko azken egunetan batez ere, adiskide ta ezagunak eundaka etorri zitzaizkion, gizon jator ari agur-egin nairik. 1942-12-12'an itzali zitzaigun ainbat kanta ederrez alaitu ginduan Urretxindor bikaiña.

        Muxika'ko iltegian datza Enbeita'tar Kepa'ren gorpua. Ari lur ematerakoan, lagun talde aundia izan zan bertan, baita geroztik ere. Euskalerriak bizi-bizi negartu zuen aren eriotza.

        Etzan zar oraindik, baiña au ere, beste euskal idazle askotxo bezela, umotua iduritu urrean Jainko onari, ta eraman zigun gu begi-malkoz utzirik.

 

        ENBEITA BERTSOLARI.— Aritzak aritz-ezkurra dakar; baita aitak, okerrik ezpada, antzeko kimua ere. Juan Antonio, Kepa'ren aita, bertsolari zan eta ugari samarra izan ere. Urbil dagoen beroa erantsi. Orrelaxe gertatu zan nunbait Usparitxan, aitak semeari bertso-zaletasuna ezarri.

        Kepa'k gaztetatik zekarren griña ori. Astelenetan, or inguruan oitura danez, Gernika'ra joan oi zan gurasoekin. Eder zitzaizkion ango pelota jokuak, eta ederrago oraindio eskekoak-eta saltzen zituzten bertso-paperak. Mordo galanta osotu zuen pixkaka; aietatik asko buruz zekizkin soroan itaurren, bei-zaintzan edo saskiguntzan ziarduan bitartean ikasiak.

        Noiz asi ote zitzaigun bertsoak kantatzen? Gazte zalarik. Egun aietan oiñatiar bik, Jose Joakin eta Juan Jose, eguneroko lana amaitu ostean, bertsoketan egin oi zuten: aieri entzutera joan oi zan Kepa. Domeka arratsalde batean Muxika'rako bidekurutzean zaratatsu zebillen jendea; Zugadi bertsolaria zan bertan, Maguna'tik etorria: bere erritxoa goratuz, muxikarrai adarra jo zien poliki. Bat-batez, orduan, Kepa'k jardetsi zion muxikarren izenean. Baserritarrak gogoz txalotu zuten Enbeita, baita Zugadi berberarekin kidetu ere. Onek biziki bizkortu zuen gure mutil gaztea, ta aurrerantzean bertsogintza zan bere ametsik garaiena.

        Orduantxe bizkortu zan, eta errietan berso-botatzen asi. Emeretzi urte zituala, bertsolari txapelketa bat ospatu zan Durango'n, erriko jaiak zio arturik. Berriz'en ba-zan egun areitan izen aundi samarreko bertsolaria, Onbe: maikoak oni eman zioten lenengo saria, Kepa'ri bigarrena. Beste bein, bere adiskide Zelaia'k sariketa bat antolatu zuen Ondarreta (Las Arenas'en). Zazpi gipuzkoar etorri ziran, Txirrita beren artean; Bizkai'tik Enbeita zan bakar-bakarrik. Gipuzkoarrak ederki zirikatu zuten bizkaitarra; baiña muxikarra zezen adarkari trebea bezela aritu zan aien aurka, ta an ziran bertsolari ta entzuleak bizkaitar gazteari txapela erantsi bearrean aurkitu ziran. Saioa amaitzerakoan, maikoak erabaki au eman zuten: Lenengo saria, Enbeita'tar Kepa; bigarrena, Lujanbio'tar Manu (Txirrita). Kirikiño'k biotzez luzatu zion bostekoa.

        1905'tik aurrera batez ere, erriz erri ibilli zitzaigun erri-maitasuna ta erlijioa gartsuki abesten. Leundu ta aziz zioan adimenez ta barre indarrez, ots, oleskari, erri-oiulari egiñaz. Ortan asko lagundu zioten Jon Arrospide osagille jakintsuak eta Errenteria'tar Gorgoni itxas-gizonak. Orrelaxe ogei urtez gutxienez bere soiñeko illun, alkondara zuri ta euskal txapel beltzarekin, Euskalerriko zokondo guztietan kantatu zuen. Bizkai'tik irtenda, bere ibillaldi garaitzazkoetan, Gipuzkoa'ko, Naparroa'ko ta Araba'ko uri, erri ta auzunetan, an or emen bere nagusitasunaren dirdai-izpirik samur gozoenak zabal-erazi zituen; baita mugaz andikalderaiño ere iritxi zan, Baiona, Ezpeleta, Donibane-Lohitzun, Donibane Garazi ta olakoetan bere bertso-jardunaldiak egiñik.

 

        IDAZLE.— Kepa Enbeita'k etzuen abestu bakarrik egin, idatzi ere bai. Garai artako aldizkari ta egurerokoetan, euskal atalen bat zutenetan beiñik-bein, idatzi zuen. Astero lez idatzi zuen olerkiren bat, «Ibaizabal», «Gaceta del Norte», «Aberri», «Euzkadi», «Euzkel-laguntza», «Euzkerea», «Karmen'go Argia», «Jaungoiko-Zale», «Ekin», «Napartarra» ta gaiñerako aldizkingietan argitara emanik. Geienik bere izen-abizinez izenpetzen zituen bere lanak; baiña pitean bein erabilli zizkigun ordezko auek ere: «Txindorra», «Karatx», «Pello» ta «Pello Mari».

        Nik zazpi bat urte dirala osatu nuen bilduman 342 olerki datoz eta ez dira guztiak ere. Beraz, olerkari ugari-ugaria izan genduan Enbeita zarra, Muxika'ko urretxindorra. Bi bilduma osatu nituen, pozik osatu ere.

        1) Enbeita oleskaria (Zarautz, 1966). Itxaropena irarkolan, «Kuliska Sorta» saillean. 159 orrialde. Urtez urte lau txortatan bananduta daude, oberenak ez, 116 olerki txanbelin.

        2) Gure Urretxindorra (Buenos Aires, 1971). «Ekin» euskal argitaldariak irarrita. 232 orrialde. «Enbeita'tar Kepa'ren Bertso-lanak osorik» du azpi-titulua. A. de Lizarra'k aurkezten du, ta nik egiten diot itzaurre luzea, Kepa'ren jatorri-zugatza, ikasketak, lenengo bertso-saioak, ogei urteko ekiñaldia, omenaldiak, Urretxindorraren eriotza, bildumaren zioa ta abar azalduaz. Ondoren bost zatitan bananduta datoz Kepa'ren olerkiak: 1) Aberkoyak, 78 guztiz; 2) Uzkurtzazkuak, 82; 3) Goralpenezkuak, 91; 4) Ipuin eta abar, 44; 5) Gomutakizunak, 47. Azkenez, Enbeita'k geienak erabilli oi zituen kanta-doiñuak dakartzi, 30 guztiz.

        Lanotatik atera dezakegunez, alai ta sakona dugu Enbeita. Abots zoli ta luma bizkor, gure lurraren edertasunak, gure mendien anditasunak, ibar eta aranen berdetasunak, txori ta zugatz, erreka ta abere, dena kanta zigun urretxindorraren eztarri leunak. Bertsolarien ekanduai jarraituz, gure zer guztiak jaso ta goretsi zituen. Eta aren bertsoak illezkortasuna iritxi zuten euskal gogoaren izate berezia olerki-ari dirdarietan dardar guri utzirik. Aren aberkoi kantak batez ere nabarmenak dituzu, edozein aberri-kantuz kidetzeko langoak. Barrenean irakiten daramaguna errez oi dugu adierazi.

 

        OMENALDIRIK?— Ez gutxi ere, ta bizi zala geienak. Kepa'k nun itz, araxe zijoan jendea. Ta nolako esku-zartak! Zezenlari antzo maiz atera zuten lepo-gain ere: ainbesteko barren-su ta irrika esnarazten zuten aren bertso ta aapaldi aberkoiak! 1922-10-1'an omenaldi ederra egin zitzaion Eibar'en; Enbeita zaleak millaka ta millaka batu ziran Astelena pelota lekuan, eta pelota joku, ezpata-dantzari ta itzaldi artean —Ramon Sota Aburto'k, Pantaleon R. Olano'k, Urreta'tar Mikel'ek eta Imanol Arantzadi'k itz egin zutenean etzan txalo ta maite-erakutsi gabe geratu gure muxikarra.

        Beste bein ere antzeko goratzea egin zioten, eta ango sozialistak ain zuzen. Astelena zan, lantegi bateko auzi-maizu ta ugazaba ta langilleen arteko aitu-eziña zala-ta, batzar bat eratu zuten Kruzeta saloian, bertsolari eta guzti. Etxeiña, sozialisten bertsolari famatua ta Enbeita jarri zituzten aurrez aurre: Etxeiña sozialisten alderdiko agertuko zan eta Enbeita ugazaben alde. Biak bota zituzten botatekoak. Pitxer bete garagardo zala ta etzala, Enbeita'k trumoi antzeko txalo-zartada izan zuen. Eta azkenez, millaka beso gaztek estutu ta bizkar gaiñ atera zuten Enbeita saloi artatik.

        1923-4-1'an, Kristoren Berbizkundez, abertzale-jai aundia ospatu zan Bilbao'n, Enbeita'ren omenez geien bat. «Euskalduna»-n izan zan jai au. Gernika'ko Joseba Iñaki Arana, Arturo Kanpion, Iruxo iruñarra ta Gorgonio Errenteria izan ziran izlari, itzaldi aurretik, tartean eta ostean Enbeita'k kantatuz. Kirikiño'k onela: «Enbeita abeska asi zenian ikaratu giñan danok bere abots zolia entzunaz ta bere beso-eragite ta bere begi bixijak ikustijaz... Sekulako olerkiak bota zituan; sakon, aberkoi ta ederrak». Iru milla lez egon ei ziran Enbeita'ri goratzarretzat eskeiñiriko bazkari artan.

 

        OLESKARI FIÑA.— Enbeita olerkari garbia, txukuna ta zentzunduna izan zitzaigun beti. Arranoaren egazkada zuelako, ez genduen iñoiz ere lokatzean zikintzen ikusi. Berak atera zituen aurretik ardangela loietan bakarrik kantatzen zituenak eguratseko aize garbitara. Bere bizitzaldi osoan zintzo ta jator jokatu zigun, egundo ere kilikola ibilli gabe. Jainkoa ta erria abestu zuen gartsuki; gurean sortu diran gizon jakintsu, itxastar, kirolzale ta gaiñontzekoak eredu lez begi aurrean jarri zizkigun, baita sukaldean amonak erasi ta erri-aoan bala-bala dabiltzan alegi ta ipuiñak bertso biribilletan kirimillatu ere.

        Enbeita'ren bertso-lana jatorra danik ere ezin dugu uka. Ark etzuen iñun ikasi, ez irakurri; izaditik eta biotz-zokotik atera zituen bertso beroetarako bear zuena. Etzan irudi-billa ez erdel-liburuetara ez euskaldunetara, bere-beretik sortuak ditu, izadiko edertasuna sakontzen jakin zuen. Beraz bere-bereak, jatorrak ditu, iñoren kutsu gabeak, utzi zizkigun lan guztiak: mendiko iturritik datorren uraren antzekoak noski baiño noskiago.

        Ezaguna zuen ala ere euskal poesiaren egikera bere zeaztasun guztietan. Neurkera askotsua du. Geienetan eta kantu jaikietarako zortziko nagusia erabillita ere, neurri askotariko aapaldiak ditu. Gutxitan baizik erabiltzen ez diranak ere bai; erriko kantuetatik jasotako neurkera apartekoak dira nunbait, zazpi ta bostekoa, zazpi ta seikoa, zazpi ta zazpikoa, zortzi ta seikoa, zortzi ta zortzikoa. Neurri ezberdiñak naste ere askotan darabiltza.

        Baiña au ere aitortu bearra da: aren aapaldi ta puntu ugarietan, bat bera ere esan genezake ez dugula idoro gaizki amaitutakorik; guztiz iru edo lau ditu bada-ezpadakoak azken amaitze berdintsu orretan; baiña beste guztiak osotasun osoz egiñak ditu. Geiago: azken-berdiña edo rima dalako ori ezezik, silabaen neurria orobat arretaz zaindu zigun beti. Esan dugunez, kanturako egin zituen oleski guztiak eta naitaez doiñuaren ari artean jokatu bear. Bat-bateko bertsotan ere, doiñuari dagokion baiño silaba geiago sartzerik ez zuen ark egingo. Erabilli oi zituen doiñuetan, berriz, oso ugaria genduen.

 

        (Ikus Aztapar, «Gure Herria», 1923, 259 orr.; Euzkerea, 1929, 85 orr.; B. Amezaga, «Euzko-Deya», Buenos Aires, 154 zenbakian; S. Onaindia, MEOE, 685 orr.; K. Esla, «Estampas Vascas», Buenos Aires, 157 orr.; M. Zarate, Bizkai'ko euskal idazleak, 180 orr.; Auñamendi, Literatura, 244 orr.; J. Bilbao, Bibliografia, 135 orr.).

 

Bilaketa